121. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1099/2022 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak ezartzeko eta iraungitzeko prozeduren arauak onesten dituena”, Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 7an hartua.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2022ko ekainaren 7an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak ezartzeko eta iraungitzeko prozeduren arauak onesten dira.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO TITULU OFIZIALAK ETA IKASKETA-PLANAK EZARTZEKO ETA IRAUNGITZEKO PROZEDUREN ARAUAK ONESTEKOA

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) unibertsitateko ikasketen eta tituluen egitura berria ezarri zuen. Haren VI. tituluak, ikasketa eta tituluei buruzkoak, arautzen du zer prozedura, jarraibide eta baldintza bete behar dituzten unibertsitateetan emandako ikasketek unibertsitateko titulu ofizialak lortzeko aukera eman dezaten.

Lege hori garatzeko, Unibertsitate Publikoaren Estatutuek ezarri zuten zein izanen ziren ikasketen arloan eskumenak dituzten organoak, eta, bereziki, adierazi zuten Unibertsitateko Gobernu Kontseilua izanen dela unibertsitateko titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko eta kentzeko organo eskuduna.

Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak unibertsitateko ikasketen antolamendu berria deskribatzen du, eta unibertsitateek unibertsitateko titulu ofizialak ezarri eta iraungitzeko segitu beharreko jarraibideak ematen ditu.

Ikasketak ezarri eta iraungitzeko baimena ematea, azkenik, Nafarroako Gobernuari dagokio, Nafarroako Gobernua baita unibertsitateko ikasketa ofizialak ezarri, aldatu eta kentzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta haien akreditazioa berritzekoak ere.

Aurreko arauketa guztia garatze aldera, arau hau ematen da oinarrizko hiru helbururekin: Nafarroako Unibertsitate Publikoan tituluak ezartzeko eta iraungitzeko prozesuak egokitzeko jarraibideak ezartzea; ikasketa-plan bat iraungitzeko prozesua arautzea, plan hori hasi duten ikasleen eta hura ematen duten irakasleen eskubideak bermatuz; eta, hala badagokio, ikasleen espediente akademikoak iraungitzen den ikasketa-planetik hura ordezten duen ikasketa-planera egokitzeko prozedurak ezartzea. Tituluak ezartzeko edo iraungitzeko prozesuei buruzko erregulazioa sakabanatuta dago gure araudian, eta eguneratu eta bateratu beharra dago, informazio hori eskuratzea eta erabiltzea errazagoa izan dadin unibertsitateko komunitatearentzat.

Atariko kapituluan, arauaren xedea eta aplikazio eremua deskribatzen dira.

Lehenbiziko kapituluan, titulu ofizialak ezartzeko prozesua deskribatzen da. Era berean, prozesu horren faseak ezartzen dira, hasiera proposamenetik organo eskudunek onesten duten arte.

Bigarren kapituluan, graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak iraungitzeko prozesua arautzen da.

Hirugarren kapituluan, ikasketa-planak iraungitzeko prozesua arautzen da, bai eta horiek ordezten ahal dituzten planak ezartzekoa ere, betiere ikasle eta irakasleei argi utziz nolako baldintzetan gauzatuko den iraungitze bidean dagoen planaren irakaskuntza eta nola ebaluatuko den.

Ikasketa-plan bat beste batek ordezten duen iraungitze kasuetarako, laugarren kapituluan arautzen da ikasleei titulua ikasketa-plan berrian amaitzeko aukera ematen dien egokitzapen prozesua.

Azkenik, bosgarren kapituluan Ikasketa Batzordearen osaera eta eginkizunak zehazten dira. Batzorde hori Unibertsitatearen aholkularitza-organoa da ikasketen arloan.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)–; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Erabakia hartu aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aztertu du araua, eta Zerbitzu Juridikoak haren aldeko txostena eman du.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2022ko ekainaren 7an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak ezartzeko eta iraungitzeko prozeduren arauak, zeinak erabaki honen eranskinean ageri baitira.

Bigarrena.–Erabaki hau Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari helaraztea. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Agindua ematea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Laugarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.”

Iruñean, 2022ko ekainaren 7an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak ezartzeko eta iraungitzeko prozeduren arautegia

ZIOEN AZALPENA.

ATARIKO KAPITULUA.–Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. artikulua. Arautegiaren xedea.

2. artikulua Aplikazio eremua.

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–Graduko eta unibertsitate masterreko tituluen ezarpena.

3. artikulua. Titulu ofizial berri bat proposatzea.

4. artikulua. Titulu berri bat ezartzeko proposamena onestea.

5. artikulua. Tituluaren ezarpena baimentzea eta haren ofizialtasuna xedatzea.

6. artikulua. Titulua ezartzea, irakasten hastea eta ikasketa-plana argitaratzea.

BIGARREN KAPITULUA.–Graduko eta unibertsitate masterreko tituluak iraungitzea.

7. artikulua Titulu ofizialak iraungitzeko arrazoiak.

8. artikulua Titulu ofizialak iraungitzeko prozedura.

9. artikulua Titulu ofizialak iraungitzearen ondorioak.

HIRUGARREN KAPITULUA.–Graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak iraungitzea.

10. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzeko kasuak.

11. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzeko epeak.

12. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzearen ondorioak.

13. artikulua. Iraungitze bidean den ikasketa-plan batean matrikulatzea.

14. artikulua. Iraungitze bidean diren irakasgaien irakaskuntza eta azterketen deialdiak.

15. artikulua. Ebaluazioa.

16. artikulua. Ikasketetan onartua izatea eta haietan jarraitzea iraungitze bidean diren ikasketa planetan.

17. artikulua. Iraungitze bidean diren ikasketa-planetako irakasgaien irakaskuntza-mandatua.

LAUGARREN KAPITULUA.–Iraungitze bidean diren ikasketa-planetako ikasleen espedienteak egokitzea.

18. artikulua. Aplikazio eremua.

19. artikulua. Egokitzapena zer den.

20. artikulua. Egokitzapenaren oinarrizko arauak.

21. artikulua. Egokitzapena egiteko prozedura.

BOSGARREN KAPITULUA.–Ikasketa batzordea.

22. artikulua. Ikasketa Batzordea.

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) unibertsitateko ikasketen eta tituluen egitura berria ezarri zuen. Haren VI. tituluak, ikasketa eta tituluei buruzkoak, arautzen du zer prozedura, jarraibide eta baldintza bete behar dituzten unibertsitateetan emandako ikasketek unibertsitateko titulu ofizialak lortzeko aukera eman dezaten.

Lege hori garatzeko, Unibertsitate Publikoaren Estatutuek ezarri zuten zein izanen ziren ikasketen arloan eskumenak dituzten organoak, eta, bereziki, adierazi zuten Unibertsitateko Gobernu Kontseilua izanen dela unibertsitateko titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko eta kentzeko organo eskuduna.

Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak unibertsitateko ikasketen antolamendu berria deskribatzen du, eta unibertsitateek unibertsitateko titulu ofizialak ezarri eta iraungitzeko segitu beharreko jarraibideak ematen ditu.

Ikasketak ezarri eta iraungitzeko baimena ematea, azkenik, Nafarroako Gobernuari dagokio, Nafarroako Gobernua baita unibertsitateko ikasketa ofizialak ezarri, aldatu eta kentzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta haien akreditazioa berritzekoak ere.

Aurreko arauketa guztia garatze aldera, arau hau ematen da oinarrizko hiru helbururekin: Nafarroako Unibertsitate Publikoan tituluak ezartzeko eta iraungitzeko prozesuak egokitzeko jarraibideak ezartzea; ikasketa-plan bat iraungitzeko prozesua arautzea, plan hori hasi duten ikasleen eta hura ematen duten irakasleen eskubideak bermatuz; eta, hala badagokio, ikasleen espediente akademikoak iraungitzen den ikasketa-planetik hura ordezten duen ikasketa-planera egokitzeko prozedurak ezartzea. Tituluak ezartzeko edo iraungitzeko prozesuei buruzko erregulazioa sakabanatuta dago gure araudian, eta eguneratu eta bateratu beharra dago, informazio hori eskuratzea eta erabiltzea errazagoa izan dadin unibertsitateko komunitatearentzat.

Atariko kapituluan, arauaren xedea eta aplikazio eremua deskribatzen dira.

Lehenbiziko kapituluan, titulu ofizialak ezartzeko prozesua deskribatzen da. Era berean, prozesu horren faseak ezartzen dira, hasiera proposamenetik organo eskudunek onesten duten arte.

Bigarren kapituluan, graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak iraungitzeko prozesua arautzen da.

Hirugarren kapituluan, ikasketa-planak iraungitzeko prozesua arautzen da, bai eta horiek ordezten ahal dituzten planak ezartzekoa ere, betiere ikasle eta irakasleei argi utziz nolako baldintzetan gauzatuko den iraungitze bidean dagoen planaren irakaskuntza eta nola ebaluatuko den.

Ikasketa-plan bat beste batek ordezten duen iraungitze kasuetarako, laugarren kapituluan arautzen da ikasleei titulua ikasketa-plan berrian amaitzeko aukera ematen dien egokitzapen prozesua.

Azkenik, bosgarren kapituluan Ikasketa Batzordearen osaera eta eginkizunak zehazten dira. Batzorde hori Unibertsitatearen aholkularitza-organoa da ikasketen arloan.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da -2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)-; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aldeko txostena eman du arau honi buruz, baita Zerbitzu Juridikoak ere.

ATARIKO KAPITULUA

Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Arautegiaren xedea.

Araudi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak ezartzeko eta iraungitzeko prozedurak arautzea, bai eta ikasketa-planak iraungitzeko prozedurak eta ikasleen espediente akademikoak ikasketa-plan horiek ordezten dituzten planetara egokitzeko prozedura ere, hargatik eragotzi gabe gaitasun profesionalak dituzten tituluen berariazko erregulazioa, eta hori guztia Europako Unibertsitate Eremutik datozen ildo orokorrekin bat etorriz, eta Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Araudi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko eta unibertsitate masterreko ikasketetan aplikatuko da. Ikasketa horiek, aldi berean, 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak erregulatzen ditu, zeinak unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen baititu.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Graduko eta unibertsitate masterreko tituluen ezarpena

3. artikulua. Titulu ofizial berri bat proposatzea.

1. Graduko edo unibertsitate masterreko titulu berri bat proposatzea errektoreari edo titulua atxikita egonen den ikastegiari dagokio.

2. Ikerketara bideratutako unibertsitate masterren kasuan, proposamena Unibertsitateko ikerketa-institutu batetik etor daiteke. Kasu horretan, titulua atxikita egonen den ikastegiaren oniritzia izan beharko du.

3. Titulu berrien memoria erabaki honetan ezarritakoaren arabera eginen da: Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak diseinatzeko eta haien egiaztapen memoriak egiteko eta aldatzeko arauak arautzen dituena.

4. artikulua. Titulu berri bat ezartzeko proposamena onestea.

Gobernu Kontseiluak izanen du eskumena titulu ofizial berri bat ezartzeko proposamena onesteko eta memoria Unibertsitateen Kontseiluari bidaltzeko egiazta dezan, betiere titulua Nafarroan ezartzeko beharrizanari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko aginduzko txostena aztertu ondoren, Nafarroako Gobernuan Unibertsitateen gaietan eskumena duen organoak egina.

5. artikulua. Tituluaren ezarpena baimentzea eta haren ofizialtasuna xedatzea.

1. Unibertsitateen Kontseiluak titulua egiaztatzeko emandako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak titulua ezartzeko baimena eskatuko dio Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Gobernuak bere araudian ezartzen duen edukiaren arabera.

2. Gizarte Kontseiluak Nafarroako Gobernuari jakinaraziko dio titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko proposamena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 6.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3. Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera:

a) Nafarroako Foru Komunitateak baimena eman ondoren, Ministroen Kontseiluak, Unibertsitateen Ministerioak proposatuta, tituluaren izaera ofiziala ezarriko du, eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratuko da; horrela, balio osoa hartuko du lurralde nazional osoan.

b) Tituluaren ofizialtasuna ezarri ondoren, Unibertsitateen Ministerioak Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan inskribatuko du (RUCT), ikasketa-planaren memoria egiaztatu zaion tituluaren izenarekin.

6. artikulua. Titulua ezartzea, irakasten hastea eta ikasketa-plana argitaratzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi ikasturte izanen ditu gehienez ere titulua ezarri eta hura irakasten hasteko, tituluaren ofizialtasuna “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta RUCTen inskribatu ondoren.

2. Errektoreak ikasketa-plana “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Plan hori tituluaren egitura akademikoa argitaratzean zehaztuko da.

3. Ikasketa-plana funtsean aldatzen denean, eta nabarmen eragiten dienean tituluaren izendapen partzialari edo ikasketen egiturari, berriro argitaratu beharko da “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

BIGARREN KAPITULUA

Graduko eta unibertsitate masterreko tituluak iraungitzea

7. artikulua. Titulu ofizialak iraungitzeko arrazoiak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarritako gradu edo unibertsitate masterreko titulu ofizial bat iraungitzeko erabakia hartzeko, arrazoi hauetakoren bat edo bat baino gehiago egon beharko da:

a) Sartzeko eskaria. Matrikulatuen guztizko kopurua eta titulura sartzeko eskaria tituluaren jarraipenaren egokitasunaren adierazle izanen dira. Ondoz ondoko aldietan matrikulatutakoen kopuruak behera egitea arrazoia izanen da titulua aldi baterako edo behin betiko etetea erabakitzeko.

b) Tituluaren adierazleak. Errendimendu, graduazio eta efizientzia tasak gutxitzea eta titulua uzten dutenen tasa handitzea arrazoiak izanen dira titulua aldi baterako edo behin betiko eteteko edo tituluan aldaketak sartzeko, betiere errendimendu tasak gutxitzea eta titulua uzten dutenen tasak handitzea eragin duten arrazoiak aztertu ondoren.

c) Jarraipen prozesuaren eta egiaztapenaren emaitzak. Tituluaren jarraipen txostenek memorian hartutako konpromisoen ez-betetze larriak detektatzen badituzte edo titulua ezarri ondoren egiaztapen prozesua gainditzen ez badute, arrazoia izanen da titulua aldi baterako edo behin betiko eteteko edo berriro definitu beharra kontuan hartzeko.

d) Titulua irakasten ez hastea. Titulua egiaztatzen denetik bi ikasturteko epea igaro ondoren ez bada hasi tituluaren irakaskuntza, iraungitzea izapidetu beharko da.

e) Hala gomendatzen duten beste arrazoi batzuk.

8. artikulua. Titulu ofizialak iraungitzeko prozedura

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu ofizial bat iraungitzeko prozedura errektoreak edo Ikastegiko Batzordeak proposatuta hasten ahalko da, aurreko artikuluan adierazitako irizpideak aintzat hartu ondoren.

2. Proposamenaren jatorria edozein dela ere, Ikasketa Batzordeak aztertu beharko du, ikastegiari entzun ondoren. Gero, iraungitzeko proposamena Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onets dezan.

3. Gobernu Kontseiluak onetsi ondoren, Gizarte Kontseiluari eta Nafarroako Foru Komunitateari jakinaraziko zaie, azken horrek bere araudian ezartzen duen edukiaren arabera.

4. Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak tituluaren behin betiko iraungitzea deklaratuko du, RUCTen dagokion oharra egin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

9. artikulua. Titulu ofizialak iraungitzearen ondorioak

Titulua iraungitzen bada, automatikoki iraungiko da tituluan ematen ari den ikasketa-plana, araudi honen hirugarren kapituluan ezarritako betekizun eta ondorioekin.

HIRUGARREN KAPITULUA

Raduko eta unibertsitate masterreko ikasketa-planak iraungitzea

10. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzeko kasuak.

Hauek dira ikasketa-plan bat iraungitzeko kasuak:

a) titulu bat iraungitzea beste titulu batek ordeztu gabe, edo

b) titulu bat iraungitzea hura ordezten duen titulu edo ikasketa-plan berri bat ezarri delako

11. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzeko epeak.

1. Titulua beste titulu batek ordeztu gabe iraungitzen den kasuan, ikasketa-planaren iraungitze prozesua hasiko da iraungitze hori onetsi duen Gobernu Kontseiluaren Erabakian ezartzen den ikasturtean.

2. Ikasketa-plana ordezko beste plan bat ezartzearen ondorioz iraungitzen den kasuan, egiaztapen memorian xedatutakoari jarraituko zaio, eta titulu edo ikasketa-plan berria ezartzen den ikasturte berean hasiko da iraungitze prozesua.

3. Iraungitzeko kasua zeinahi dela ere, neurri egokiak hartuko dira iraungi beharreko ikasketak egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko.

12. artikulua. Ikasketa-plan bat iraungitzearen ondorioak.

1. Ikasketa-plan bat iraungitzea onetsitakoan, gutxienez lehen ikasmailako irakasgaien irakaskuntza iraungiko da, eta, pixkanaka, hurrengo ikasturteetako irakasgaiena, ikasmaila bat ikasturte bakoitzean.

2. Salbuespen gisa, ikasmaila bat baino gehiago iraungitzen ahalko da aldi berean, baldin eta ikasketa-plan berriko ikasmaila bat baino gehiago ezartzen badira, eta hala adierazi bada tituluaren egiaztapen memorian.

3. Gobernu Kontseiluak urtero onetsitako eskaintzaren bidez zehaztuko da titulu baten aukerako irakasgaien iraungitzea, bai ikasmaila bati atxikitako aukerako irakasgaiak dituzten planetarako, bai ikasmaila jakin bati atxiki gabeko aukerako irakasgaiak dituzten planetarako.

4. Ikasmaila bateko irakaskuntza arautua iraungi eta gero, ezin izanen da aukerako irakasgai berririk onetsi ikasmaila horretarako baldin eta haiek aurreko ikasturtean eskaini ez badira.

5. Nolanahi ere, titulua ematen den azken urtean, iraungitzen ari diren ikasketak osatzeko adina aukerako irakasgai ziurtatu beharko dira eskaintzan.

13. artikulua. Iraungitze bidean den ikasketa-plan batean matrikulatzea

1. Iraungitze bidean den ikasketa-planean oraindik iraungi gabe dauden ikasmailetako irakasgaiak matrikulatzen ahalko dituzte ikasleek.

2. Ebaluaziorako eskubidea bermatzeko, ikasleek ordurako iraungi diren ikasmailetako irakasgaietan egin lezakete matrikula, baldin eta iraungi aurreko ikasturteetan haietan matrikulatu baziren.

3. Ez baziren aurretik matrikulatu iraungi den ikasmaila bateko irakasgairen batean, ikasketak utzi beharko dituzte, edo haiek ordezten dituen titulura edo ikasketa-planera egokitu, araudi honetako laugarren kapituluan ezarritako baldintzetan, eta araudi honetako 11.3 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

4. Iraungitze prozesuan diren irakasgaien matrikulagatik ordaindu beharreko prezioak Nafarroako Gobernuaren unibertsitateen arloko departamentu eskudunaren urtean urteko foru aginduak ezartzen dituenak izanen dira (unibertsitateko zerbitzu akademikoen prezio publikoak finkatzen dituen foru agindua).

14. artikulua. Iraungitze bidean diren irakasgaien irakaskuntza eta azterketen deialdiak.

1. Ikasmaila bateko irakasgaien irakaskuntza arautua amaitu ondoren, bi azterketa-deialdi mantenduko dira hurrengo bi ikasmailetan, bat ikasturte bakoitzeko, eta aldi horretan haien irakaskuntza bermatuko da.

2. Iraungitze bidean diren irakasgaietan irakaskuntza osoa bermatuko da baldin eta ikasleak gutxienez 15 badira.

3. Matrikulatutako ikasle kopurua aurreko atalean ezarritakoa baino txikiagoa bada, berariazko tutoretza eta orientazio ekintzetan oinarrituko da irakaskuntza.

4. Ikasleek irakaskuntza osorako eskubidea izanen dute iraungitze bidean den irakasgaia ordezko ikasketa-planaren irakasgairen batekin lotua baldin badago akademikoki, zeinahi delarik ere hartan matrikulaturik dauden ikasleen kopurua.

15. artikulua. Ebaluazioa.

1. Iraungitze prozesuan dauden irakasgaietan matrikulatutako ikasleei kasuan kasuko irakaskuntza-gidan ezarritakoaren arabera eginen zaie ebaluazioa. Gida hori indarrean dauden ikasketa-planetako irakasgaietarako ezarritako epean argitaratuko da.

2. Iraungitze bidean diren eta irakaskuntza osorako eskubidea ez duten irakasgaietan, ez dira prestakuntza jarduera praktikoak ebaluatuko baldin eta ezin badira berriz egin. Kasu horietan, irakaskuntza-gidak adierazi beharko du nola lortu behar den kalifikazio osoa.

16. artikulua. Ikasketetan onartua izatea eta haietan jarraitzea iraungitze bidean diren ikasketa-planetan.

1. Sarbidea edozein dela ere, ikasketa-plan baten iraungitze prozesua hasi eta gero, ikasle berriak onartuko dira baldin eta, kredituak onartzeko administrazio prozeduraren ondoren, egiaztatzen bada eskaera egiten den unean iraungita dauden irakasgai guztiak gaindituak dituztela.

2. Iraungitze bidean den ikasketa-plan batean onartutako ikasleei Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketetan jarraitzeko arautegia aplikatuko zaie, arautegi honetan azaldutakoaz gainera.

17. artikulua. Iraungitze bidean diren ikasketa-planetako irakasgaien irakaskuntza-mandatua.

1. 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitako irakaskuntzaz eta ebaluazioaz arduratzen diren irakasleak irakasgaia atxikia dagoen Sailak izendatuko ditu.

2. Iraungitze bidean diren irakasgaiek 14.2. artikuluan aurreikusitako kasuetan baizik ez dute izanen irakaskuntza-mandatua.

3. Iraungitze bidean diren planetako Ikasketa Amaierako Lanek ere izanen dute irakaskuntza-mandatua.

LAUGARREN KAPITULUA

Iraungitze bidean diren ikasketa-planetako
ikasleen espedienteak egokitzea

18. artikulua. Aplikazio eremua.

Kapitulu honetan jasotako xedapenak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren graduko edo unibertsitate masterreko ikasketa-plan batean matrikulatutako ikasleei aplikatuko zaizkie, baldin eta plan hori iraungitze bidean badago haren ordez ikasketa-plan berri bat ezarri delako.

19. artikulua. Egokitzapena zer den.

Egokitzapena administrazio prozedura bat da, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren plan zahar batean egindako eta gainditutako irakasgaiak hura ordezten duen ikasketa-plan berrian aitortzen baitira.

20. artikulua. Egokitzapenaren oinarrizko arauak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa-plan bat iraungitze bidean badago hura ordezten duen beste ikasketa-plan bat ezarri delako, hartan gainditutako irakasgaiak dagokion gradu edo unibertsitate masterreko ikasketa-planaren egiaztapen memorian aurreikusitako taularen arabera egokituko dira.

2. Egokitzapenerako oinarrizko unitatea irakasgaia izanen da, eta ezin izanen da egokitzapen partzialik egin.

3. Gainditutako irakasgaiak soilik egokitzen ahalko dira.

4. Egokitzapena jatorrizko irakasgaiaren eta helmugakoaren kreditu kopurua kontuan hartu gabe eginen da, artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den taulan ezartzen den moduan.

5. Espediente akademikoan helmugako irakasgaia jasoko da soilik, jatorrizko irakasgaiaren kalifikazioarekin.

6. Ikasle bakoitzaren espediente egokituan transferitu gisa jasoko dira jatorrizko ikasketetan gainditu eta egokitu ez diren kreditu guztiak.

21. artikulua. Egokitzapena egiteko prozedura.

1. Ikasketa-plan berri bat ezartzearen ondorioz iraungitzen ari diren planetako ikasleek eskubidea izanen dute ikasturte bakoitza hasi aurretik egokitzapena eskatzeko, matrikula-prozesua hasi aurretik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen baldintzetan eta epeetan ebazteko.

2. Egokitzapenak bi motakoak izanen dira:

a) Nahitaezko egokitzapena. Ikasleak iraungitze bidean diren ikasketak amaitu ezin dituenean eginen da, erabat iraungita dagoen irakasgai bat gutxienez gainditu gabe duelako.

b) Borondatezko egokitzapena: Iraungitze prozesuan dagoen ikasketa-plan bat egiten ari den ikasleak bere borondatez eskatzen duenean hura ordezten duten graduko edo unibertsitate masterreko ikasketa berrietara egokitzeko, sarbide berriko ikasposturik eskatu beharrik gabe.

3. Egokitzapen mota zeinahi dela ere, egokitzapen prozedura interesdunak eskatuta hasiko da beti.

4. Behin egokitzapena eginda, ikaslea ezin izanen da itzuli iraungitze bidean den ikasketa-planera. Halaber, ezin izanen ditu aldi berean matrikulatu iraungitze bidean den planeko eta hura ordezten duen planeko irakasgaiak.

BOSGARREN KAPITULUA

Ikasketa batzordea

22. artikulua. Ikasketa Batzordea.

1. Graduko eta graduondoko ikasketa ofizialei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiei eragiten dieten gaiei buruzko kontsulta-organoa da. Aholku ematera bideratuta egonen da, eta bere eginkizun nagusia izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskaintza akademikoaren koherentzia globala zaintzea eta emandako tituluen ikasketa-planak egokitzea.

2. Honako hauek osatuko dute gutxienez.

–Ikasketen arloan eskumena duen errektoreordea, batzordeburu izanen dena.

–Titulu berekien arloan eskumena duen errektoreordea, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Irakaskuntzako Errektoreordetzako Tituluen Kudeaketaren eta Kalitatearen Arloko zuzendaria.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikastegietako dekanoak eta zuzendariak.

–Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendaria.

–Ikasleen Kontseiluko burua, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Kalitaterako eta Prozesuetarako Ataleko arduraduna, hizpidearekin baina botorik gabe.

–Irakaskuntza Zerbitzuko arduraduna, hizpidearekin baina botorik gabe, Batzordeko idazkari lanak eginen dituena.

Errektoreak zilegi izanen du, Gobernu Kontseiluari jakinaraziz gero, beste kide batzuk izendatzea, kasu bakoitzean Batzordea hobeki funtzionatzeko beharrezkoak direla uste badu.

3. Hauek dira Ikasketa Batzordearen eginkizunak.

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulazioen mapa aztertzea, gainbegiratzea eta hari buruzko diagnostikoak egitea, titulu ofizialak eta ez-ofizialak barne.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketak diseinatu, prestatu eta ezartzeko emandako jarraibideak bete daitezen zaintzea.

c) Ikasketa-plan berriak zehazteko osatzen diren lantaldeak koordinatzea eta behar bezala funtziona dezaten zaintzea, bai eta sor daitezkeen zailtasunak konpontzea ere.

d) Baloratzea tituluei eta ikasketa-planei buruzko lankidetza-akordioak egitea beste erakunde edo organismo publiko eta pribatu batzuekin.

Era berean, Ikasketa Batzordeak honako gai hauek aztertu beharko ditu Gobernu Kontseiluari bidali aurretik:

a) Titulu ofizialak eta ikasketa berekiak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenak.

b) Graduko, unibertsitate masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eta ikasketa berekiak arautuko dituzten arauetarako proposamenak.

c) Graduko eta unibertsitate masterreko tituluen eta sarbide berriko ikaspostuen urteko eskaintzaren proposamena.

d) Ikasketa berekien urteko eskaintzaren proposamena.

e) Ikasturte bakoitzeko egutegi akademikoaren proposamena.

f) Gobernu Kontseiluak eskatzen dizkion gainerako guztiak.

4. Ikasketa Batzordeak azpibatzordeak eratzen ahalko ditu bere barnean bere eskumeneko gai espezifikoak aztertzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Xedapen hau garatzeko gaikuntza.

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari gaikuntza ematen zaio araudi hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki horiek Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialak eta ikasketa-planak iraungitzeko prozesuen araudia onetsi zuena.

Indarrik gabe gelditzen da Gobernu Kontseiluak 2009ko ekainaren 2an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan iraungitze bidean diren ikasketa-planak egokitzeko Arautegia onetsi zuena.

Indarrik gabe gelditzen dira erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Eskumenen titulua.

Araudi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa)–.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Araudi honek 2022-2023 ikasturtean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2208518