127. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2021eko abenduaren 22an, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, baita instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzea ere:

–Eskatzailea: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11293 (Ref.: 2021-155 GES2A Obra 100737014)

–Instalazioaren kokalekua: Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udal-mugarteak.

–Xedea: inguru horretako hornidura elektrikoa hobetzea.

Ezaugarri teknikoak: “Elo-Ibargoiti” eta “Venta Judas-Loiti” 13,2 kV-eko aireko lineak lotzea “Zangoza-Cordovilla” linearekin 13,2/66kV zirkuitu bikoitzean trinkotuta. Jarduketaren bidez aipatu 13,2 kV-eko aireko lineen arteko 4.700 metro lotuko dira, eta horretarako “Zangoza-Cordovilla” zirkuituaren 66 kV-ko goi tentsioko linearen azpiegiturari dagozkion 2.225 metro baliatuko dira, zirkuitu bikoitzeko euskarrien bidez, eta, hala, aipatu egitura berrituko da, 13,2/66 kV-eko zirkuitu bikoitza jartzeko. 147-AL1/34-ST1A LA180 eta 100-AL1/17-ST1A motako eroaleak erabiliko dira, eta muntatutako tarteak LA-175arekin mantenduko dira.

–Gauzatze materialaren aurrekontua: 188.466,81 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, hogeita hamar egunez jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza; horretarako, iragarkia argitaratu zen 2022ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3koan, eta Diario de Navarra egunkariaren 2022ko otsailaren 4ko edizioan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere. Era berean, dokumentazioa Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udalei bidali zitzaien, jendaurrean egon zitezen denbora berean; horren gaineko egiaztapen-eginbideak espedientean daude jasota.

Aipatu epea alegaziorik jaso gabe igaro da.

Beste alde batetik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa betez, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien jarraian zerrendatzen diren erakunde hauei, hogeita hamar eguneko epean eskatutako baimenari adostasuna eman edo haren aurka agertzeko, eta kasua bada, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko:

–Ibargoitiko Udala.

–Irunberriko Udala.

–Urraulbeitiko Udala.

–Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Emandako epea iragan da, eta ez da inolako erantzunik jaso.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 21ean emandako 88E/2020 Ebazpenaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuari, betiere ebazpenean berean zehazten diren neurriak aplikatu beharko dituelarik. Kontuan hartu behar da abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen duela ingurumen-ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerei dagokien baimena.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatu instalaziorako.

2. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, bideetako ingeniari Fermín Manrique Larraza jaunak sinatua. Hogeita lau hilabete ematen zaizkio obrak gauzatzeko.

3. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

5. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze-espedientean.

7. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Ebroko Ur Konfederazioari, eta Ibargoiti, Irunberri eta Urraulbeitiko udalei, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2207618