129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/2022 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, oinarriak onesten dituena 2022-2023 ikasturtean eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko, ikasleak eskolatuak daudenean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.

Eri dauden haur eta nerabeek hezkuntza-arretarako duten eskubideari buruzko Europako Gutunak ezartzen du eri dauden haur eta nerabe guztiek eskubidea dutela hezkuntza-arreta jasotzeko, hala ospitalean nola etxean, eta hezkuntza-arreta hori langile kualifikatuek emanen dutela, zeinek prestakuntza etengabeko ikastaroak hartuko baitituzte. Orobat, ezartzen du hezkuntza-arretaz arduratzen diren langileek diziplina anitzeko lantaldearen parte izanen direla, zeinak arreta emanen baitio eri dagoen haur edo nerabeari, eta zubi-lana eginen dutela erreferentziako ikastetxearekin.

Espainiako Konstituzioan jasota dago, 27. artikuluan, guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea, eta botere publikoei agintzen zaie behar diren baldintzak sustatu eta oztopoak kendu behar dituztela herritar guztiek berdintasun egoeran balia dezaten eskubide hori.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren 71. artikuluan bilduta daude hezkuntza administrazioek bete behar dituzten printzipioak hezkuntzako ekitatea bermatzeko, eta, 3.9 artikuluan, berriz, adierazten du ezen, ikastetxeetara erregulartasunez joan ezin direnek hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzaren eskaintza egokia garatuko dela, edo, kasua bada, berariazko hezkuntza-arreta eta laguntza.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez, arautzen da nola erantzun aniztasunari Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Arau horren 14.3.c) artikuluan, hezkuntza-arreta etxean emateko programa agertzen da, medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleentzat. Programa horrek etxean ematen den hezkuntza-arreta du xede, eriondoan dauden ikasleek behin-behinekoz dituzten desberdintasun egoerak desagertzeko modua izan dadin eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena berma dadin, ikastetxearekin koordinatuta.

Bestetik, Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duten ikasleek eskubidea dutela behar den laguntza jasotzeko, behartutako eskolagabetze horrek beren errendimendu akademikoan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Bestalde, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduak, zeinak agintzen baitu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna” izeneko agiria, III. atalean (4g puntuan), zehazten du aztertuko dela bideragarria den Hezkuntza Departamentuko irakasleak aritzea etxeko arretan, eta, hala bada, beharrezko baliabideak jarriko dituela programa garatzeko.

Lege esparru horretan, beharrezkoa da hezkuntza-arreta egokia ematea eritasun baten ondoriozko eriondoan dauden ikasleen egoerari, eragozpenik izan ez dezaten eskolaren eta hezkuntzaren ikuspuntutik ikastetxera gutxitan joateagatik eta eritasuna dela-eta izan ditzaketen ondorio pertsonal eta emozionalengatik.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak etxean ematen den hezkuntza-arreta kudeatzen du Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez (NHBBZ), hezkuntza-laguntzako berariazko premia dela ulertuta.

Administrazioaren ardura izanik giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea deskribatutako egoera saihesteko, asmoa da prozedura bat zehaztea familiak, ikastetxeak eta administrazioa bera engaiatzeko, helburua izanik erantzun integrala lortzea hezkuntzaren eta emozioen aldetik, banakako programazio egokitua izan dadin erantzun horren ardatza.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzeko oinarriak onestea, zeinak jasota baitaude ebazpen honen I. eranskinean.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora (NHBBZ).

Iruñean, 2022ko maiatzaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Ebazpen honen xedea da eri edo eriondoan dauden ikasleen etxeko hezkuntza-arreta arautzea, Nafarroako ikastetxe publikoetan eskolatuak daudenean.

2. oinarria.–Printzipioak.

Honako hauek dira etxeko hezkuntza-arreta sostengatzen duten printzipioak:

–Kalitatea, ekitatea eta aukera berdintasuna, normalizazioa, eskola inklusioa eta hezkuntza konpentsazioa.

–Hezkuntza prozesua ikaslearen eritasun egoerara egokitzea.

–Koordinazioa eta elkarlana, arreta ematen den bitartean, hezkuntza prozesuan esku hartzen duten profesionalen eta erakundeen artean: ikastetxea, familia, berariazko jarduketa egiten duten irakasleak eta osasun-langileak.

–Loturei eustea jarduketa batzuen bidez, zeinek helburu baitute ikasleen lotura sozialei eta afektiboei eustea erreferentziako hezkuntza komunitatearekin, arreta hori familiatik jasotzen duenean.

–IKTen aukerez baliatzea, metodologia berritzaileak erabiliz, berariazko baliabide teknologikoen bitartez eta hezkuntza digitalaren aukerak aprobetxatuz.

3. oinarria.–Helburua.

Neurri hauen xedeko ikasleen hezkuntza-arretak helburu izanen du ikaslea matrikulatua dagoen ikastetxean egiten diren eskola jarduerak babestea eta jarduketak egitea ikasleen garapen pertsonalean eta sozialean eragiteko, isolamendua saihesteko eta haien parekoekin komunikatzeko asmoz.

Hezkuntza-arreta horren barruan, jarduketak eginen dira erreferentziako ikastetxeko curriculum-proposamenean dauden oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortzeko, eritasunak eragindako ondorioak ezagutzen eta gainditzen laguntzeko, aisialdia antolatzeko, esperientziak partekatzeko eta ikastetxera itzultzea errazteko.

4. oinarria.–Xedeak.

Ebazpen honetan xedatutakoak xede hauek ditu:

a) Hezkuntza-arreta egokia ematea etxean eriondo luzean dauden ikasleei, egoera horrek ekar dezakeen eskola-desfasea ekiditeko.

b) Koordinazio bideak ezartzea ikasle eriaren arretan esku hartzen duten profesionalen, ikastetxearen eta etxeko hezkuntza-arretako taldearen artean.

c) Komunikazio prozesua erraztea ikasleen eta erreferentziako ikastetxeen artean, tutoreen eta ikaskideen artean, besteak beste informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

d) Aholkularitza eta babesa ematea eriondoan dauden ikasleen familiei.

e) Erraztea ikasle eriak ikastetxeetara itzultzea. Behar izanez gero, gutxinaka egin daiteke itzulera hori.

5. oinarria.–Hezkuntza-arreta jasoko duten ikasleak.

1. Honako ikasle hauek dira etxeko hezkuntza-arretaren hartzaileak: Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren eta hirugarren mailakoak (4 eta 5 urte), Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Oinarrizko Lanbide Heziketakoak, erdi mailako heziketa zikloetakoak eta Batxilergokoak, eskolatuak badaude ikastetxe publikoetan eta, medikuaren aginduz, ezin badira erregulartasunez ikastetxera joan, betiere eriondo aldia 60 egunetik gorakoa denean, txosten medikoa sinatzen den egunetik kontatzen hasita.

2. Derrigorrezkoaren ondoko etapan matrikulatutako ikasleen kasuan, eskaera egiteko unean 18 urte beteta ez dituztenak izanen dira etxeko laguntzaren onuradunak.

3. Berdin jokatuko da, medikuaren aginduz, ikasleak 60 egun baino gehiago egon behar badu etxean bere haurdunaldiko zailtasunengatik edo erditzearen ondoriozkoen arazoengatik.

4. Ikastetxera modu mailakatuan itzultzen diren ikasleak, eriondoan egon ondoren edo baldintza mediko batzuekin, baldin eta horren ondorioz tarteka ikastetxera joaten ez badira bi hilabete baino gutxiago eta astean bi egunetan baino gehiagotan, gutxienez 6 hilabeteko epean. Inguruabar horiek txosten medikoan jaso beharko dira.

5. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza bereziko ikastetxeetan, EU/AEN egituretan eta ikasgela alternatiboetan eskolatuak daudenak, baldin eta istripuagatik edo ustekabeko eritasun arrunt bategatik etxean aldi baterako egon behar badute. Halako ikasleei emanen zaien arreta, ebazpen honetan xedatutakoarekin bat hezkuntza arlokoa soilik izanen dena, salbuespenekoa izanen da, eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak onetsi beharko du.

6. oinarria.–5. oinarrian sartzen ez diren ikasleak.

Baldin eta eriondoa bi hilabetetik beherakoa izatea aurreikusten bada edo ikaslea Haur Hezkuntzako 2. zikloko lehenengo mailan eskolatua badago (3 urte), ikastetxeari dagokio etxeko hezkuntza-arreta ezartzea eta ematea.

Horretarako, tutoreak, behin etxeko hezkuntza-arreta jasotzeko eskaera jaso ondoren, eta arreta hori justifikatzen duen txosten medikoa ikusirik, behar den arreta antolatuko du, ikasketaburuak gainbegiratuta, honako prozedura honi jarraikiz:

a) Ikaslearen familiarekin edo haren legezko ordezkariekin bilduko da egoera aztertzeko eta baloratzeko zein diren baldintzarik onenak etxeko hezkuntza-arreta emateko.

b) Hezkuntza taldeko kideekin batera, honako hauek zehaztuko ditu:

–Bileren egutegia eta, horrekin batera, familiarekin edo legezko ordezkariekin komunikazio arina izateko modua, etxeko hezkuntza-arretaren prozesuan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten.

–Ikaslearekin elkar eragiteko modurik egokienak, aintzat hartuz informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukera guztiak.

–Jarduerak eta ebaluazio probak egiteko baldintzak.

–Eskola-jarduerara ahalik eta egokien itzultzea errazteko egin beharreko ekintzen aurreikuspena.

7. oinarria.–Eskaera egiteko prozedura eta dokumentazioa.

1. Eriondoan dagoen ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztuko dute etxeko hezkuntza-arreta jasotzeko eskaera, II. eranskineko ereduaren araberakoa, ikaslea eskolatua dagoen ikastetxean. Eskaera horrekin batera, kasu guztietan, medikuaren txostena aurkeztu beharko da, behar bezala betea III. eranskinaren arabera.

2. Osasun Mentaleko Zerbitzuan tratamendua jasotzen duten ikasleen kasuan:

Etxeko hezkuntza-arretaren baliabidea onartzea eta jarraipena izatea baldintza hauek betetzearen menpe egonen da:

–Ikaslea Osasun Mentalak ezarritako programara joatea eta/edo bertan aktiboki parte hartzea.

–Egoerak aukera ematen duenean, ikastetxera urratsez urrats itzultzeko plan baten jarraipena egitea.

–Osasun Mentalak erabakiz gero alterazio psikologikoen zergatia eskola-jazarpen egoera bat izan dela, nahitaezko baldintza izanen da ikastetxeak frogatzea agortu direla jazarpena zuzentzeko neurriak protokolo bat irekitzearen ondorioz abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduaren arabera.

Osasun Mentaleko espezialistak hiru hilean behin txosten bat bidaliko die ikaslearen familiari edo legezko tutoreei (VI. eranskina). Txosten hori ikastetxeko zuzendaritzari aurkeztu beharko zaio, eta horrek Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari igorriko dio horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

3. Eritasun infekto-kutsagarriak dituzten ikasleen kasuan, medikuaren txostenarekin batera, agiri bat aurkeztu beharko da, zehazten duena zer prebentzio neurri hartu behar diren Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleentzat.

4. Eriondoa hiru hilabetetik gorakoa bada, hezkuntza administrazioak zilegi izanen du eskatzea txosten medikoa hiru hiletik berritu dadila. Edozein kasutan, ikasturte bakoitzaren hasieran, II. eranskinaren araberako medikuaren txostena eta V. eranskina baino ez da aurkeztu behar etxeko hezkuntza-arreta jasotzen jarraitzeko.

5. Hezkuntza administrazioak bidezkotzat jotzen dituen txosten mediko osagarriak eskatzen ahalko ditu.

6. Ikaslea eskolatua dagoen ikastetxeko zuzendariak NHBBZko ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretaren taldeari aurkeztu beharko dio gurasoen edo legezko tutoreen arreta-eskaera, medikuaren txostenarekin eta V. eranskineko lan planarekin batera. Eskaerarekin batera, ikastetxearen hasierako txosten bat aurkeztuko da, ikaslearen eskola egoerari buruzkoa, edukiz eta formaz ebazpen honen IV. eranskinera egokituko dena. Dokumentazio guztia posta elektronikoz bidaliko zaio programaren koordinatzaileari, horretarako gaituko den helbide elektronikora.

7. Eskaerak ez dira aintzat hartuko eskatzen den dokumentazio guztiarekin aurkezten ez badira.

8. oinarria.–Etxeko hezkuntza-arretarako zerbitzuaren esleipena.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak, eskaeraren dokumentazioa jaso ondoan, ikasleari buruzko espediente bat irekiko du, non bilduko baitira hezkuntza-arretaren jarraipenaren eta koordinazioaren agiri guztiak, eta espedientea Ebaluazio Batzordeari igorriko dio. Kide hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea:

–Inklusio Ataleko burua.

–Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.

–Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailea.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak hezkuntza-arretaren zerbitzua ematen den ala ukatzen den jakinaraziko dio ikaslearen erreferentziako ikastetxeko zuzendaritzari.

3. Baliabide hau emanen da baldin eta deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen bada eta kreditu egoki eta nahikoa baldin badago.

4. Etxeko hezkuntza-arretaz arduratuko diren irakasleak esleitu ondoren, programaren koordinatzaileak hasierako bilera bat eginen du tutorearekin, irakasle taldearekin, orientatzailearekin edo zuzendaritza taldeko kideren batekin eta, orobat, etxeko hezkuntza-arreta emateko esleitutako irakasleekin. Bilera horretan, honako hauek zehaztuko dira, lan planaren arabera: ikastetxearekiko loturari eusteko jarduketak, egutegia, koordinazio prozedura, materialak, jarduerak eta txostenak trukatzeko prozedura, eta jarraipena; ikastetxeak, gainera, irakasleek erabiltzen dituzten testuliburuak jarriko ditu, eta erabiltzen dituzten material digital guztietarako sarbidea.

9. oinarria.–Eginkizunak.

1. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailearen eginkizunak.

–Ikastetxeetatik jasotako esku-hartze eskaerak aztertu, tramitatu eta Balorazio Batzordeari igortzea, ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera.

–Eskaerak baloratzeko prozesuan parte hartzea, Balorazio Batzordeko kidea den aldetik.

–Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleak esleitzea eriondoan dauden ikasleei ikastetxe publikoetan, eta koordinazioa eta segimendua egitea irakasle horiekin.

–Bilerak egitea ikaslearen tutorearekin, irakasle taldearekin, orientatzailearekin edo zuzendaritza taldeko kideren batekin eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaz arduratzeko esleitutako irakasleekin, honako hauek zehazteko: lan plana, ikastetxearekiko loturari eusteko jarduketak, egutegia, koordinazio prozedura, materialak, jarduerak eta txostenak trukatzeko prozedura, eta jarraipena.

–Etxeko arreta ematen duten irakasleen memoriak bildu eta NHBBZko zuzendaritzari aurkeztea, baita koordinatzailearen jarduketen memoria bat ere, bere eskumenen esparruan.

–Programari esleitutako materiala kontrolatzeko eta gordailutzeko prozedurak ezartzea.

–Etxeko hezkuntza-arreta ematen duten irakasleekin eta ikastetxearekin koordinatzea ikaslearen itzulera matrikulatua dagoen ikastetxera, eta ikastetxeari horren berri ematea.

–Indarreko araudiaren arabera aplikatu beharreko beste guztiak.

2. Etxeko Hezkuntza-arretarako Programako irakasleen eginkizunak.

–Ikastetxearekin koordinatzea, bete beharreko eskola programazioa eta erabili behar diren baliabide didaktikoak eta materialak planifikatzeko, baita familiarekin berarekin eta, kasua bada, ospitaleko ikasgelako irakasleekin ere.

–Banakako lan plana garatzea, irakasle taldeak prestatu duena, zuzeneko arreta pertsonalizatuaren bidez, kontuan harturik ikaslearen osasun egoera eta eritasunaren ondoriozko aldagai sozioafektiboak.

–Irakasle taldeak prestatutako ebaluazio azterketak eta probak ikasleari entregatzea eta zaintzaile lana egitea (gero, irakasle taldeari itzuliko zaizkio, zuzentzeko).

–Hilero txostenak prestatzea egindako lanari buruz, VII. eranskinaren araberakoak, bai eta azken txosten bat ere, VIII. eranskinaren araberakoa, bilduko dituena garatutako alderdiak eta landutako edukiak, eta ikaslearen aurrerapen akademikoa eta hobetzeko proposamenak, horrelakorik balego. Txosten hori ikastetxeari eta programaren koordinatzaileari igorriko zaie, aztertutako hilabetea bukatu eta hurrengoaren lehenengo bost egun balioduneko epean.

–Eguneroko erregistro bat egitea egindako jarduerei buruz (X. eranskina) eta linean partekatzea etxean ikasleari arreta ematen dion beste irakaslearekin, horrelakorik badago, eta etxeko hezkuntza-arretaren koordinatzailearekin.

–Elkarlanean aritzea irakasle taldearekin ikaslearen ebaluazio prozesuan.

–Erreferentziako taldearekiko lotura sustatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez (IKT).

–Ikaslea ikastetxera itzultzea erraztea, jakinaraziz zer egoeratan dagoen eta, kasua bada, ikastetxea orientatuz komeni ote den harrera edo inklusio jarduerak egitea.

3. Etxeko hezkuntza-arreta behar duen ikasle bat matrikulaturik duten ikastetxeetako irakasleen eginkizunak.

–Ikastetxeko irakasle tutoreak hezkuntza zerbitzu horren berri emanen die gurasoei edo legezko tutoreei.

–Irakasle tutorea arduratuko da banakako lan plana egiteaz, edo, kasua bada, irakasleek arlo edo irakasgai bakoitzerako prestatzen dutenaren bilketa koordinatzeaz.

–Irakasle tutoreak bere jarduna koordinatuko du etxeko hezkuntza-arretaz arduratzen diren irakasleekin, bederatzigarren oinarri honen bigarren atalean ezarritakoarekin bat.

–Irakasle taldeak, erregulartasunez, erreferentziako taldearekin erabiltzeko prestatutako jarduerak eta materialak emanen dizkie etxeko hezkuntza-arretako irakasleei.

–Irakasle tutoreak parte hartuko du eriondoan dauden ikasleak itzultzeko jardueren diseinuan, kasua bada.

–Irakasle tutoreak informazioa emanen dio eriondoan dagoen ikaslearen familiari irakaskuntza jarduerekin eta eskola-errendimenduarekin lotuta dauden edozein gairi buruz.

10. oinarria.–Ikastetxeen jarduketak.

–Ikastetxeek Aniztasunari Erantzuteko Planean jasoko dute etxeko hezkuntza-arreta behar duten ikasleekin egiten diren jarduketen prozedura.

–Ikastetxeetako orientatzaileek zerbitzu horren berri emanen diete irakasleei, bai eta aholkuak emanen ere hezkuntza-arretaren neurri hori aplikatzeko hartu behar den prozeduraz.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek familiei jakinaraziko diete etxeko hezkuntza-arreta onartzen duten ala ez.

–Ikastetxeko orientatzaileek eta zuzendaritza taldeko kideren batek parte hartuko dute programaren hasierako koordinazioan, tutorearekin, irakasle taldearekin eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programan parte hartzeko esleitutako irakasleekin batera.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek antolatuko dituzte etxeko hezkuntza-arretaren prozesua hasteko baliabideak, beharrezko dokumentazioa tramitatuko dute ezarritako epeetan, eta tokiak, denborak eta jarduketak bermatuko dituzte koordinazioa izan dadin honako hauen artean: ikastetxea, etxeko laguntza ematen duten irakasleak, familia edo legezko tutoreak eta Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzailea, kasua bada.

–Ikastetxeetako zuzendaritzek etxeko hezkuntza-arretaren koordinatzaileari jakinaraziko diote noiz utziko dioten irakasteari programara esleitutako irakasleek ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuen aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

11. oinarria.–Familien konpromisoak.

–Ezarritako ordutegia errespetatzea eta etxeko hezkuntza-arretaren ardura duen irakasleari behar den aurrerapenaz jakinaraztea noiz ezin duen ikasleak etxeko arreta jaso, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik edo kontsulta medikora joan behar izateagatik. Kasu guztietan, ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko zaie etxeko hezkuntza-arretaz arduratzen diren irakasleei.

–Ziurtatzea ordutegi horretan etxean adinez nagusiko senitarteko bat egonen dela, behar bezalako baimena duena. Adinez nagusiko horren izena Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren eskaeran jasoko da.

–Etxean toki bat eta baldintza egokiak izatea zuzeneko irakaslana egoki egiteko.

–Bermatzea ezen etxean dagoen arduradunak eta ikasleak berak betetzen dituztela COVID-19ari buruzko indarreko araudian ezarritako neurriak (maskaren erabilera, segurtasun tartea, eta abar).

–Elkarlanean aritzea ikastetxearekin eta programako irakasleekin ikasleak lor ditzan aurreikusitako helburuak.

–Ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraztea noiz utziko dioten irakasteari programara esleitutako irakasleek, ikaslea ikastetxera itzuli behar izateagatik, osasun egoera okertzeagatik, medikuaren aginduagatik edo familiak atzera egiteagatik.

Hartutako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake etxeko hezkuntza-arreta etetea.

12. oinarria.–Programazioa.

Erreferentziako ikastetxeak banakako lan plan bat prestatu beharko du, etxeko hezkuntza-arreta behar duen ikaslearen beharrei eta ezaugarriei egokitua.

Kontuan harturik, batetik, arretara esleitutako denborak, eta bestetik, osasun arazoak dituzten ikasleen ezaugarri bereziak, etxeko hezkuntza-arretarako saioetan batez ere enborreko irakasgaiak landuko dira.

Gainerako irakasgaietarako (berariazko irakasgaiak eta konfigurazio askekoak), ikastetxeko irakasleek egokitzapenen bat planteatuko dute haiek landu eta ebaluatzeko, lanen eta antzekoen bidez, batez ere eriondoa oso luzea den kasuetan. Halakoetan, etxeko hezkuntza-arretako irakasleek lan horiek koordinatu eta gainbegiratzeko lanak eginen dituzte.

Horregatik, banakako lan plana prestatzean, irakasleek gutxieneko edukiak eta ikasleekin landu beharreko jarduera garrantzitsuenak hautatu beharko dituzte, unean uneko ebaluazio aldiari dagozkionak gutxienez, eta hurrengokoak ere bai, baldin eta unean uneko ebaluazio aldia bukatzear badago.

Kontuan izanik ikasleek izaten ahal dituzten premiak haien osasun egoera dela eta, egiten diren jarduerek curriculum desfasea ekidinen dute, eta alderdi sozioemozionalak garatuko dituzte:

–Ahal dela, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) txertatuko dira etxeko hezkuntza-arretaren prozesuetan, telematika bidezko jarduerak egiteko, bultzatzen dituztenak taldearekiko lotura eta ikaslearen eta irakaslearen arteko informazio trukaketa eta komunikazioa.

Esku hartzeko plan hori garatzean, printzipio metodologiko hauek hartuko dira aintzat:

–Banakako hezkuntza-arreta, ikaslearen gaitasun mailara eta osasun egoerara egokitua.

–Esku hartzeko plana garatzeko jardueren antolaketa malgua, ikasleen premiekin bat etor daitezen.

–IKTak erabiltzea ikaskuntzarako tresna gisa.

13. oinarria.–Ebaluazioa.

Ikaslea zer ikastetxetan dagoen eskolatuta, horko irakasle taldeari dagokio ebaluatzea zer ikasi duen ikasleak eta mailaz igoko den.

Oro har gainerako ikasleentzat eta hezkuntza etapetarako ezarritakoa kontuan izanik hartuko dira mailaz igotzeari eta titulazioei buruzko erabakiak.

–Etxeko hezkuntza-arretako irakasleek zubi-lana eginen dute ikastetxeko irakasleen eta ikasleen artean, eriondoaren aldian landutako edukien etengabeko/azken ebaluazioa egiteko balio duten jarduerei dagokienez.

–Ildo horretan, etxeko hezkuntza-arretako irakasleek ikastetxeko irakasleek prestatutako probak eta azterketak entregatu eta zaintzen ahalko dituzte (gero ikastetxeko irakasleei itzuliko dizkiete, zuzentzeko).

–Etxeko hezkuntza-arretako irakasleek txostenak prestatuko dituzte proposatutako helburuak noraino bete diren jasotzeko; horri esker, irakasle taldeak beharrezko osagaiak izanen ditu prozesuaren etengabeko ebaluazioa eta ebaluazio kualitatiboa egiteko.

–Ikastetxeko irakasleek semearen edo alabaren hezkuntza prozesuaren eboluzioaren berri emanen diote familiari.

14. oinarria.–Prestakuntza.

Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileak begiratuko du programa horretako irakasleek prestakuntza espezializatua dutela; horretarako, irakasleek proposatuko dute zer arlotan behar duten prestakuntza (tutoretza planean eta azken memorian jaso behar da hori).

NHBBZko zuzendaritza taldeak irakasleen prestakuntza arloan eskudun den zerbitzuari igorriko dio proposamen hori, kasuan kasuko prestakuntza espezifikoaren planaren bidez.

15. oinarria.–Hezkuntza-arretako asteko ordutegia eta egutegia.

Eskura dauden baliabideen arabera esleituko dira etxeko hezkuntza-arreta emateko programako orduak. Bai Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan, bai Bigarren Hezkuntzakoetan, heziketa zikloetan eta Batxilergoan, hezkuntza-arreta goizez eta arratsaldez jasotzen ahalko da.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren mailan, hezkuntza-arretako lau saio izaten ahalko dira astean, gehienez.

2. Lehen Hezkuntzan, asteko ordutegi hau esleitu da hezkuntza-arretarako:

–1., 2. eta 3. mailak: astean sei ordu, gehienez.

–4., 5. eta 6. mailak: astean zortzi ordu, gehienez.

3. Lehen Hezkuntzako eskola ordutegian, lehentasunez, enborreko arloak landuko dira.

4. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, astean gehienez zortzi ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako.

5. Erdi mailako heziketa zikloetan, astean gehienez bost ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako.

6. Gizarte eta hizkuntza esparruetako eta zientzia eta matematika esparruetako irakasleen artean banatuko da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskola ordutegia.

7. Oinarrizko Lanbide Heziketan, astean gehienez lau ordu erabiltzen ahalko dira hezkuntza-arretarako, eta multzo komunetako moduluekin zerikusia duten gaiak landuko dira.

8. Astean ordubete izanen da erreferentziako ikastetxeekin koordinatzeko, eskolak prestatzeko, txostenak egiteko eta abarretarako, eta denbora hori ordutegi osagarritzat hartuko da.

9. Etxeko hezkuntza-arretako irakasleak zer ikastetxeri dauden atxikita, hango eskola egutegia izanen dute.

10. Etxeko hezkuntza-arretaren ordutegia IX. eranskineko ereduaren arabera jasoko da, eta, irakaslea atxikita dagoen ikastetxeko zuzendariak sinatu ondoren, Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari igorriko zaio.

11. Adostutako ordutegian aldaketaren bat eginez gero, irakasleak atxikita dagoen ikastetxeari jakinaraziko dio, aurretiaz, ahal bada.

16. oinarria.–Nola kudeatu Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasle eriei edo eriondoan daudenei hezkuntza-arreta emateko esleitzen diren baliabideak.

1. Etxeko hezkuntza-arretako taldea NHBBZ-Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren Ospitaleko eta Etxeko Arretarako Programaren parte izanen da. Talde horretan, programaren koordinatzailea eta irakasle talde bat arituko dira. Irakasle talde horretan, maisu-maistrak egonen dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei arreta emateko, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak Bigarren Hezkuntzako ikasleei arreta emateko, bai gizarte eta hizkuntza esparrukoak, bai zientzia eta teknologiaren esparrukoak.

2. Etxeko hezkuntza-arretako taldeko irakasleei ezinezkoa bazaie eskaera guztiei erantzutea, eriondoan dauden ikasleak zein ikastetxetan dauden matrikulatuak, hantxe lanaldi partziala duten irakasleei eskainiko zaie beren kontratua luzatzea.

3. Hezkuntza Departamentuak, kontratazio zerrendak egiteko urteko deialdiaren bitartez, hezkuntza etapetan banaturiko irakasleen zerrenda bat edukiko du (Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Bigarren Hezkuntzakoak), bete ahal izateko programako eskaeretatik sortzen ahal diren beharrak, ezin badira horiek bete NHBBZko etxeko hezkuntza-arretarako taldearen bidez eta, kasua bada, ikasleen ikastetxeko irakasleen bidez.

17. oinarria.–Datuak bildu eta lagatzea.

Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleen datu pertsonalak.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeek, beren hezkuntza-lana egitearren, behar adina datu pertsonal biltzen ahal dituzte hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei buruz eta beste inguruabar batzuei buruz, horien berri izatea beharrezkoa denean ikasleen orientaziorako eta hezkuntzarako.

2. Legezko ordezkariek eta ikasleek berek lagundu beharko dute xedapen gehigarri horretan adierazitako informazioa lortzen.

3. Ikasle bat programan sartzeak berekin ekarriko du onespena ematen duela bere datuen tratamendurako, datuak babesteari buruzko legedian ezarri bezala.

4. Etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleen datuen tratamendua egiteko, hezkuntzari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da, baita datu pertsonalak babesteko legeetan ezartzen diren arau teknikoak eta antolaketakoak ere, datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz.

5. Irakasleek eta gainerako langileek, beren funtzioak betetzeko, erabiltzen badituzte ikasleen datu pertsonalak eta familiakoak, eragina izaten ahal dutenak edo adingabeen edo horien familien ohorean eta intimitatean, isiltasunaren betebeharrari lotuta geldituko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretarako eskaera.

III. eranskina.–Medikuaren txostena.

IV. eranskina.–Ikaslearen eskola egoeraren hasierako txostena.

V. eranskina.–Ikaslearen erreferentziako ikastetxearen banakako lan plana.

VI. eranskina.–Osasun mentalaren txostena.

VII. eranskina.–Etxean arreta jaso duen ikaslearen hileko txostena.

VIII. eranskina.–Etxean arreta jaso duen ikaslearen azken txostena, erreferentziako ikastetxera igortzeko.

IX. eranskina.–Etxeko hezkuntza-arretaren ordutegia.

X. eranskina.–Etxean arreta jaso duen ikaslearen eguneroko erregistroa.

Deskargatu II.etik X.era bitarteko eranskinak (DOC).

XI. ERANSKINA

Eskaera egiteko prozedura laburbiltzen duen taula

ARDURADUNA

EKINTZA

BALIABIDEA

FAMILIA

Etxeko hezkuntza-arretarako eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztea

II. ERANSKINA

III. ERANSKINA

TUTOREA

Ikaslearen eskola egoeraren hasierako txostena betetzea.

Ikaslearen banakako lan planaren proposamena egitea irakasle taldearekin, eta ikasketaburutzari aurkeztea

IV. ERANSKINA

V. ERANSKINA

IKASTETXEKO ZUZENDARITZA

Dokumentazioa jaso eta NHBBZko Etxeko Hezkuntza-arretarako Programaren koordinatzaileari igortzea

II. ERANSKINA

III. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

V. ERANSKINA

Etxeko hezkuntza-arretaren zerbitzuaren esleipena laburbiltzen duen taula

ARDURADUNA

EKINTZA

BALIABIDEA

NHBBZko ETXEKO HEZKUNTZA-ARRETAREN KOORDINATZAILEA

Espedientea irekitzea eskaerarekin

Esku hartzeko jasotako eskaerak aztertu, tramitatu eta Balorazio Batzordeari igortzea

Ikastetxeari jakinaraztea baliabidea onartu den ala ez

IKASTETXEKO ZUZENDARITZA

Familiari jakinaraztea baliabidea onartu den ala ez

Iragarkiaren kodea: F2207577