126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1425/2022 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zehazten baita zer lanpostutarako exijitzen den Espainiako nazionalitatea izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2022. urteko lan eskaintza publiko partzialekoen artetik. Eskaintza hori dagokio maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege Dekretuaren arabera ezarritako egonkortzetasari (foru lege dekretu horren bidez neurri batzuk ezarri ziren Nafarroako administrazio publikoetan gauza zitezen abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak, lege horren bidez premiazko neurri batzuk ezarri baitziren enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko).

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo Administrazio Publikoen interesak gordetzeko helburua duten funtzionarioen kasuan. Nafarroako Administrazio Publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako herritarrak.

Horiek horrela, abenduaren 28ko 20/2021 Legeak premiazko neurri batzuk ezarri zituen enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko. Gerora, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege Dekretuaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren Nafarroako administrazio publikoetan gauza zitezen aipatu lege horren ondoriozko egonkortze prozesuak, eta hartan xedatutako egonkortze tasaren arabera, maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Dekretuak enplegu publikoaren eskaintza partziala onetsi zuen, 2022. urterako, Nafarroako Foru komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen administrazio erroaren esparruan. Horrela, bada, foru dekretu horren 4. artikuluak ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zehatz dezan, ebazpen bidez eta lanpostuak eskuratzeko hautaprobetarako deialdiak onetsi aurretik, zer lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

Era berean, maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretuaren bidez, enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2022. urterako, osasun langileentzat, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako. Eskaintza hori dagokio maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege Dekretuaren arabera ezarritako egonkortze tasari (2/2022 Foru Lege Dekretuaren bidez neurri batzuk ezarri ziren Nafarroako administrazio publikoetan gauza zitezen abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak –lege horren bidez premiazko neurri batzuk ezarri ziren enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko–). Foru dekretu horrek, 4. artikuluan, ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen bidez zehaztu dezan, dagozkion sarrerako hautaproben deialdiak onetsi baino lehen zehaztu ere, zer lanpostuk duten atxikita ahal publikoak erabiltzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea exijituko baita.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da zehaztea, enplegu publikoaren eskaintza partzial horiei dagokienez, zer lanpostutan sartzeko eskatuko den Espainiako nazionalitatea izatea, kontuan harturik ahal publikoak erabiltzea atxikita dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesak gordetzeko helburua duten eginkizunak direla.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zehaztea zer lanpostutarako exijitzen den Espainiako nazionalitatea izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2022. urteko enplegu publikoaren eskaintza partzialekoen artetik. Eskaintza hori dagokio maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Lege Dekretuaren arabera ezarritako egonkortze tasari (foru lege dekretu horren bidez neurri batzuk ezarri ziren Nafarroako administrazio publikoetan gauza zitezen abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak –lege horren bidez premiazko neurri batzuk ezarri ziren enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko–). Horrenbestez, Espainiako nazionalitatea izatea exijitzen da lanpostu hauetan sartzeko:

–Errepideetako zaintzailea.

–Administrazio Publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

–Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Albaitaria.

–Basozaina.

2. Zehaztea zer lanpostutarako exijitzen den Espainiako nazionalitatea izatea, osasun langileentzako 2022. urteko enplegu publikoaren eskaintza partzialekoen artetik, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoen artetik, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoen artetik. Eskaintza hori dagokio maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Lege Dekretuaren araberako egonkortze tasari (foru lege dekretu horren bidez neurri batzuk ezarri ziren Nafarroako administrazio publikoetan gauza zitezen abenduaren 28ko 20/2021 Legetik eratorritako egonkortze prozesuak –lege horren bidez premiazko neurri batzuk ezarri ziren enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko–). Horrenbestez, Espainiako nazionalitatea izatea exijitzen da lanpostu honetan sartzeko:

–Osasun publikoko ikuskatzailea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2208503