125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

166E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, langile autonomoen lanbide elkarteei Nafarroan beren jarduera arruntak aurrera eramateko ematen zaizkien dirulaguntzen 2022ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 626382.

Nafarroako Foru Komunitatean 47.000 pertsona baino gehiago daude inskribatuak Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubide berezian. Horietatik 27.000 baino gehiago pertsona fisiko gisa, eta gainerakoak sozietate autonomo gisa. Horiek osatzen dute Nafarroako autonomoen kolektiboa.

Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legeak, zeina otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuaren bidez garatu baitzen, bere 20.1 artikuluan, langile autonomoek lanbide elkarteak osatzeko eskubidea jasotzen du, lege horrexetan aurreikusitako espezialitateetan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan xedatutakoaren babesean.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 239/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroa sortu zen.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Lan Zerbitzua, Administrazio honetako beste departamentu batzuekin elkarlanean, Nafarroako Lan Autonomoaren II. Plana ari da prestatzen. Bitartean, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Plana garatuko da, zeina erregistro sektorial horretan inskribatutako sektorearteko langile autonomoen lanbide elkarteen Nafarroako Gobernuaren lankidetzari esker prestatu baitzen.

Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteak Administrazio Publikoaren solaskide garrantzitsuak dira kolektibo horrek sortzen duen jarduera ekonomikoa sustatzeko politika publikoak garatzeari begira eta norberaren konturako eta besteren konturako enpresak eta enplegua ugaltzeari begira. Sustapen jarduera horiek interes orokorrekoak dira. Horregatik, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretan aurrekontu-zuzkidura espezifiko bat aurreikusi da haien jarduerei eta mantentzeari laguntzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Langile autonomoen lanbide elkarteei beren jarduera arruntak aurrera eramateko ematen zaizkien dirulaguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2022ko Gastuen Aurrekontuko “Nafarroako autonomoen elkarteentzako laguntzak” izeneko 810012 81500 4819 494105 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494105: Autonomoen elkarteentzako laguntzak

2022

20.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da langile autonomoen elkarteen funtzionamendu gastuak zati batean finantzatzen laguntzea, elkarte horiek errazago bete ditzaten beren helburuak.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke langile autonomoen Nafarroako lanbide elkarteak, baldintza hauek betez gero:

a) Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

b) Nafarroan egoitza propio bat izatea deialdi hau argitaratzen den egunean.

c) Sektorearteko izaera izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

2. Ebazpen honen ondorioetarako, sektorearteko elkartea dela ulertuko da baldin eta sektore ekonomiko hauetatik gutxienez hirutan jarduten duten langile autonomoak biltzen baditu: nekazaritza, industria eta eraikuntza eta zerbitzuak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea departamentuak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Elkarteek Nafarroako langile autonomoak defendatzeko eta haiek ordezkatzeko dituzten helburuak lortzearren egiten dituzten jarduerak izanen dira diruz lagungarriak, batez ere honako hauek:

a) Ekintzaileak eta langile autonomoak babestu eta aholkatzeko ekintzak.

b) Ekintzailetza eta/edo autoenplegua sustatzeko programak.

c) Lan autonomoa sustatzeko komunikazio eta zabalkunde kanpainak, edozein hedabidetan egiten direnak, baita komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien bidez egiten direnak ere.

d) Azterlanak, dokumentazio lanak, analisiak, ikerlanak eta antzeko lanak prestatzea eta argitaratzea.

e) Prestakuntza jarduerak, lan autonomoan hasteko, hobetzeko eta trebatzeko.

f) Biltzarrak, mintegiak eta jardunaldiak antolatzea, ferietan parte hartzea eta antzeko jarduerak.

2. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, elkarteek langile autonomoak defendatzeko eta haiek ordezkatzeko dituzten helburuak lortzearren egiten dituzten jarduerak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Elkarteak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten dituen gastu orokorrak izanen dira diruz lagungarriak, hurrengo ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen benetan ordaintzen badira eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Soldatak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioak.

c) Errentamenduak eta kanonak.

d) Konponketak eta kontserbazioa.

e) Profesional independenteen zerbitzuak.

f) Aseguru primak.

g) Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.

h) Komunikazioak.

i) Hornidurak.

j) Kuotak, hala argitalpenen harpidetzetakoak eta jardueretan inskribatzekoak, nola Espainiako edo nazioarteko beste erakunde batzuetako partaide izateko ordaintzen direnak, ordaindutako kuoten ehuneko hirurogeita hamabost estali arte, gehienez.

2. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

3. Dirulaguntza kudeatzeko kontratatutako langileen hileko nominen soldata-kostuak diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, funtzionamendu gastu gisa, baina hileko muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren A mailako lan-kontratudun langileen hileko soldata, aparteko pagen zati proportzionala barne. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa egiten duten lanaldiaren araberakoa izanen da.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat hartzen duen gastuaren % 70ekoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Onuradun bakoitzak 5.000 euro jaso ditzake gehienez. 5.000 euroko zenbateko hori gainditu daiteke baldin eta 7.1 oinarrian adierazten den kasua gertatzen bada.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es/eu/) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da elkarte eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 12. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera-orria, elkartearen datuekin betea.

b) Elkartearen jarduera deskribatzen duen memoria tekniko eta ekonomikoa, gastuen aurrekontu xehakatua barne.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Hala badagokio, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehaztuko dena).

5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Lan Autonomoaren Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

5. oinarrian adierazitako intentsitatea aplikatu ondoren kreditu baimendua gelditzen bada banatu gabe, diru hori modu proportzionalean banatuko da elkarte onuradun guztien artean, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideen arabera lortzen duten puntuazioari jarraikiz, eta, betiere, bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren % 70 gainditu gabe.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

–Eskaera eguna baino sei hilabete lehenagotik elkarte eskatzailearen plantilla osatzen duten langileen kopurua:

• 0 eta 1 langile bitarte: 5 puntu.

• 2 langile edo gehiago: 7 puntu.

• Plantillan langile emakumerik bada, beste puntu bat emanen da.

–Biltzarrak, mintegiak eta jardunaldiak antolatzea, ferietan parte hartzea eta antzeko jardueretan izatea 2021. urtean:

• 2 eta 4 ordu bitarteko ekitaldi bakoitzeko: 5 puntu.

• 4 ordutik gorako ekitaldi bakoitzeko: 7 puntu.

• Lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztera bideratutako ekitaldi bakoitzeko beste 3 puntu emanen dira.

–Lan autonomoa sustatzeko komunikazio eta zabalkunde kanpainak egitea 2021ean, edozein hedabidetan, baita komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien bidez ere:

• Kanpaina bakoitzeko: 5 puntu.

• Komunikazio eta zabalkunde kanpainen helburua bada lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztea, beste 3 puntu emanen dira.

–Prestakuntza jarduerak, 2021. urtean lan autonomoan hasteko, hobetzeko eta trebatzeko.

• Jarduera bakoitzeko: 5 puntu.

• Prestakuntza jardueren helburua bada lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztea, beste 3 puntu emanen dira.

–Ekintzaile autonomoei babesa eta aholkuak emateko ekintza pertsonalizatuak egitea, hala aurrez aurre nola bide telematikoak erabilita:

• Babesa eta aholkuak emateko ekintzetara bideratutako 10 ordu bakoitzeko: 5 puntu.

–Azterketak, dokumentazio lanak, analisiak, ikerlanak eta antzeko lanak prestatzea eta argitaratzea:

• Jarduketa bakoitzeko: 5 puntu.

• Jarduketa horien helburua bada lan autonomoaren esparruan izaten den genero desberdinkeria ikusaraztea, aztertzea eta mahai gainean jartzea, beste 3 puntu emanen dira.

3. Gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ezin dute dirulaguntzarik jaso.

4. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, langile kopuruari buruzko irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2022ko abenduaren 1a baino lehen justifikatu beharko dituzte egindako jarduketak; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:

a) Jarduketari buruzko memoria, non zehaztu beharko baita zer jarduera egin diren dirulaguntza honen finantzaketaz; berariaz adierazi beharko da zenbat ordu erabili diren ekintzaile autonomoei babesa eta aholku emateko ekintza pertsonalizatuetarako, izan horiek aurrez aurrekoak zein telematika bidezkoak.

b) Memoria ekonomikoak, hauek bilduta, behar bada:

–Dirulaguntzari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–Fakturak eta ordainagiriak, eskaera aurkezten duen pertsonaren izenean.

2. 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, onuradunek 2022ko azken hiruhilekoko gastu eta ordainketen egiaztagiri guztiak ez badituzte, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko dute, hornitzailea eta zenbatekoa adierazita. 2022ko fakturak baizik ez dira onartuko. 2023ko otsailaren 28rako, egun hori barne, aurreko paragrafoan adierazitako fakturen zerrendari dagozkion gastu eta ordainketen egiaztagiriak aurkeztuko dituzte.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua.

Informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada foru dekretu horren 4.1 artikuluan eskatzen den bezala, ez zaie dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

b) Diruz lagundutako jarduketak egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea webgune korporatiboan, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa eta espedientearen likidazioa.

1. Dirulaguntza honela banatuko da:

a) Konturako ordainketa bat, dirulaguntzaren % 50 adinakoa, 2022ko lehenengo seihilekoan egindako jarduerarako. Konturako ordainketa hori egiteko, onuradunak egun horretaraino egindako jarduketak justifikatu beharko ditu, epe horretan gauzatutakoaren gaineko memoria bat aurkeztuz.

b) Gainerako zatia dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu ondoren ordainduko da, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. 9. oinarrian adierazitako frogagiriak egiaztatuta, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak likidazioa egiteko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko kopuruak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada. Kasu horretan, dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, egindako azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuak.

12. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Gaitutako helbide elektronikoa http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2207171