125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

187E/2022 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 449/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 184E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta, azkenik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 150E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2021eko urtarrilaren 31n, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, jasota ez dauden zenbait ohiko hondakin sartzeko. Gainera, zentroa hondakin arriskutsuen ekoizle gisa inskribatzeko eskatu du, urtean 10 t hondakin baino gehiago sortzen baita.

Osagarri gisa, giza kontsumorako egokiak ez diren eta LER 020704 kodearekin katalogatuta dauden produktuen hondarrak azpiproduktutzat hartzea eskatu da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarriak direla adierazitako aldaketak, hondakin arriskutsuen ekoizle gisa inskribatzeari eta giza kontsumorako egokiak ez diren produktuen hondarrak azpiproduktu gisa katalogatzeari dagozkiona; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Zerrendan sartzeko hondakinei dagokienez, onargarritzat jotzen da, nahiz eta LER kodeak baztertu egiten diren landare-osasunerako produktu likidoetarako (070401*), iraungitako arometarako (080119*) eta oinarrizko produktuetarako (110103*), kode horiekin katalogatutako hondakinetarako egokiak ez direlako. Horren ordez, LER kode hauek baimentzen dira, hurrenez hurren: 061301*, 160303* eta 160305*.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onartzea Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SA da.

Bigarrena.–Zentroa hondakin arriskutsuen sortzaile gisa inskribatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroan, 15P01163015312022 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAri eta Martzillako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2208395