121. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

105/2022 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022-2023 ikasturterako prozeduraren jarraibideak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduan arautzen dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako Lanbide Heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” deituak, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak. Foru agindu horren II. kapituluan, “Inskripzioa, prozedura eta onartzeko irizpideak” izenekoan, ezartzen denez, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (NHBBZ) esku-hartzea beharrezkoa da onarpen prozedura ezartzeko. Onarpen prozedura bakoitzerako argibideak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez arautzen dira.

NHBBZk Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeari dagozkion gai guztiak ezarri ondoren, eta ikusirik Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariaren eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta beste alderdi batzuk onestea 2022-2023 ikasturterako. Hori guztia ebazpen honen eranskinetan dago jasota.

2. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak-A modalitatea. 2022-2023 ikasturtea

1.–Onarpen prozesuaren garapena, jarraibideak eta taldeak osatzeko irizpideak.

1.1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onarpen prozesuak epe bakarra du, epe arrunta deitua, eta hartan aplikatzekoa izanen da eranskin honen 8. jarraibidean (Inskripziorako lehentasuna) inskripziorako ezartzen den lehentasuna.

1.2. Maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduaren 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, taldeak, oro har, gehienez ere hamar ikaslerekin eta gutxienez ere bost ikaslerekin antolatuko dira, salbu eta ikasleek maila desberdineko hezkuntza beharrak dituztenean, talde horiek gehienez ere zortzi ikasle eta gutxienez lau ikasle izanen baitituzte.

Ikasleen kopurua oro har ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, Hezkuntza Departamentuaren adostasuna beharko da.

2.–Tramitazioa.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak eta ikastetxeek eginen dute eskolatze prozesuaren tramitazioa.

3.–Eskaerak aurkeztea onarpen prozesuan. Onarpen prozesuaren epe arrunteko onartutakoen zerrenda.

3.1. Eskatzaile bakoitzak inskripzio orri bakarra aurkeztuko du, behar den moduan betea, eta gehienez ere 10 aukera dakartzala, lehentasun ordenaren arabera zehaztuta. Inskripzio eskabidea eredu ofizialaren araberakoa izanen da. Eredu hori eskura dago Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren webgunean eta “Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako inskripzioa. 2022-2023 ikasturtea” tramiteen fitxan, zeinetara Hezkuntza Departamentuaren honako web-orri honetatik sartzen baita: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/formacion-profesional/inscripcion-2022-2023/fp-especial

3.2. 2022-2023 ikasturterako onarpen prozesua zehazten duten datak NHBBZk ezarriko ditu, eta aurreko atalean aipatutako webguneetan argitaratuko dira.

3.3. Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egiteko inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Inskripzio telematikoa “Educa-Ataria” bidez (https://educa.navarra.es), zeinetara aipatutako webguneetatik sartzen baita.

b) Inskripzio presentzialaren eskabidea Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) bulegoetan aurkeztu beharko da (Taxoare kalea 14-B, 31006, Iruña).

Inskribatzeko eskabidea NHBBZk balidatu beharko du, eta horretarako kontuan hartuko diren irizpideak hauek izanen dira, besteak beste: ikasleen orientazio txostenak, hurbiltasuna eta garraioa izatea. NHBBZk zigilua daraman fotokopia emanen dio eskatzaileari, eskabide balidatuaren inprimakia zein egunetan sartu den adierazita duela.

Balidatu gabeko eskabideak ez dira sartuko Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan (A modalitatea) ikasleak onartzeko prozesuan.

3.4. Eskatzaileak daturen bat oker ematen badu edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

3.5. Inskripzio eskabideak aurkezteko epe arrunta bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik beste eskaerarik egin edo eskaerak aldatu, ezta bertan eskatutakoen lehentasun ordena ere.

3.6. Onarpen prozesuaren ohiko epea amaitu ondoren, onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira, NHBBZk ezarritako egutegiaren arabera.

Zerrenda horiei onarpen irizpideak aplikatuko zaizkie, ezarrita daudenak eranskin honen 7. jarraibidean, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan ikasleak onartzeko baremazioa eta irizpideak” izenekoan.

3.7. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean. Ikastetxearen aldaketa eskatzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloari igorri behar zaio eskaera-orri bat, aldaketa justifikatzen duen dokumentazioa erantsita. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimen horren berri emanen dio NHBBZri.

4.–Ikasle adingabeak inskribatzeko eskabideak aurkeztea, eta banantze eta dibortzio kasuetan nola jokatu.

2022-2023 ikasturteko onartzeko prozesuan aplikatuko da maiatzaren 12ko 43/2021 Ebazpenaren I. eranskinaren izen bereko jarraibidean xedatutakoa. Ebazpen horrek arautzen du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozedura.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

5.1. Izena emateko eskabidearen ereduan jasotzen dena izanen da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den hezkuntza Espainiakoen baldintza berberetan erdiesteko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

5.2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan inskribatzeko eskabideari honako dokumentazio hau atxiki behar zaio inskripzioa egiteko epean:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Derrigorrezko bigarren hezkuntza Curriculum Bereziko Unitate batean ikasi duten ikasleen kasuan, hala dela frogatzen duen ziurtagiria, ikasleen jatorrizko ikastetxeak emandakoa. Ziurtagiri horrek ikastetxeko zuzendariak eta orientatzaileak sinatuta egon beharko du.

–“Inskripziorako lehentasuna” muga handiak eragiten dituen zentzumenetako edo mugimenduko desgaitasuna izateagatik eskatzen bada, hala dela frogatzen duen egiaztagiriaren kopia eta hura berresten duten txosten profesionalak.

5.3. Orientazioko profesionalak, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Bigarren Hezkuntzaren amaierako laburpen txostena, desgaitasuna izanik, Curriculum Bereziko Unitate batean ikasi duten ikasleei buruzkoa, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako, bertan curriculum gaitasunaren mailak jasota daudela, heziketa arlo guztietakoak. Ikaslea zer ikastetxetan dagoen onarturik, hango orientatzaileari bidali behar zaio aipatu txostena.

–Txosten psikopedagogiko bat, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza behar bereziak izanik, bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen esanguratsuekin egin duten ikasleei buruzkoa, eta beste bat, desgaitasunen bati loturiko hezkuntza-premia bereziak izanik, beste irakaskuntza batzuk egin dituzten ikasleei buruzkoa. Txosten horiek NHBBZra bidali beharko dira.

6.–Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzeko baldintzen garapena.

2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozesuan aplikatuko da maiatzaren 12ko 43/2021 Ebazpenaren I. eranskinaren izen bereko atalean xedatutakoa. Ebazpen horrek arautzen du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozedura.

7.–Onarpenerako baremazioa eta irizpideak Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan. Inskripziorako lehentasuna.

2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozesuan aplikatuko da maiatzaren 12ko 43/2021 Ebazpenaren I. eranskinaren 7. eta 8. jarraibideetan (“Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko baremazioa eta irizpideak” eta “Inskripziorako lehentasuna”, hurrenez hurren) xedatutakoa. Ebazpen horrek arautzen du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozedura.

8.–Ikasleak onartzeko irizpideak jendaurrean jartzea.

NHBBZren egoitzan eta web-orrian jendaurrean egon beharko dute, bai ikasleak onartzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira onartze irizpide gisa.

9.–Ikasleak onartzeko prozesuaren epe arrunta. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

9.1. Onartuen zerrendak, behin-behinekoak nahiz behin betikoak, izanen dira baliabide ofiziala onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko. Zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) iragarki oholean eta web-orrian, helbide honetan:

https://creena.educacion.navarra.es/web/eu/2022/05/04/proceso-de-admision-cfpe-2022-23/

NHBBZk Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko fitxan batean ere argitaratuko ditu emaitzak.

9.2. Behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira NHBBZk zehazten duen egutegiaren arabera. Egutegi hori lehen aipatutako web-orrian argitaratuko da.

10.–Espedientea eta hura helaraztea.

2022-2023 ikasturteko onartzeko prozesuan aplikatuko da maiatzaren 12ko 43/2021 Ebazpenaren I. eranskinaren izen bereko jarraibidean xedatutakoa, salbu eta informazioa helarazteko azken egunari buruzko aipamena, data hori 2022ko ekainaren 17a (14:00ak arte) izanen baita. Ebazpen horrek arautzen du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozedura.

11.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

11.1. Onartutako ikasleen behin betiko zerrendaren arabera tokia lortu duten ikasleek tokia lortu duten ikastetxean egin beharko dute matrikula, NHBBZk zehazten dituen egunetan.

11.2. Matrikula formalizatzeko, ikasleek matrikularen inprimakia bete beharko dute; bertan, ikastetxeak eskatzen duen informazioaz gain, oinarrizko informazioa ere eman beharko da, NHBBZk Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko tramiteen fitxan xedatzen duenaren arabera.

12.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoak: creeninl@educacion.navarra.es / inclusion.educacion@navarra.es.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (NHBBZ): 848 431230.

–Inklusio Atala: 848 426229.

Iragarkiaren kodea: F2207120