121. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1100/2022 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta horien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak onesten dituena”, Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 7an hartua.

2003ko maiatzaren 1 2ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 7an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta horien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak onesten dira.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETA-PLANAK DISEINATZEKO ETA HORIEN EGIAZTAPEN MEMORIAK PRESTATU ETA ALDATZEKO ARAUAK ONESTEN DITUENA

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) unibertsitateko ikasketen eta tituluen egitura berritu zuen. Horren ildotik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere graduen eta unibertsitate masterren eskaintza prestatu zuen 1393/2007 Errege Dekretuari egokiturik, 2007ko urriaren 29koa, Unibertsitateko Ikasketa Ofizialen Antolamendua ezartzen duena. Errege-dekretu hori berriki indargabetu eta ordeztu du 822/2021 Errege Dekretuak, 2021eko irailaren 28koak, zeinak unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen baititu. Errege dekretu horretan dago deskribatua ikasketa ofizialen antolamendu berria, lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak lortzeko unibertsitateko ikasketek nolako egiturara egokitu behar duten eta unibertsitateek zer jarraibide bete behar dituzten ikasketa-planak prestatzeko. Hortaz, Unibertsitateak gai horretarako ezarriak dituen arauak eguneratu eta eraberritu beharra dago, eta 822/2021 Errege Dekretuari egokitu unibertsitateko komunitatearentzat erabilerrazagoak izan daitezen.

Horretarako ematen da arau hau, funtsean bi helburu hauek dituena: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu ofizialen ikasketa-planak diseinatzeko prozesua zer arauetara egokitu behar den ezartzea eta ikasketa-planen oinarrizko edukia finkatzea, batetik, eta haien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak ematea, bestetik.

Atariko kapituluan, arauaren xedea eta aplikazio eremua deskribatzen dira.

Lehenbiziko kapituluan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko prozesuak eta plan horietako ikasketen antolamendua daude arautuak, eta curriculumeko beste egitura batzuk ere deskribatzen dira.

Bigarren kapituluan, tituluen egiaztapen memorien oinarrizko edukia eta memoria horiek prestatzeko eta aldatzeko prozesua daude arautuak.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da -2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)-; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Erabakia hartu aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aztertu du araua, eta Zerbitzu Juridikoak haren aldeko txostena eman du.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2022ko ekainaren 7an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta horien egiaztapen memoriak prestatu eta aldatzeko arauak onestea.

Bigarrena.–Erabaki hau Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari helaraztea. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Agindua ematea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Laugarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.”

Iruñean, 2022ko ekainaren 7an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETA-PLANAK DISEINATZEKO ETA HORIEN EGIAZTAPEN MEMORIAK PRESTATU ETA ALDATZEKO ARAUAK

ZERGATIKOEN AZALPENA.

ATARIKO KAPITULUA.–Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. artikulua. Arautegiaren xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–Ikasketa-planen diseinua.

3. artikulua. Prestakuntza programa.

4. artikulua. Jakintza arloak.

5. artikulua. ECTS kredituak.

6. artikulua. Ikasketa-plana.

7. artikulua. Ikasketen denborazko egitura.

8. artikulua. Irakaskuntzaren modalitateak.

9. artikulua. Ebaluatzeko eta kalifikatzeko sistemak.

Lehenbiziko atala: Graduko ikasketen antolaketa.

10. artikulua. Graduko ikasketen antolaketa.

11. artikulua. Oinarrizko prestakuntza.

12. artikulua. Nahitaezko prestakuntza eta aukerakoa.

13. artikulua. Aipamenak.

14. artikulua. Kanpoko curriculumeko praktika akademikoak.

15. artikulua. Egonaldiak beste zentro batzuetan.

16. artikulua. Unibertsitate zabalpeneko jardueren aitorpen akademikoa.

17. artikulua. Gradu Bukaerako Lana.

18. artikulua. Hizkuntza-eskakizunak.

19. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Bigarren atala: Unibertsitate masterreko ikasketen antolaketa.

20. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketen antolaketa.

21. artikulua. Nahitaezko prestakuntza eta aukerakoa.

22. artikulua. Espezialitateak.

23. artikulua. Kanpoko curriculumeko praktika akademikoak.

24. artikulua. Egonaldiak beste ikastegi batzuetan.

25. artikulua. Master Bukaerako Lana.

26. artikulua. Hizkuntza eskakizunak.

27. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

28. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketetara sarbidea emanen duten tituluak.

29. artikulua. Prestakuntzaren osagarriak unibertsitate masterreko ikasketetan.

Hirugarren atala: Curriculumeko beste egitura batzuk.

30. artikulua. Curriculumeko egitura espezifikoak.

31. artikulua. Nazioarteko programak.

32. artikulua. Aipamen duala.

33. artikulua. Titulu bikoitzen programa akademikoak.

34. artikulua. Ondoz ondoko ibilbideak dituzten programa akademikoak.

35. artikulua. Bide akademiko irekia duen gradua.

36. artikulua. Irakaskuntzarako berrikuntzak dituzten estrategia metodologikoak.

BIGARREN KAPITULUA.–Tituluak egiaztatzeko oroitidazkiak prestatzea eta aldatzea.

Lehenbiziko atala: Titulu baten oroitidazkia prestatzeko eta egiaztatzeko prozedura.

37. artikulua. Oroitidazkien edukia.

38. artikulua. Beste titulu bat ezartzeko proposamenaren eskaera.

39. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen txostena.

40. artikulua. Egiaztatzeko oroitidazkia prestatzeko lantaldea.

41. artikulua. Beste titulu bat ezartzeko proposamena prestatzeko modua.

42. artikulua. Gobernu Kontseiluaren onespena eta bidalketa Unibertsitateen Kontseilura.

Bigarren atala: titulu baten oroitidazkia aldatzeko prozedura.

43. artikulua. Aldaketaren edukia.

44. artikulua. Aldaketaren prozedura.

45. artikulua. Funtsezko aldaketak.

46. artikulua. Funtsezkoak ez diren aldaketak.

ZERGATIKOEN AZALPENA

2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatu zen Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak beste egituraketa bat ezarri zuen unibertsitateko ikasketentzat eta tituluentzat. Testuinguru horretan eratzen joan da Nafarroako Unibertsitate Publikoa Unibertsitateko irakaskuntzen antolamendua ezartzen duen 2007ko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuari egokitzen zaizkion graduetarako eta unibertsitate masterretarako bere prestakuntzaren eskaintza. Berriki galdu du indarra Errege Dekretu horrek eta 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak ordezkatu du, zeinaren bidez ezartzen baitira unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura, eta zeinetan deskribatzen baita ikasketa ofizialen antolamendu berria, zer egituratara egokitu behar diren unibertsitate titulu ofizialak lortzera bideratuak dauden eta Espainia osoan baliodunak diren unibertsitate ikasketak eta zein diren ikasketa-planak prestatzeko unibertsitateentzako jarraibideak. Horregatik eguneratu eta bategin behar da Unibertsitateak gai horiei buruz daukan araudia, eskuragarriagoa eta erabiltzen errazagoa izan dadin unibertsitateko komunitatekoentzat, eta egokitu dadin horrela 822/2021 Errege Dekretura.

Errege Dekretu horren garapenean oinarrizko bi helbururekin ematen da arau hori: ikasketa-plan bakoitza diseinatzeko prozesua zein arauetara egokitu behar den eta oinarrizko edukiaren erregulazioa ezartzea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu ofizialak egiaztatzeko oroitidazkiak prestatzeko eta aldatzeko arauak ere ezartzea.

Atariko kapituluan deskribatzen dira arauaren zertarakoa eta aplikazio eremua.

Lehenbiziko kapituluan arautu egiten dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradurako eta Unibertsitate Masterrerako ikasketa-planak diseinatzeko prozesuak, eta graduak eta masterrak osatzen dituzten ikasketen antolamendua, eta deskribatu egiten dira curriculumaren beste egitura batzuk.

Bigarren kapituluan arautu egiten da tituluak egiaztatzeko oroitidazkien edukia, oroitidazki horiek prestatzeko prozesua eta aldatzeko prozesua.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)–; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aldeko txostena eman du arau honi buruz, baita Zerbitzu Juridikoak ere.

ATARIKO KAPITULUA

Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Arautegiaren xedea.

Araudi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen diseinua arautzea, bai eta ikasketa horiek egiaztatzeko oroitidazkiak prestatzeko eta aldatzeko prozedura ere, hargatik eragotzi gabe gaitasun profesionalak dituzten tituluen berariazko erregulazioa, eta hori guztia Europako Unibertsitate Eremutik datozen ildo orokorrekin bat etorriz, eta Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Araudi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko eta unibertsitate masterreko ikasketetan aplikatuko da. Ikasketa horiek, aldi berean, 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak erregulatzen ditu, zeinak unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen baititu.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Ikasketa-planen diseinua

3. artikulua. Prestakuntza programa.

1. Hauek osatzen dute Graduko eta Unibertsitate Masterreko titulu ofizial baten prestakuntza programa: ikasketa-plana gaindituz eta kalitatea bermatzeko mekanismo definitu batzuen laguntzaz emaitza jakin eta kuantifikatzeko moduko batzuk iristeko diren ezagutzen, gaitasunen eta trebetasunen multzoa.

2. Printzipio eta balio demokratikoak eta garapen jasangarriaren helburuak izan beharko ditu erreferentzia gisa, eta, bereziki, errespetua genero berdintasunarekin eta irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinatua egotearen printzipioekin, eta horrez gain jasangarritasunaren eta klima aldaketaren tratamendua.

3. Tituluaren izena koherentea izanen da proposatu den ikasketa-planarekin, eta ez du gaizki ulerturik sortuko edukiari, mailari edo ondorio akademikoei edota profesionalei dagokienez. Lanbide arautuetan aritzeko titulua bada, bakoitzari dagokion araudian adierazten denarekin bat etorriko da bere izena.

4. artikulua. Jakintza arloak.

1. Unibertsitateko graduko eta unibertsitateko masterreko titulu guztiak 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak ezartzen dituen jakintza arloetako batekoak izanen dira. Dekretu horrek unibertsitateko ikasketen antolamendua ezartzen du eta ikasketa horien kalitatea bermatzeko prozedura.

2. Arau hauen I. eranskinean ezartzen da zein diren jakintza arloak, jakintza adarren arabera sailkaturik.

5. artikulua. ECTS kredituak.

1. ECTS kreditu batek (European Credit Transfer System) neurtu egiten du ikasketa-planean aurreikusi diren prestakuntza helburuetara iristeko ikasleak egin behar duen ikaskuntza lanaren bolumena edo karga osotara. Sistema horrek erraztu egiten du beste unibertsitate batzuetan egiten diren ikasketen aitorpena.

2. ECTS kreditu batek neurtzen dituen lan orduak ikasleek egiten dituzten jarduera akademiko guztiei dagozkien orduak dira: azalpenezko eskola orduak, mintegiei, lanei, praktikei edo proiektuei dagozkienak, tutoretzarako orduak eta ebaluazio probak prestatzeko eta egiteko behar diren orduak.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ECTS kreditu bat erdiesteko 25 lanordu egin behar ditu ikasleak, eta ordu horietatik gehienez %40 izanen dira prestakuntza jarduera presentzialei dagozkienak.

6. artikulua. Ikasketa-plana.

1. Sekuentzian ordenatzen diren eta aldi baterako planifikatzen diren moduluek, jakintzagaiek eta irakasgaiek osatuko duten egitura da ikasketa-plana, eta tituluan aurreikusten diren ikasketaren emaitzak erdietsiko direla bermatuko dute.

2. Baliteke ikasketa-planak aipamena edukitzea, gradu titulu baten ikasketa-plana bada, edo espezialitatea, unibertsitate master batena bada, eta irakasgai jakin batzuek osatuko dituzte aipamen edo espezialitate horiek, baldin eta irakasgaien prestakuntzazko helburuak eta egokitasuna justifikatzen dituzten eduki nahikoak eta koherenteak badituzte.

3. Jakintzagai bat edo batzuk hartzen dituen unitate akademikoa da modulua, ikasketa-planean antolamenduzko unitate bat osatzen duena. Berezitasunak edo aipamenak sortuko dituzten ibilbideak ezartzeko beharrak ekartzen du batzuetan moduluaren definizioa, eta gaitasun batzuen lan koordinatuak edo irakasteko beste irizpide batzuk beste batzuetan.

4. Irakasgaiak unitate akademiko bat osatzen du, eta barnean hartzen ditu modu integratuan uler daitezkeen irakasgai bat edo batzuk, halatan diziplinaren ikuspegitik unitate koherenteak eratzeko. Hauek zehaztu behar dira irakasgai bakoitzeko: irakasgaiaren izena, ECTS kopurua, oinarrizko izaera, hau da, nahitaezkoa den, aukerakoa, mistoa, praktiketakoa edo Ikasketen Bukaerako Lana, eta denboraren antolaketa, ikaskuntzaren emaitzak eta, horrez gain, Ministerioaren egoitza elektronikoan oroitidazkiak egiaztatzeko den aplikazioan jakinarazten diren beste batzuk.

5. Ikasketa-plan batek jarduera profesional arautuak garatzeko gaitasuna ematen duen titulu bat erdiestera baldin badago bideratua, ministerioaren aginduek edo Europako araudiak horretarako xedatu dutenaren arabera antolatu beharko da plan hori. Graduko tituluak gaitasuna ematen ez badu, baina titulu hori ezinbesteko baldintza bada egiaz gaitzen duen Unibertsitate Masterreko titulu bat eskuratzeko, arlo horretako araudiak xedatzen duena bete beharko da.

7. artikulua. Ikasketen denbora-egitura.

1. 60 ECTS kredituko ikastaroetan egituratuko da ikasketa-plana, eta lehenbiziko ikasturtetik azkenekora sekuentziatuko da titulua definitzen duten kreditu guztiak bete arte.

2. Baliteke diferentea izatea irakaslana ikasturte bakoitzean titulu bikoitzen programa akademikoetan, 90 ECTCSko Unibertsitate Masterren bigarren ikasturteetan, nazioarteko baterako titulu bateratuek edo zehaztu daitezkeen beste batzuk.

3. Ikasketa-planeko irakasgaiak seihilekokoak edo urtekoak izanen dira. Seihilekokoak badira, ikasturtea bi seihilekotan garatuko da: udazkeneko seihilekoan eta udaberriko seihilekoan.

8. artikulua. Irakaskuntza-modalitateak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren tituluak emateko modalitate hauek egonen dira:

a) Modalitate presentziala, irakaskuntzarako jarduera osoa modu presentzialean garatzen bada, irakaslea eta ikasleak elkarrekintzan daudela espazio fisiko berean. Presentziala izanen da, halaber, sinkronoa den jarduera bat modu presentzialean ematen bada ikastegi batean, eta aldi berean modu birtualean beste ikastegi batean.

b) Modalitate hibridoa, irakaskuntzarako jarduerak aldi berean hartzen baditu modalitate presentzialeko irakasgaiak edo jakintzagaiak eta modalitate birtualekoak (ez presentzialak). Modalitate honetarako eskakizuna da tituluaren kreditu karga osoaren %40 eta %60 artekoa izatea kreditu ez presentzialen ehunekoa.

c) Modalitate birtuala, irakaskuntzarako jarduerak irakasleen eta ikasleen presentzia fisikorik eskatzen ez badu unibertsitateak irakaskuntzarako duen espazio berean, eta teknologia digitalen erabilera intentsiboa egiten bada. Modalitate honen eskakizuna da tituluaren kreditu karga osoaren %80koa izatea gutxienez kreditu ez presentzialen ehunekoa.

2. Modalitate presentzialean egiaztatzen diren tituluetan aukera izanen da modalitate birtualeko curriculumeko ibilbideak edo curriculumean sakontzeak sartzeko (aipamen bat gradua bada eta espezialitate bat masterra bada) edo are talde bereizi birtual bat ere.

9. artikulua. Ebaluatzeko eta kalifikatzeko sistemak.

Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio prozesuen araudian dago arautua irakaskuntza ebaluatzeko eta kalifikatzeko sistema.

LEHENBIZIKO ATALA

Graduko ikasketen antolaketa

10. artikulua. Graduko ikasketen antolaketa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko graduko ikasketen plan guztiek araudi hauetan ezarritako prestakuntza osoa edukiko dute: Unibertsitateko irakaskuntzen antolamendua eta irakaskuntzen kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua eta hura garatzen duten xedapenak, eta, hala badagokio, gradu horien bidez garatzen den lanbide arautu bakoitzaren araudia.

2. 240 ECTS kreditu edukiko dituzte graduko titulua erdiesteko ikasketa-planek.

3. Aurreko apartatuan ezarri denetik salbuetsita daude:

a) Legeria espezifikoak arautzen dituen planak eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen arauek arautzen dituztenak, zeinek 300 edo 360 kreditu bitarte izaten baitituzte.

b) Batera ematen diren nazioarteko unibertsitate tituluak.

4. MECES 2.ak duenaren maila baliokidea dute graduko titulu ofizialek. Horrez gain, 300 edo 360 ECTS kreditu dituztenak badira eta kreditu horietatik 60 badira unibertsitateko masterraren prestakuntzarako baldintzak betetzen dituztenak, aukera ematen duten MECES 3.ak duen mailaren baliokidea erdiesteko.

11. artikulua. Oinarrizko prestakuntza.

1. Oinarrizko prestakuntzako tituluaren kreditu karga osoaren %25a gutxienez hartuko dute graduko ikasketetarako planek. Horien erdiak, gutxienez, titulua inskribatzen den jakintza arlo berari lotuak egonen dira, I. eranskinean zehazten denaren arabera.

2. Oinarrizko prestakuntzan gutxienez ere 6 ECTS kreditu dituzten jakintzagaiak edo irakasgaiak emanen dira, eta ikasketa-planaren lehenbiziko erdian eskainiko dira.

12. artikulua. Nahitaezko prestakuntza eta aukerakoa.

1. Ikasketa-planeko gainerako kredituak nahitaezko edo aukerako irakasgaiek osatuko dituzte, prestakuntzarako prozesuan erdiesten diren gaitasunen eta ezagutzen zabaltasuna eta sendotasuna indartzeko.

2. Nahitaezko irakasgaiek 6 ECTS kredituko irakaslana edukiko dute, ez bada, behintzat, arrazoi aski beste irakaslan bat edukitzeko.

3. Aukerako irakasgaiak ikasketa-planaren azkeneko bi ikasturteetan eskainiko dira eta 6 ECTS kredituko irakaslana izanen dute edota 3 ECTS kreditukoa.

4. Ikasturte bakoitzeko programazio akademikoa onesten duen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez ezarriko da urteko aukerakoen eskaintza, espezialitateak barne.

13. artikulua. Aipamenak.

1. Aipamen bat edo batzuk izan ditzake tituluak. Aipamen horiek curriculumean sakontzea ekarriko du edo graduaren prestakuntzarako proiektu orokorra osatzen duen curriculumeko ibilbideren bat. Tituluak dituen ECTSen %20aren baliokidea den karga izanen du gutxienez.

2. Graduko titulu bakoitzeko gehienez egonen diren aipamenen kopurua hau da: aipamen bat 30 sartzeko ikaspostu bakoitzeko edo horren zatiki bakoitzeko. Muga horren salbuespena dira gaitasun profesionalak legez ezarriak dauzkaten tituluak. Hala bada, titulu horiek arautzen dituzten Ministerioaren aginduek ezartzen dutenaren araberakoa izanen da.

3. Aukerako irakasgaitzat hartuko dira ikasle bakoitzak aipamen bat erdiesteko nahitaez matrikulatu behar dituen irakasgaiak.

14. artikulua. Kanpoko curriculumeko praktika akademikoak.

Kanpoko praktika akademikoak barnean hartuko dituzte ahal den guztietan, ikasketa-planek. Praktika horiek ikasketa-planaren bigarren erdian eskainiko dira, eta ez dute tituluaren ECTSen %25etik gorako irakastordurik izanen. Salbuespen dira aipamen duala duten graduak eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen bidez arautzen direnak, beren araudi espezifikoaren bidez arautuko baitira horiek.

15. artikulua. Egonaldiak beste ikastegi batzuetan.

1. Tituluari lotzen zaizkion Espainiako edo atzerriko unibertsitateren batean egonaldi bat izanen dela ezarriko da, ahal izanez gero, ikasketa-planetan. Goi Mailako Hezkuntzako Unibertsitate Ikastegietan eginen duen egonaldia ikasketak egiteko baliatuko du ikasle bakoitzak, edo, hala badagokio, gradu bukaerako lana egiteko, edota geroago aitortuko zaizkion praktikak egiteko enpresetan eta erakundeetan edo garapenerako lankidetza jarduerak.

2. Ikasketa-planean ere aukera izanen da tituluari lotzen zaizkion nazioarteko mugikortasun birtualeko programen garapena ezartzeko.

16. artikulua. Unibertsitate zabalpeneko jardueren aitorpen akademikoa.

Hautazko kredituetan 6 ECTS gutxienez aitortuko direla ezarriko da ikasketa-planetan, kulturako, kiroletako, ikasleen ordezkaritzako, elkartasunezko eta lankidetzazko jardueretan parte hartzeagatik Unibertsitatean edota Unibertsitateak antolatzen dituen irakaskuntzarako jardueretan. Aitorpen hori ez da inoiz izanen ikasketa-planak dituen kreditu guztien ehuneko hamarra baino gehiagokoa.

17. artikulua. Gradu Bukaerako Lana.

1. Helburu nagusitzat du ikasleek demostratzea nola menderatzen eta aplikatzen dituzten titulua definitzen duten ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak.

2. Nahitaezkoa da, eta 6 ECTSko karga edukiko du gutxienez eta tituluaren ECTS guztien %10ekoa gehienez. Ikasketa-planaren azkeneko fasean garatu behar dira.

3. Jendaurreko ekitaldi batean defendatu behar da Gradu Bukaerako Lana.

18. artikulua. Hizkuntza-eskakizunak.

1. Graduko ikasketa-planetan aukera izanen da sartzeko edo egresatzeko hizkuntza-eskakizunak ezartzeko.

2. Egiaztatzeko oroitidazkian eta nazioarteko programen arauetan edo atzerriko unibertsitateekin egiten diren titulu bateratuen arauetan eta programa bikoitzen arauetan adieraziko da sartzeko edo egresatzeko eskatzen den maila.

3. Gaztelaniaz ematen den Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu batean sartzeko aurreko lerroaldeetan adierazi dena alde batera utzirik, gaztelaniadunak ez diren herrialdeetatik datozen ikasle atzerritarrek egiaztatu egin behar dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila dutela gaztelaniaz. Goragoko mailako akreditazioa eskatzen bada, tituluaren oroitidazkian adieraziko da zein den.

19. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Kasu bakoitzerako indardun diren Gobernu Kontseiluaren arauek eraenduko dituzte curriculumetik kanpoko praktika akademikoak, mugikortasuna, unibertsitate zabalpeneko jardueren aitorpen akademikoa eta gradu bukaerako lanak.

BIGARREN ATALA

Unibertsitate masterreko ikasketen antolaketa

20. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketen antolaketa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko masterreko ikasketen plan guztiek araudi hauetan ezarritako prestakuntza osoa edukiko dute: Unibertsitateko irakaskuntzen antolamendua eta irakaskuntzen kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua eta hura garatzen duten xedapenak, eta, hala badagokio, gradu horien bidez garatzen den lanbide arautu bakoitzaren araudia.

2. 60, 90 edo 120 ECTS kreditu edukiko dituzte unibertsitateko master titulua erdiesteko ikasketa-planek.

3. MECES 3.ak duenaren maila baliokidea dute graduko titulu ofizialek.

21. artikulua. Nahitaezko prestakuntza eta aukerakoa.

1. Unibertsitate masterreko ikasketa-planek nahitaezko irakasgaietan tituluaren kreditu kargaren %50 eduki beharko dute, gutxienez, Master Bukaerako Lana ere barnean hartuz.

2. Ikasketa-planeko gainerako kredituak nahitaezko edo aukerako irakasgaiek osatuko dituzte, prestakuntzarako prozesuan erdiesten diren gaitasunen eta ezagutzen zabaltasuna eta sendotasuna indartzeko.

3. Ikasturte bakoitzeko programazio akademikoa onesten duen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez ezarriko da urteko aukerakoen eskaintza, espezialitateak barne.

22. artikulua. Espezialitateak.

1. Unibertsitateko masterraren tituluak espezialitate bat edo batzuk har ditzake, eta horiek tituluaren prestakuntzarako proiektuarekin bat etortzen den prestakuntza osagarria eta espezifikoa ematen dute gai batzuetarako edo arlo profesional baterako. Tituluak dituen ECTSen %50aren baliokidea den karga izanen du gehienez.

2. Masterreko titulu bakoitzeko gehienez egonen diren espezialitateen kopurua hau da: aipamen bat 15 sartzeko ikaspostu bakoitzeko edo horren zatiki bakoitzeko. Muga horren salbuespena dira gaitasun profesionalak legez ezarriak dauzkaten tituluak. Hala bada, titulu horiek arautzen dituzten Ministerioaren aginduek ezartzen dutenaren araberakoa izanen da.

3. Aukerako irakasgaitzat hartuko dira ikasle bakoitzak aipamen bat erdiesteko nahitaez matrikulatu behar dituen irakasgaiak.

23. artikulua. Kanpoko curriculumeko praktika akademikoak.

Kanpoko praktika akademikoak izanen direla ezarriko da, ahal izanez gero, ikasketa-planetan. Praktika horiek ez dute izanen tituluaren ECTS guztien herena baino handiagoko irakaslana. Salbuespen dira Dual aipamena duten unibertsitateko masterrak.

24. artikulua. Egonaldiak beste ikastegi batzuetan.

1. Tituluari lotzen zaizkion Espainiako edo atzerriko unibertsitateren batean egonaldi bat izanen dela ezarriko da, ahal izanez gero, ikasketa-planetan. Goi Mailako Hezkuntzako Unibertsitate Ikastegietan eginen duen egonaldia ikasketak egiteko baliatuko du ikasle bakoitzak, edo, hala badagokio, gradu bukaerako lana egiteko, edota geroago aitortuko zaizkion praktikak egiteko enpresetan eta erakundeetan edo garapenerako lankidetza jarduerak.

2. Ikasketa-planean ere aukera izanen da tituluari lotzen zaizkion nazioarteko mugikortasun birtualeko programen garapena ezartzeko.

25. artikulua. Master Bukaerako Lana.

1. Lan horren bidez egiaztatzen da ikasle bakoitzak noraino bereganatu dituen titulua erdiesteko ezinbestez frogatu behar dituen ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak.

2. Nahitaezkoa da, eta 6 ECTSko karga edukiko du gutxienez eta 30 ECTSkoa gehienez. Jendaurrean defendatuko da ikasketa-planaren azkeneko fasean. Unibertsitateko ikerketarako diren masterretan, lanak gutxienez 12 ECTS iraunen du.

26. artikulua. Hizkuntza-eskakizunak.

1. Masterreko ikasketa-planetan aukera izanen da sartzeko edo egresatzeko hizkuntza-eskakizunak ezartzeko.

2. Egiaztatzeko oroitidazkian eta nazioarteko programen arauetan edo atzerriko unibertsitateekin egiten diren titulu bateratuen arauetan eta programa bikoitzen arauetan adieraziko da sartzeko edo egresatzeko eskatzen den maila.

3. Gaztelaniaz ematen den Nafarroako Unibertsitate Publikoko master batean sartzeko aurreko paragrafoetan adierazi dena alde batera utzirik, gaztelaniadunak ez diren herrialdeetatik datozen ikasle atzerritarrek egiaztatu egin behar dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila dutela gaztelaniaz. Goragoko mailako akreditazioa eskatzen bada, tituluaren oroitidazkian adieraziko da zein den.

27. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Kasu bakoitzerako indardun diren Gobernu Kontseiluaren arauek eraenduko dituzte curriculumetik kanpoko praktika akademikoak, mugikortasuna, eta master bukaerako lanak.

28. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketetara sarbidea emanen duten tituluak.

1. Titulua egiaztatzeko oroitidazkian zehaztuko dira unibertsitateko masterrean sartzeko titulua edo tituluak.

2. Jarduera profesional arautu batean aritzeko gaitzen duten unibertsitate masterreko titulu ofizialak badira, dagokien Ministerioaren aginduek ezarriko dute zein den edo diren sartzeko titulua edo tituluak.

3. Unibertsitateko masterrean sartzeko baldintza bada prestakuntza eskakizun jakin batzuk aurretik gainditzea, titulua egiaztatzeko oroitidazkian zehaztu beharko da zein diren. Aldez aurretiko prestakuntza eskakizun horiek ez dira masterraren parte izanen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko jakintzagai edo irakasgai batzuk osatuko dituzte.

29. artikulua. Prestakuntzaren osagarriak unibertsitate masterreko ikasketetan.

1. Unibertsitateko masterreko tituluetan prestakuntzarako osagarriak ezartzeko aukera izanen da, eta osagarri horiek ECTS kreditu gisa definituko dira titulua egiaztatzeko oroitidazkian. Unibertsitateko masterrarekin zuzenean erlazionatzen ez diren tituluetatik datozenei aukera emanen diete beharrezkotzat jotzen diren gaitasunak erdiesteko eta halatan masterra gainditzeko bermeekin egin ahal izateko.

2. Prestakuntzaren osagarri horiek ez dute gaindituko dagokion unibertsitateko masterraren irakaslanaren %20a.

HIRUGARREN ATALA

Curriculumeko beste egitura batzuk

30. artikulua. Curriculumeko egitura espezifikoak.

1. Bere autonomia erabiliz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurreko ataletan adierazitakoez bestelako curriculumeko egitura espezifikoak ezarri ahal izanen ditu.

2. Tituluaren Europako Gehigarrian ikusiko da egitura horien erreferentzia.

3. Besteak beste Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere sustatuko du egitura hauek sor edo ezar daitezen:

a) Nazioarteko programak.

b) Aipamen duala.

c) Titulu bikoitzen programa akademikoak.

d) Ondoz ondoko ibilbideak dituzten programa akademikoak.

e) Bide akademiko irekia duen gradua.

f) Irakaskuntzarako berrikuntzak dituzten estrategia metodologikoak.

31. artikulua. Nazioarteko programak.

1. Ikasleen nazioarteko profila sustatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lagunduko du emanen dituen titulu ofizialen nazioarteko programak ezar daitezen.

2. Nazioarteko programa horiek, zein tituluren mende dauden, titulu horren programazio berdin-berdinekoak izanen direnak betiere, atzerriko hizkuntza batean eskainiko dute beren kredituen %50a gutxienez ere.

3. Titulua egiaztatzeko oroitidazkian hauek egon behar dute: irakasgaiak zein hizkuntzatan emanen diren, irakasleen hizkuntza profilak eta programa horietara sartzeko irizpide espezifikoak.

4. Gobernu Kontseiluak arautuko du, araudi espezifiko baten bidez, zein diren programek bete behar dituzten oinarrizko irizpideak.

32. artikulua. Aipamen duala.

1. Graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialek baliteke aipamen duala edukitzea. Aipamen horrek prestakuntzarako proiektu komun bat ekartzen du berekin, unibertsitatean eta erakunde laguntzaile batean modu osagarrian garatzeko. Unibertsitateak ikuskatuko eta zuzenduko du proiektu hori, eta helburutzat dauka ikasleak behar bezala gaitzea beren prestakuntza osoa eta enplegagarritasuna hobetzeko.

2. Erakunde laguntzailean garatzeko kredituen ehunekoak hauek izanen dira: graduko titulua bada, kreditu karga osoaren %20aren eta %40aren artekoa, eta unibertsitateko masterra bada, %25aren eta %50aren artekoa. Ikasketen Bukaerako Lanean adieraziko da ehuneko hori.

3. Unibertsitateak eta erakunde laguntzaileak lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu behar dute aldez aurretik, prestakuntzarako proiektua eta hitzarmen hori sinatzen duten partedunen betebeharrak zehazteko.

4. Aipamen duala titulua egiaztatzeko oroitidazkian aipatuko da.

5. Gobernu Kontseiluak arautuko du, araudi espezifiko baten bidez, zein diren programek bete behar dituzten oinarrizko irizpideak.

33. artikulua. Titulu bikoitzen programa akademikoak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatuko eta eskainiko ditu bide espezifikoa duten graduko edo unibertsitate masterreko titulu bikoitzen programa akademikoak. Programa horiek aldi berean edo elkarren segidan egin ahal izanen dira, eta, amaitzean, programa bakoitza osatzen duten bi tituluak erdietsiko ditu ikasleak, bi titulu horien arteko kredituen aitorpen akademikorako sistema baten bidez.

2. Titulu bikoitzeko programa akademikoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskaintzaren barnean edo, bestela, Espainiako edo nazioarteko beste unibertsitate batzuetako tituluekin antolatuko dira.

3. Programa horiek antolatzeko, nolabaiteko analogia izan beharko da bi tituluen edukien artean, eta horrekin batera handitu eginen da aitortzeko moduko kredituen kopurua, eta osagarriagoak izanen dira ikasleek bereganatuko dituzten ezagutzak eta trebetasunak. Handiagoak izanen dira horrela prestakuntzaren sinergiak hezkuntzaren eta lanbidearen ikuspegitik.

4. Gobernu Kontseiluak ezarriko du titulu bikoitzetarako programa akademikoak arautuko dituen araudia. Nolanahi ere, alderdi hauek edukiko ditu:

a) Zuzendaritza antolamenduaren osaera eta funtzioak.

b) Programaren eta ikasketa-planaren prestakuntza proiektua.

c) Sartzeko eta matrikula egiteko eskakizunak eta irizpideak.

d) Programan dauden tituluetako irakasgaien aitorpena egiteko plana.

5. Titulu bikoitzen programa akademiko bat ezartzeko, programak hartzen duen ikastegiaren edo hartzen dituen ikastegien Kalitatea Bermatzeko Barneko Sistemaren aginduzko eta aldeko txostena behar da.

34. artikulua. Ondoz ondoko ibilbideak dituzten programa akademikoak.

1. Graduko titulu bat eta ingeniaritzarako eta arkitekturarako espezializazio profesionalera bideratzeko unibertsitate masterreko titulu bat lotzen dituen ondoz ondoko ibilbideak dituzten programa akademikoak eskaini ahal izanen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

2. Programa horren bidez aukera ematen zaio unibertsitateko master lotetsian sartzeko eta matrikula egiteko GBLa eta irakasgai bat edo batzuk gainditzeko dituen ikasleari, baldin eta GBL horrek eta irakasgai horrek edo horiek batera 30 ECTS kreditu gainditzen ez badituzte.

3. Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak aldeko txostena eman behar dio ondoz ondoko ibilbideak dituen programa akademiko bakoitzerako proposatu den antolamendu akademikoari. Programa akademiko horien eskaintzak ez du ezein kasutan ekarriko beste inskripzio bat Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan.

4. Hauek eduki behar ditu gutxienez ondoz ondoko ibilbideak dituen programa akademiko bakoitzak:

a) Programaren diseinua.

b) Ikasleek sartzeko dituzten profil ezberdinetan onartuak izateko prozedura eta irizpideak.

c) Ondoz ondoko ibilbideak dituen programa akademikoaren parte den unibertsitate masterrean matrikula egiteko behar diren eta ikasleak gainditu gabe dauzkan jakintzagaien eta/edo irakasgaien identifikazioa eta justifikazioa.

d) Gradu Bukaerako Lanak eta Master Bukaerako Lanak artikuluetan antolatzeko mekanismoa.

5. Gobernu Kontseiluak onetsiko du honako hauek edukiko dituen ondoz ondoko ibilbideak dituzten programa akademikoei buruzko araudia: erregulazioa, programa horiei lotzen zaizkien unibertsitate masterreko ikasketetara sartzeko irizpideak eta graduko eta unibertsitate masterreko titulu inplikatuak emateko baldintzak.

35. artikulua. Bide akademiko irekia duen gradua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bide akademiko irekia duten graduko irakaskuntzetarako programak eskaini ahal izanen ditu graduko bi titulu ofizialen edo titulu gehiagoren irakasgaiak egiteko. Ikasleen hasierako prestakuntza malgutzeko helburuarekin eginen du hori, baldin eta irakasgaiak jakintza arlo berekoak badira edo kideko jakintza arlokoak.

2. Bide akademiko ireki bakoitzak 60-120 kredituko karga izanen du 240 kreditu dituzten graduko tituluetarako, eta graduaren aurreneko bi ikasturteetan egin behar dira.

3. Ibilbide akademiko irekia amaitzean, ikasleak programan sartutako graduko unibertsitate-titulu ofizialetako batean jarraituko ditu ikasketak. Graduko ikasketak bukatzean, ikasleak aukera izanen du «bide akademiko irekia duen programa bateko graduko unibertsitate titulu ofiziala» aipamena eskatzeko.

4. Bide akademiko irekia duen programa akademiko bat ezartzeko, programak hartzen duen ikastegiaren edo hartzen dituen ikastegien Kalitatea Bermatzeko Barneko Sistemaren aginduzko eta aldeko txostena behar da. ANECAri, Unibertsitateen Kontseiluari eta autonomia erkidegoari aditzera emanen zaie gainera.

5. Horrelako aipamenak arautzen dituen araudi espezifikoa onetsi beharko du Gobernu Kontseiluak.

36. artikulua. Irakaskuntzarako berrikuntzak dituzten estrategia metodologikoak.

1. Graduko eta Unibertsitate Masterreko ikasketa-planek irakaskuntzarako berrikuntzako estrategia metodologiko espezifikoak eta bereiziak garatuko dituzte, titulua osorik har dezaten, eta tituluaren ikasketa-planaren oroitidazkian ikusiko dira.

2. Estrategia horiek honelakoak izan daitezke: ikasgela alderantzikatuaren bidezko irakaskuntza, proiektuetan edo kasu praktikoetan oinarritutako ikaskuntza, lankidetzazko eta kooperaziozko lanaren garapena, arazoak konpontzeko gaitasunean oinarritutako ikaskuntza, eta unibertsitateak edo ikastegiak bultzatzen dituen beste ekimen batzuk.

3. Titulua egiaztatzeko oroitidazkian ikusi behar dira irakaskuntzarako berrikuntzak dituzten estrategia metodologiko horiek.

BIGARREN KAPITULUA

Tituluak egiaztatzeko oroitidazkiak prestatzea eta aldatzea

LEHENBIZIKO ATALA

Titulu baten oroitidazkia prestatzeko eta egiaztatzeko prozedura

37. artikulua. Oroitidazkien edukia.

1. Unibertsitateko graduko eta unibertsitateko masterreko tituluak egiaztatzeko oroitidazkiek beren edukia 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren II. Eranskinean ezartzen denari egokitu behar dute. Dekretu horrek unibertsitateko ikasketen antolamendua ezartzen du eta ikasketa horien kalitatea bermatzeko prozedura.

2. Hauek eduki beharko dituzte bereziki:

a) tituluaren deskripzioa, prestakuntzarako helburua eta justifikazioa.

b) prestakuntzarako eta ikaskuntzarako prozesuaren emaitzak.

c) onartua izateko baldintzak, kredituen aitorpena eta mugikortasuna.

d) Ikasketen planifikazioa, arau hauen Lehenbiziko Kapituluan ezartzen diren jarraibideen arabera.

e) irakasleak eta irakaskuntzari laguntzeko langileak.

f) ikasteko baliabideak, materialak direnak eta azpiegituretakoak, praktikak eta zerbitzuak.

g) ezartzeko egutegia.

h) Kalitatea Bermatzeko Barneko Sistema.

38. artikulua. Beste titulu bat ezartzeko proposamenaren eskaera.

1. Beste titulu baten oroitidazkia prestatzeko prozedura hasi baino lehenago, ikastetxeak irakaskuntza gaietarako eskumenak dituen errektoretzari eskatuko dio baimena eman diezaion titulua ezartzeko tramiteekin hasteko, II. Eranskineko ereduari jarraikiz.

2. Eskaera horrek alderdi hauek hartu behar ditu:

a) Tituluaren deskripzioa eta oinarrizko datuak.

b) Interes akademikoa, zientifikoa eta profesionala.

c) Helburuak, tituluaren eskari soziala eta edukiak (Nafarroan edo erkidego mugakideetan ematen diren kideko irakasgaien zerrenda).

d) Tituludunak laneratzeko aurreikuspena.

e) Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera ematen diren tituluak badira, konpromisoa eskatuko zaie titulua emateko lanean parte hartuko dutela.

3. Urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehenago bidaliko zaio eskaera irakaskuntza gaietan eskumenak dituen errektoreordetzari, eta, aurreko paragrafoan ezarriak dauden edukiak badauzkala egiaztatu ondoren, Unibertsitateko Ikasketen Batzordeari helaraziko zaio erabaki dezan.

4. Ikasketen Batzordeak egiaztatuko ditu Nafarroako Gobernuak titulua ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz eskatzen dituen alderdiak eta, halaber, nola egokitzen zaion proposamena Unibertsitatearen ildo programatiko eta estrategikoetara.

5. Nafarroako Gobernura bidali baino lehenago Gobernu Kontseiluari emanen zaio beste titulu bat ezartzeko proposamenaren berri.

39. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen txostena.

Gobernu Kontseiluaren proposamen arrazoitua Nafarroako Gobernuari bidaliko dio irakaskuntza gaietan eskumenak dituen errektoreordetzak, unibertsitateen gaietan eskuduna den organoak 822/2021 Errege Dekretuaren 26.3 artikuluan ezartzen den bere arauzko txostena eman dezan titulua ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz.

40 artikulua. Egiaztatzeko oroitidazkia prestatzeko lantaldea.

1. Irakaskuntza gaietan eskumenak dituen errektoreordetzak izendatuko ditu titulu berriaren ikasketa-plana egiaztatzeko oroitidazkia eginen duten lantaldeko kideak, eta lan egutegia ezarriko du.

2. Irakaskuntza gaietan eskumena duen errektoreordeak onetsiko du lantaldearen osaera. Edonola ere, hauek egonen dira lantaldean:

–Irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordea, edo berak eskuordetzen duena.

–Titulua zein ikastegitara adskribatu behar den, ikastegi horretako dekanoa edo zuzendaria edo berak eskuordetzen duena.

–Graduko titulua bada, prestatu beharreko graduarekin zerikusia izan dezaketen arloetako 4-6 irakasle edo ikertzaile. Sail eta arlo bakoitzeko irakasle edo ikertzaile bat egonen da, gehienez ere, ikastegiek proposaturik eta sailei entzun eta gero.

–Unibertsitateko masterra bada, tituluaren eremuaren kidekoak diren arloetako 4-6 irakasle edo ikertzaile gehienez ere, ikastegiek proposaturik eta sailei entzun eta gero.

–Graduko, Unibertsitateko Masterreko edo Doktoretzako bi ikasle, ikasten ari direnak edo kideko titulu bat dutenak.

–Proposatzen den titulazioaren eremuko kanpoko 2-4 profesional. Horietatik, bat gutxienez Gizarte Kontseiluak proposatuko du, eta beste bat Nafarroako Gobernuan Unibertsitateen gaietan eskumena duen departamentuak; gainerakoak, behar denean, ikastegiak berak proposatuko ditu.

–Kalitateko teknikari bat.

3. Ikerketarako masterrak badira, eta proposamena Unibertsitatearen ikerketarako institutu batek egiten badu, hau izanen da lantaldearen osaera:

–Irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordea, edo berak eskuordetzen duena.

–Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

–Ikerketa Institutuko 4 irakasle edo ikertzaile.

–Ikerketa Institutuari adskribatuak dauden doktoretzako bi ikasle.

–Kalitateko teknikari bat.

4. Lerrun handieneko kargua duena izanen da taldeko burua.

5. Titulu berriak diseinatzeko lantaldeetan irakasleek eta ikertzaileek modu aktiboan parte hartzen badute, dagokien aitorpen akademikoa izanen dute, baldin eta kudeaketarako kargurik ez badute. Lantaldeko kideak izendatzeko ebazpenean ezarriko da aitortza akademikoa eta bere iraupena. Graduko ikasleei unibertsitate hedapeneko kredituak emanez aitortuko zaie parte hartu izana, eta gehienez ere 2 ECTS kreditu emanen zaizkie.

6. Izendatzen dituzten unetik beretik eginen dituzte beren funtzioak lantaldeko kideek, eta tituluaren egiaztapena bukatu arte.

41. artikulua. Beste titulu bat ezartzeko proposamena prestatzeko modua.

1. Arau hauen 37. artikuluan ezartzen den edukiari jarraikiz eginen du lantaldeak tituluaren oroitidazkia.

2. Master bereki bat ordezkatzen duen eta iraungitzen duen unibertsitateko master baterako proposamena bada, master bereki horren zuzendaritza akademikoak prestatuko du oroitidazkiaren memoria.

3. Memoriak prestatzeko ANECAk eta Unibertsitateak berak ematen dituen laguntzarako gidak hartuko dira kontuan.

4. Prozesua gardena izanen da beti; Ikastegiko Batzordeari egiten diren lanen berri eta ematen diren urratsen berri eman beharko zaio aldian-aldian eta batzorde horri entzutea emanen zaio eskatzen duen guztietan.

5. Oroitidazkiaren proposamena bukatu eta gero, irakaskuntza gaietan eskumenak dituen errektoreordetzara bidaliko da, eta horren ondoren 10 egun baliodunen epea irekiko da jendaurrean jartzeko Unibertsitateko webgunean.

6. Epe horretan Unibertsitateko komunitateko edozein kidek du zilegi egokitzat dituen alegazioak aurkeztea.

7. Aurkezten diren alegazioak lantaldeak edo, hala behar denean, zuzendaritza akademikoak kudeatuko ditu. Ebatzi eta gero, tituluaz arduratzen den ikastegiari bidaliko zaio oroitidazki hori.

8. Ikastegiko Batzordeak egiaztatuko du lantaldeak aurkezten duen oroitidazki proposamena eta irakaskuntza gaietan eskumenak dituen errektoreordetzara bidaliko zaio.

9. Ikasketen Batzordeari aurkeztuko zaio proposamen hori bere iritzia eman dezan, Gobernu Kontseiluari onesteko aurkeztu baino lehenago.

42. artikulua. Gobernu Kontseiluaren onespena eta bidalketa Unibertsitateen Kontseilura.

1. Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du oroitidazki proposamena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 6.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2. Onesten duen oroitidazkia Unibertsitateen Kontseiluari bidaliko zaio, kontseilu horrek egiazta dezan, eta horrekin batera bidaliko zaio titulua ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz Nafarroako Foru Komunitatearen txostena, 39. artikuluan aurreikusten dena.

3. Egiaztatzeko prozesua Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-planaren egiaztapenari buruz emanen duen ebazpenaren jakinarazpenarekin amaituko da. Unibertsitateak eskaera bidaltzen duenetik sei hilabete igaro baino lehenago egin beharko da jakinarazpen hori. Egiaztapen instituzionala duten ikastegietan proposatzen diren tituluak badira, epe hori ez da izanen lau hilabetetik gorakoa.

BIGARREN ATALA

Titulu baten oroitidazkia prestatzeko eta egiaztatzeko prozedura

43. artikulua. Aldaketaren edukia.

1. Aldatzeko eskaerek erlazioa izanen dute eta lerrokatuak egonen dira Kalitatea Bermatzeko Barneko Sistemako eta titulu ofizialen akreditazioa berritzeko sistemako prozesuen emaitzekin, gomendagarria izan baitaiteke aldaketak egitea horien kalitatea, eskari soziala edo enplegagarritasuna hobetzera bideratzeko.

2. Ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Batzordeak, bere eskumenen esparruan, egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatuko ditu, bere adskripzioko titulu ofizialetako oroitidazki egiaztatuen edozein alderdiri dagokionez.

3. Proposatzen dituen aldaketak antolatzeko kontuan hartuko da funtsezkoak diren edo ez aldatu beharreko alderdiak, eta, gainera, modu instituzionalean egiaztatua dagoen tituluaren adskripzioa. Alderdi horiek baldintzatuko dute geroko tramitazioa.

44. artikulua. Aldaketaren prozedura.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko edozein titulu aldatzeko prozedura hasi baino lehenago, tituluaz arduratzen den ikastegiak, III. eranskinean den inprimakiaren bidez, irakaskuntzako gaietan eskumenak dauzkan errektoreordetzari baimena eskatuko dio horretarako, eta egin behar dituen aldaketak zein diren adieraziko dio.

45. artikulua. Funtsezko aldaketak.

1. Funtsezko aldaketak dira tituluaren izaerari, helburuei eta ezaugarriei eragiten dietenak, eta bereziki ANECAk bere ebaluazio protokoloetan ezartzen dituenak.

2. Unibertsitateen Kontseiluari eskatuko zaizkio aldaketa horiek eta ANECAren ebaluazio txosten bat beharko du, hau da, kapitulu honen lehenbiziko sekzioan arautzen den egiaztatzeko prozeduraren analogoa izanen da.

3. Tituluaren ikasketa-planaren egiturari nabarmen eragiten dioten aldaketak direnean, ikastegiak ex profeso sortuko duen lantaldeak kudeatu beharko ditu. Lantaldearen osaerak garatu egin beharko du 40.2 artikuluan adierazten diren eragile guztien parte hartzea.

4. Aldaketa egiteko proposamenak, hala badagokio, aldaketa hori ezartzeko egutegi bat eduki beharko du, eta jendaurrean jarriko da aldatu beharreko tituluan inplikatuak dauden eragileen artean, gutxienez 10 egun balioduneko epean. Epe horretan zilegi da alegazioak aurkeztea.

5. Ikastegiko Batzordeak egiaztatu egin beharko du aldatu den oroitidazkiaren proposamena eta irakaskuntza gaietan eskumenak dauzkan errektoreordetzari, zeinak Ikastegiko Batzordeari bidaliko baitio bere iritzia eman dezan.

6. Proposatzen diren aldaketak Gobernu Kontseiluak onetsi beharko ditu, eta gero Unibertsitateen Kontseiluari bidaliko zaizkio eta Gobernu Kontseiluari eta Nafarroako Gobernuari haien berri emanen zaio.

7. Ikasketa-planak modu instituzionalean akreditatuak dauden ikastegietan ematen badira, proposamenarekin batera, funtsezko aldaketaren egokitzapen akademikoari eta araudiari buruzko txosten arrazoitua aurkeztuko da eta Kalitatea Bermatzeko Batzordeak eginen du txosten hori. Txostena ANECAra bidaliko da, aldatzeko eskaerarekin batera, berak iritzia eman dezan.

46. artikulua. Funtsezkoak ez diren aldaketak.

1. Funtsezkoak ez diren aldaketak dira tituluaren izaeran, helburuetan eta oinarrizko ezaugarrietan aldaketarik ekartzen ez dutenak.

2. Aldaketa horiek ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Batzordeak eztabaidatuko eta adostuko ditu eta tituluaren urteko Hobekuntzarako Planean jasoko dira. Batzordeak egin beharko du proposatu diren funtsezkoak ez diren aldaketen aldeko txostena.

3. Proposatu diren aldaketak Ikasketen Batzordeari emanen zaizkio bere iritzia eman dezan.

4. Modu instituzionalean akreditatuak ez dauden ikastegietan ematen badira ikasketa-planak, aldaketak Gobernu Kontseiluak onetsi beharko ditu eta ANECAri bidaliko zaizkio onets ditzan.

5. Modu instituzionalean akreditatuak dauden ikastegietan ematen badira ikasketa-planak, aginduzkoa eta loteslea izanen da ikastegiaren Kalitatea Bermatzeko Batzordeak eginen duen aldeko txostena, eta ez da beharrezkoa izanen aldaketak ANECAri bidaltzea.

6. Aldaketetarako baimena izan ondoren, bi kasuetan, ikastegiak oroitidazkian sartuko ditu Unibertsitateen Ministerioak duen aplikazioaren bidez.

7. Unibertsitateak, bere arauetan erabakitzen denari jarraikiz, ANECAri, Gizarte Kontseiluari eta Nafarroako Gobernuari jakinaraziko die memoria aldatua.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Xedapen hau garatzeko gaikuntza.

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari baimena ematen zaio araudi hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki horiek Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duten tituluak.

Espainian araututako lanbide jardueretarako gaitzen duten tituluak direnean, araudi hau aplikatuko da baldin eta bateragarria bada Gobernuak ezarritako baldintzekin, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera (errege dekretu horren bidez ezartzen dira unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura).

Hirugarren xedapen gehigarria.–Hizkuntza gaitasuna atzerriko hizkuntzan.

Atzerriko hizkuntza bateko hizkuntza-gaitasuna, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 mailaren baliokidea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko edozein titulaziotan graduatzeko beharrezkoa dena, ez da eskatuko 2022-2023 ikasturtetik aurrera. Ez dute akreditatu behar, horrenbestez, 2022ko urriaren 1etik aurrera graduatzen direnek.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2017ko martxoaren 27an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialak diseinatzeko jarraibide orokorrak onesten dituena.

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 29an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulu ofizialen oroitidazkiak prestatzeko eta aldatzeko prozeduraren arauak onesten dituena (2021eko ekainaren 4ko erabakiaren bidez aldatu zen erabaki hori).

Indarrik gabe gelditzen da Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan hizkuntza-gaikuntzarako arauak onesten dituena (erabaki hori aldatu zuten 2015eko martxoaren 27ko erabakiak eta 2019ko maiatzaren 24ko erabakiak).

Indarrik gabe gelditzen dira erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Eskumenen titulua.

Araudi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)–.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Araudi honek 2022-2023 ikasturtean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Jakintza arloak multzoetan bilduak, jakintza adarraren eta multzo horien oinarrizko jakintzagaien arabera

JAKINTZA ARLOAK

JAKINTZA ADARRAK

OINARRIZKO JAKINTZAGAIAK

–Biologia eta genetika

ZIENTZIAK

Biologia, Biokimika, Estatistika, Fisika, Geologia, Matematika, Kimika

–Biokimika eta bioteknologia

–Nekazaritza Zientziak eta Elikagaien Teknologiak

–Lurraren Zientziak

–Ingurumen Zientziak eta Ekologia

–Fisika eta Astronomia

–Matematika eta Estatistika

–Kimika

–Diziplinartekoa

–Jarduera fisikoa eta kirolaren zientziak

OSASUN ZIENTZIAK

Animalien anatomia, Giza anatomia, Biologia, Biokimika, Estatistika, Fisika, Fisiologia, Psikologia

–Zientzia biomedikoak

–Portaeraren Zientziak eta Psikologia

–Erizaintza

–Farmazia

–Fisioterapia, Podologia, Nutrizioa eta Dietetika, Okupazio terapia, Optika eta Optometria eta Logopedia

–Medikuntza eta Odontologia

–Albaitaritza

–Diziplinartekoa

–Hezkuntzaren Zientziak

GIZARTE ZIENTZIAK ETA ZIENTZIA JURIDIKOAK

Antropologia, Politika Zientzia, Komunikazioa, Zuzenbidea, Ekonomia, Hezkuntza, Enpresa, Estatistika, Geografia, Historia, Psikologia, Soziologia

–Ekonomia Zientziak, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Marketina, Merkataritza, Kontabilitatea eta Turismoa.

–Gizarte Zientziak, Gizarte Lana, Lan harremanak eta Giza baliabideak, Soziologia, Zientzia politikoa eta nazioarteko harremanak

–Zuzenbidea eta espezialitate juridikoak

–Genero ikasketak eta ikasketa feministak

–Kazetaritza, Komunikazioa, Publizitatea eta Harreman publikoak

–Diziplinartekoa

–Filologia, Ikasketa klasikoak, Itzulpengintza eta Hizkuntzalaritza

ARTEAK ETA GIZA ZIENTZIAK

Antropologia, Artea, Etika, Adierazpen Artistikoa, Filosofia, Geografia, Historia, Hizkuntza Modernoa, Hizkuntza, Hizkuntza Klasikoa, Hizkuntzalaritza, Literatura, Soziologia

–Artearen eta Adierazpen Artistikoaren Historia eta Arte Ederrak

–Historia, Arkeologia, Geografia, Filosofia eta Giza Zientziak

–Kultura-industriak: Diseinua, Animazioa, Zinematografia eta Ikus-entzunezko Ekoizpena

–Diziplinartekoa

–Arkitektura, Eraikuntza, Etxegintza eta Hirigintza eta Ingeniaritza Zibila

INGENIARITZAK ETA ARKITEKTURA

Enpresa, Adierazpen Grafikoa, Fisika, Informatika, Matematika, Kimika

–Ingeniaritza elektrikoa, Ingeniaritza elektrikoa eta Telekomunikazioaren Ingeniaritza

–Industria ingeniaritza, Ingeniaritza mekanikoa, Ingeniaritza mekanikoa, Industria antolamenduaren ingeniaritza eta Nabigazioaren ingeniaritza

–Ingeniaritza informatikoa eta Sistemen ingeniaritza

–Ingeniaritza kimikoa, Materialen ingeniaritza eta Natura ingurunearen ingeniaritza

–Diziplinartekoa

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. Eranskina.–Beste titulu ofizial bat eskatzeko eredua.

III. Eranskina.–Aldaketa eskatzeko eredua.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208519