123. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2022 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira, 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta baimendutako erakundeetan Lanbide Heziketako oinarrizko mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozedurarako.

Hala ezartzen baitu bere 2. oinarriaren 3. apartatuan ekainaren 6ko 67/2016 Foru Aginduak, Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen batean finkatuko dira ikasturte bakoitzerako onarpen prozesua zehazten duten jarraibideak, bai eta hura garatzeko beste alderdi batzuk ere (foru agindu horren bidez prozedura arautu zen ikasleak Lanbide Heziketako oinarrizko heziketa zikloetan onartzeko Nafarroako Foru Komunitatean).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jarraibide batzuk onestea ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta erakundeetan Lanbide Heziketako oinarrizko mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozedurarako, bai eta prozedura hori garatzeko beste alderdi batzuk ere. Horiek 2022-2023 ikasturtean aplikatuko dira, eta ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira; Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera; Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 18an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Jarraibideak, ikasleak Lanbide Heziketako oinarrizko heziketa zikloetan onartzeko

1. Heziketa zikloetan sartzeko baldintzak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41.1 artikuluan ezarritakoak dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako testuaren arabera.

2. 2022-2023 ikasturterako, Lanbide Heziketako oinarrizko heziketa zikloetan sartzeko prozesuan aplikatuko diren jarraibideak dira maiatzaren 12ko 42/2021 Ebazpenean ezarritakoak (horren bidez ezarri ziren 2021-2022 ikasturtean irakaskuntza horietan onartzeko prozedurarako jarraibideak), honako alderdi hauetan izan ezik:

a) Sarrerako nota kalkulatzeko prozedura ekainaren 6ko 67/2016 Foru Aginduaren eranskinaren 8.4 oinarrian ezarritakoaren arabera egin beharko da (foru agindu horren bidez arautu zen Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloak eta lanbide lantegiak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozedura), eta kalkulu horretan honako hau hartu beharko da kontuan:

–Irakasgaia, eremua edo proiektua aparteko deialdia izan duen ikasturte bati dagokionean, erabili beharreko kalifikazioa ebaluazio berezian lortutakoa izanen da.

–Irakasgaia, eremua edo proiektua 2021-2022 ikasturteari dagokionean, eta hartan ez bada aparteko deialdirik izan, erabili beharreko kalifikazioa ebaluazio arruntean lortutakoa izanen da.

b) Onarpen prozeduran erabili beharreko dokumentazioa izanen da tramiteen katalogoko “Oinarrizko Lanbide Heziketan izena ematea” tramiteen fitxan agertzen dena.

c) Onarpen prozesuaren datei buruzko erreferentzia guztiak maiatzaren 5eko 98/2022 Ebazpenean ezarritakoak dira. Ebazpen horren bidez ezarri zen 2022-2023 ikasturterako irakaskuntza horiek onartzeko egutegia.

d) Onarpen prozesuan aplikatu beharreko zozketa aipatzen denean, 2022-2023 ikasturtean onartzeko prozesuan erabiliko den zozketaz ari da.

e) 2020-2021 ikasturteari buruz egiten diren erreferentziak 2021-2022 ikasturteari eginak balira bezala ulertu behar dira; eta 2021-2022 ikasturteari buruzkoak, berriz, 2022-2023 ikasturteari eginak balira bezala.

2. Jakinarazpenak egiteko bideak.

a) Eskolatze Bulegoa:

–Informazioa eta aholkua: 848 426617.

–Tramitazioari eta ikastetxeetan onartzeari buruzko kontuak: 848 423238 - 848 423239.

–Helbide elektronikoa: nescolar@navarra.es.

b) Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala: 848 426628 - 848 426036.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2207474