125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez urtebete luzatzen baita lurzoru urbanizaezineko baimenean ezarritako bi urteko legezko epealdia, Murillo el Cuendeko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti instalazio bat egiteko eta abiatzeko. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 275E/2020 Ebazpenak eman zuen baimen hori, bai eta ingurumen baimen integratua ere, eta 2020ko martxoaren 20an jakinarazi zitzaion titularrari, Agropecuaria San Fermín SLUri.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 275E/2020 Ebazpenaren bidez emana.

2022ko otsailaren 21ean titularrak eskaera aurkeztu du urtebete luzatzeko instalazioa egiteko eta abiarazteko bi urteko epealdia. Hasierako epe hori aurreikusita zegoen aipatutako martxoaren 18ko 275E/2020 Ebazpenaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarrian emandako baimenean.

Eskaeraren arrazoia da enpresa integratzaileek geldialdi teknikoa egin behar izan dutela, COVID-19aren pandemiaren ondorioz.

Luzatu nahi den baimena eman zuen ebazpena 2020ko martxoaren 20an jakinarazi zitzaion sustatzaileari. Beraz, eskaera zein luzapenaren inguruko erabakia legez ezarritako bi urteko epealdiaren barruan daude.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskaera aztertu du, eta 2022ko martxoaren 18an egindako txostenean adierazi du onargarria dela. Txostena ebazpen honen eranskinean dago.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Urtebete luzatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 275E/2020 Ebazpenaren bidez emandako lurzoru urbanizaezineko baimenean ezarritako bi urteko legezko epealdia, Murillo el Cuendeko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti instalazio bat egiteko eta abiatzeko. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 275E/2020 Ebazpenak eman zuen baimen hori, bai eta ingurumen baimen integratua ere, eta 2020ko martxoaren 20an jakinarazi zitzaion titularrari, Agropecuaria San Fermín SLUri.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Agropecuaria San Fermíni, Murillo el Cuendeko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2207544