122. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 21a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita Parque Eólico Biota SLUren eskaera, Zaragozako eta Nafarroako probintzietan 58,7 MW-eko Biota parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako aurretiazko administrazio baimenari buruzkoa, eta erabakitzen baita PEol-423 espedientea artxibatzea

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak honakoak kontuan hartu ditu:

I.–Egitateak.

Lehenengoa.–Parque Eólico Biota SLUk, 2020ko azaroaren 13an, 58,7 MW-eko Biota parke eolikorako aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen, Uncastilloko eta Biotako udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, bai eta hari lotutako ebakuazio-azpiegiturarako ere. Honakoak dira azpiegiturak:

–30/220 kV-eko Biota TAE, Uncastilloko udal-mugartean, Zaragozako probintzian.

–220 kV-eko aireko linea (Biota TAE-Los Corrales TAE), Uncastilloko, Castiliscarreko eta Sos del Rey Católicoko udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, eta Nafarroako probintziako udal-mugarte hauetan: Zarrakaztelu, Kaseda, Galipentzu, Murillo el Fruto, Uxue eta Pitillas.

–220 kV-eko Los Corrales TAE, Uxueko udal-mugartean, Nafarroako probintzian.

–220 kV-ko aireko linea, Los Corrales TAE-Promotores Olite TAE, Uxueko, Pitillasko eta Erriberriko udal-mugarteetan, Nafarroako probintzian.

–220 kV-eko Promotores Olite TAE, Erriberriko udal-mugartean, Nafarroako probintzian.

–220 kV-eko aireko linea, Promotores Olite TAE-220 kV-eko Olite TAE, Erriberriko udal-mugartean, Nafarroako probintzian.

Bigarrena.–2020ko abenduaren 21ean, zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen 58,7 MW-eko Biota parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiekturako aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu eta onartu egin zela.

Hirugarrena.–2021eko urtarrilaren 25ean eta 29an, zuzendaritza nagusi honek espedientea helarazi zien Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako eta Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzako Industria eta Energia arloei, hurrenez hurren, 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluaren arabera instalazioa baimentzeko izapidea egiteko eskumena duten organoak diren aldetik.

Laugarrena.–Parque Eólico Biota SLUk, 2021eko otsailaren 25ean, Biota parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura onura publikokoak direla zehazki deklaratzea eskatu zuen. Ondoren, sustatzaileak eskatu zuen onura publikoaren deklarazioa jendaurrean ez jartzeko.

Bosgarrena.–2021eko ekainaren 22an eta uztailaren 17an, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren eta Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzaren Industria eta Energia arloetako txostenak eta izapidetze-espedienteak jaso ziren, hurrenez hurren.

Seigarrena.–2021eko abuztuaren 4an, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena eman zuen 2022ko urtarrilaren 17an, eta, horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen, Biota parke eolikoaren eta hari lotutako ebakuazio-azpiegituraren kontrakoa; izan ere, identifikatu zen ingurumenaren gaineko inpaktu negatibo adierazgarriak gertatzeko aukera zegoela, eta proposatutako neurriek ez dute behar besteko bermerik horiek behar bezala prebenitzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko.

Zortzigarrena.–Energia Elektrikoaren Zuzendariordetza Nagusiak, 2022ko martxoaren 2an, idazki bat bidali zion Parque Eólico Biota SLUri, egokitzat jotzen zituen adierazpenak egin zitzan aurretiazko administrazio baimenaren eskaera dela eta, kontuan hartuta aurretiazko administrazio baimenik ematerik ez dagoela ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada.

Bederatzigarrena.–2022ko martxoaren 16an, Parque Eólico Biota SLUk erantzuna eman zion aipatutako 2022ko martxoaren 2ko idazkiari.

Hamargarrena.–2022ko apirilaren 19an, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek Biota parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura ezesteko ebazpen proposamena eman zuen, eta Parque Eólico Biota SLUri entzunaldia eman zion, alegazioak aurkez zitzan.

Hamaikagarrena.–2022ko apirilaren 28an, Parque Eólico Biota SLUk ebazpen proposamenari egindako alegazioen idazkia jaso zen.

Hamabigarrena.–Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen hau eman du.

II.–Oinarri juridikoak.

Lehenengoa.–Aurretiazko administrazio baimena lortzeko betekizunak.

Aurretiazko administrazio baimenaren eskaerak bete behar ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako betekizun administratibo orokorrak.

Halaber, eskaerak aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza tekniko orokorrak bete behar ditu.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hori garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik.

53. artikuluak garraioko, banaketako, produkzioko eta linea zuzenetako instalazioen baimena arautzen du. Aurretiazko administrazio baimenari dagokionez, xedatzen du instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko dela, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen diola. Energia sortzeko instalazioen baimen administratiboa ezin izanen da eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan arautzen ditu, oro har, administrazio baimenaren eskaerari buruzko zenbait gai.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko dute, arlo horretan aplikatzekoa den legeriak hala eskatzen duenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Bigarrena.–21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.

Biota parke eolikoaren proiektua Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren 3.i) taldean sartuta dago, eta, beraz, nahitaezkoa da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura betetzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, arau horren 33. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak ebaztea, Ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua aldatzen duen eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen apirilaren 28ko 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluaren arabera.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena oinarritzen da egindako ebaluazioan kontuan hartutako elementu nagusien azterketan, honakoenean alegia: proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterlana, jendaurreko informazio aldiaren eta egindako kontsulten emaitza, eta sustatzaileak horiek aintzat hartzea.

21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, adierazpena egin eta hamar egun balioduneko epean, eta ez da errekurrituko, hargatik eragotzi gabe proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio bidean eta bide judizialean bidezkoak diren errekurtsoak jartzea.

Hirugarrena.–1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa.

2020ko abenduaren 30ean eman zen argitara 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa.

Errege Dekretu horren 23. artikuluan, elektrizitatea sortzeko instalazioen sarbide- eta konexio-prozedurak izapidetzeko beharrezkoak diren berme ekonomikoak arautzen dira. Zehazki, 1. apartatuan ezartzen denez, elektrizitatea sortzeko instalazioetarako, eskatzaileak, garraio-sarera edo, hala badagokio, banaketa-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaera egin aurretik, instalazioaren baimena emateko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztu beharko du, errege dekretu hau indarrean jarri ondoren, instalatutako kW bakoitzeko 40 euroko berme ekonomiko baten gordailua egin izanaren egiaztagiria.

Era berean, 23. artikulu horren 6. apartatuak honako hau ezartzen du: Errege dekretu honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira, administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu garraio- edo banaketa-sarera sartzeko eskaera izapidetzeko aurkeztutako berme ekonomikoak, kasu bakoitzean aplikatzen denaren arabera.

Hala ere, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoak gordailututako bermea betearazpenetik salbuesten ahalko du, baldin eta sarbide- eta konexio-baimenen iraungipena gertatzen bada administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragozten duelako, eta administrazio horrek hala eskatzen badu.

Laugarrena.–Parque Eólico Biota SLUk aurkeztutako eskaera.

Espedientean dagoen dokumentazioa aztertu ondoren, ikusi da ezin dela aurretiazko administrazio-baimenik eman Biota parke eolikorako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako.

Lehenik eta behin, kontuan hartuta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikulua, lehen aipatutakoa, Biota parke eolikoak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duela xedatzen duena.

Horrenbestez, Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak ebaluazio hori amaitu du, eta proiektuaren kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko ebazpena eman du 2022ko urtarrilaren 17an.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontrakoa dela ikusita, abenduaren 26ko 24/2013 Legean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa kontuan hartuta, bidezkoa da Biota parke eolikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren aurretiazko administrazio-baimen publikoaren eskaeraz ebazpena ematea, eta edukiari dagokionez ezestea.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.–Ezestea Parque Eólico Biota SLUk egin duen eskaera, Biota parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren aurretiazko administrazio-baimena lortzekoa, eta erabakitzea PEol-423 espedientea artxibatzea.

Bigarrena.–Biota parke eolikoaren proiekturako jarritako bermea ezeztatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2022ko maiatzaren 10ean.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2208501