125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186E/2022 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, produktu urratzaileak eta produktu mineral ez-metalikoak fabrikatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko egindako eskaera onartzen duena. Instalazioa Murchanteko udal-mugartean dago, eta titularra Forjados Orgues SL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 755E/2017 Ebazpenaren bidez emana.

2022ko martxoaren 7an, titularrak eskatu zuen Ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, III. eranskineko kudeatutako hondakinen zerrendan hondakin berri bat sartzeko, LER 100101 kodearekin, energia elektrikoa sortzeko instalazio bateko lurrun-galdaran biomasaren erretzearen ondorioz sortutako zepei dagokionez. Ez da produkzio-ahalmena handitzea planteatzen, urtean kudeatu nahi diren 2.000 tona horiek orain arte erabilitako beste zepa mota batzuen ordezkoak izanen baitira.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Murchanteko udal-mugartean produktu urratzaileak eta produktu mineral ez-metalikoak fabrikatzeko instalazioaren –haren titularra Forjados Orgues SAU da– ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa onestea; hori dela eta, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Forjados Orgues SLri eta Murchanteko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2208394