129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1161/2022 EBAZPENA, 2022ko ekainaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesu baterako deia egiten da ikertzaileen lan kontratazioa egiteko Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrari lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez.

2022ko ekainaren 7an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrari lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez proiektuko laguntzaile gisa aritzeko. Ikertzaile arduraduna Esther González García andrea da, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Hautaketa-prozesurako deialdia onestea, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrari lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 14an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO BIOLOGIA SINTETIKOA-CNTA KATEDRARI LOTUTAKO JARDUERA ZIENTIFIKO-TEKNIKOEN KONTRATU BIDEZ

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko, Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrari lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez.

–Maila profesionala: proiektuko laguntzailea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrako lanetan laguntzea. Biologia sintetikoaren arloko proiektuak garatzea. iGEM (International Genetically Engineered Machine) ikasle taldea kudeatzea eta entrenatzea eta 2022ko urrian Parisen eginen den txapelketako jardueren jarraipena egitea.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (lege hori 2022ko apirilaren 5eko 8/2022 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen).

–Iraupena: mugagabea, Biologia Sintetikoa-CNTA Katedrari lotua.

–Lanaldi-mota: partziala (% 50).

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Biologia Sintetikoa-CNTA Katedra

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, baldin eta parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Bioteknologiako, Biologiako edo Biokimikako Graduko titulazio akademiko ofiziala edo baliokidea.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Ingeleseko B2 mailaren ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa (HEEEB).

Esteka honetan ageri da CRUEren Ingeleseko Hizkuntza Mahaiak onetsitako taula, hizkuntza-maila egiaztatzeko onartuko diren tituluen zerrenda duena:

https://www.crue.org/wp-content/uploads/2020/02/Certificados-para-la-acreditaci%C3%B3n-de-niveles-de-ingl%C3%A9s.pdf

e) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

f) Diziplinazko espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, “Hasi tramitea” botoia sakatu behar da.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4,2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiliko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautapen batzordea.

Batzordeburua: M.ª Ramona Barrena Figueroa doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Esther González García doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Rosa M.ª Murillo Pérez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

–Hautapen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: Luis Arregui Oderiz, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Idazkaria: Carlos López Molina, kontratupeko irakasle doktorea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Batzordekidea: Cristina Arroqui Vidaurreta doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautapen Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautapen Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. Apartatua: Titulazioak eta espediente akademikoa

Puntuak

40

–Hautaketa prozesuan sartzeko eskatzen den titulazioaren espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 10 punturekin gehienez ere.

Emaitza 3 faktoreaz biderkatuko da baldin eta titulazioa Bioteknologiako Gradua bada, 2 faktoreaz Biologiako Gradua bada eta 1 faktoreaz Biokimikako Gradua bada; gehienez ere 30 puntu.

–Bioteknologiaren, Biologiaren edo Biokimikaren arloko unibertsitate master bat edukitzeagatik 10 puntu emanen dira gehienez, espedientearen arabera.

2. Apartatua: Esperientzia

Puntuak

20

Esperientzia profesionala honela baloratuko da:

–Lehiaketa bidezko deialdien bidez finantzatutako ikerketa-proiektuetan (EB, Plan Nazionala, Eskualdeko Deialdiak) aktiboki parte hartu izana baloratuko da (4 puntu gehienez). Proiektuan 3 hilabetean baino gehiagoan aritu behar da aintzat har dadin. 2 puntu emanen dira proiektu bakoitzeko.

–Lehiaketa bidezko deialdietan ikerketa-zentroetako teknikariei esleitutako kontratuak, kontratuaren xede diren jarduerekin zerikusia dutenak (2 puntu gehienez). 1 puntu emanen da kontratuko urte bakoitzeko. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie.

–Praktiketako aldiak edo prestakuntza esperimentaleko aldiak (Gradu Amaierako Lanak eta/edo Master Amaierako Lanak) Biologia Sintetikoan edo kontratuaren xedearekin lotutako gaietan (14 puntu gehienez). 2 puntu emanen dira prestakuntza esperimentaleko hilabete bakoitzeko. Zuzendariak/prestatzaileak emandako ziurtagiriarekin behar bezala justifikatutako aldiak bakarrik hartuko dira kontuan; iraupena hilabetetan jaso behar da.

3. Apartatua: Ikerketako esperientzia eta hizkuntzak

Puntuak

20

–Unibertsitateko sari akademikoak (4 puntu gehienez). 2 puntu emanen dira sari edo aitorpen bakoitzeko.

–Hizkuntzak (8 puntu gehienez):

• Ingelesa: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) jasotako mailen arabera baloratuko da. 3 puntu C1 maila eta 4 puntu C2 maila.

• Euskara: 3 puntu B2 maila, eta 4 puntu C1 maila edo hortik gorakoa.

–Prestakuntza gehigarria kontratuaren xede den gaian (8 puntu gehienez): 2 puntu emanen dira ikastaro bakoitzeko (6 orduko edo gehiagoko ikastaroak baizik ez dira kontuan hartuko), 4 puntu kontratuaren xedearekin zerikusia duen nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeagatik, eta 0,5 kontratuaren xede den gaiari buruzko hitzaldi edo kongresu batera joateagatik.

4. Apartatua: Elkarrizketa pertsonala edo birtuala

Puntuak

20

Aurreko apartatuen baturan (1-3) puntuazio handiena lortu duten 4 izangaiei baizik ez zaie eginen elkarrizketa. Kontratuaren xede diren eginkizunak betetzeko gaitasuna, esperientzia eta jakintza balioetsiko dira elkarrizketan.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 40 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2209022