129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

110E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira abeltzaintzako toki azpiegiturak sortzeko eta hobetzeko laguntzen 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 630827.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren helburuak dira, besteak beste, titularitate eta erabilera publikoak dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea. Nafarroako toki-erakunde askoren eskaria da abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako laguntzen deialdia egitea.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, zeinak Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen baitu, 17. artikuluan ezartzen du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean aktibo fisikoetan egindako inbertsioetarako emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro sozioekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programan (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken C 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) 4. neurria sarturik dago, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izenekoa, eta berariaz 04.03.04 eragiketa, “Abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako inbertsioak” izenekoa. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, neurri hau bat dator Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea horiek berregituratzeko eta modernizatzeko” (1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikulua).

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko (EB) 2020/2220 Erregelamendua, zeinaren bidez, alde batetik, zenbait xedapen iragankor ezartzen baitira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzarako, 2021. eta 2022. urteetan, eta, bestetik, aldatzen baitira 1305/2013, 1306/2013 eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak, baliabideei eta 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeari dagokienez, eta 1308/2013 (EB) Erregelamendua, baliabideei eta laguntza hori 2021. eta 2022. urteetan banatzeari dagokionez.

Urte anitzeko gastua denez, eta 600.000 eurotik gorakoa, Nafarroako Gobernuak onetsi behar du. Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 2023ko ekitaldirako, abeltzaintzako toki azpiegiturak sortzeko eta hobetzeko laguntzen 2022ko deialdiaren gastuak finantzatzeko. Baimen hori 1.147.439 euroko gasturako da.

Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretan “710006 71500 7609 414300 (E) LGP LGENF 2014-2020. Abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako inbertsioak” partida dago, eta deialdi honi erantzuteko 1.147.439 euroko gastua baimendu beharko da partida honen kargura edo 2023. urteko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

Deialdiaren eranskinetan sartutako hautapen irizpideek 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordearen adostasuna dute, eta 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren Kudeaketa Agintaritzak berrikusi ditu.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau ematen da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak gobernatuko dituzten oinarri arautzaileak onesten dira, I. eranskinean jasotzen den moduan, bai eta II.etik XIV.era bitarteko eranskinak ere, ebazpen honetan jaso bezala.

2. Deialdiaren onespena.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2022ko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei erantzuteko, 1.147.439 euroko gastua baimentzen da 2023ko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko aurrekontuko “710006 71500 7609 414300 (E) LGP LGENF 2014-2020. Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak” partidaren baliokide; hori guztia, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago, aurre egiteko ebazpen honetako I. eranskinean arautzen den deialdiari.

4. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea irekita egonen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, bete beharko da Europako Batzordeak 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programaren 04.03.04 neurriari buruz (“Abeltzaintzako toki azpiegituretarako inbertsioak”) xedatutakoa. Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde menditsuak eta muga naturalak dituzten beste eskualde batzuk.

Nafarroako eskualde menditsuen eta muga naturalak dituztenak dira 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnak.

7. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa jartzea.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2022ko deialdia arautzea. Laguntza horiek 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programaren barruan daude, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren esparruan; izan ere, erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin, neurri honen azken xedea da 2022an titularitate eta erabilera publikoko azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, lagungarriak direlako, zalantzarik gabe, Batasunak 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikuluan adierazitako lehentasunetarako, bultzatzen baitute Batasunaren landa garapenerako lehentasun hau: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea horiek berregituratzeko eta modernizatzeko”.

3. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako toki-erakundeek eskuratzen ahal dituzte ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzak.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian deskribatutako entitateak izaten ahal dira neurriaren onuradun, inbertsioak Nafarroan egiten badituzte eta jarduketa diruz lagungarri baten xedeko lurren edo eraikinen titularrak badira edo haiek erabiltzeko eskubidea badute. Lurralde entitateak ez direnek ere jasotzen ahal dituzte dirulaguntzak, erabilera publikoko lurraldea kudeatzen badute.

2. Inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta onartuak izateko baldintza hauek betetzen badira laguntza eskaera (II. eranskina) Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten den egunean:

a) Diruz lagungarriak izanen dira agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondotik egindako gastuak soilik, salbu eta proiektua edo memoria teknikoa erredaktatzeko gastuak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira kostu diruz lagungarriak:

a) Urez hornitzeko jarduketa txikiak, abeltzaintzari eta abereen elikadurari lotuak, sustatzea, hala nola askak, putzuak eta beste.

b) Bide publikoak eta larreetarako eta abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea. Ez da dirulaguntzaren xede izanen lurzatiak biltzeko jarduketetan egindako bideak hobetzea, baldin obrak entregatzeko ebazpenak edo agiri baliokideak ez baditu 15 urte baino gehiago.

c) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak.

d) Udal eskortak eraikitzea.

e) Abeltzaintzarekin zuzenean lotutako zerbitzuen ekipamendu publikoetarako eraikinak egin edo zaharberritzea.

f) Abeltzaintzako ustiategien guneentzako instalazioak, hornidurak edo azpiegiturak sustatzea, adibidez elektrifikazioak, telefoniakoak, ur hornidurakoak, hondakin urak hustekoak, etab.

g) Herri-basoetako larreei lotutako azpiegiturak eta hornidurak: idoiak, itxiturak, ur hodiak, tratamendu-eskortak, langa kanadarrak, etab. Itxituren mantentze-lanak ez dira diruz lagunduko, hauek baldin badira: alanbreak tenkatzea, aske dauden alanbreak jostea edota granpilloiak ezartzea.

2. Dokumentazio teknikoari dagokion dirulaguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.

3. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie ebazpen honen 13. oinarrian jasotako erreferentziak kontuan hartuta.

4. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako laguntza hauek banatuko dizkie ebazpen honetako baldintzak betetzen dituzten toki-erakunde eskatzaileei:

a) Nafarroako eskualde menditsu gisa eta muga naturalak dituzten eskualde gisa jasotako toki-erakundeen kasuan, hau da, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnen kasuan, inbertsio diruz lagungarriaren %60. Inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

b) Gainerako toki-erakundeen kasuan, inbertsio diruz lagungarriaren %40. Inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

c) Espedienteak ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoa ez bada 4.000 euro baino handiagoa.

7. oinarria.–Gastu diruz lagungarria.

1. Gastu diruz lagungarria izanen da gastu hauen benetako kostua, BEZik gabe: obra exekutatzeko gastuak; proiektua edo memoria teknikoa idazteko gastuak; obra zuzentzekoak; segurtasun eta osasunekoak; saiakuntza teknikoak; higiezinak, makineria eta ekipamenduak lortzekoak, bai eta, kasua bada, teknologia erostearekin lotutako inbertsio materialekoak ere.

Proiektua edo memoria teknikoa idazteko gastuei dagokien gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %5 izanen da, gehienez, eta obra zuzendaritzari dagokion gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %6 izanen da, gehienez.

Kontrata bidezko exekuzio aurrekontuak barne hartzen du administrazioak onartu duen inbertsio moderatua (obra gauzatzeko aurrekontua), gehi gastu orokorrak (horiek, gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %10 izanen dira) eta industria mozkina (gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %5 izanen da).

2. Inbertsioak, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egiten badira, gastu diruz lagungarrietan ez dira sartuko, dagokien proportzioan, eskulanaren kostua, gastu orokorrak eta industria mozkina. Aurrekoa argi eta garbi zehaztuko da proiektuaren separata batean, eta laguntzen eskaeran dagokion laukitxoa markatuko da (II. eranskina). Auzolantzat hartuko dira herriko biztanleek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira):

a. Jarduketak kontserbazio bereziko eremuetan (KBE). Kontserbazio bereziko eremuetako jarduketei 5 puntu emanen zaizkie gehienez ere. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 5 puntu bider obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa, obrak KBE batean daudenean.

b. Jarduketak antolatutako larreetan. Larreetako azpiegituretako inbertsioak, Nafarroako Gobernuak onetsitako larreko baliabideak antolatzeko proiektua dutenak, gehienez ere 5 puntu. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 5 puntu bider antolatutako larrean egin beharreko obrak gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa.

c. Eskualde menditsuetan dauden edo menditsuak izan gabe naturak bereziki mugatutako eskualde batean dauden toki-erakundeek egindako inbertsioak (2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko –“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”– zerrendetan agertzen da zein diren eskualde horiek): 5 puntu.

d. Ukitutako ustiategietako AzLUak (azienda larriko unitateak). Jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategiek dituzten eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden AzLUen baturak 10 puntu jasoko ditu gehienez ere. X. eranskinaren bidez emanen da horren berri. Egiaztatuko da zein ziren, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean, toki-erakunde eskatzailean kokatutako abeltzaintzako ustiategiak eta haien AzLUak, eta, lortutako zifren arabera, graduazioa hau izanen da:

• < 150 AzLU: 3 puntu.

• ≥ 150 AzLU eta < 750 AzLU: 7 puntu.

• ≥ 750 AzLU: 10 puntu.

e. Aprobetxamendu kanona. Herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona ezarrita daukaten toki-erakundeek, eskaera aurkeztu aurreko 3 urteetan aplikatutakoa, 5 puntu. Puntuak ematen zaizkie herri-ondasunen aprobetxamendu kanonaren ziurtagiria aurkezten duten toki-erakundeei soilik.

f. Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa. Proiektuetan abeltzaintzaren sektorerako interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa duten jarduketak sartzen dituzten toki-erakundeek gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahal dituzte:

f.1) Abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegiturak: 50 puntu, bider abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegitura jarri edo hornitzeko obra gauzatzeko aurrekontu (OGA) diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.2) Behi-aziendan tuberkulosia kontrolatzen laguntzen duten ur hornidurarako azpiegiturak: 45 puntu, bider OGA diruz lagungarriaren ehunekoa. Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuari proposatutako jarduketetarako aldeko txostena eskatuko zaio.

f.3) Suak kaltetutako itxiturak eraikitzea eta udal eskortak birgaitzea, baldin laguntzen deialdi hau NAOn argitaratu aurretik komunikatu bazaizkio kalteak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari: 45 puntu, bider suak kaltetutako itxiturak eraikitzeko eta udal eskortak birgaitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.4) Abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegiturak: 25 puntu, bider abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegituretan inbertitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa, azpiegitura horiek tuberkulosiaren kontrolerako ez direnean.

f.5) Udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzea, bai eta herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamendua ere: 20 puntu, bider udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzeko, baita herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamenduetarako ere, OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.6) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak: 15 puntu, bider abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegituretarako OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.7) Bide publikoak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea: 15 puntu, bider bide publikoak, abelbideak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Bi proiektu edo gehiagoren artean puntuetan berdinketarik gertatuz gero, baremoko apartatu honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa.

Berdinketak jarraituz gero, baremoko apartatu honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda. Inskribaturik behar dute, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, eta toki-erakunde eskatzailean izan behar dute helbidea.

Berdinketak irauten badu, bere mugartean erregistro horretako abeltegi gehien dituen erakundeari emanen zaio dirulaguntza.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntza emateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 24 puntu lortzea.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren toki-erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Inbertsio obrak esleitzeko, urriaren 21eko 17/2021 Foru Legeak aldatu zuen Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoa betetzea. Hala ere, toki-erakundeak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

3. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretako bakar batean ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

4. Ebazpen honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

5. Diruz lagundutako inbertsioen iraunkortasun konpromisoa: erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du inbertsioan aldaketa garrantzitsurik ez egiteko 5 urtean, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik, salbu eta hondamendi naturalen ondorioz edo ezinbestez gertatzen bada, 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo laguntza emateko baldintzak ukitzen dituztenak.

6. Xede bererako beste dirulaguntzaren bat jasoz gero, jakinaraztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Ez bada jakinarazten, dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.

11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzitsurik ez egitea.

3. Oinarri honen 1. apartatuan aipatzen den konpromisoa ez betetzat joko da baldin honako hau gertatzen bada bost urteko epean (behin onuradunaren inbertsio edota gastuetarako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik):

a) Inbertsioaren izaera, funtzionaltasuna edo gauzatzeko baldintzak aldatzea.

b) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea.

c) Diruz lagundutako inbertsioaren erabilera aldatzea edo etetea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen obra unitateak murriztea.

4. Aurreko apartatuan aipatzen den konpromisoa ez betetzea mailakatuko da jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera, eta, horren arabera, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko dira, eta, kasua bada, legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

12. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak aurkezteko epea irekita egonen da deialdi hau aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

2. Laguntza eskaerak Tramiteen katalogoaren bidez tramitatuko dira, ahal dela. Teknikoki posible ez bada, II. eranskineko inprimakiaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (Destinoko unitatearen kodea: Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua 10003649. Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala 10000.657). Horren bidez aurkeztea ere ez bada posible, Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas k. 9, Iruña), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluarekin.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

4. Eskaera tramiteen katalogoaren bidez tramitatuko da, ahal dela. Teknikoki posible ez bada, deialdi honen II. eranskinean ezarritako inprimakia erabili beharko da eskaera bideratzeko.

5. Gainera, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektu teknikoa, teknikari kualifikatu batek egina, non azalduko baita zein den dirulaguntzaren xedeko jarduketa, eta frogatuko baita lotura zuzena duela abeltzaintzarekin eta, kasua bada, abeltegiekin. Proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak sartuko dira. 30.000 eurotik beherako obra gauzatzeko aurrekontua duten inbertsioen kasuan, memoria tekniko baloratua aurkezten ahalko da. Bi dokumentu horiek III. eranskinean deskribatutako gutxieneko edukia izan beharko dute. Berariaz aipatuko dira tuberkulosia kontrolatzeko premiak edo suteek eragindako kalteak.

b) Behar diren baimenak eta lizentziak:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen baimena, bat etorriz ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearekin, beharrezkoa den kasuetan (foru lege berriaren 7. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoaren arabera), edo jarduera sailkaturako udal lizentzia (aipatu legearen IV. eranskina). Baimena deialdi honetara aurkezten den proiekturako emanen da.

b.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen baimena, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearekin, beharrezkoa den kasuetan, adibidez: baso lurzoruaren gainean bide azpiegitura berriak eraikitzea, edo azpiegitura horien kaxa zabaltzea, baso lurzoru berria okupatuta, eta baso lurzoruaren gainean idoi berriak eraikitzea, baita horien ur hodiak ere. Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 7. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera ingurumenean esku-hartzeari buruzko tresnen menpe dauden jarduerak eta instalazioak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baimena, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 10. artikuluarekin.

Artikulu horren arabera, jarduketa hauek salbuetsita daude, eta, hortaz, ez dute lege honen esparruko baimena eduki beharrik:

–Lehendik dauden eraikin edo instalazioetako esku-hartzeak, non ez diren jarduera edo erabilera aldatzen, bolumena handitzen, eta non ez den beharrezkoa zerbitzuak berriz eskatzea.

–Instalazio edo eraikin txikiak eraiki edo ezartzea, lanabesak gordetzeko edo etxeko abereei aterpea emateko, baldin eta guztira 15 metro koadroko azalera gainditzen ez badute.

–Lurzatiaren itxiturak.

–Lehendik dauden nekazaritza- edo abeltzaintza-instalazioen zabalpenak, baldin eta, orokorrean, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimenaren bidez eraikitako azalera %20 handitzen ez bada eta zerbitzu berririk eskatzen ez badute.

–Lurrei eusteko lanak, lur mugimenduak eta mendiko pistak edo bideak irekitzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduera edo erabilerak ezartzeari, erauzketa lanei edo hondakindegiak ezartzeari.

Aurreko kasu horietan guztietan, gerta daiteke aipatutako baimenak ez edukitzea dirulaguntzak eskatzeko unean. Hala bada, aurkeztu beharko da dagokion administrazio unitateari igorritako baimen edo lizentzia eskaeraren kopia. Edonola ere, ezin izanen zaie dirulaguntzaren xedeko lanei ekin harik eta aldeko baimena eta dagokion lizentzia eduki arte.

c) Toki-erakundearen ziurtagiria, adierazten duena badagoela herri-ondasunen aprobetxamendua erregulatzen duen ordenantza bat, azalduta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko zer zenbakitan eta zer egunetan argitaratu zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera. Lurralde entitateak ez diren toki-erakundeen kasuan, larreen aprobetxamenduari buruzko barruko ordenantzak aurkeztu beharko dira (VII. eranskina).

d) Konpromisoen inprimakia eta adierazpena (IX. eranskina).

e) Kostuen moderazioa frogatzeko inprimakia (V. eranskina). Proiektuaren partidak eranskin horretan definitzen diren unitateei egokituko zaizkie.

f) Toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, zeinetan adierazten baita badaukala lurren edo eraikinen titulartasuna edo erabilera (VIII. eranskina).

g) Lurzatien zedulak edo inbertsioen xede diren lurzatien edo eraikinen titulartasuna frogatzeko agiriak, edo lurrak edo eraikinak erabiltzen ahal dituztela frogatzen duten agiriak. Bideak eta itxiturak egin edo hobetzeko obretan ez da beharrezkoa izanen lurzatien zedulak aurkeztea.

Toki-erakunde eskatzaileek titulartasuna ez duten finketan edo eraikinetan inbertsioak egiten direnean, lurrak edo eraikinak erabilgarri daudela frogatzen duen agirian erabilgarritasun horren epea jarri beharko da. Inbertsioaren amortizazio teknikoaren epearen adinakoa izanen da epe hori gutxienez. Horretarako, VI. eranskinean ezarritakoa bete beharko da (“Inbertsioen amortizazio epeak, lurren edo eraikinen erabilgarritasunari loturik”), eta titularren baimena ere aurkeztu beharko da, non adieraziko baita zer epetarako duten erabilgarri.

Eredu ofizialik ez duten gainerako agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira; proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan, eta kartografia ETRS89 proiekzioan eta SHP formatuan. Planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, erabat bukaturik eta behar diren legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

6. Nahi izatera, honako dokumentazio hau ere aurkez daiteke, eta, hala, baremoko puntuazioa handitu:

a) Toki-erakundearen ziurtagiria, non herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona agertuko baita (XI. eranskina), eskabidea aurkeztu aurreko 3 urteetakoa.

b) Ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon eta toki-erakunde eskatzailean helbidea dutenena (X. eranskina).

13. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, eta bermatzeko kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela, instrukzio organoak erreferentzia hauek erabiliko ditu, aplikatzeko lehentasun ordenaren arabera:

a) “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean aipatutako erreferentziak.

b) Beren ezaugarriak direla-eta “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean sartuta ez dauden inbertsioak indarrean dauden Nafarroako baso tarifekin baloratuko dira. Hemen daude ikusgai:

Mendiak eta basoak. Baso tarifak -nafarroa.eus

c) TRAGSA enpresa publikoaren indarreko tarifak.

Baldin aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak eta inbertsio modulukoak (IV. eranskina) ezberdinak badira, edo Nafarroako baso tarifetakoak edo TRAGSAren tarifak, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du ezberdintasuna, eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du.

d) Eskatutako inbertsioak ez baldin badaude inbertsio moduluetan (IV. eranskina), Nafarroako baso tarifetan edo TRAGSAren tarifetan, aurrekontua justifikatu egin beharko da, gutxienez ere proformako hiru fakturaren bidez, hura baliozkotzat hartzeko.

e) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori instrukzio organoaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi teknikarik osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, ordezko aurrekontua aurkeztu. Batzorde horren erabakia justifikatuko da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa-merkatu logiko batean.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari dagokio; atal hori atxikita dago Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskatzaileen zerrenda bat osatuko du dokumentazio osoa duten eta jarduketa diruz lagungarriak biltzen dituzten eskaerekin, eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari emanen dio, eskaerekin eta horiei erantsitako agiriekin batera, ebaluatu ditzan, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz.

15. oinarria.–Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa.

1. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

2. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Obren Bulegoko burua.

Idazkaria: Nekazaritzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoko burua.

Batzordeko kide bakoitzak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

3. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak eskaerak ebaluatu, eta honako hauek ukatzea proposatzen ahalko du: jarduketak ebaluatzea galarazten duten akats teknikoak dituztenak, moduluak gainditzen dituzten obra-unitateen neurketak eta prezioak dauzkaten aurrekontuak dituztenak, eta laguntzak arautzen dituen Europar Batasuneko edo Foru Komunitateko araudiarekin bat ez datozenak.

4. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak proposamena jakinaraziko dio Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

5. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, laguntza edo dirulaguntza esleituz lortutako puntuazioaren arabera, kontsignatutako aurrekontuko kreditua agortu arte.

Azken erakunde onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua nahikoa izan balitz berari zegokiokeen dirulaguntza baino gutxiago emanen zaio. Horren berri emanen zaio erakunde onuradunari; hark proiektua aldatu eta onartutako inbertsio lagungarrira egokituko du, eta onartua izan dadin igorriko. Proiektu berriaren baremazioa ezin izanen da izan baremazio prozesuan lortutakoa baino txikiagoa.

6. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik bost hilabeteko epean gehienez.

Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

16. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, egiaztatuko da ea baduten eskatzen den dokumentazio guztia. Behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean zuzentzeko, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo espedientea bideratuko dela agiriak bere horretan daudela.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio argibideak gehienez 10 egun naturaleko epean aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera bideratuko dela espedientea.

5. Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoaren txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igorriko.

7. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

8. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

17. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak nori eman, deialdia ixten denetik bost hilabeteko epean.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideak esleitzeko mugak direla-eta ezetsitakoak, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, edo oinarri arautzaile hauen 9. oinarriaren 3. puntuan eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez erdiesteagatik, edo oinarri arautzaileetan ezarritako nahitaezko dokumentazioa ez aurkezteagatik. Nolanahi ere, kasu guztietan adieraziko da 8. oinarrian aurreikusitako balorazio irizpideak aplikatu ostean eskaerei eman zaien puntuazioa, bai eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta mantendu behar dituen konpromisoak ere.

4. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

18. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Gerta daiteke toki-erakunde onuradunak, arrazoi justifikatuengatik, beharrezkotzat jotzea aldaketa nabarmen bat egitea, 18.3 puntuan definitu den moduan, hasiera batean onetsitako proiektuan. Horrelakoetan, aldatzeko eskaera aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Eskaera hori prestatutako formatuan aurkeztuko da (XII. eranskina), inbertsioa gauzatu aurretik, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago. Aurkeztu beharko da, era berean, aldeko ingurumen baimena edo ingurumen baimenaren eskaera.

2. Proiektua nabarmen aldatzen duten eskaerak onartzeko edo ezesteko, instrukzio organoak haien balorazioa eginen du, eta, gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsi beharko ditu.

3. Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: kokapenean edota neurketan %10etik gorakoa dena, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak soilik onetsiko dira, eraginik ez dutenak inbertsioaren helburuaren eta izaeraren gain, eta gutxiagotzen ez dutenak horiek emateko oinarritzat hartu zen baremoaren puntuazioa (puntuazio berriak ezin du izan onuraduna izateko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa baino txikiagoa).

4. Gerta daiteke onetsitako proiektuaren aldaketa ez-nabarmen batzuk sartuta egotea bukaerako ziurtapenean (%10etik beherakoak, kokapenean edota neurketan; edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak). Horrelakoetan, aldaketa horiek ordaintzen ahalko dira baldin eta ez bada gainditzen emandako laguntzaren guztizkoa, eta baldin eta, obra berriko unitateen kasuan, prezio kontrajarrien akta badago. Gainera, obra berriko unitateen zenbateko horiei deialdiko 14. oinarrian ezarritako kostuen moderazioa aplikatuko zaie.

19. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, laguntzak ordaintzeko eskabidea aurkezteko modua eta epeak.

1. Inbertsioak amaitzeko muga-eguna 2023ko irailaren 1a da.

2. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta dirulaguntzaren xedeko inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta aurkezten diren arte haren bukaeraren ziurtapena eta inbertsioaren gauzatzea frogatzen duten ordainketen fakturak eta agiriak.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko da.

4. Laguntzak Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

5. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie erakunde onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

6. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 20. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

7. Hasiera batean baimendutako aurrekontuan goranzko desbideraketarik egonik ere esleitutako laguntzaren zenbatekoa ez da handituko, inola ere ez.

8. Laguntzak jasotzeko, onuradunak ordainketa eskabidea aurkeztu beharko du (2023ko irailaren 15era arte izanen du horretarako, egun hori barne). Eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu obra ziurtagiriak, fakturak eta gastu zein ordainketa frogagiriak, eta hornitzailearen aukeraketaren frogagiria (XIV. eranskinaren 1. dokumentua). Baldin obrak esleitu badira 40.000 euro baino gehiagoko kontrata bidezko exekuzio aurrekontuarekin (BEZik gabe), eta 15.000 euro baino gehiagoko laguntza teknikoko aurrekontuarekin (BEZik gabe), XIV. eranskinaren 2. dokumentua eta kontratazio espedientearen kopia (PDF formatuan) aurkeztu beharko dira. Gerta daiteke onuradunek eskabidearen kopia soilik aurkeztu izana eskabideak aurkezteko unean, eta beharrezko lizentziak eta baimen sektorialak aurkeztu ez izana. Hala bada, beharrezko baimen eta lizentzia onartuak aurkeztu beharko dituzte une honetan.

Ordaintzeko eskaera deialdian adierazitako epean aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion dirulaguntza galduko da.

9. Jarduketak gauzatu edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

10. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2023ko abenduaren 31 baino lehen emanen du ordainketaren ebazpena.

20. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 19. oinarriko 1. apartatuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua inbertsioaren adjudikazio zenbatekoaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doitu eginen da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko zigorra aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, baldin eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikarien iritziz inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie, laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu, eta laguntza ematea ekarri zuen baremoa murrizten ez badu.

3. Erakunde onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ikuskapenaren ondoren kudeatzaileak zehaztutako zenbatekotik kenduko da. Murrizketa ez da izanen laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera), edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko adierazpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

7. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, Batzordearen abenduaren 19ko 9527 EE (2013) Erabakiaren eranskinean ezarritako portzentajeak aplikatuko dira. Horren bidez ezartzen eta onesten da zer jarraibide bete behar diren Batzordeak, kudeaketa partekatuaren esparruan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan (ikus XIV. eranskina).

8. Xede bererako beste dirulaguntzarik jaso bada eta ez bazaio horren berri eman Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, laguntza osoa galdu eta itzuli eginen da.

21. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

Gerora bete beharreko konpromisoak ez betetzea laguntza ematen duen ebazpenaren ondorengo bost urteetan, jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera mailakatuko da, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko ditu, eta, kasua bada, legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan definitu dira baldintza horiek): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta gardentasuna.

1. Onartutako inbertsioak 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 2. puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, onuradunak behar diren publizitate neurriak hartuko ditu, hain zuzen ere aplikatzekoak diren Europar Batasuneko arauetan aurreikusitakoak eta arau haiek garatzeko arauetan edo arau haien transposizioa egiteko arauetan aurreikusitakoak.

2. Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, eta finantzatutako eragiketaren arabera, informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 –297x420– tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

3. Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duen eragiketa baten kasuan, onuradunak azalpen-plaka zurrun bat ezarri beharko du (gutxienez ere A0 –841x1189– tamainakoa), proiektuari buruzko informazioarekin, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela.

4. Onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen bereizgarri bat jarri beharko du, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen arabera: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: 2014-2020 aldian Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

5. Azkenik, laguntza hauen erakunde onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

III. ERANSKINA

Proiektuen eta memoria teknikoen gutxieneko edukia

Proiektuek agiri hauek izanen dituzte:

–Memoria.

–Baldintza-agiria.

–Ingurumenean esku-hartzeari buruz dagokion tresna (baldin eta beharrezkoa bada 17/2020 Foru Legearen arabera) edo bestela ingurumen inpaktuaren azterketa.

–Planoak, 1:10.000 eskalakoak edo hortik gorakoak.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana, 1627/1997 Errege Dekretuarekin bat, zeinaren bidez eraikuntza lanetan gutxienez bete beharreko segurtasun eta osasun baldintzak ezartzen baitira.

a) Memoria:

–Laguntza zein jarduketarako eskatzen den, horren deskribapen zehatza egin beharko du, bai eta jarduketaren aurrerakinak eta xedea ere azaldu. Argi eta garbi justifikatuko da proposatzen den azpiegituraren abeltzaintzako helburua edota erabilera.

–Tuberkulosi egoeretan, memoriaren atal berezi batean aipatuko da.

–Proiektua, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egin nahi bada, zehatz-mehatz azalduko da.

–Obrak adjudikatzean kontratuaren atalak bereiz beteko direla aurreikusten bada, bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak direnean, bereizitako erabilera edo aprobetxamendu hori arrazoitu eta justifikatuko da obren proiektuaren memorian eta klausulen agirietan.

  • Aurreikusten denaren arabera proiektuan bereizita esleituko den zati bakoitzerako, aurkezten den proiektuan kontrata bakoitzeko aurrekontua, bereizita, sartu beharko da, bai eta proiektua egin eta obra zuzentzen dutenen ordainsariak ere, proiektuaren zati horri dagozkionak.
  • Aurrekoaz gain, dokumentazioan egoera hori zehatz-mehatz eta espresuki agertuko da, aurkeztutako proiektuaren separata batean, zati bakoitzaren aparteko balorazioarekin batera.

–Obrak adjudikatzean ezartzen bada adjudikatzeko irizpidea izanen dela eskaintzarik hoberena egitea, lizitatzaileek aurkeztutako proiektuari hobekuntzak aurkeztu ahal izateko, hobekuntza horiek baloratu ahal izateko eta eskaintza hoberena zein den erabakitzeko, beharrezkoa da aurkeztutako proiektuan eta klausula agirietan honako hauek bete daitezen:

  • hobekuntzei aplikatuko zaizkien balorazio-irizpideak ezartzea, hobekuntzak aski identifikatzeko behar diren baldintzekin, mugekin, modalitateekin eta ezaugarriekin.

Hobekuntzak onartuko dira, bakar-bakarrik, baldin lotura zuzena badute kontratuaren prestazioarekin, eta zehatz-mehatz eta espresuki zehazten eta baloratzen badira, aurkeztutako proiektuaren separata batean, kontratistaren exekuzio doan eta osagarri gisa.

–Memorian definitzen diren jarduketen erreferentzia geografikoak eta planoetako kokaguneak zehaztuko dira.

b) Baldintza-agiria:

–Proiektuetan baizik ez da eskatuko. Aurreko atalean definitu diren berezitasun guztiak biltzeaz gain, laguntza zer lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu, eta adierazi, gutxienez, obra mota bakoitzean erabiliko diren bitartekoak, makineriak beharko duen indarra kalkulatuta.

c) Aurrekontua, honako agiri hauekin osatua:

–Neurketen taula.

–Prezioen taula:

  • Prezioen taula letraz.
  • Prezio xehakatuen taula (eskulana, makineria eta materialak).
  • Prezio osagarrien taula.

–Aurrekontu partzialak.

–Aurrekontuen laburpen orokorra.

Proiektua, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egin nahi bada, horien aurrekontua zehatz-mehatz azalduko da aurrekontu atalaren berariazko eranskin batean.

Aurrekontuari taula bat erantsiko zaio, zeinetan adieraziko baita, erabilitako obra unitateen prezio unitarioez gain, zein modulu, tarifa edo proformako faktura hartuko diren erreferentziatzat, oinarri arautzaile hauetan kostuen moderazioa aplikatzeko aurreikusi diren guztien artetik (zer iturri eta zer kode erabili den adierazi beharra dago). Proiektugileak, hala irizten badio, erreferentzia horien gainetiko edo azpitiko prezio unitarioak aplikatu ahal izanen ditu, baina zenbateko hautagarria horien arabera zehaztuko da.

d) Planoak:

–Kokalekuaren planoa.

–Plano zehaztua, 1:10.000 eskalakoa edo hortik gorakoa. Laguntza eskaeran aipatzen diren jarduketa guztien erreferentzia geografikoak emanen dira, eta lokalizatzeko moduan azaldu.

–Plano zehatzagoak eginen dira fabrika-obretarako, harri-lubetetarako, etab.

–Kartografiaren legendak argiak izanen dira, eta aurrekontuan definitutakoari lotuak.

–Aurrekontuetako eta memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.

e) Segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana.

–Agiri hori proiektuetan soilik eskatzen ahalko da, eta haren edukiak bat etorri beharko du 1627/1997 Errege Dekretuarekin. Honako hauek bilduko ditu:

1. Memoria.

–Obren ezaugarrien deskribapena.

–Gauzatze-epea.

–Aurreikusitako langileak.

–Behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza.

–Aurreikusitako makineria eta baliabide osagarriak.

–Arriskuen azterketa orokorra.

–Prebentzio neurriak.

2. Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.

Memoria teknikoa eskatzen bada, honakoak hartu beharko ditu barne: memoria, aurrekontua, ingurumen ukipenen azterlana (ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Legeak hala eskatzen badu, eta 1:10.000 eskalako edo hortik gorako planoak.

IV. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

Unit.

PARTIDA

LANAK GAUZATZEAREN PREZIOA (eurotan)

I. MOTA

II. MOTA

Unit.

1 m-eko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxatila eta ahokadura barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.726,40

2.244,32

Unit.

0,8 m-eko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxatila eta ahokadura barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.342,64

1.745,43

Unit.

0,6 m-eko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxatila eta ahokadura barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.067,04

1.387,15

MI

3 m-ko zabalerako bidea, 0,15 m-ko lodierakoa, material pikorduna (2”) duena, erabat funtzionala eta bukatua.

10,40

12,48

Harrobi komertzialetik heldu den material pikorduna, birrinketa bidez hautatua (2”), konpaktuan neurtua, barnean direla materiala, karga eta garraioa, erabat funtzionala eta bukatua.

18,72

26,00

“Zagor natural” gisako material pikorduna, baheketa bidez hautatua (2”), konpaktuan neurtua, materiala, karga eta garraioa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

7,80

7,80

Beroan egindako emultsio bituminosoko zoladura, S12 motakoa, agregakin ofitikoduna, 5 cm-ko lodierakoa, zeina jartzen baita aldez aurretik itsaspeneko emultsio berezia zabalduta (ECR1) eta bidezuloak dituzten eremuak birprofilatuta, erabat funtzionala eta bukatua.

9,36

10,40

Hormigoizko zoladura bideetan, barnean direla hormigoi hornidura, hedatzea, erregela dardarkariarekin trinkotzea, talotxatzea eta erremateak egitea, azaleko testurarako arrabotatzea, produktu filmogenoekin ontzea, eta uzkurdura-junturak egitea gogorrean; kofratzea eta ertzak leuntzea barne, erabat funtzionala eta bukatua.

124,80

156,00

80 cm-ko diametrotik gorako kareharrizko lubeta, beharrezkoak diren obra osagarri guztiak barne, lurra harriak jarri aurretik egokitzea eta material iragazlez beteriko estradosa, erabat funtzionala eta bukatua.

41,60

72,80

Eskorta itxia, 15 m-tik gorako hutsartea eta 4 m-tik gorako garaiera duena, erabat funtzionala eta bukatua.

156,00

156,00

Eskorta itxia, 15 m-tik beherako hutsartea eta 4 m-tik beherako garaiera duena, erabat funtzionala eta bukatua.

135,20

135,20

Unit.

Hesi kanadiarra, ondoan metro bateko zabalerako ate metalikoa, giltzarrapoa eta alboan altzairu galvanizatuzko bi baranda, eta, gainera, gehienez ere metro bateko diametroko eta 5 m-ko luzerako hodia, erabat funtzionala eta bukatua.

5.200,00

6.240,00

Unit.

Altzairu galvanizatuzko ataka teleskopikoa, 1 eta 5 metro arteko luzerakoa eta 1,2 m-ko garaierakoa jarrita dagoela, erabat funtzionala eta bukatua.

520,00

624,00

MI

Akaziazko hesolekin egindako itxitura. Hesolak 1,7 m-ko garaierakoak eta 10 cm-ko punta meharrekoak izanen dira, zartatzetik heldu direnak, beraien artean 1,8 m utziko da, metro bateko garaierako sarea jarriko da edo alanbre arantzaduneko 5 ilara, zorutik 15-30-50-75-105 cm-ra; hesolak eskuz edo zamariz banatuko dira 200 m-ko distantziara gehienez, pertsonak pasatzeko pasabideak utziko dira 250 m-ko tarte bakoitzean gutxienez eta bidexka edo bideekin gurutzatzean. Erabat funtzionala eta bukatua.

5,18

6,74

MI

Itxitura kentzea.

1,02

1,54

MI

Itxitura konpontzea, gutxienez ere 8 hesola berri jarrita eta alanbre arantzaduneko 50 ml jarrita konpondutako itxituraren 100 ml bakoitzeko.

1,02

1,54

Abeltzaintzako tratamendu-eskorta, erabat funtzionala eta bukatua.

41,60

62,40

Iragazgaizte naturala duen putzua, zangak irekitzea barne, erabat funtzionala eta bukatua.

10,40

15,60

Iragazgaizteko material komertzialarekin iragazgaizteagatiko gehigarria, erabat funtzionala eta bukatua.

15,60

18,72

Unit.

Hormigoi armatuzko uraska, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

520,00

624,00

Unit.

Altzairu galbanizatuzko uraska aurrefabrikatua, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.404,00

1.512,00

Unit.

Polietilenozko uraska, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

640,00

710,00

Unit.

Altzairu herdoilgaitzezko uraska aurrefabrikatua, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.604,00

1.712,00

H

Ezpondetatik erortzen diren materialak kentzeko eta arekak garbitzeko makineria.

62,40

62,40

I. MOTA: makinen errendimendu normalarekin egindako lanak.

II. MOTA: makinen errendimendu baxuarekin egindako lanak (orografia konplexua, %15etik gorako maldak, sarbide zaila, materialez hornitzeko zentroak urrun izatea...).

VI. ERANSKINA

Inbertsioak amortizatzeko epeak

1.–Eraikinak:

1.1. Obra berria: 25 urte.

1.2. Obra bidezko eraberritzea: 20 urte.

2.–Ekipamenduak: 12 urte.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Laguntza eskaera.

V. eranskina.–Kostuen moderazioaren justifikazioa.

VII. eranskina.–Herri-ondasunak arautzeko ordenantzak izatearen ziurtagiria.

VIII. eranskina.–Titulartasun publikoaren ziurtagiria.

IX. eranskina.–Konpromisoen adierazpena.

X. eranskina.–Ukitutako abeltegien zerrenda.

XI. eranskina.–Herri-lurretako aprobetxamendu kanonari buruzko adierazpena.

XII. eranskina.–Proiektua aldatzeko eskaera.

XIII. eranskina.–Ordaintzeko eskaera.

XIV. eranskina.–Ziurtagiriak.

Deskargatu II., V., eta VII.etik XIV.era bit arteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208309