128. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2022 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia 2022-2023 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste diseinuko goi mailako ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte irakaskuntzetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Diseinuko graduko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du, bat etorriz Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezartzen ditu diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko 2022-2023 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2022-2023 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxe inplikatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen eskola egutegia prestatzeko jarraibideak 2022-2023 ikasturterako

1.–Egutegia.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Ikastetxe publikoetan, eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, honako hauek eginen dira: azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtea berrikusi eta ebaluatzeko lan berariazkoak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.

2. a) Irakaskuntza hauetan dedikazio osoan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez.

Astetzat joko da gutxienez 3 eskola-egun dituena.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Seihileko bakoitza bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.

d) Ekainean, ebaluazio berezi bat antolatuko da irakasgai bakoitzerako.

e) Zilegi izanen da gehienez bi aste gordetzea deialdi arrunteko azterketak prestatu eta egiteko (alde batera utzita ikasketen bukaerako lana).

f) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

g) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, baita herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko irakaskuntzaren zaindariaren jaieguna ere.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egun batean bada, ikastetxeak zilegi izanen du beste egun bat hautatzea horren ordez.

c) Ikastetxeak ezarriko du hezkuntza mailari dagokion jaieguna.

d) Ikastetxeak erabakitako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskolarik gabeko lanegunak izanen dira, gehienez ere 5 egun, eskolak hasten direnetik amaitzen diren arte.

4. Arestiko 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

5. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 8an bukatuko, biak barne.

6. Aste Santuko oporrak apirilaren 6tik 16ra arte izanen dira, biak barne.

7. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2022-2023 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, Eskola Kontseiluari entzun ondoren. 2022ko ekainaren 17an bukatuko da proposamen hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaltzeko epea. Ikastetxe publikoek “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez igorriko dute.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aztertu ondoren, egutegiak onetsiko ditu. Ikastetxe publikoen kasuan, Ikuskapen Zerbitzuaren komunikazioa, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2022ko ekainaren 27rako.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia iragarki-taulan ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimena izan gabe.

Iragarkiaren kodea: F2207589