126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

323/2022 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 37.2 artikuluak, uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluari buruz ari dela (azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak eman zion idazketa), zeinak indarra izaten jarraitzen baitu irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera, estatu osorako jaiegunak finkatzen ditu, urtero-urtero lan egutegian sartzen direnak egun baliogabe gisa.

Autonomia erkidegoek tradizioz bere dituzten jaiegunak erabakitzen ahal dituzte, urtean hamalau gehienez, eta horietako bi tokian tokiko jaiegunak izanen dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko 2023. urteko jaiegunak ezartzen dira. Zerrenda honi beste jaiegun bat gehituko zaio, tokian tokikoa, herri bakoitzeko udalak egiten duen proposamenaren arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatuko ez diren 2023. urteko jaiegunak:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu guztien eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Aurreko zerrenda horretan sartuta dago, aipatutako Errege Dekretuaren 46. artikuluari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitate osorako den tokiko jaieguna: abenduaren 4a, Nafarroaren Eguna den San Frantzisko Xabierkoaren jaiegunaren biharamuna.

2. Tokiko beste jaieguna udalek proposatuta ezarriko da, nork berea. Horretarako, udalei eskatzen zaie azaroaren 15a baino lehen bidal diezaiotela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari herriko jaiegunaren proposamena, data zehatza eta zer ospatzen den adierazita. Udalaren barruan kontzejurik baldin badago, haietako jaiegunak zein diren ere esan beharko da.

Aipatu epean herriko jaieguna zein den esan ezean, departamentu honek erabakiko du, eta, hain zuzen ere, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 648/2021 Ebazpenaren eta urtarrilaren 21eko 19/2022 Ebazpenaren bidez finkatutakoak izanen dira, honako hauetan argitaratu zirenak, hurrenez hurren: 2021eko 289. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 27koa; eta 2022ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 31koa. Nolanahi ere, data hori edo udalak adierazten duena igandea edo jaieguna bada, jaia hurrengo lanegunera aldatuko da.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 3an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2208408