127. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

134/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdia onesten baita laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek zuzenduta daude mendekotasuna duten pertsonen, desgaitasunen bat dutenen eta adinekoen zaintzan, beren etxeetan geratuz gero, laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten etxeko inguruneko lagunei. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan. DDBN identifikazioa: 630751

2020ko abenduaren 22an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratu zen Europar Batasunaren Suspertzerako Bitartekoa, zeinak, 750.000 milioi euroko zuzkiduraz, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren osteko susperraldiari lagundu nahi baitio. Bitarteko horretan hainbat laguntza-lerro daude jasota, eta horietako bat da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM), maileguak eta dirulaguntzak emateko 672.500 milioi euroko zuzkidura duena, EBko herrialdeek abiarazitako berritze-lan eta inbertsioak laguntze aldera. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 241/2021 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araubidea.

2021eko apirilaren 27an, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluaren erabakiz, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onetsi zen. Hartan zehazten dira 2021-2023 aldirako inbertsioak eta berritze-lanak.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako funtsen kargura, 910,3 milioi euro eman zitzaizkion Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioari 2021eko ekitaldirako, “Zaintzen ekonomia eta berdintasun- eta inklusio-politikak indartzea” ardatzean (ardatz hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dago).

Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, premiazko neurriak onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko, eta hartan tresna juridikoak aurreikusita daude Europako Funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko. Besteak beste, lankidetza-hitzarmenak dira tresna horietako batzuk. Hain zuzen, haien bidez, esku hartzen duten administrazio publikoek proiektuak eta horien mugarriak eta helburuak eta bakoitzerako ezarriko den finantzaketa adostuko dituzte.

2021eko uztailaren 16an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko.

Hitzarmen horretan aditzera ematen denez, guztira 39.582.262 euro eman zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 22. osagaiari lotutako proiektuetarako. Proiektu horiek bat etorri beharko dute gizarte-zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateak aurkeztu dituen proiektuen artean ezarritako baldintzak betetzen dituztenetako bat da 3. zenbakia duena: “Telelaguntza eta ingurunea kontrolatzeko sistema digitalak” deritzona, alegia. Guztira, 7.798.225 euroko aurrekontua du, eta horietatik, printzipioz, 6.110.285 euro erabiliko dira urte anitzeko deialdi honetarako, zeinaren helburua baita produktu teknologikoak ezartzea adinekoen eta desgaitasunen bat edo mendekotasuna duten pertsonen etxeetan. Hala, Nafarroako Foru Komunitateko zein tokitan bizi den kontuan izan gabe, haien ingurunean eragin da, eta horrela lortu bizitzeko aukeratu duten tokian gera daitezen.

Deialdi hau txertaturik dago Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” izeneko 22. osagaiaren barruan. Osagai horren helburu nagusia da gizarte-zerbitzuak oro har modernizatzea eta indartzea; horrez gain, arreta berezia jartzen zaio iraupen luzeko zaintzarako ereduari, eta bultzada ematen zaio bai berrikuntzari bai pertsonarengan zentratutako arreta-ereduari.

Deialdi hau, esan bezala, 3. zenbakidun proiektuan sartuta dago (“Telelaguntza eta ingurunea kontrolatzeko sistema digitalak”), eta lagunduko du Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak adostutako helburua betetzen: telelaguntza errazteko teknologia berrietan inbertitzea, autonomia pertsonala, zainketen prestazioa eta laguntza-ingurune inklusiboa sustatuz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/2221 (EB) Erregelamenduaren bidez, 1303/2013 Erregelamendua (EB) aldatu zen, baliabide gehigarriei eta betearazteko xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren eta haren ondorio sozialen testuinguruan krisia onbideratzen laguntzeko eta ekonomiaren suspertze berdea, digitala eta erresilientea prestatzeko (REACT-EB). Erregelamendu horren 8. motibazio puntuan jasota dago aurreikusi beharko dela REACT-EBko zernahi baliabide erabiltzeko aukera, beharrik handiena duten pertsonei zuzendutako laguntza indartzeko; arreta berezia jarriz, hain zuzen, beharrik handiena duten kolektibotan, hala nola adinekoengan eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonengan.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak autonomia pertsonala sustatzeko eta kolektibo horri arreta emateko oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Izan ere, mendekotasuna duten pertsonek laguntza behar dute eguneroko bizitzako jarduerak aurrera eramateko eta autonomia eta parte-hartze sozial handiagoa lortzeko.

Aipatutako abenduaren 14ko 39/2006 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, autonomia erkidegoek berariazko akordioak egiten ahalko dituzte dirulaguntzak emateko, aurrekontuetan duten diruaren arabera, autonomia pertsonala bultzatzeko. Laguntza horiek dirulaguntzak izanen dira, eta eguneroko bizitzan ongi moldatzeko laguntza-produktuetarako edo -tresnetarako emanen dira, bai eta etxean irisgarritasuna erraztu eta egokitzapenak egiteko ere, etxe barnean hobeki ibili ahal izateko.

Azken hamarkadetan, desgaitasunaren kontzeptualizazioa aldatu egin da, eta ikuspegi organiko-biologiko hutsetik ikuspegi bio-psikosozialera igaro da, non inguruneko faktoreek zeresan handia baitaukate. Funtzionamenduaren, Desgaitasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Sailkapenaren (FNS) arabera, desgaitasuna azaldu behar da pertsona batek bere osasun egoerarekin eta bere ingurunearekin edo testuinguruarekin daukan interakzioaren emaitza gisa. Hortaz, ulertzen da alderdi sozialak eta testuinguruari lotutakoak funtsezko faktoreak direla osasunerako.

FNS sailkapenean ingurumen faktoreen zerrenda bat dago. Faktore horiek pertsonaren testuingurua deskribatzen dute eta eragina dute funtzionamenduaren eta desgaitasunaren osagai guztietan. Edozein jarduera egitea pertsonaren ingurune erreala kontuan hartuta deskribatzen da. Ingurumen faktoreak positiboak izanen dira, baldin eta laguntzen badute gabeziak, jarduteko mugak edo parte-hartzeko oztopoak gainditzen. Aitzitik, negatiboak izanen dira aurreko osagaietako edozein oztopatu edo larriagotzen duten oztopo edo traba badira. Laguntzen dioten faktoreak identifikatuz gero, mendekotasun mailak gutxitzen ahalko ditu eta horrek jarduerak aurrera eramaten eta hobeki parte hartzen lagunduko dio.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. “Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinaren B) apartatuko 12. puntuan, adinekoentzako arretaren arlorako laguntza-produktuak ezartzen dira. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua adineko pertsona bere ohiko ingurunean geratzeko erraztasunak ematea dela, etxebizitzaren irisgarritasuna eta mugikortasuna erraztuta edo haren egoera fisikoa eta osasun egoera hobetuta.

“Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinaren C) apartatuko 14. puntuan, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-produktuak ezartzen dira. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua dela desgaitasunak eragindako beharrak estaltzea, autonomia pertsonala eta irisgarritasuna sustatzearren.

Irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeko 5. artikuluko 4. apartatuaren arabera, bizimodu independentea izateko eta bizitzaren eremu guztietan osoki parte hartzeko eskubidea sustatzeko, botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte irisgarritasun unibertsala bermatzeko inguruneetan, prozesuetan, ondasunetan, produktu eta zerbitzuetan, garraioan, informazio eta komunikazioetan, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta hedabide sozialak eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz landaguneetan.

Laguntza hauen helburua da desgaitasunaren eta/edo mendekotasunaren ondorioz sortzen diren behar batzuk estaltzeko gastu jakin batzuetan laguntzea, behar horien ondorioz pertsonak zailtasun edo zaurgarritasun sozialeko egoeran gelditzen baitira. Gastuak deialdiari dagokion urtean eginak izan behar dira. Laguntza hauen bidez bilatzen da pertsona horiek beren ohiko etxebizitzetan geratzea, eta saihestea edo atzeratzea egoitza batera joan beharra.

Deialdiak bere egiten ditu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren berariazko kudeaketa printzipioak, Planari oro har zeharka aplikatzen baitzaizkio; kasu honetan, kudeaketa-txostenean hauei buruz adierazitako helburuak betetzeari dagozkio: etiketatze berde eta digitala, ingurumen-inpaktu negatibo nabarmena, iruzurraren prebentzioa, detekzioa eta zuzenketa, ustelkeria eta interesen arteko gatazka, Estatuko laguntzen araubidearekiko bateragarritasuna eta kostu bererako Europako finantzaketa bikoitza prebenitzea, funtsen amaierako hartzailea identifikatzea, eta, azkenik, plana gauzatzeari lotutako komunikazio-jarduketak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak ez dira Estatuko laguntzatzat hartzen, bat etorriz Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1.I) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira zenbait laguntza-kategoria, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat, baldin eta laguntza horiek ez badute eraginik Europar Batasuneko estatuen arteko merkataritza-jardunean.

Aipatutako Irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeko 38. artikuluan komunikazioetako irisgarritasun-baldintzei buruz ezarritakoa betetzeko, deialdi honetako oinarriak idatzi dira komunikazio oztopoak kenduz eta bermatuta testuan definitzen diren kontzeptuak ulertzeko modukoak izanen direla hartzaileentzat.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko maiatzaren 25ean egindako bileran, baimena eman dio Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzen deialdia onesteko, laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek erabiliko dira mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasunen bat dutenei eta adinekoei, beren etxeetan geratuz gero, laguntzeko eta haiek zaintzeko beren etxeetan. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu honetan xedatutakoarekin bat etorriz, onestea dirulaguntzen deialdia, laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek erabiliko dira mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasunen bat dutenei eta adinekoei, beren etxeetan geratuz gero, laguntzeko eta haiek zaintzeko beren etxeetan. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan. Orobat, deialdiaren oinarriak onestea, zeinak I. eranskinean ageri baitira.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, urte anitzeko gastua baimentzea, guztira 6.110.285 eurokoa, jarraian aipatzen den partidaren kargura edo 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako gaitzen diren antzekoen kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

2022

2023

920005 93100 7809 231B00 “SEM Familia eta partikularrentzako dirulaguntzak, laguntza-produktuak eskuratzeko”

3.363.182,00 euro

2.747.103,00 euro

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei emanen zaizkie dirulaguntzak, betiere muga gisa harturik ekitaldi bakoitzean erabilgarri dauden aurrekontu-kredituen zenbateko globala.

Urteko zenbateko horiek handitzen ahalko dira, hala badagokio, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionala finantzatzeko funtsen bidez, bai eta horretarako gaitzen diren beste kreditu batzuen bidez ere.

Bat etorriz 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 18/2021 Foru Legearen 58. artikuluan ezarritakoarekin (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkion gastu-kreditu exekutatugabeen txertaketak), deialdi honi esleitu baina 2022an exekutatzen ez den gastua 2023. urteari txertatzen ahalko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Foru agindu honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, bai eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2022ko ekainaren 1ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdi honen oinarriak: dirulaguntzen deialdia, laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek erabiliko dira mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasunen bat dutenei eta adinekoei, beren etxeetan geratuz gero, laguntzeko eta haiek zaintzeko beren etxeetan. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: “Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia”. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, “Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea” delakoaren barruan

1. oinarria.–Xedea, iraupena, helburua eta aplikazio eremua.

1. Deialdi honen xedea da ezartzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak, laguntza-produktu teknologikoak eskuratzeko, mendekotasun edo desgaitasunen bat dutenei edo 65 urtetik gorakoei, beren etxeetan geratuz gero.

Salbuespen gisa, deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte, aurreko kasuren batean egon ez arren, osasungintzako profesional batek emandako txosten tekniko bidez egiaztatutako patologiak dituztenek, baldin eta patologia horiek funtzioren baterako autonomia galtzea badakarte eta laguntza-produktu teknologikoak behar badituzte. Hain zuzen, laguntza-produktu teknologikotzat jotzen dira teknologia darabilten gailuak, eta helburu dutenak pertsonei ahalbidetzea ahalik eta luzaroen geratzea beren ingurunean.

2. Foru agindu honen ondorioetarako, laguntza-produktuak dira bereziki desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak (gailuak, ekipoak, tresnak eta softwarea barne), hauetarako helbururen bat dutenak:

a) Gizartean parte hartzea erraztea.

b) Gorputzaren funtzioak/egiturak eta jarduerak babestea, sostengatzea, entrenatzea, neurtzea edo ordeztea.

c) Jarduteko edo parte hartzeko mugei eta gabeziei aurrea hartzea.

3. Laguntza hauen helburua da adinaren ondorioz, arrisku egoeraren baten ondorioz edo desgaitasunaren eta/edo mendekotasunaren ondorioz sortzen diren behar batzuk estaltzeko gastu jakin batzuetan laguntzea, behar horien ondorioz pertsonak zailtasun edo zaurgarritasun sozialeko egoeran gelditzen baitira. Gastuak deialdia indarrean dagoen bitartean eginak izan behar dira.

Hala, laguntza hauekin helburu hauek bete nahi dira:

–Pertsonek beren etxean ahalik eta denbora gehien eman dezaten sustatzea, edozein herritan bizi direla ere.

–Pertsonen bizi kalitatea hobetzea.

–Jardueraren bat egiteak eskatzen dien ahalegina murriztea.

–Mendekotasun edo desgaitasuna duten pertsonei edo adinekoei eguneroko bizitza erraztea, ingurunea haien muga edo desgaitasunera egokituz, eta, horrela, pertsonari autonomia handiagoa ematea eguneroko zereginetan.

–Lesioak edo istripuak izateko arriskua saihestea edo murriztea.

–Pertsona hauen osasunari eta gaitasun funtzionalari eusten laguntzea.

–Segurtasun-maila hobetzea eta pertsonen erosotasuna handitzea zereginak aurrera eramaten dituztenean.

–Pertsonaren barne- eta kanpo-komunikazioa handitzea.

–Energia aurreztea, sistemaren kontsumo adimendunaren bidez.

–Telelana egiteko aukera ematea, horretarako baliatuta azken teknologiak.

4. Deialdi honek betearaziko du Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak izenpetutako lankidetza-hitzarmena, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari loturik eta Konferentzia Sektorialaren bidez finantzatuko diren neurrietarako funts-transferentziak hizpide dituena.

2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak foru aginduan bertan eta oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta honako hauekin bat: Dirulaguntzen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta aurrekontuen eta dirulaguntzen arloan aplikagarri diren gainerako foru-arauak zein Estatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua eta Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretua.

2. Laguntzek bete beharko dituzte, batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, haren bitartez ezartzen baita Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa, eta, bestetik, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatu, jarraitu eta kontrolatzeko aplikatu beharreko barne-arauak, hauek zehazki: 36/2020 Errege Lege-dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena; HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurriei dagozkien mugarriak, helburuak eta aurrekontu zein kontabilitate arloan gauzatu beharrekoa betetzen dela jarraitzeko. Nahitaezkoa izanen da horien guztien aplikazioa.

3. Emandako dirulaguntzek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 2014/651 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 56. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira laguntza-kategoria jakin batzuk, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat.

3. oinarria.–Laguntzak emateko araubidea.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

2. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, eta laguntza-produktu teknologikoak eskuratzeko edo instalatzeko erabili beharko dira. Pertsonen zaintzan laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten pertsonei eta etxeko inguruneko lagunei zuzenduta daude.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Foru agindu honen xedeko dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira deialdiaren 11. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.

2. Eskatzaileak ezin izanen dira foru agindu honen babespean deitutako laguntzen onuradun izan baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren baten ondorioz onuradun izateko debekuak ukitzen baditu eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik dirulaguntzak jasotzeko eskubideaz gabeturik badaude.

5. oinarria.–Laguntza-produktu diruz lagungarrien tipologia.

Foru agindu honen babesean emandako laguntzak autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasuna prebenitzera bideratuko dira, Eskubide Sozialen Departamentuaren esparruan. Adinekoen edo desgaitasun edota mendekotasunen bat duten pertsonen ohiko ingurunean jardunen da –ingurunea irisgarri eginez–, haien zaintza bermatuz.

Deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren laguntza-produktuak zortzi tipologia hauetako batean sartu beharko dira:

5.1. Altzariak eta etxebizitzarako egokitzapenak.

A.–Sabaiko garabia:

A.1. Garabia.

A.2. Erraila (instalazioa barne).

A.3. Arnesa.

B.–Lurreko garabia:

B.1. Bipedestaziorako garabia.

B.2. Sedestaziorako garabia.

B.3. Garabi mistoa.

B.4. Arnesa.

C.–Ohe elektrikoa:

C.1. Orga jasotzailearekin.

C.2. Orga jasotzailerik gabe.

C.3. Eskaren kontrako koltxoia.

C.4. Koltxoia estaltzekoa, eskaren kontrakoa.

D.–Besaulki ergonomikoa:

D.1. Besaulki ergonomikoa, zutik jartzeko mekanismoa duena.

5.1 apartatu honetan adierazitako laguntza-produktuetarako dirulaguntza jaso ahal izateko –organo jasotzailerik gabeko ohe elektrikoak (C.2) eta zutik jartzeko mekanismoa duen besaulki ekonomikoa (D.1) salbu– beharrezkoa izanen da gutxienez %75eko desgaitasun maila edo mendekotasun egoera aitortua izatea. Hala badagokio, egokitasunaren gaineko txosten tekniko bat eskatzen ahalko zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari.

Orga jasotzailerik gabeko ohe elektrikoa (C.2) desgaitasunik edo mendekotasunik aitortuta ez duten adinekoentzat da. Hori eskuratzeko dirulaguntza jasotzeko, eskatzaileak osasungintzako profesional batek emandako txosten teknikoa aurkeztu beharko du, non adieraziko baitu zailtasunak dituela jarreraz aldatzeko edo osasun arazo kronikoak dituela, eta horregatik mesede eginen diola produktu horrek.

Zutik jartzeko mekanismoa duen besaulki ergonomikorako dirulaguntza (D.1) jasotzen ahalko dute gutxienez %65eko desgaitasun maila edo mendekotasun egoera aitortua dutenek zein adinekoek. Adinekoen kasuan, osasungintzako profesional batek emandako txosten teknikoa aurkeztu beharko dute, non adieraziko baitu zailtasunak dituztela jarreraz aldatzeko edo osasun arazo kronikoak dituztela, eta horregatik mesede eginen diela produktu horrek.

5.2. Irisgarritasun bertikalerako laguntza-produktuak (etxebizitza indibidualetarako).

A.–Igogailua.

B.–Plataforma jasotzailea.

C.–Eskailera-igogailu bertikala.

D.–Eskailerak igotzeko aulkia.

E.–Ateen motorizazio-sistemak.

Laguntza-produktu hauen bidez irisgarritasun bertikala hobetu nahi da, horretarako kenduz oztopo arkitektonikoak. Laguntzok eskatu ahal izateko, eskatzaileak 7 puntu, gutxienez, eduki behar ditu mugikortasun zailtasunak daudela zehazten duen baremoan (1971/1999 Errege Dekretuaren IV. eranskina) edo %33ko desgaitasun maila edo handiagoa bihotzeko edo arnas gaixotasunaren ondorioz.

65 urtetik gorakoen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez badituzte ere, mota honetako laguntza-produktuetarako laguntza eskuratu ahal izanen dute, erorikoak saihesteko eta pertsona horiek beren etxean geratzea errazteko. Horretarako, txosten sozialean zehaztu beharko dira etxebizitzako zer irisgarritasun arazok zailtzen duten adinekoaren eguneroko bizitza.

5.3. Laguntza-produktuak etxeko autonomia eta segurtasunerako.

A.–Alarma duten sentsore-sistemak (suteak, keak, uholdeak eta gas-ihesak detektatzea, norbait etxean sartzean jotzen duten alarmak....).

Laguntza-produktu hauek finantzatuz, desgaitasuna duten pertsonen etxeko segurtasuna bermatu nahi da –eguneroko bizitzako jarduerak egiten dituzten adinekoena, esate baterako–. Haien segurtasun fisikoa bermatu nahi da, eta deskuiduren batek kalte handiak eragin ditzan saihestu.

Alarma duten sentsore-sistemetarako laguntzak jaso ahal izateko, txosten sozialean agertu beharko da horrelakoak etxean instalatzeko premia.

B.–Segurtasun-sentsoreen sistemak (erorketak, mugimendua, ohearen/besaulkiaren okupazioa, behatxulo elektrikoak, pastilla-ontzi alarmadunak...)

Segurtasun-sentsoreen sistemetarako laguntza jaso ahal izateko, osasungintzako edo gizarte alorreko profesional batek emandako txosten teknikoa aurkeztu beharko da, non zehaztuko baita eskatzailearen egoera zein den eta dagokion laguntza-produktua edukitzeko beharra duela.

5.4. Ingurunean moldatzen laguntzeko domotika-sistemak.

Ingurunean hobeki moldatzeko domotika-sistemetarako laguntzak jaso ahal izateko (argiztapen-kontrola, pertsianen kontrola, ateak eta leihoak irekitzea eta ixtea, klimatizazio-kontrola, etxetresna elektrikoak erabiltzea, etab.) %75eko desgaitasun maila edo handiagoa behar da objektuak eraman, mugitu eta erabiltzeko mugei dagokienez. Hala badagokio, Laguntza Produktuen Zentroari eskatzen ahalko zaio aldeko txostena eman dezala.

Laguntza-produktu hauek autonomia pertsonala sustatzeko dira, eta bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituzten beste prestazio edo zerbitzu batzuekin.

5.5. Mugikortasunerako laguntza-produktuak.

A–Mekanismo baskulatzailea duen eskuzko gurpil-aulkia.

B.–Mekanismo baskulatzailea duen gurpil-aulki elektrikoa.

C.–Hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa (Scooter)

D.–Eskuzko gurpil-aulkien propultsio elektrikorako sistema: hand bike-a, propultsio elektrikoko uztaiak...

E.–Eskuzko gurpil-aulkirako monitorizazio-sistema, laguntzaileari lana errazteko.

Mugikortasunari laguntzeko B, C eta D motatako produktuetarako laguntza jaso ahal izateko, baldintza hauetako bat, gutxienez, bete beharko da:

–% 65eko edo gehiagoko desgaitasun maila izatea ibiltzeko eta mugitzeko mugei dagokienez, edo aitortutako mendekotasun bat. Hala badagokio, egokitasun-txosten tekniko bat eskatu ahal izanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari, funtzio kognitiboek eta zentzumen-funtzioek produktu hori kontrolatzea ahalbidetzen dutela egiaztatzeko.

Mugikortasunari laguntzeko A eta B motetako produktuetarako laguntza eskatuz gero, eta aurretik produktu bererako laguntza emana badio Osasun Departamentuak, deialdi honetako 9.2 oinarrian adierazitako agiriez gain, Osasun Departamentuak emandako ebazpena ere aurkeztu beharko du, zenbat diru jaso duen zehaztuta. Kasu horretan, bada, eman beharreko laguntzaren zenbatekoa bat etorriko da Osasun Departamentuak diruz lagundu ez duen zatiarekin.

Gainerako kasuetan, laguntza-produktuaren kostu osoa (gurpil-aulkia) hartuko da kontuan, betiere deialdi honetan adierazitako baldintzak betetzen badira.

Mugikortasunari laguntzeko E motako produkturako (eskuzko gurpil-aulkirako monitorizazio-sistema, laguntzaileari lana errazteko) laguntza jaso ahal izateko, zaintzaile nagusiak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Laguntzarik gabe aulkiari bultza egin ezin diola egiaztatzea, horretarako dituen muga organiko funtzionalak zehaztuta, edo

–70 urte edo gehiago izatea. Bi inguruabar horiek zehaztu beharko dira eskabidearekin batera aurkeztu beharreko txosten sozialean.

5.6. Ibilgailuetarako osagarriak eta egokitzapenak.

A.–Pertsonak sartzeko eta irteteko garabia.

B.–Ibilgailuetara sartzeko arrapala.

C.–Gurpil-aulkiak gordetzeko gailua edo garabia.

D.–Ibilgailuak gidatzeko elementuetarako egokitzapenak (abio-sistemak, azeleragailuari eragitea, balaztak eta martxak, bolantea erabiltzea, nabigatzailea...)

5.6 apartatu honetako laguntza-produktuetarako laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak bere desgaitasuna dela-eta ibilgailua egokitzeko beharra izan beharko du, eta hala jasota egon beharko du bere gidabaimenean.

5.7. Komunikaziorako eta informaziorako laguntza-produktuak.

A.–Ikusmenari laguntzeko sistemak.

Ikusmenari laguntzeko sistemetarako laguntza jaso ahal izateko, %65eko edo gehiagoko desgaitasun maila behar da ikusmenaren funtzioaren urritasunari eta erlazionatutako funtzioei dagokienez. Hala badagokio, aldeko txosten teknikoa eskatu ahal izanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari.

B.–Entzumenari laguntzeko sistemak.

B.1. Indukzio-sistemak, irrati-maiztasunekoak edo infragorriak.

Entzumenari laguntzeko B.1 motako laguntzak jaso ahal izateko, %33ko desgaitasun maila edo handiagoa eduki behar da, komunikazio-jardueretan parte hartzea mugatzen duen entzumen-funtzioaren urritasunari dagokionez. Hala badagokio, aldeko txosten teknikoa eskatu ahal izanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari.

B.2. Indukzio-bukleen gailuak.

B.3. Audifonoak erostea, moldeak barne.

Audifonoak erosteko laguntza jaso ahal izateko, entzumen-desgaitasuna dela-eta jarduerak mugatua egon behar du %25ean edo hortik gora.

Eskatutako gutxieneko entzumen-urritasuna egiaztatua ez dagoen kasuetan, eskatzaileak audiometria bat aurkeztu beharko du (edozein zentro audiologikotan egindako audiometriak onartuko dira), egiaztatzen duena %25eko entzumen urritasuna, gutxienez, baduela. Laguntza Produktuen Zentroak aldeko txosten teknikoa eman beharko du, audiometriaren emaitza berresteko.

Komunikatzeko gailuak eta horien euskarri-sistemak.

Komunikatzeko gailuetarako eta horien euskarri-sistemetarako laguntza jaso ahal izateko, %65eko desgaitasun-maila edo handiagoa behar da, hizketaren eta mezu idatziaren bidezko komunikazio- eta produkzio-jardueretan eta elkarrizketa-jardueretan parte hartzea eragozten duten urritasunei dagokienez, eta horrek komunikazio-aparatuak eta -teknikak erabili beharra eragitea. Hala badagokio, Gizarte Eskubideen Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari aldeko txosten teknikoa eskatu ahal izango zaio.

C.–Telefonia-sistemak, ordenagailurako sarbidea eta softwarea.

Telefonia sistemetarako eta ordenagailurako sarbiderako laguntza jaso ahal izateko, osasungintzako profesional batek emandako aldeko txostena aurkeztu beharko da, adierazten duena eskatzaileak urritasunak dituela hizketaren eta mezu idatziaren bidezko komunikazio- eta produkzio-jardueretan eta elkarrizketa-jardueretan parte hartzeko eta horregatik erabili behar dituela komunikazio-aparatuak eta -teknikak. Entzumen-desgaitasunaren kasuan, desgaitasun-maila %33koa edo hortik gorakoa izan behar da, eta ikusmen-desgaitasunaren kasuan, %65ekoa edo hortik gorakoa.

Softwarerako laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak ezin izanen du hitz egin, edo idazten uzten ez dion desgaitasunen bat eduki behar du. Edonola ere, softwarea erabiltzeko gai izan behar du. Hala badagokio, Gizarte Eskubideen Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroari aldeko txosten teknikoa eskatu ahal izanen zaio.

D.–Ahotsa sortzeko laguntza-sistemak.

Ahotsa sortzeko-laguntza sistemetarako (laringofonoak...) laguntza jaso ahal izateko, Laguntze Produktuen Zentroaren aldeko txosten teknikoa beharko da.

F.–Alarma- eta geokokapen-sistemak (seinaleak ikusizko seinaleekin, seinale akustikoekin, mekanikoekin, alarma pertsonalekin eta pertsonak kontrolatzeko eta aurkitzeko sistemekin).

Eskatzaileak ez badu desgaitasunik edo mendekotasunik eta alarma- eta geokokapen-sistemetarako laguntza jaso nahi badu, osasungintzako profesional batek emandako txosten teknikoa aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena afektazio neurokognitiboa daukala.

5.8. Etxeko lanak egiten laguntzeko produktuak.

A.–Robot xurgagailua.

B.–Erratz elektrikoa.

C.–Garbigailu-lehorgailua.

Etxeko lanak egiten laguntzako produktuetarako laguntza jaso ahal izateko, Mendekotasun Egoera Baloratzeko Baremoan agertu beharko da eskatzailea ez dela gai etxeko lanak egiteko edo %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela mugitzeko eta eskaerako produktuak eskuratzeko premia eragiten dioten muga funtzionalak dituela.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak erabiliko dira 5. oinarrian (“Laguntza-produktu diruz lagungarrien tipologia”) zehaztutako laguntza-produktu teknologikoak eskuratzeak edo horiek etxean instalatzeko egin beharreko obrek eragindako gastuak finantzatzeko. Laguntza-produktuen mota bakoitzean diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa II. eranskinean adierazita dago.

2. Egindako gastutzat joko da foru agindu honetako 16. oinarrian adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

7. oinarria.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Ez dira ordainduko foru agindu honetako 5. oinarrian (“Laguntza-produktu diruz lagungarrien tipologia”) zehaztutako laguntza-produktu teknologikoak eskuratzearekin edo horiek etxean instalatzeko egin beharreko obrekin lotura zuzena eta ezinbestekoa ez duten gastuak. Edonola ere, ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Finantza-gastuak.

b) Zerga pertsonalak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

8. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta Europako funtsen bidezko finantzaketa bikoitza prebenitzea.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako ematen diren beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Salbuespenak dira, ordea, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak zati batean finantzatzen dituen gurpil-aulkiak eta Etxebizitza Departamentuak zati batean finantzatzen duen igogailua, bat etorriz 5. oinarriko 1. apartatuan (“Kontzeptu diruz lagungarriak”) xedatutakoarekin.

Laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta horiek etxean erabili ahal izateko egin beharreko obrak gauzatzeko foru agindu honetan xedatutakoari jarraikiz ematen diren laguntzak ezin izanen dira inolaz ere izan haien kostuaren %100tik gorakoak.

Foru agindu honen babespeko laguntzen onuradunak ezin izanen dira beste laguntza baten onuradun izan kontzeptu beragatik laguntza hori lortu eta hurrengo lau urteetan, salbu eta behar bezala justifikatutako eta organo instruktoreak onartutako kausak badira.

9. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

9.1. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera-orri bat aurkeztuko dute, III. eranskineko eredua erabilita. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian eskuratzen ahal da.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko azaroaren 30ean amaituko da, edo deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa agortu denean, azken hori lehenagokoa bada.

Epe hori luzatzen ahalko da, baldin eta betetzen badira Estatuak eta Europako Batzordeak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko ezarritako epeak luzatzeko baldintzak –eta zehazki 22,I1 osagaiarenak (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”)– eta deialdiko aurrekontua agortu ez bada. Epea luzatzeko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpena beharko da.

Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, Erregistro Orokor Elektronikoan, zeina sortu eta arautu baitzen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez. Horretarako, III. eranskineko eredua erabiliko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/xxxx/MRR Subvenciones a familias y particulares para adquisición de productos de apoyo (hemendik aurrera, aurkeztu beharreko dokumentazioaren fitxa).

Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak berariaz onartzea.

9.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Laguntza-eskaera baloratzeko prozesua abiatzeko, eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, Eskubide Sozialetako Departamentuan aldez aurretik aurkeztutako dokumentazioa izan ezik:

a) III. eranskineko ereduaren araberako eskaera, behar bezala beteta eta eskatzaileak edo, kasuaren arabera, haren ordezkariak sinatuta.

Deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eskabide-ereduarekin (III. eranskinekoa) edo behar bezala beteta ez daudenak, edo eskatzailearen sinadura ez dutenak, ez dira zuzentzat joko, eta, beraz, zuzendu egin beharko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin.

b) Laguntzaren eskatzailearen edo/eta haren ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren (NAN), atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopia, bai eta familia unitateko gainerako kideena ere.

c) Baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina).

d) Eskatzailea bizi den herriko udalak emandako errolda-ziurtagiria, eskatutako gutxieneko antzinatasuna frogatzen duena.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandako txosten soziala eskatzailearen bizilekuari buruz, non adieraziko baita dirulaguntzaren xedeko laguntza teknikoaren edo etxea egokitzeko obraren premia duela. Txosten hori aurkeztu beharko da 5. oinarrian adierazitako kasuetan.

f) Aurkeztutako azken errenta-aitorpena, eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen diru-sarrerak erakusten dituena. Eskatzailea ez badago behartuta errenta-aitorpena aurkeztera, diru-sarreren adierazpen sinatu bat aurkeztuko da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa, azken zergaldiari dagozkion datu ekonomikoak jasotzen dituena.

g) Eskatzaileak jada ordaindutako gastuetarako laguntza ekonomikoa eskatuz gero, jatorrizko fakturaren kopia eta horrekin lotutako dokumentazioa, bai eta obra-txostenak edo -lizentziak ere, beharrezkoak izan badira.

Fakturarekin batera, ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, deialdi honetako 15. oinarriaren 2. apartatuan (“Eskatzaileak egindako ordainketaren frogagiriak”) ezarritakoa bete beharrez.

h) Eskatzaileak laguntza eskatzen badu oraindik egin ez dituen gastuetarako –laguntza-produktuak eskuratzeko edo bizilekua egokitzeko obrak egiteko gastuetarako, alegia–, aurreikusitako gastuen aurrekontua aurkeztu beharko du.

Aurrekontuan, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira: enpresa hornitzailearen identifikazioa, aurrekontuaren data, eskatzailearen datuak, eskatutako laguntza-produktuaren edo egin beharreko ekintzaren edo tratamenduaren ezaugarrien deskribapen xehatua (marka, eredua, kodearen araberako banakapena, hala badagokio...).

Dirulaguntza eman ondoren, eskatzaileak fakturaren jatorrizkoaren eta dagokion ordainketa-egiaztagiriaren kopia aurkezten duenean ordainduko da, deialdi honen 15. oinarriko 2. apartatuan diruz lagundutako gastua ordaindu dela justifikatzeari dagokionez ezarritakoaren arabera.

i) Hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa eskuratuz gero, desgaitasuna duen pertsonaren A motako gidabaimenaren kopia bat (bi aldeetatik) aurkeztu beharko da.

j) Ibilgailuen egokitzapenen kasuan, gidabaimenaren kopia (bi aldeetatik) aurkeztu beharko da. Gidabaimenean agertu beharko da egokitzapen horren beharra.

k) Lehenago Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez dutenek “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” aurkeztu beharko dute (VI. eranskineko eredua).

l) Dirulaguntza zer laguntza-produkturako eskatzen den, produktu horren argazki-froga.

Bizilekua egokitzeko obren kasuan, dirulaguntzaren xede den egokitzapena egin aurreko eta ondorengo egoeraren frogak aurkeztu beharko dira.

9.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Ez badira eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkezten, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Orobat, instrukzio organoak aurkeztutako eskabidea baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

10. oinarria.–Prozedura eta organo eskudunak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da.

Eskabidea aurkeztu den egunaren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, baldin eta eskabidearekin batera deialdi honen oinarrietan eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu badira, eta horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Eskaera batek zuzenketa eskatzen badu, eskaera hori baloratzeko kontuan hartuko den data eskatutako zuzenketaren aurkezpen telematikoaren datari dagokiona izanen da.

2. Dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko ardura Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalarena da (atal hori atxikita dago Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari), eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu egoki jotzen dituen nahi beste jarduketa, kasuan kasuko ebazpen-proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.

3. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

11. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Erabiltzaileak: mendekotasun edo desgaitasun graduren bat duten pertsonak edo 65 urtetik gorakoak, aipatutako egoeretako batean egon gabe osasun patologiak dituztenak. Azken horiek osasungintzaren arloko profesional batek emandako txosten teknikoa aurkeztu beharko dute, ziurtatuko duena funtzioren baterako autonomia galarazi dien patologia bat dutela.

b) Eskaera egin baina urtebete lehenagotik, gutxienez, Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

c) Deialdi honen 5. oinarrian laguntza-produktu bakoitzerako ezarrita dagoen desgaitasun edo mendekotasun maila edukitzea.

d) Egiaztatuta edukitzea eskatutako laguntza-produktuaren (bizilekua egokitzeko obrekin edo gabe) premia duela. Horretarako, dagozkion txostenak aurkeztu beharko ditu deialdi honetako 5. oinarrian ezarritako kasuetan.

e) Zerga arloko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen hildako pertsonak ezin izanen dira onuradun izan.

Eskaera aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatutako baldintzak interesdunek.

12. oinarria–Kontzeptu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

12.1. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Deialdi honetako 5. oinarrian azaltzen diren kategorietan sartutako kontzeptuak izanen dira diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jasotzeko, instrukzio-organoak egokitzat jo beharko ditu kontzeptu horiek, ezarritako betekizunen arabera.

Eskaeran laguntzaren egokitasuna behar adina frogatzen ez bada, instrukzio-organoak laguntza agindu duten profesionalei eskatuko die informazio gehiago eman dezatela, eta/edo egokitasun irizpen bat eskatuko zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Laguntza Produktuen Zentroko taldeari.

Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroako Gobernuko beste departamentu baten, Estatuko Administrazioaren edo Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileen finantzaketa duten kontzeptuak. Salbuespena dira, ordea, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak zati batean finantzatzen dituen gurpil-aulkiak eta Etxebizitza Departamentuak finantzatzen ez duen igogailuaren zatia. Igogailuak instalatzeko dirulaguntza ez da bateragarria kontzeptu beragatik ematen den dirulaguntzarekin deialdi honen babespean: dirulaguntzak, etxebizitzetan adinekoen, desgaitasuna dutenen eta/edo mendekotasun egoeran daudenen irisgarritasun unibertsala bermatzeko inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota daude, hain zuzen ere 22. osagaiaren (“Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea”) 3. inbertsio lerroan (“Espainia, lurralde irisgarria” plana).

Diruz lagundu ahal izanen da soil-soilik 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean egindako gastua, baldin eta dagokion fakturaren eta ordainketa-frogagiriaren bidez behar bezala justifikatzen bada, deialdi honen 15. oinarriak eskatzen duen moduan, salbu eta 9.1 oinarrian aurreikusitako epea luzatzen bada.

12.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Kostu diruz lagungarria eta eskatzailearen familia unitatearen urteko diru-sarrerak hartuko dira kontuan dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

a) Kostu diruz lagungarria.

Laguntza-produktu kategoria bakoitzari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarriaren arabera zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

II. eranskinaren arabera, eskatutako laguntza-produkturako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoak eskatzaileak ordaindutako eta justifikatutako gastuaren zenbatekoa gainditzen badu, azken hori hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdiko 12. oinarri honen 2.c) letran aurreikusitako formula matematikoa aplikatzeari dagokionez.

II. eranskinaren arabera, eskatutako laguntza-produkturako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaileak ordaindutako eta justifikatutako gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdiko 12. oinarri honen 2.c) letran aurreikusitako formula matematikoa aplikatzeari dagokionez.

b) Familia unitatearen urteko diru-sarrerak.

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak zenbatzeko, 9. oinarriko 2.f apartatuan ezarritakoari jarraikiz aurkeztutako errenta-aitorpena hartuko da aintzat eta, errenta-aitorpena egin behar izatetik salbuetsita egonez gero, zergaldi bereko datu ekonomikoak jasotzen dituen diru-sarreren adierazpena (IV. eranskina).

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, baliabide ekonomiko garbi guztiak zenbatuko dira, hauek barne: lan-etekinak, kapital-errentak, enpresa-jarduerak, jarduera profesional edo artistikoak eta erakunde publikoek emandako pentsio guztiak, errenta salbuetsiak badira ere.

Honako hau da familia unitatea:

I. Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

II. Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

III. Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko paragrafoetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

IV. Hala hautatuz gero, familia unitateko kide gisa sartzen ahalko dira 18 urtetik 25 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta ez badira beren gurasoengandik bereizirik bizi.

c) Laguntzaren intentsitatea.

Eskatzailearen familia unitatearen urteko diru-sarrerak kontuan hartuta, deialdiko 12. oinarri honetako 2.b apartatuan ezarritakoari jarraikiz, eta familia unitate horretako kide kopuruaren arabera, kostu diruz lagungarriari aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea zehaztuko da, 12. oinarri honetako 2.a apartatuan ezarritakoari jarraikiz. Intentsitate hori I. taularen araberakoa izanen da.

I. taula–Laguntzaren intentsitatea, familia unitatearen diru-sarreren arabera.

DIRU-SARRERAK

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

KIDE 1

2 KIDE

3 KIDE

4 KIDE

5 KIDE

6 KIDE EDO GEHIAGO

euro

%

euro

%

euro

%

euro

%

euro

%

euro

%

Honaino

12000

100

18000

100

22500

100

25875

100

28470

100

31320

100

Honaino

22000

95

33000

95

41250

95

47450

95

52200

95

57420

95

Honaino

23500

90

35250

90

44075

90

50670

90

55740

90

61315

90

Honaino

25000

80

37500

80

46875

80

53900

80

59290

80

65220

80

Honaino

26500

70

39750

70

49700

70

57150

70

62865

70

69150

70

Honaino

28000

60

42000

60

52500

60

60375

60

66410

60

73050

60

Honaino

29500

50

44250

50

55325

50

63620

50

69980

50

76980

50

Honaino

31000

45

46500

45

58125

45

66850

45

73535

45

80890

45

Honaino

32500

40

48750

40

60950

40

70090

40

77,95

40

84810

40

Honaino

34000

35

51000

35

63750

35

73300

35

80630

35

88700

35

Honaino

35500

30

53250

30

66550

30

76530

30

84185

30

92600

30

Honaino

37000

25

55500

25

69375

25

79780

25

87760

25

96530

25

Honaino

50000

10

75000

10

93750

10

107800

10

118580

10

130440

10

Gutxienez

50000

0

75000

0

93750

0

107800

0

118580

0

130440

0

Laguntzaren intentsitatea zehazteko, prozedura hau erabiliko da: familia unitateko kide kopuruari dagokion zutabean, 12. oinarri honetako 2.b apartatuaren (“Familia unitatearen urteko diru-sarrerak”) araberako familia unitatearen urteko diru-sarreren zifra bera edo hurrengo handiena daukan laukia bilatu behar da. Eskuineko alboko laukian, ehuneko bat agertzen da, laguntzaren intentsitatetzat hartuko dena 12. oinarri honetako hurrengo 2.d apartatuko formula matematikoa aplikatzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Eskatzaileak jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa formula matematiko honen bidez zehaztuko da:

Kostu diruz lagungarria x laguntzaren intentsitatea = dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarraian azaltzen den adibidean, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko modua erakusten da.

Bi kideko familia unitate bateko pertsonetako batek dirulaguntza bat eskatu du 1.750 euroko laguntza-produktu batengatik. Produktua ordainduta dago, eta gastua justifikatuta. Laguntza-produktu horri dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinaren arabera, 1.500 euro da.

Kasu horretan, kostu diruz lagungarria 1.500 euro da.

Ordaindutako eta justifikatutako gastua 1.750 eurokoa bada ere, eskatutako laguntza-produktuari dagokion gehieneko diruz lagungarria 1.500 euro da; beraz, hori da kostu diruz lagungarria.

Eskatzailearen familia unitatearen azken errenta-aitorpenaren arabera, zerga-oinarria 28.000 euro izan zen; horrez gain, 8.580 euroko errenta salbuetsiak ditu.

Familia unitateak errenta gisa aitortutako diru-sarrerak 28.000 eurokoak dira, eta horiei errenta salbuetsien 8.580 euroak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, familia unitatearen urteko diru-sarrerak 36.580 euro dira = 28.000 euro + 8.580 euro.

Bi kideko familia unitate baten kasuan, I. taulan familia unitatearen urteko diru-sarreren (36.580 euro) zenbateko berdina edo handiagoa duen laukia bilatuz gero, 37.500 euroko zenbatekoa aurkituko dugu. Eskuinean, ondoko laukian, %80 jartzen du, eta hori da kasu honi dagokion laguntzaren intentsitatea.

Horrela, dirulaguntzaren zenbatekoa 1.200 euro izanen da, hori baita 1.500 euro %40ko intentsitatearekin biderkatzearen emaitza.

13. oinarria.–Ebazpena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza emateko ebazpena, instrukzio-organoaren proposamenari jarraikiz.

6.2 apartatuaren arabera eskaeraren aurkezte-datatzat hartzen den egunetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Base 14.–Ebazpenaren aurkako errekurtsoa.

Ebazpen berariazkoaren edo presuntziozkoaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan aurreikusita dagoenarekin.

15. oinarria.–Egindako gastuen justifikazioa.

15.1. Egindako gastuaren frogagiriak.

Egindako gastuak faktura bidez soilik egiaztatzen ahalko dira.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz, dirulaguntzaren eskatzaileak egindako gastua justifikatzen duten faktura guztiek honako datu hauek izanen dituzte:

i. Faktura zenbakia.

ii. Faktura egin zeneko eguna.

Fakturak 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarte emana izan beharko du.

iii. Faktura egin behar duenaren nortasun-datuak:

a. Izen-deiturak edo sozietate-izen osoa.

b. Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

c. Helbidea.

iv. Fakturaren hartzailearen (dirulaguntzaren eskatzailea) nortasun-datuak:

a. Izen-deiturak edo sozietate-izen osoa.

b. Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

c. Helbidea.

v. Fakturaren xede den laguntza-produktuaren deskribapena, zergarik gabeko unitateko prezioa barne, baita unitateko prezioan sartzen ez den edozein deskontu edo beherapen nahiz guztizko kontraprestazioa ere.

vi. Eragiketari aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa.

Faktura bidez dokumentatutako erosketa BEZa aplikatzetik salbuetsita badago, salbuespen hori fakturan agertu beharko da.

15.2. Eskatzaileak egindako ordainketaren frogagiriak.

Auditoretzako arrastoa bermatzeko, fakturetan horiek ordaintzeko modua adierazi beharko da, eta ez da onartuko eskudirutan ordaintzea.

Dirulaguntzen deialdi honen justifikazioan honako ordainbide hauek baino ez dira onartuko:

–Eskatzailea titular duen kontuan kargua eginda,

–Bankuko transferentzia eginda enpresa hornitzailea titular duen banku-kontu batera,

–Laguntzaren eskatzailea titular duen banku-txartelaren bidez ordainduta.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, emandako dirulaguntza ordainduko da baldin eta diruz lagundutako gastuak justifikatu badira, foru agindu honen 15. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laguntza ekonomikoen eskaera eskatzaileak dagoeneko egindako gastuetarako denean, dirulaguntza emateko ebazpenean ordainduko da onartutako dirulaguntza.

2. Eskatzaileak oraindik egin ez dituen gastuak ordaintzeko, laguntza-produktu bat erosteko eta/edo etxean egokitzapen-lanak egiteko, dirulaguntza emateko ebazpena ematean ezarriko da fakturak eta dagozkien ordainketa-frogagiriak aurkezteko epea, 15. oinarrian (“Egindako gastuen justifikazioa”) ezarritakoaren arabera. Diruz lagundutako gastuaren justifikazioa aurkeztu ondoren, aldez aurretik emandako dirulaguntza ordainduko da.

3. Edonola ere, laguntza-produktuak erosi edo etxean egokitzapen-lanak egin direla egiaztatzen duten agiri ekonomikoak aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 30a izanen da.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzak aldatzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, eta, hala badagokio, oker jasotako dirua itzuliko da, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Onuradunak aitortu ez duen eta diruz lagundutako laguntza-produktuaren kostua gainditzen duen zenbatekoa batera finantzatu dela zehazten duen beste edozein dirulaguntza edo laguntza mota badela jakiten denean, dirulaguntzaren xede bererako.

b) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen funtsezko aldaketa oro.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du aldaketaren gaineko erabakia.

3. Dirulaguntza aldatzeko ebazpena emateko azken eguna 2023ko urriaren 31 izanen da.

18. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Foru agindu honen babespeko dirulaguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza emateko oinarri den helburua betetzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Organo emaileari jakinaraztea beste administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.

e) Egunean edukitzea dagozkion tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu zain dagoen zorrik ez edukitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.

f) Organo emaileek egin ditzaketen kontrol- eta egiaztapen-jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatu jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

k) Funtsen amaierako hartzaileak identifikatzea, dirulaguntzaren xedea kontratatzen den kasuan.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

19. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsek ezarritako beste betebehar batzuk.

1. Dagokien laguntza onartutakoan, onuradunek Eskubide Sozialetako Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartzen dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua betetzeko eskatzen zaizkien datuak eta informazioa eman beharko dituzte.

2. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako laguntza-produktuaren dokumentazioa gorde eta zaindu beharko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz.

Gorde beharko dituzte egindako gastuaren eta jasotako funtsen erabilerari buruzko jatorrizko frogagiriak, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian. Kontabilitateko agiriak, erregistroak eta dirulaguntzaren baldintzak betetzearekin zerikusia duten gainerako agiriak gordetzeko betebeharra laguntza eman eta hamar urtez luzatuko da.

3. Onuradunek men egin beharko diete Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.

Dirulaguntza emateko nahitaezkoa izanen da onuradunek konpromisoa hartzea, idatziz, informazioaren gainean behar diren eskubideak eta sarbideak lagatzeko, bermatze aldera Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintaritza eskudunek beren egitekoak egin ditzaketela, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren 2. apartatuaren e) letran ezarritakoarekin bat. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen VII. eranskina bete beharko dute, eta eskabidearekin batera aurkeztu.

4. Onuradunek bete beharko dituzte agintari eskudunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari loturik ezartzen dizkieten informazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34.2 artikuluan ezarritako informazio-, komunikazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

5. Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.

20. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenei jarraituko diete.

2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze-interesarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.

Halaber, deialdi honetan jasotako funtsak itzuli beharko dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren printzipioak eta betebeharrak edo haren ondoriozko edozein alderdi betetzen ez bada, eta aplikagarri diren Europar Batasuneko gainerako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada.

3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

21. oinarria.–Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurriak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren edozein fasetan parte hartzen duten pertsona guztiek, baldin eta edozein organoren, laguntzen entitate kudeatzailearen, gauzatzailearen edo onuradunaren menpe edo haren ordezkari gisa jarduten badira, zinpeko deklarazio bat egin beharko dute, zein bere esparruan, aditzera emateko dirulaguntza honen xedeko funtsak aplikatzekoak diren arauekin bat erabili direla, zehazki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, atzeman eta zuzentzeari dagokionez.

2. Balizko interes-gatazka dagoela ulertuko da, eta, hortaz, abstenitzeko beharra, honako inguruabar hauek gertatzen direnean, gutxienez:

a) Laguntza edo finantzaketa jaso izana, aurreko bi urteetan, ikerketa baterako edo ikerketa baten esparruan.

b) Lan-harremana edukitzea, edo azken bi urteetan eduki izana, aholkulari-lanetan, kasuan kasuko osasun-industriako konpainia batekin.

c) Laugarren gradurainoko odol-ahaidetasuna izatea, edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna, prozeduran esku hartzen duten interesdunekin aholkulariekin, mandatariekin edo, legezko ordezkariekin.

3. Espedientearen tramitazioan eta kudeaketan parte hartzen duen edonork zalantza badu ea, aurreko puntuaren eta/edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera, abstentzioa bidezkoa egiten duen inguruabarren batean dagoen, instrukzio-organoari jakinarazten ahalko dio, hark azter dezan.

22. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi honen ondoriozko dirulaguntzen publizitatea egitean, edozein dela bitartekoa, bai eta instrukzio-organoak bere jarduketetan sortutako dokumentazio guztian ere, berariaz adierazi beharko da jarduketak finantzatuak izan direla Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, bat etorriz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema taxutzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin.

Honi dagokionez, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak, bai Nafarroako Gobernuaren webguneko laguntzen fitxaren bidez, bai Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunen zerrenda eta emandako laguntzen zenbatekoak.

Bai Nafarroako Gobernuaren webgunean, bai Eskubide Sozialetako Departamentuarenean, Europar Batasunaren ikurra agertuko da, bai eta deialdi honi erantsitako dokumentazio guztian ere, jarraikiz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Marka Eskuliburuaren argibideei.

23. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

24. oinarria–Diruz lagundutako produktuen lagapena.

Laguntza-produktuak etxean erabiltzeari uzten zaionean, produktu horiek Nafarroako Gobernuari lagatzen ahalko zaizkio. Berrikusi eta higienizatu eta gero, horiek behar dituzten pertsonei lagako dizkiete, erabil ditzaten.

Produktu horiek kudeatzeaz Gizarte Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroa arduratuko da. Hain zuzen, mailegu-zerbitzu baten bidez, arautuko du produktuok lagatzea autonomia pertsonalean arazoak dituzten pertsonei eta desgaitasunaren edo mendekotasunaren balorazioan laguntza-produktu horiek erabiltzea agindua dutenei.

25. oinarria.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

26. oinarria.–Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzea eta benetako titulartasunetara sartzea.

Dirulaguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dago, martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.

Foru Komunitateko Administrazioak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan aurreikusitako organoek (erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) sarbidea izanen dute Benetako Titulartasunen Erregistroan eskatzaileei buruz jasotako informaziora, edo, bestela, Administrazioaren beste datu-base batzuetara, benetako titularren datu horiek baldin badituzte, bat etorriz apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege Dekretuan xedatutakoarekin. Errege lege dekretu horren bidez, Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa egiten da, gai hauetan: lehia, kapitalak zuritzearen prebentzioa, kreditu entitateak, telekomunikazioak, tributu arloko neurriak, ingurumen kalteen prebentzioa eta oneratzea, langileen joan-etorriak nazioz haraindiko zerbitzuak ematean eta kontsumitzaileen defentsa.

Aurreko apartatuetan aipatutako datu-baseetako informazioa Europako Funtsen Sistemari lagatzen ahalko zaio, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

II. ERANSKINA

Laguntza-produktu diruz lagungarrien katalogoa

LAGUNTZA-PRODUKTU MOTA

AZPIMOTA

SAILA

GEHIENEKO ZENBATEKO DIRUZ LAGUNGARRIA

2.1. ALTZARIAK ETA ETXEBIZITZARAKO EGOKITZAPENAK

A.–SABAIKO GARABIA

1. Garabia

3.000 euro

2. Erraila (instalazioa barne)

Benetako kostua

3. Arnesa

500 euro

B.–LURREKO GARABIA

1. Bipedestaziorako garabia

1.200 euro

2. Sedestaziorako garabia

1.200 euro

3. Garabi mistoa

1.500 euro

4. Arnesa

500 euro

C.–OHE ELEKTRIKOA

1. Orga jasotzailearekin

1.000 euro

2. Orga jasotzailerik gabe

750 euro

3. Eskaren kontrako koltxoia

500 euro

4. Koltxoia estaltzekoa, eskaren kontrakoa (ponpa elektrikoarekin/gabe)

350 euro

D.–BESAULKI ERGONOMIKOA

1. Besaulki ergonomikoa, zutik jartzeko mekanismoa duena

600 euro

2.2. IRISGARRITASUN BERTIKALERAKO LAGUNTZA-PRODUKTUAK (ETXEBIZITZA INDIBIDUALETARAKO)

A.–IGOGAILUA (instalatzeko obra barne)

Etxebizitza Departamentuak finantzatu gabeko zatia, 10.000 eurora arte

B.–PLATAFORMA JASOTZAILEA

7.000 euro

C.–ESKAILERA-IGOGAILU BERTIKALA

7.000 euro

D.–ESKAILERAK IGOTZEKO AULKIA

7.000 euro

E.–ATEEN MOTORIZAZIO-SISTEMAK

2.900 euro

2.3. LAGUNTZA-PRODUKTUAK ETXEKO AUTONOMIA ETA SEGURTASUNERAKO

A.–ALARMA DUTEN SENTSORE-SISTEMAK

Alarma-sentsore guztiak jartzea etxebizitzan

150 euro

B.–SEGURTASUN-SENTSOREEN SISTEMAK

1. Erorketen sentsorea

100 euro

2. Mugimendu sentsorea

100 euro

3. Ohea/besaulkia okupatu izanaren sentsorea

100 euro

4. Pastilla-ontzi alarmaduna

100 euro

5. Behatxulo elektrikoa

150 euro

2.4. INGURUNEAN MOLDATZEN LAGUNTZEKO DOMOTIKA-SISTEMAK

A.–INGURUNEA KONTROLATZEKO KIT-A: argiztapen-kontrola, pertsianen kontrola, ateak eta leihoak irekitzea eta ixtea, klimatizazio-kontrola, etxetresna elektrikoak erabiltzea

1.600 euro

2.5. MUGIKORTASUNERAKO LAGUNTZA-PRODUKTUAK

A.–MUGIKORTASUN PERTSONALERAKO LAGUNTZA-PRODUKTUAK

1. Mekanismo baskulatzailea duen eskuzko gurpil-aulkia

1.000 euro

2. Mekanismo baskulatzailea duen gurpil-aulki elektrikoa

7.000 euro

3. Hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa

1.800 euro

4. Eskuzko gurpil-aulkien propultsio elektrikorako sistema: hand bike-a, propultsio elektrikoko uztaiak...

2.000 euro

5. Eskuzko gurpil-aulkirako monitorizazio-sistema, laguntzaileari lana errazteko

1.000 euro

2.6. IBILGAILUETARAKO OSAGARRIAK ETA EGOKITZAPENAK

A.–PERTSONAK SARTZEKO ETA IRTETEKO GARABIA

4.000 euro

B.–IBILGAILUETARA SARTZEKO ARRAPALA

2.000 euro

C.–GURPIL-AULKIAK GORDETZEKO GAILUA EDO GARABIA

660 euro

D.–IBILGAILUAK GIDATZEKO ELEMENTUETARAKO EGOKITZAPENAK

1. Azeleragailurako egokitzapenak

1.900 euro

2. Balaztarako egokitzapenak

900 euro

3. Enbragerako eta martxetarako egokitzapenak

1.800 euro

4. Esku-balaztari eragiteko egokitzapenak

1.200 euro

5. Direkzio-sistemari eragiteko egokitzapenak

125 euro

6. Bigarren mailako funtzioei eragiteko egokitzapenak

1.600 euro

2.7. KOMUNIKAZIORAKO ETA INFORMAZIORAKO LAGUNTZA-PRODUKTUAK

A.–IKUSMENARI LAGUNTZEKO SISTEMAK

1. Irudia handitzeko bideo-sistemak

2.800 euro

B.–ENTZUMENARI LAGUNTZEKO SISTEMAK

A.

1. Irrati-maiztasuneko transmisio-sistemak

1.000 euro

2. Indukzio-bukleen gailuak

96 euro

3. Audifonoak erostea (unitate bakoitzeko)

2.000 euro

C.–KOMUNIKATZEKO GAILUAK ETA HORIEN EUSKARRI-SISTEMAK

1. Komunikatzeko gailuak

3.000 euro

2. Komunikatzeko gailuei eusteko sistema

700 euro

D.–TELEFONIA-SISTEMAK, ORDENAGAILURAKO SARBIDEA ETA SOFTWAREA

1. Telefono egokituak

300 euro

2. Ordenagailurako sarbidea eta softwarea

2.000 euro

E.–AHOTSA SORTZEKO LAGUNTZA-SISTEMAK

1. Laringofonoa

900 euro

F.–ALARMA- ETA GEOKOKAPEN-SISTEMAK

1. Seinale bisualak dituzten adierazleak

900 euro

2. Seinale akustikoak (abisu-sistema barne) dituzten adierazleak

200 euro

3. Seinale mekanikoak dituzten adierazleak

200 euro

4. Alarma eta larrialdi pertsonaleko sistemak

700 euro

5. Kontrol eta lokalizazio sistemak (GPS)

250 euro

2.8. ETXEKO LANAK EGITEN LAGUNTZEKO PRODUKTUAK

A.–ROBOT XURGAGAILUA

400 euro

B.–ERRATZ ELEKTRIKOA

250 euro

C.–GARBIGAILU-LEHORGAILUA

600 euro

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina.–Eskaera eredua.

IV. eranskina.–Diru-sarreren aitorpena.

V. eranskina.–Betekizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

VII. eranskina.–Berariazko sarbide-baimena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

VIII. eranskina.–Interes-gatazka ezari buruzko adierazpen-eredua.

Deskargatu III. eranskinetik VIII.era (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208238