129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, Abian Media SLk Nafarroan dituen bederatzi FM irrati-emisoren merkataritza-marka aldatzeko erregistro-idazpenak baimentzen dituena.

2022ko apirilaren 1ean, Abian Media SL merkataritza-sozietatearen administratzaile bakarrak, Ameskoabarrengo (103.00 FM), Aurizko (91.10 FM), Baztango (98.60 FM), Berako (103.10 FM), Izabako (93.10 FM), Larraungo (Baraibar) (101,10 FM), Leitzako (95,10 FM), Otsagabiako (93.10 FM) eta Zangozako (98,00 FM) udalerrietan ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzurako lizentzien titularra den aldetik, idazki bat aurkeztu du jakinarazteko merkataritza-marka aldatu duela, hirugarren batekin akordio batera iritsi ondoren, zeina marka berriaren jabea baita (Naiz Irratia Nafarroa).

2022ko apirilaren 4an, atal honek zuzenketa-ofizio bat bidali zion aipatutako merkataritza-sozietateari, eta informazio gehiago eskatu zion, jakiteko, batetik, zer merkataritza-sozietaterekin lortu duen marka hori erabili ahal izateko akordioa, eta, bestetik, akordio horren eraginpeko lizentzien zerrenda zehatza eta akordioaren kopia bat. Zuzenketa hori 2022ko apirilaren 25ean egin zen, baina beste zuzenketa bat egin behar izan da Tai Gabe Digitala SL merkataritza-sozietatearekin –hots, eskatzailearen irrati-emisorek erabiliko duten merkataritza-markaren jabearekin– sinatutako akordioaren benetako irismena zehazteko. Bigarren zuzenketa-ofizio hori 2022ko maiatzaren 6an bidali zen, eta Abian Media SL merkataritza-sozietateak maiatzaren 17an erantzun zuen, behar zen epean eta moduan.

Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak, IV. kapituluan, Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroa sortu eta arautzen du. Foru dekretu horren 28.1.e artikuluan ezarrita dago inskribatu beharreko alderdietako bat merkataritza-marka dela, eta 29. artikuluan erregistro-idazpenen tramitazioa zehazten da. Espediente honetan behar bezala bete dira tramite horiek.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legeak 30 euroko tasa ezartzen du ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuko lizentzia bakoitzaren datuak aldatzeagatik, erregistro-idazpen gisa.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea Abian Media SLren titulartasunpeko bederatzi irrati-emisorei dagokien merkataritza-marka berriaren idazpenak egiteko Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan. Honako hauek dira: Aeskoabarren 103.00 FM, Auritz 91.10 FM, Baztan 98.60 FM, Bera 103.10 FM, Isaba 93.10 FM, Larraun (Baraibar) 101,30 FM, Leitza 95.10 FM, Otsagabia 89.80 FM eta Zangoza 98.00 FM.

2. 270 euroko tasa ezartzea aldaketa jasotzeko erregistro-idazpen berrien kontzeptu gisa (30 euro emisora bakoitzeko), bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearekin. Tasa hori ordainketa-gutun bidez ordaindu beharko du enpresak, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen hau espediente honetan interesa duten enpresei jakinaraztea eta Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusira igortzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Miguel Moreno Ariztegi.

Iragarkiaren kodea: F2208014