126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2002 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez bi foru agindu hauek aldatzen baitira: batetik, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 2ko 44/2021 Foru Agindua –Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa ezarri zuen, bulegoen mailan–; eta, bestetik, Garapen Ekonomikoko kontseilariaren azaroaren 30eko 137/2017 Foru Agindua –Garapen Ekonomikoko Departamentuko egitura organikoa ezarri zuen, bulegoen mailan–.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 2ko 44/2021 Foru Aginduaren bidez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa ezarri zen, bulegoen mailan.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak aipatutako foru aginduak onetsi zuen egitura organikoa aldatzea proposatu du.

Bestalde, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak bere egitura organikotik bi bulego kentzea proposatu du. Garapen Ekonomikoko kontseilariaren azaroaren 30eko 137/2017 Foru Aginduak ezarri zuen egitura hori.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 2ko 44/2021 Foru Agindua, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoa ezarri zuena, bulegoen mailan.

Bat.–1. artikuluko 1. apartatuaren b) letra aldatzen da, eta hauxe izanen da testu berria:

“b) Errepideko Garraio Publikoaren Atala.

–Plangintza Bulegoa.

–Ustiapen Bulegoa.”

Bi.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“3. artikulua. Plangintza Bulegoa.

Plangintza Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Errepideko garraio publikoko zerbitzuak kontratatzeko espedienteak kudeatzea.

b) Plangintza egitea eta parte-hartze publikoa sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa titular duten errepideko garraio publikoko zerbitzuak berritzeko prozesuetan.

c) Ibilbideak eta tarifak berrantolatzeko proposamenak egitea.

d) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak”.

Hiru.–3 bis artikulua gehitzen da. Hona testu berria:

“3 bis artikulua. Ustiapen Bulegoa.

Ustiapen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Garraio zerbitzuak kudeatzeko emakiden eta baimenen ustiapena ebaluatzea eta kontrolatzea.

b) Errepideko garraio publikoko kontratuen jarraipen ekonomikoa egitea.

c) Operadoreei pagatzen zaizkien konpentsazio ekonomikoen espedienteak kudeatzea.

d) Zerbitzuen tarifak berrikustea eta eguneratzea.

e) Errepideko garraio publikoko zerbitzuen informazioa eta estatistikak prestatzea eta hedatzea.

f) Errepideko garraio publikoko zerbitzuen kudeaketaren jarraipena egitea.

g) Bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion gainerakoak”.

Lau.–5. artikuluko 1. apartatuaren a) letra aldatzen da, eta hauxe izanen da testu berria:

“a) Mugikortasun, Logistika era Garraio Atala.

–Mugikortasun Jasangarriaren Bulegoa.

–Azpiegituren Bulegoa”.

Bost.–6 bis artikulua gehitzen da, eta hauxe da haren testua:

“6 bis artikulua. Azpiegituren Bulegoa.

Azpiegituren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bizikleta-azpiegiturei lotutako proiektuak eta azterlanak egitea.

b) Aholkularitza enpresei enkargatutako arlo horretako proiektuak eta azterlanak zuzentzea.

c) Bizikleta-azpiegituren programazioari edo proiektuei buruzko txosten teknikoak, hirigintzakoak eta afekziokoak egitea.

d) Proiektuen eta obren zaintza egiaztatzea esleitutako arloen eremuaren barruan.

e) Obren zuzendaritzan parte hartzea.

f) Obrak hasi aurreko dokumentazioari lotutako zereginak.

g) Obra-zuinketa egiaztatzea.

h) Segurtasun eta osasun planaren kontrola eta jarraipena egitea, eta segurtasunari lotutako tramiteena.

i) Esleitzen zaizkien arloen eremuko kontrol geometriko eta kualitatiboa.

j) Honako hauek egitea: zerrenda baloratuak, prezioen berrikuspenak, ziurtapenak eta txostenak.

k) Laguntza-kontratuak kudeatzea.

l) Proiektu eta obrak osoki kudeatzea.

m) Proiektuak egiteko eta obrak gauzatzeko jasotzen ahal diren Estatuko eta Europako laguntzak kudeatzea.

n) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak”.

2. artikulua. Aldatzea Garapen Ekonomikorako kontseilariak azaroaren 30eko 137/2017 Foru Agindua, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, bulegoen mailan.

Bakarra.–Honako hau kentzen da:

–33. artikuluko 1. apartatuko c) letra.

–37. artikulua.

–47. artikuluko 2. apartatua.

–54. artikulua.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Unitate organikoak kentzea.

1. Kendu egiten da Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hau:

–Informazio Sistemen Bulegoa.

2. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko unitate organiko hauek kentzen dira:

–Kontrol Administratiboaren Bulegoa.

–Izapide Administratiboen Bulegoa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Langileak atxikitzea.

Kontrol Administratiboaren Bulegoko eta Izapide Administratiboen Bulegoko langileak Kudeaketa eta Administrazio Integralaren Atalari atxikita geldituko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko ekainaren 3an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2208298