121. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

18/2022 FORU LEGEA, ekainaren 13koa, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, LAGUN EGITEKO ANIMALIAK NAFARROAN BABESTEARI BURUZKO APIRILAREN 4KO 19/2019 FORU LEGEA HEIN BATEAN ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Lanerako, laguntzarako edo eginkizun sozialerako animalien erabileraren errealitate soziala eta funtzionalak arazo larriak aurkitzen ditu bere jasangarritasun eta garapenerako, modu orokorrean sartzen baitira lagun egiteko animalien babeserako araudietan –Espainiak 2017ko ekainaren 23an berretsitako Lagun Egiteko Animalien Babesari buruzko Europako Hitzarmenaren arabera, animalia horiek dira gizakiak dauzkanak edo gizakiak edukitzeko bideratuak, bereziki bere etxean, aisialdirako eta haren konpainia izateko–; izan ere, haien jarduera nagusia ez da konpainia egitea eta ez dira etxean bizitzen.

Gainera, lanerako, laguntzarako edo eginkizun sozialerako animaliak erabiltzen diren jarduera askotan bada jada araudi sektorial joria (hala nola zezen ikuskizunetan parte hartzen duten animaliak, hasierako testuan salbuetsi zirenak).

Artikulu bakarra. Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea aldatzea.

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak aldaketa hauek izanen ditu:

Bat.–4. artikulua honela idatzita geldituko da:

“4. artikulua. Aplikatzekoak diren baztertzeak.

Lege honen aplikazio-esparrutik baztertuta daude:

1. Ekoizpenerako animaliak, foru lege honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

2. Basa faunako animaliak, ehizakitzat hartutako basa faunako espezieak, subespezieak eta populazioak, eta araututako ehiza-jarduera.

3. Zezen-ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak.

4. Esperimentaziorako eta beste xede zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak.

5. Parke zoologikoetan dauden animaliak”.

Bi.–5. artikuluaren 3. apartatua honela agertuko da idatzita:

“3. Lanerako animaliak, laguntzakoak edo eginkizun soziala edo kirolekoa dutenak: jarduera edo xede jakin baterako erabiltzen diren lagun egiteko animaliak; esate baterako, zaintzarako txakurrak, artzain-txakurrak, laguntza-txakurrak, txakur biltzaileak, erreskate-txakurrak eta segurtasun indar eta kidegoek erabiltzen dituzten txakurrak”.

Hiru.–5. artikuluari 3. bis apartatu berri bat eransten zaio. Honela geldituko da idatzita:

“3. bis. Ehizarako txakur edo hudoak: lanerako animaliak dira, araututako ehiza-jarduera batean jabearen laguntzarako erabiltzen direnak”.

Lau.–6. artikuluaren 6. apartatua honela agertuko da idatzita:

“6. Behar diren neurriak hartzea animalien ugalketa kontrolgabea saihesteko, foru lege honetan araututakoarekin bateragarria den edozein kontrol-metodo erabiliz. Ugalketa kontrolgabetzat jotzen da jabeak nahita ez eragindakoa.

Beste txakur edo katu batzuekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen txakur eta katuek esterilizatuta egon beharko dute.

Honako animalia hauek ez dira joko beste animaliekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen txakurtzat: 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak, baimendutako ehiza-jardueretan edo ehizarako entrenamenduetan parte hartzen ari diren bitartean, edo artzain-txakurrak beren eginkizuna betetzen ari direnean”.

Bost.–Honela geratzen dira idatzita 7. artikuluko 14., 15. eta 26. apartatuak:

“14. Haiek heztea beren oldarkortasuna gara dezaten edo haiek borroketarako prestatzea, bai eta haiek trebatzea edo haiei lan eginaraztea halako moduz non haien osasuna edo ongizatea kaltetuko baita, beren indar edo gaitasun naturalak gaindiarazteagatik edo beharrezkoak ez diren lesio, min, sufrimendu edo larridura eragiten dieten bitarteko artifizialak erabiltzeagatik. Salbuetsita geratzen dira 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak haien defentsa-eginkizunei edo ehizarako gaitasunei dagokienez, salbu eta jarduera hori dela-eta justifikatu gabeko lesio, min, sufrimendu edo larridura eragiten bazaie.

15. Animaliak behartzea ikuskizun, jai herrikoi, azoka, erakusketa, lehiaketa, erakustaldi, filmaketa, publizitate-xedeetarako argazki- edo zinemagintza-saioetan edo antzeko beste edozein jardueratan parte hartzera –ehiza-jardueretako azokak, erakusketak edo filmaketak kasu–, halako jarduerak egiteko behar den baimen edo lizentzia eduki gabe”.

“26. Animaliak edukitzea beren arduradunek haien gaineko gainbegiratze-kontrol egokia egin ezin duten tokietan. Salbuetsita geratzen dira 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak, bere jardueraren berezko eginkizunak betetzen ari diren bitartean”.

Azken xedapen bakarra.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko ekainaren 13an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2208701