125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Ordenantza, administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Lodosako Udalak, 2022ko martxoaren 3an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lodosako Udalaren administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko martxoaren 24an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lodosan, 2022ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

ORDENANTZA, LODOSAKO UDALAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARENA

HITZAURREA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio publikoen funtzionamendu elektronikorako esparrua osatzen duten elementuak barne hartzen dituzte, bai administrazioen barruan, bai administrazioen arteko harremanetan, bai herritarrekin eta enpresekin duten harremanetan.

Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunaren eta funtzionamenduaren erregelamenduaren onespenak (martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren bidez) osatu zuen erregulazio hori, eta, hala, administrazio elektronikoa delakoaren esparru juridikoa eratu zen. Honela definitzen du Europako Batzordeak: “IKTak administrazio publikoetan erabiltzea, antolamendu aldaketekin eta gaitasun berriekin konbinatuta, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko”.

Arau horien arabera, izapidetze elektronikoa ezin da izan prozedurak kudeatzeko modu berezi bat, administrazioen ohiko jarduna baizik; administrazioen barruko harremanak, bai eta haien organoekin, erakunde publikoekin, lotutako entitateekin eta mendeko erakundeekin dituzten harremanak ere, bitarteko elektronikoen bidez eginen dira. Halaber, pertsona juridikoek, nortasunik gabeko erakundeek eta, zenbait kasutan, pertsona fisikoek administrazioarekin duten harremanak nahitaez izan behar du modu elektronikoan.

Herritarren ikuspegitik, eskubide batzuk aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Horregatik, Administrazioaren betebeharra da eskubide horiek gauzatzeko mekanismoak ezartzea; gainera, barne mailan, prozedurak modu elektronikoan bakarrik izapidetzen ahal direla bermatzeko bideak ezarri behar dira.

Hori horrela, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz, udal honi dagozkion eskumenak eta toki autonomiaren printzipioa aintzat hartuta, udalak uste du beharrezkoa dela aipatu toki entitatean bitarteko elektronikoak erabiltzearekin lotutako alderdi instrumentalak ezartzen dituen arau bat onartzea.

Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzen dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara, eta, beraz, betetzen dela administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Lodosako Udalean bitarteko elektronikoen erabilera arautzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearekin eta Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuarekin.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau udalari eta haren mendeko edo hari lotutako entitate eta erakunde publikoei aplikatuko zaie, bai eta herritarrei, pertsona juridikoei eta nortasunik gabeko entitateei ere, udal administrazioarekin dituzten harremanetan.

3. artikulua. Zerbitzu elektronikoetara sartzeko laguntza kanalak.

Udalak beharrezkoa den laguntza emanen die interesdunei, zerbitzu elektronikoetarako sarbideari dagokionez. Horretarako, kanal hauek baliatuko ditu:

–Aurrez aurre: erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan.

–Egoitza elektronikoak eta Interneteko ataria: informaziorako eta zerbitzu elektronikoetarako sarbide puntu elektroniko gisa.

–Telefonoa: herritarrei arreta emateko telefonoaren bidez ematen da laguntza (948693032).

–Posta elektronikoa: ayuntamiento@lodosa.es helbidea erabiltzen du entitateak herritarrei informazioa eta laguntza emateko.

–Sare sozialak: Entitateak sare sozialeko teknologien erabilera sustatuko du, interes komunak edo lotuak dituzten herritarren eta enpresen komunitate birtualak eraikitzea errazteko. Era berean, komunitate birtualak, posta elektronikoak edo harekin interaktuatzea ahalbidetzen duen edozein mekanismo elektroniko sortzea sustatuko du, nola orokorra hala espezifikoa, proposatzen diren gaiei buruzko iritzia jakiteko eta garatzen duten jardueran integratu ahal izateko.

II. KAPITULUA

Pertsona interesdunen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak

4. artikulua. Onartutako identifikazio sistemak.

1. Interesdunak elektronikoki identifikatzen ahalko dira toki entitate honetan, sistema hauetako edozein erabilita:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek “Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda” emaileek emanak izan beharko dute.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek “Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak izan beharko dute.

2. Era berean, identifikazio elektronikoko beste sistema batzuk ere onartzen ahalko dira, baldin eta erabiltzailea aldez aurretik erregistratuta badago eta bere identitatea bermatzeko aukera ematen badu.

3. Udalak onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemak jakitera eman beharko ditu bere egoitza elektronikoan.

5. artikulua. Onartutako sinadura sistemak.

1. Interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute toki entitate honetan, sistema hauetako edozein erabilita:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek “Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak izan beharko dute.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek “Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak izan beharko dute.

2. Era berean, sinadura elektronikoko beste sistema batzuk onartzen ahalko dira, baldin eta erabiltzailea aldez aurretik erregistratuta badago eta bere identitatea bermatzeko aukera ematen badu.

3. Zehazki, onartuko den sinadura elektronikoko sistema enplegatu publikoaren aurrean datu biometrikoekin egindako sinadura irudi digitalizatuaren bidezkoa izanen da, izapide bakoitzari aplika dakiokeen araudian ezartzen diren baldintzetan.

4. Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistemak jakitera eman beharko ditu bere egoitza elektronikoan.

III. KAPITULUA

Udal administrazioaren identifikazio sistemak

6. artikulua. Toki entitatearen identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Udalak sinadura elektronikoaren legeriak eskatutako baldintzak biltzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoa erabiltzen ahalko du identifikatzeko.

2. Udalak, administrazio jarduketa automatizatuetan, honako hauek erabiltzen ahalko ditu sinadura elektronikoko sistema gisa:

–Administrazio publiko, zuzenbide publikoko entitate, erakunde publiko edo organoaren zigilu elektronikoa, sinadura elektronikoari buruzko legediak ezarritako baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuan oinarritua.

–Egiaztapen kode segurua, administrazio publikoari, zuzenbide publikoko entitate, erakunde publiko edo organoari lotua, ezarritako modu eta baldintzetan, betiere dokumentuaren osotasuna egiaztatzeko aukera egonik egoitza elektronikoan sartuta.

3. Administrazio jarduketa automatizatua ezartzen duen ebazpenak zehaztuko du erabili beharreko sinadura sistema eta arduraduna.

4. Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

7. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazioko eta sinadurako sistema.

1. Udaleko organoetako titularrek edo kideek eta bertako langileek, oro har, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazio sistemak eta sinadura elektronikokoak erabiliko dituzte, eta toki entitateak eman beharko ditu.

2. Ziurtagiriek informazio osagarria izaten ahal dute, pertsonari dagokion organoa, unitatea, kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuta.

3. Udalak, salbuespenezko kasuetan, bere zerbitzura dauden pertsonek honako sinadura elektronikoko sistema hau erabiltzea erabakitzen ahalko du: datu biometrikoekin digitalizatutako sinaduraren irudiaren bidezkoa.

4. Nolanahi ere, agintari edo enplegatu publikoei ziurtagiriak emateko, alkatetzak aldez aurretik baimena eman beharko du, eta horretarako sortutako erregistroan inskribatu beharko da.

IV. KAPITULUA

Interneteko atariak, sarbide puntu orokorra eta egoitza elektronikoa

8. artikulua. Interneteko atariak.

1. Udalak eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakunde publikoek Interneteko atari bat edo batzuk edukitzen ahalko dituzte, beren titulartasunekoak direnak eta Internet bidez argitaratutako informaziora eta, hala badagokio, udalaren egoitza elektronikora sartzeko aukera ematen dutenak.

2. Atariek printzipio hauek beteko dituzte: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna, eta sarbidea ematen dieten informazioa eta zerbitzuak eguneratzea. Identitate korporatiboaren arloan ezarritakoa ere beteko dute.

3. Interneteko atariak sortzeko eta ezabatzeko, udalaren kasuan, alkatearen ebazpena beharko da, eta, bestela, dagokion entitate edo erakunde publikoaren zuzendaritzako titularraren ebazpena. Ataria sortzeko ebazpenean barne hartuko dira, gutxienez, helbide elektronikoaren identifikazioa, eremu funtzionala eta helburu nagusia.

9. artikulua. Sarbide Puntu Orokor Elektronikoa.

1. Udalak Sarbide Puntu Orokor Elektronikoa (SPOe) izanen du. Interneteko atari bat izanen da, herritarrek udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakunde publikoen zerbitzu, izapide eta informazioetarako sarbidea izan dezaten. Hona hemen haien eginkizunak:

–Herritarrei eta enpresei udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen prozedurei eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea.

–Udalaren jarduerari eta antolaketari buruzko informazioa biltzea.

–Udalaren egoitza elektronikorako sarbidea izatea.

2. Sarbide Puntu Orokor Elektronikoak, gutxienez, honako zerbitzu hauetarako sarbidea bermatuko du:

a) Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakunde publikoen Interneteko atariak.

b) Udalaren egoitza elektronikoa, eta, hala badagokio, lotutako egoitza elektronikoak.

c) Udalak herritarren eskura jartzen dituen zerbitzuak.

d) Gardentasun ataria.

e) Kontratatzailearen profila.

f) Ediktu taula elektronikoa.

g) Herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen beste atari garrantzitsu batzuk.

h) Udalaren sare sozial ofizialak.

3. Sarbide Puntu Orokor Elektronikoaren titulartasuna udalari dagokio, eta hori kudeatzea, alkateak izendatzen duen pertsonari.

10. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Udalaren egoitza elektronikoa herritarrentzat eskuragarri dagoen helbide elektronikoa da, eta telekomunikazio sareen bidez funtzionatzen du. Egoitza erabiltzen da nola administrazio publikoaren identifikazioa hala interesdunen identifikazioa edo sinadura elektronikoa behar duten prozedura edo zerbitzuekin lotutako jarduketa eta izapide guztiak egiteko.

2. Udalari dagokio egoitza elektronikoaren titulartasuna, eta hura kudeatzeaz ez ezik, herritarren eskura jarritako eduki eta zerbitzuez eta informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz ere arduratuko da.

3. Egoitza elektroniko nagusiari lotutako egoitza elektroniko bat edo gehiago sortzen ahalko dira, eta egoitza nagusiaren helbide elektronikotik eskuratzen ahalko dira.

4. Ebazpen bidez sortuko da egoitza elektronikoa edo lotutako egoitza elektronikoa. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita udalaren Sarbide Puntu Orokor Elektronikoaren direktorioan ere.

11. artikulua. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1. Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen ditu.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, eskuragarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatu behar dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

4. Egoitza elektronikoak izanen ditu komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira.

5. Udalaren egoitza elektronikoa identifikatzeko, webgunearen autentifikazio ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak nahiz bitarteko baliokideak erabiliko dira.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak erabiltzeko moduan egonen dira egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Arrazoi teknikoak direla eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo bere zerbitzuetako bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko moduan, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

7. Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

12. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1. Udalaren egoitza elektronikoak gutxienez honako eduki hauek izanen ditu:

a) Egoitza elektronikoaren identifikazioa, bai eta haren titularra den organoarena eta bertan eskuragarri jarritako informazioa, zerbitzuak, prozedurak eta izapideak kudeatzeko eskumena duten organoena ere.

b) Egoitza sortzeko egintzaren edo xedapenaren identifikazioa eta bertarako sarbidea; zuzena, edo zer aldizkari ofizialetan argitaratu zen, haren esteka baten bidezkoa.

c) Egoitza elektronikoa behar bezala erabiltzeko beharrezkoa den informazioa, haren mapa edo informazio baliokidea barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuta, bai eta jabetza intelektualari, datu pertsonalen babesari eta eskuragarritasunari lotutako informazioa ere.

d) Egoitzan onartzen edo erabiltzen diren identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Erregistroa arautzen duen araudia, zeina egoitza elektronikoaren bidez eskuratzen baita.

f) Data eta ordu ofiziala, bai eta egoitza elektronikoaren epeak zenbatzeko egun baliogabeen egutegia ere.

g) Edozein gorabehera teknikori buruzko informazioa, kasuan kasuko sistemaren edo aplikazioaren ohiko funtzionamendua eragozten badu, bai eta, bukatu gabeko epearen luzapenari buruzkoa ere, hala erabaki badu organo eskudunak egoera kontuan hartuta.

h) Eskuragarri dauden zerbitzuen, prozeduren eta izapideen zerrenda eguneratua.

i) Aurreko letran deskribatutako zerbitzu, prozedura eta izapideei lotutako administrazio jarduketa automatizatuen zerrenda eguneratua. Bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: diseinuaren eta funtzionamenduaren deskribapena, kontuak emateko eta gardentasunerako mekanismoak, eta konfigurazioan eta ikaskuntzan erabilitako datuak.

2. Egoitza elektronikoak honako zerbitzu hauek izanen ditu interesdunen eskura:

a) Egoitza elektronikoan eskuragarri dauden zerbitzu eta izapideetarako sarbidea, prozeduren gehieneko iraupen epeak adierazita, alde batera utzita organo eskudunak, hala badagokio, erabakitzen dituen luzapenak edo eteteak.

b) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka bat.

c) Sektore publikoko webguneen eta aplikazio mugikorren eskuragarritasun betekizunei buruz ezarritako komunikazio eta erreklamazio prozedurak.

d) Egoitza elektronikoaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema bat.

e) Zuzenbide publikoko entitateen, erakunde publikoen edo organoen zigilu elektronikoak egiaztatzeko sistema bat, egoitza elektronikoa edo hari lotutako egoitza elektronikoa hartzen duena.

f) Egoitza elektronikoaren eremuko zuzenbide publikoko entitateek, erakunde publikoek eta organoek igorritako dokumentuen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzeko zerbitzu bat, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearekin bat datorren edozein sinadura sistema bidez sinatu badira eta egiaztapen kode seguru bat sortu bada haietarako.

g) Erabilera boluntarioko aurkezpen masiboko eredu eta sistemetarako sarbidea, interesdunek aldi berean hainbat eskabide aurkeztu ahal izan ditzaten.

h) Eskabideak aurkezteko eredu normalizatuetarako sarbidea.

i) Erregistro gaietan laguntzeko bulegoen direktorio geografikoa kontsultatzeko zerbitzu bat, interesdunak bere kontsulta helbidetik hurbilen dagoena identifikatu ahal izateko.

V. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

13. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoa.

1. Ordenantza honen bidez, udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren funtzionamendua sortu eta arautzen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

2. Erregistro Orokor Elektronikoa bakarra eta komuna izanen da udalarentzat eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakunde publiko guztientzat.

3. Erregistro elektronikorako sarbidea udalaren egoitza elektronikoaren bidez eginen da, helbide honetan:

http://lodosa.sedelectronica.es

4. Udalaren erregistro gaietan laguntzeko bulegoa arduratuko da erregistroa kudeatzeaz, eta udaleko idazkaritza nagusiak zuzendu eta gainbegiratuko du.

5. Erregistro Orokor Elektronikoa erabat elkarreragingarria izanen da, eta bermatuko du informatikoki bateragarria dela eta interkonektatuta dagoela, eta erregistroetako idazpenak eta aurkezten diren dokumentuak telematikoki igortzen direla, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikagarriak diren gainerako arauek xedatutakoa betez.

6. Administrazio horrek Erregistroen Interkonexio Sistema (EIS) dauka; administrazio publikoen artean erregistroko idazpen elektronikoak trukatzeko aukera ematen du, eta, erregistro gaietan laguntzeko bulegotik, leihatila bakar gisa edo herritarrek beste administrazio publiko batzuei zuzendutako idazki, eskabide eta komunikazioen hartzaile gisa jarduten du.

14. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro Orokor Elektronikoan, udalari lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den dokumentu oro erregistratuko da. Halaber, bertan idatziko da udalak igorritako dokumentuen irteera.

2. Dokumentuen sarrera eta irteera daten hurrenkerari jarraituko zaio idazpenak egiteko, eta adieraziko da zer egunetan egin diren. Erregistro izapidea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.

3. Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoak bermatuko du idazpen bakoitzean honako hauek jasotzen direla, gutxienez:

a) Idazpenaren kode unibokoa.

b) Interesdunaren identifikazioa.

c) Aurkezpenaren eta irteeraren eguna eta ordua.

e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio.

f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion.

g) Zer prozedurarekin lotzen den.

h) Prozedurari dagokionez egiten den izapidea.

i) Erregistratzen den dokumentuaren edukiaren erreferentzia.

4. Egiten den idazpen bakoitzarekin hartu izanaren agiri bat sortuko da automatikoki; dagokion dokumentuaren kopia kautotua izanen da, eta honako hauek barne hartuko ditu:

a) Erregistroaren kode unibokoa.

b) Erregistro elektronikoan idazpena eginez aurkeztutako idazkiaren, komunikazioaren edo eskabidearen edukia.

c) Aurkeztu den eguna eta ordua.

d) Erantsitako dokumentuen zerrenda, horien osotasuna eta gaitzespenik eza bermatzen dituena.

e) Automatikoki jakiten ahal bada eta idazpena izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitateari eta ebazpena eman behar duen organoari buruzko informazioa adierazi beharko da.

15. artikulua. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

1. Erregistro Orokor Elektronikoak honako hauek onartuko ditu:

a) Udalaren egoitza elektronikoan zehazten diren zerbitzu, prozedura eta izapideei dagozkien dokumentu elektroniko normalizatuak.

b) Aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako edozein eskabide, idazki edo komunikazio, edozein administrazio publikori zuzendua.

2. Udalaren egoitza elektronikoan zehaztuko dira zer motatako fitxategi elektronikoak eransten ahalko zaizkien erregistratutako eskabideei. Interesduna ez badator bat zehaztutako formatu eta estandarrekin, hamar eguneko epea emanen zaio atzemandako akatsa zuzentzeko.

3. Udal administrazioak errefusatzen ahalko ditu baldintza hauetan aurkezten diren dokumentu elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezakeen gailu bat dutenak.

b) Dokumentu normalizatuak erabiliz gero, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo dokumentuaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo omisioak daudenean.

4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, egoera horren berri emanen zaio dokumentua bidali duenari, dokumentuari uko egiteko arrazoiak jakinarazita eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adierazita. Interesdunak eskatzen duenean, dokumentua aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, errefusatzeko arrazoiak adierazita.

5. Udal honen aurrean modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

16. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla eta beharrezkoak diren etenak direnean.

2. Nola interesdunek hala administrazio publikoek bete beharreko epeen zenbaketari dagokionez, egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek arautuko dute erregistro elektronikoa; horrek behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko eta ikusgai egoteko.

3. Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du bere egoitza elektronikoan, eta hura izanen da erregistro elektronikoen epeak kontatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Era berean, erregistro gaietan laguntzeko bulegoek irekita egon behar duten egunak eta ordutegia argitaratuko dira.

4. Epeak egun baliodunetan zenbatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko aukera espresa ematen duen araurik egon ezean. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

5. Udalak eta haren mende edo hari lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen zenbaketaren hasiera erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da.

6. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jasotzeko zerbitzua eteteko aukera izanen da justifikatutako arrazoiak daudenean –mantentze-lan tekniko edo operatiboak–, behar-beharrezkoa den denboran soilik.

Zerbitzua eteten bada, Erregistro Elektronikora sartzeko orrian bertan jakinaraziko zaie erregistroaren erabiltzaileei, ahalik eta aurrerapen handienarekin.

Erregistro elektronikoaren funtzionamenduaren etenaldia aurretik planifikatzen ez den kasuetan, ahal denean, erabiltzaileak egoera horren berri ematen dion mezua ikusiko du.

Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, udalak iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal du. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko du, edo abisu baten bitartez aurrez adierazi hala planifikatuta dagoelako ez dela eskuragarri egonen eta iraungi ez den epea luzatu eginen dela.

17. artikulua. Erregistro gaietan laguntzeko bulegoak.

1. Erregistro gaietan laguntzeko bulegoa da udalari zein beste edozein administrazio publikori zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jaso eta bidaltzeko eginkizunak dituen administrazio unitatea.

2. Erregistro gaietan laguntzeko bulegoak administrazio organoak dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta alkateari dagokio bulegoak sortzea, aldatzea edo kentzea. Horretarako, dagokion ebazpena argitaratu behar du bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean bai egoitza elektronikoan.

3. Erregistro gaietan laguntzeko bulegoen direktorioa egoitza elektronikoan argitaratuko da, eta eguneratuta izateaz gain, adierazi behar da zein egunetan eta ordutan dauden irekita.

4. Eginkizun hauek ditu erregistro gaietan laguntzeko bulegoak:

1. Bulegoan aurkeztu edo jasotzen diren eta edozein administrazio publikotako edozein organo, erakunde publiko edo entitateri zuzentzen zaizkion paperezko eskabideak, idazkiak eta komunikazioak digitalizatzea, bai eta horiek Erregistro Orokor Elektronikoan inskribatzea ere. Erregistro horretan inskribatzen ahalko dira, halaber, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera egindako irteera idazpenak.

2. Interesdunek aurkezten dituzten eskabide, komunikazio eta dokumentuak zer egunetan eta ordutan aurkezten diren frogatzen duen ordainagiria egitea, horiek eskatuz gero.

3. Interesdunei laguntzea bitarteko elektronikoak erabiltzen; zehazki, honela:

a) Identifikazioaren eta sinadura elektronikoaren arloko aholkularitza eta informazioa ematea eskabideak, idazkiak eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko.

b) Interesdunaren identifikazio edo sinadura elektronikoa, Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta ez dagoen pertsona bat denean, horretarako duen sinadura sistemaren bidez gaitutako funtzionario baten eskutik.

4. Interesdunek aurkezten duten eta administrazio espediente batean sartuko den paperezko edozein dokumenturen kopia autentiko elektronikoak egitea, arlo horretan aplikatzekoa den legerian aurreikusitako baldintzetan.

5. Jakinarazpenak egitea, interesduna edo haren ordezkaria bulegoan bat-batean agertu eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala egitea eskatzen duenean.

6. Interesdunei jakinaraztea eskabidea, idazkia edo komunikazioa zein organo, erakunde publiko edo entitateri zuzentzen zaion, haren identifikazio kodea.

7. “Apud acta” ahalordetze presentziala, administrazio prozeduraren arloko legerian aurreikusitako baldintzetan.

8. Legez edo erregelamenduz ematen zaion beste eginkizun oro.

VI. KAPITULUA

Prozedura elektronikoa

18. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatuak.

1. Administrazio jarduketa automatizatutzat ulertzen da udalak, administrazio prozedura baten esparruan, baliabide elektronikoak bakarrik erabiliz egindako edozein egintza edo jarduketa, baldin eta hartan zuzenean esku hartu ez badu enplegatu publiko batek.

2. Jarduketa bat automatizatutzat jotzeko, alkatearen ebazpena beharko da. Ebazpen horrek zehaztuko du sinatzeko zer sistema erabiliko den administrazio jarduera automatizatuan, bai eta zer organok izanen duen eskumena zehaztapenak, programazioa, mantentze-lanak, gainbegiratzeak eta kontrol kalitatea egiteko, eta hala behar badu, informazio sistemaren eta haren iturri kodearen ikuskaritza egiteko. Orobat adieraziko da zer organo izanen den aurkaratzeen erantzule.

3. Udalak administrazio jarduera automatizatuen zerrendaren eta horiek adierazten dituen ebazpenaren berri eman beharko du bere egoitza elektronikoan, guztiek horren berri izan dezaten.

19. artikulua. Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra.

1. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako subjektu hauek behartuta egonen dira udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

c) Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide jarduera hori gauzatzean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Betiere talde horren barnekotzat joko dira notarioak, jabetza erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

d) Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

e) Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.

2. Pertsona fisikoek uneoro aukeratzen ahalko dute udalarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatu ala ez. Pertsona bakoitzak edozein unetan aldatzen ahalko du administrazio publikoekin komunikatzeko aukeratutako bitartekoa.

3. Jakinarazpen bitartekoaren aldaketa jakinarazte aldera, formulario normalizatu bat dago eskuragarri udalaren egoitza elektronikoan.

20. artikulua. Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa.

1. Udalak ahalordetzeen Erregistro Orokor Elektronikoa izanen du –bere egoitza elektronikotik sartzen ahalko da–, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, prozedura batean interesdun izan eta administrazio publikoen aurrean bere izenean jarduteko ordezkari baten alde “apud acta” ematen diren ahalordetze orokorrak.

2. Ahalordetzeen Erregistro Orokor Elektronikoak elkarreragingarritasun osoa izan behar du erregistro orokor elektronikoekin eta administrazio guztietako ahalordetzeen partikularrekin, eta bermatu behar du informatikoki bateragarria dela eta interkonektatuta dagoela, eta haietan sartzen diren eskabide, idatzi eta komunikazioak telematikoki igortzen direla.

3. “Apud acta” ahalordetzea emateko, agerraldi elektronikoa egin beharko da dagokion egoitza elektronikoan, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako sinadura elektronikorako sistemak erabiliz, edo agerraldi pertsonala egin beharko da erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan.

4. Ahalordetzeen Erregistro Orokor Elektronikoan egiten diren idazpenek informazio hau jaso beharko dute gutxienez:

a) Ahalorde emailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena; nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo dokumentu baliokideren bat.

b) Ahalordedunaren izen-deiturak edo sozietatearen izena; nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo dokumentu baliokideren bat.

c) Bitarteko elektronikoen edo ahalordetzearen xede diren kategorien bidezko izapideak eta jarduketak.

d) Zenbat denborarako ematen den ahalordea.

e) Ahalordea eman zen eguna.

f) Inskripzio data.

g) Ahalordearen inskripzioaren gehieneko balioa.

h) Ahalorde mota, ematen dituen ahalmenen arabera.

21. artikulua. Benetako kopiak egitea.

1. Organo hauek izanen dute eskumena administrazio dokumentu publikoen edo dokumentu pribatuen benetako kopiak egiteko, jatorrizko dokumentuak edo jatorrizko dokumentuen benetako kopiak badira:

a) Udalbatzako idazkaritza nagusiko titularra.

b) Erregistro gaietan laguntzeko bulegoa, interesdunek aurkeztutako jatorrizko dokumentuei edo benetako kopiei dagokienez, bulegotik unitate eskudunera bidal daitezen, administrazio espediente batean sartzeko.

2. Administrazio dokumentu publikoen edo dokumentu pribatuen kopia autentikoak, jatorrizko dokumentuak edo jatorrizko dokumentuen kopia autentikoak badira, ordenantza honen 17. artikuluaren arabera aitortutako administrazio jarduketa automatizatuaren bidez egiten ahalko dira, eta ordenantzaren 4. artikuluan aipatzen den funtzionario gaituen erregistroan inskribatutako funtzionario gaituek egiten ahalko dituzte.

3. Alkatetzaren ebazpenaren bidez, benetako kopia elektronikoak dagokion digitalizazio prozesuaren bidez egiteko gaitutako funtzionarioak izendatuko dira.

22. artikulua. Artxibo elektroniko bakarra.

1. Udalak eta hari lotutako edo haren mendeko entitate eta erakunde publikoek bitarteko elektronikoen bidez artxibatu beharko dituzte beren eskumenak eta administrazio jarduketak gauzatzean sortutako edo jasotako dokumentu guztiak. Zehazki, dokumentuak kudeatzeko sisteman sartutako artxibo elektroniko batean gordeko dituzte, salbu eta ezinezkoa denean eta modu justifikatuan egiaztatzen denean.

2. Udal administrazioak artxibo elektroniko bakarra izanen du, dokumentu eta espediente elektronikoak eta beste dokumentu edo informazio multzo batzuk kudeatzeko, zaintzeko eta berreskuratzeko, dagozkion prozedurak edo jarduketak amaitu ondoren.

3. Artxibo elektroniko bakarraren kudeaketak biltegiratutako espedienteen eta dokumentuen benetakotasuna, kontserbazioa, osotasuna, konfidentzialtasuna, erabilgarritasuna eta zaintza katea ez ezik, horien sarbidea ere bermatuko ditu, bai Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta Segurtasun Eskema Nazionalak eskatutako baldintzetan bai gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko araudiak, artxiboei eta historia eta kultura ondareari buruzko legeriak eta aplikatzekoa den berariazko araudiak eskatutakoetan.

4. Udalak dokumentuak kudeatzeko politika onartuko du. Politika horretan, informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasunari, kontserbazioari eta normalizazioari buruzko irizpideak eta gomendioak bilduko dira, eta tokiko sektore publikoko organo eta entitateek kontuan hartu beharko dituzte.

23. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

1. Udalak bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko dizkie bere organoek emandako administrazio egintzak interesdunei, baldin eta:

a) Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badaude, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikulu artikuluak xedatzen duenaren arabera.

b) Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta egon gabe, sistema espresuki onartu badute eta prozeduran bitarteko hori lehenetsi badute jakinarazpenak jasotzeko. Prozedura elektroniko bat izapidetzen den edozein unetan, interesdun horiek jakinarazpenetarako bitartekoa aldatzeko eskatzen ahalko diote udalari, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Jakinarazpen elektronikoa entitate honen egoitza elektronikoan eginen da, helbide elektroniko bakarraren bidez. Helbide hori Estatuko Administrazio Orokorraren Sarbide Puntu Orokor Elektronikoaren (SPOe) egoitza elektronikoan ostatatzen da.

3. Epeak eta gainerako ondorio juridikoak zenbatzeko, edukira zer egunetan eta ordutan sartu den begiratuko da, edo interesdunak nahiz haren ordezkariak noiz bota duen atzera jakinarazpena.

4. Agerraldi elektronikoak jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko dira:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak administrazio jardunaren jakinarazpen motari buruzko ohar bat ikusi beharko du, sarbide hori izanen duena, eta jakinarazi beharko zaio edukira sartzeak, jakinarazpenaren esanbidezko ezespenak edo atzera botatzeko presuntzioak jakinarazpenaren edukira sartu gabe hamar egun naturaleko epea igaro delako jakinarazpena eskura jarri zenetik, jakinarazpen izapidea egintzat joko duela eta prozedurak aurrera jarraituko duela.

–Dagokion informazio sistemak edukira sartu izana edo espresuki ukatu izana jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

–Interesdunaren eskura jarriko da hartu izanaren agiria, jakinarazpenaren edukira sartu izana edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin izana justifikatzeko. Agiriak honako hauek bilduko ditu, gutxienez: jakinarazitako egintzaren identifikazioa eta hartzailea, eskura jarritako eguna eta ordua, eta edukira sartzeko edo atzera botatzeko data eta ordua.

5. Nolanahi ere, abisua bidali beharko da gailu elektronikora eta/edo interesdunak horretarako bere borondatez jakinarazi duen helbide elektronikora, edo bietara, eskura jarri dela jakinarazteko. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

24. artikulua. Ediktu taula elektronikoa.

1. Ediktu taula elektronikoak aukera emanen du arau juridiko baten eta epailearen ebazpen baten ondorioz argitaratu edo jakinarazi behar den informaziora elektronikoki sartzeko.

2. Iragarki taularako sarbidea egoitza elektronikoaren eta/edo web atariaren bidez eginen da. Herritarrak ez du bere identitatea egiaztatzeko sistema berezirik beharko ediktu taula elektronikora sarbidea izateko. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izanen dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen taula fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.

3. Idazkariak eskumena izanen du ediktu taulan testuak jartzeko eta bidaltzeko.

4. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna ziurtatuko dituzten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktu taula elektronikoak, 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

5. Ediktuen taula eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egonen da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Segurtasuna.

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna, bai eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearena ere, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Udalaren osoko bilkurak bere segurtasun politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretuaren (urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua) 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun adierazpenei eta segurtasun bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio sisteman aldaketa esanguratsuak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezkoak diren segurtasun neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

Laugarren xedapen gehigarria.–Datuak babestea.

Telekomunikazio sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan zehaztutakoa ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Garatzeko gaitzea.

Alkate-presidentea gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezkoak diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako aurreikuspenak garatzeko, eta beharrezkoak diren alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Ordenantza honen hasierako testua udalaren osoko bilkurak onetsi du 2022ko martxoaren 3an. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ez da indarrean jarriko bere testua osotasunean argitara eman arte. Indarrean izanen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2208034