120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 25ean hartua, zeinaren bidez hasten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Aldaketaren sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

I. Aurrekariak

Iruñeko Garraioaren Hiria (CTP) Imarkoaingo hirigunearen ondoan dago, Noain Elortzibarko udal mugapean, eta udalez gaindiko bi plan sektorialen bidez planifikatu da.

Tresna horiek hainbat aldaketa espediente izan dituzte, eta CTP garatzeko 4 eremu edo fase definitzen dituzte.

Gaur egun, fase guztiak urbanizatuta daude, eta 1. eta 2. faseak ia osorik eraikita edo okupatuta daude; 3.a, berriz, partzialki dago, eta 4. faseak ez du inolako eraikuntzarik.

4. fasearen antolamendua, zeina Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 27ko Erabaki bidez onetsitako Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren xede izan baitzen, baliogabetu egin da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2021eko abenduaren 23an emandako 421/2021 Epaiaren bidez, “funtsezko aldaketa bat gertatu delako Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen plangintzan, espedientea berriz jendaurrean jarri gabe”.

Aldaketa hori ezeztatuta, 2022ko apirilaren 13an, Navarra de Suelo y Vivienda SA sozietate publikoak beste aldaketa espediente bat aurkeztu du tramitera, eta bertan aldaketa hauek sartu ditu baliogabetutako aldaketaren espedientean:

–“Ekipamendua” eta “Azpiegiturak” erabilera, partzela logistikoetan onargarritzat hartu beharrean, eremu jakin batean esleitzen eta baimentzen da. Eremu horretan SCPSAk (Iruñerriko Zerbitzuak SA) proiektatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezar litekeela adierazi da.

–Partzelazioaren mugaketan doikuntza txiki batzuk gehitu dira, deuseztatutako birpartzelazioaren ondoriozko katastroarekin bat etorriz.

–Drainatze Iraunkorreko Hiri Sistemak (SUDS) gehitu dira, Udalak mantendu beharrekoak, Talluntze errekaren mendebaldeko partzelen aurrealdean.

–Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak eta urbanizazio kostuen aurreikuspena eguneratu dira.

II. Aldaketaren xedea eta justifikazioa

Aldaketa honek bi helburu ditu.

–Alde batetik, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideei kasu egin behar zaie; zehazki, zortasun aeronautikoak Iruñeko Garraioaren Hiria (3. eta 4. faseak) handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamenduari gehitu behar zaizkio.

–Bestalde, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasean (38 hektareatik goiti) indarrean dagoen hirigintza antolamendua osorik aldatzea planteatzen da, hona honetarako:

  • Logistika eta “ekipamendu” jarduera eta “azpiegiturak” ezartzea tamaina handiko partzeletan (> 25.000 m²).

Aldaketa hori sektorearen dinamikara egokitu beharrak justifikatzen du; izan ere, “azken milian” banaketa edo entrega zentro logistikoez gain, hiriguneetatik urrun eta ongi komunikatuta dauden plataforma logistiko handiak eskatzen ditu.

Bestalde, “ekipamendu” eta “azpiegituretarako” tamaina handiko lursailen justifikazioa da eskualde osoko zuzkidurak eta azpiegiturak izan behar direla, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitateak proiektatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroa; izan ere, arazoak izaten ohi dituzte beste leku batzuetan ezartzeko, behar duten eremua dela-eta.

–Intermodalitatea kentzea; zehazki, eremu intermodala eta lotutako eremu logistiko intermodala. Arrazoia intermodalitatea Iruña aldean txertatzeko egindako azterlan bat da, zalantzan jartzen baitu Iruñeko Garraioaren Hirian nodo bat egiteko beharra, kontuan hartuta zer distantzia dagoen Noaingo zentro logistikora, Nafarroako enpresek zerbitzu hori zer neurritan eskatzen duten eta Iruñeko Garraioaren Hirian aurreikusitakoaren muga operatibo eta teknikoak.

–Komunitate ekipamenduko toki sistemarako eremua kentzea, proiektatutako partzela handiko tipologia berriak ez duelako horrelako erabilerarik eskatzen, eta badaudelako horretarako lurzoru hutsak Iruñeko Garraioaren Hiriaren beste fase batzuetan.

III. Aldaketaren azaleko deskribapena

4. faseko eremurako proposatu antolamendua egituratzeko, Iruñeko Garraioaren Hiriaren aurreko faseetan (Nafarroa etorbidea) aurreikusitako zirkulazio ardatz nagusietako bat hartzen da erreferentzia gisa, zeinaren hegoaldean eta zeharka erabilera logistikorako eta “ekipamendu” eta “azpiegituretarako” partzela berriak ezartzen baitira.

Proposatutako antolamenduan, daturik garrantzitsuenak hauek dira:

–-Partzela eraikigarrien erabilerak: jarduera logistikoak eta ekipamendu eta azpiegituretakoak.

–Gutxieneko partzela: 25,000 m².

–Partzelaren gehieneko okupazioa: %65.

–Bideak: 2 m-ko espaloia besterik ez.

–Aparkalekuak: erabilera publikoko lurzoru pribatuan bakarrik (plaza bat 500 m²-ko).

–SUDS: Talluntze errekaren mendebaldean dauden partzelen aurrealdean. Udalak mantendu beharrekoak.

–Berdeguneak: eremuaren perimetroan eta Talluntze errekaren DPH (jabari publiko hidrauliko) eremuari lotuta.

–Trenbide erreserba: “Iruñerriko trenbide sare berriaren proiektuari buruzko informazio azterlana: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria”.

–Bide erreserbak: AP-15 eta A-21 lotzen dituen LAP3 biderako esparruaren hegoaldean, eta ekialdeko eta mendebaldeko muturretan berdegunea, Iruñeko Garraioaren Hiria ekialderantz zabaltzeko eta Hirirako hegoaldeko beste sarbide bat izateko.

–Beste azpiegitura batzuk: hornidura biltegia sendotzea eta partzeletarako hornidura, saneamendu eta elektrizitate harguneak.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 144.380 m² erabilera logistikorako eta 76.568 m² ekipamendu eta azpiegituretarako.

–Sailkapena eta gauzatze esparruak: Lurzoru urbanizagarria. Banaketa eremu bat, sektore bat eta gauzatze unitate bat.

–Jarduketa sistema: desjabetzea.

–Epeak: Zortzi urte lagatze, ekitatez banatze eta urbanizatze betebeharrak betetzeko.

–Urbanizazio obren zenbatespena: 3.172.364 euro.

IV. Txosten sektorialak

2022ko apirilaren 27an, Iruñerriko Mankomunitatearen Azpiegitura eta Garraio Zerbitzuek aldeko txostenak eman dituzte hornidura eta saneamendu azpiegiturei eta eskualdeko hiri garraioari dagokienez.

Bestalde, aplikatzeko araudia berrikusi eta ukipenak atzeman ondoren, 2022ko apirilaren 21ean eta 22an, beren eskumeneko gaiei buruzko txostena eskatu zaie honako departamentu eta erakunde hauei:

–Iruñerriko Mankomunitatea.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

–Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia. Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioko Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritza.

–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua.

–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Enpresa Sustatzeko Zerbitzua.

–Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua.

–Herri Lanen Zuzendaritza Nagusia.

–Garraio Zuzendaritza Nagusia

–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte hartzearen Atala.

–Kultura Zuzendaritza Nagusiko - Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

V. Ingurumen ebaluazioa

Espediente hau ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren xede da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera.

Aipatutako arauaren 19. artikuluari jarraikiz, ingurumen organoak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei planaren edo programaren zirriborroaz eta hasierako dokumentu estrategikoaz.

Ondoren, 2022ko apirilaren 5ean, ingurumen azterketa estrategikoaren irismen agiria bidali zien sustatzaileari eta organo substantiboari, egindako kontsultei emandako erantzunekin batera.

Jarraian, sustatzaileak, udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS) aldatzeko dokumentuarekin batera eta haren zati gisa, ingurumen azterketa estrategikoa aurkeztu du, “laburpen ez-tekniko” bat duena.

21/2013 Legearen 21. artikulua betetzeko, organo substantiboak planaren edo programaren hasierako bertsio hori jendaurrean jarri behar du gutxienez berrogeita bost egun baliodunez, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera

VI. Kontuan hartzekoak

–Hirigintzako tramitazioari dagokionez:

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 49. artikuluaren arabera (LAHFLTB), aldaketa honek indarrean dagoen UGPSaren determinazio egituratzaile eta xehakatuei eragiten die, eta, beraz, aipatu lege testu horren 45.2 artikuluan ezarritako prozedurari egokitu behar zaio haren tramitazioa.

Bestalde, arau horren 7. artikuluaren arabera, hasierako onespena eman aurretik, herritarrek parte hartzeko kontsulta prozesu bat egin da.

–Dokumentazioari dagokionez.

Aldaketa LAHFTBk eta Lurzoruari eta Hiri Zaharberritzeari buruzko Legearen testu bateratuak eskatzen dituzten edukiei erantzuten die.

Hala ere, LAP3ren 72. artikuluaren arabera, aldaketaren araudia osatu egin behar da eta urbanizazio proiektuetan drainatze iraunkorreko azterlan bat sartzeko eskatu.

Bestalde, irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 8. artikuluaren arabera, irisgarritasun baldintzak betetzen direla frogatzeko atal bat gehitu behar da, eragindako sektoreak aldameneko sektoreekin duen lotura kontuan hartuta.

Gainera, genero eraginari buruzko txostena osatu egin behar da, eta tresna osatzen duten agiri guztiei buruzkoa izan behar du, ez bakarrik informazio eta justifikazio memoriaren dokumentuari buruzkoa. Horrez gain, idazkera orokorra inkusiboagoa izan dadin, aldaketa osatzen duten dokumentu guztien idazkera berrikusi behar da, eta hizkuntza inklusiboa erabili.

–Zuzkidurarako eta zerbitzuetarako eremuei dagokienez:

Aurkeztutako tresnaren memoriaren 8.4.d atalak antolamendu berrian zuzkidura publikoetarako lurzoru erreserbak betetzea justifikatzen du.

Estandar horiek baztertu gabe, LAHFTBk eskatzen du bide publikoak urbanizatzeko eta diseinatzeko irizpideetan garraio publikoa eta modu ez-motorizatuak sustatzeko, bereziki oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak. Hori dela eta, justifikatu behar da horrelako mugikortasun aktiboa sustatzen duen ekintzarik ez izatea; bereziki, bizikleta bidezko mugikortasunaz den bezainbatean.

–Proposatutako araudiari dagokionez:

Egun, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 3. eta 4. faseetako eremuek erregulazio bateratua dute, Nafarroako Gobernuak 2004ko uztailaren 26ko Erabaki bidez onetsia, Iruñeko Garraioaren Hiria Zabaltzeko UGPSa onesten baitu.

Aldaketa honek 4. faseko esparrurako berariazko araudia proposatzen du.

Horren ondorioz, 4. faseak bi aplikazio araudi izanen lituzke, eta hori oso nahasgarria da, eta dokumentuan argitu eta justifikatu beharko litzateke.

Gainera, orain 3. eta 4. faseetarako proposatzen den arau bereizketa justifikatu behar da, eta, bereziki, indarrean dagoen araudiaren xedapen eta arau orokorrei buruzko I. eta II. tituluena. Alde batetik, ez da justifikatutzat jotzen aldaketa agirian edo proposatutako araudi berrian sartzea aldaketa proposamenen xede ez diren artikuluak. Bestalde, 4. faserako planteatzen diren salbuespenak justifikatu behar dira, adibidez: “Sestra azpiko eraikigarritasuna ez da kontuan hartzen”; eta orain honako hau planteatzen da 4. faserako baino ez: “... ez du aprobetxamendurik izanen inola ere, baldin eta aipatu sestratik behe solairuko forjatuaren azpialderaino neurturik metro bateko garaiera gainditzen ez badu”.

Ondoren, zenbait ohar egiten dira proposatutako artikuluen eduki zehatzari buruz, baina ez dira kontuan hartu beharko, aurreko kontsiderazioengatik aldaketatik kanpo utziz gero.

“5. artikulua.–Urbanizazio proiektuak”, “30. artikulua.–Urbanizazio proiektuen baldintzak” eta “33. artikulua.–Espazio libre pribatuak”: LAHFTBn ezarritako urbanizazio proiektuen irismenera egokitu behar dute (134. artikulua); ezin dituzte plangintza aurreikuspenak aldatu.

“O.2 Antolamendu egituratzailea eta xehatua. Erabilerak” planoaren legenda aldaketaren araudiaren 7. artikuluan (“Kalifikazio xehatua”) jasotako zonifikaziora egokitu behar da.

9. artikulua (“Hirigintza-betebeharrak betetzeko epeak”) lagatze, ekitatez banatze eta urbanizatze betebeharretarako epeak jasotzen ditu, eta LAHFLTBren 49. eta 98. artikuluen arabera, ondoriozko orubeak eraikitzeko epeak zehaztuta osatu behar da.

Aldaketaren arautegiaren 12. artikuluak (“Erabilera onargarriak / Izaera logistikoa”) honako hau dio: “Iruñeko Garraioaren Hiriak izaera espezializatu eta tematikoa du, eta erabilera onargarriei dagokienez, izaera hori zaindu eginen da, kasuan kasuko eremu eta sistemetan baimendutako erabilera eta jardueren zerrenda xehatua errespetatuta.” Aurrekoa gorabehera, proposatutako araudiak ez ditu baimendutako erabilerak edo jarduerak zerrendatzen; aitzitik, erabilera baldintza batzuk eta, bereziki, “erabilera nagusiak eta bateragarriak” arautzen ditu zehaztutako eremu eraikigarri bakoitzerako. Nahasteak saihesteko, bi artikuluetako terminologia koordinatu beharko da.

Era berean, interpretazio okerrak saihesteko, aldaketaren araudiaren 17. artikuluan (“Irisgarritasuna”), urbanizazio eta eraikuntza proiektuak aipatzeaz gain, obra proiektuak sartu behar dira. Gauza bera egin behar da 18. artikuluan (“Ingurumena zaintzeko eta horren jarraipena egiteko plana”).

27. artikuluak honako hau dio: “Zerbitzu eta instalazio komunetarako estalki gaineko eraikuntzek, kasetoiek eta abarrek ez dute eraikigarritasunik baliatuko”. Salbuespen hori justifikatu egin behar da. Aldez aurretik, ez da justifikatutzat jotzen zerbitzu edo instalazioetarako eraikuntzak ez konputatzea estalkian egoteagatik; bai, ordea, beste solairu batzuetan badaude.

Helburu berarekin, 30. artikuluan (“Urbanizazio proiektuen baldintzak”), “zentro” hitzaren esanahia argitu behar da, artikuluak hau baitio: “Zentro osoa urbanizatzeko proiektu orokor bat eginen da...”.

Bestalde, 31. artikulua (“Aparkalekuak”) Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 15. artikulutik (“Energia kargatzeko guneen instalazioa”) eratorritako eskakizunekin osatu behar da, artikulu horrek honako hau baitio: “2023ko urtarrilaren 1a baino lehen, bizitegi erabilera pribatua ez duten eta, dela barnealdean, dela atxikitako kanpoko gune batean, aparkatzeko hogei plazatik goitiko eremu bat duten eraikinek bete beharrekoa dute Eraikigintzaren Kode Teknikoak ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturarako ezarritako gutxieneko zuzkidurei buruzko eskakizuna”.

Araudian sartu behar dira, halaber, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen ondoriozko eskakizunak, bereziki, 39., 42., 52. eta 64. artikuluetan jasotakoak; hau da, sistema fotovoltaiko indibidualak edo erabilera partekatuko sistemak eraikinetan eta aparkalekuetan instalatzeari, emisiorik gabeko ibilgailuak aparkatzeko plazak gordetzeari, diseinu bioklimatikoko konponbideei eta naturan oinarritutako konponbideei buruzkoak.

Nahasteak saihesteko, 32. artikuluak (“Lursaila ixtea”) 31. artikuluan (“Aparkalekuak”) elementu horietarako ezarritako mugak sartu behar ditu, edo horietara bideratu.

33. artikuluak (“Espazio libre pribatuak”) honako hau dio: “Espazio horiek urbanizazio proiektuan ezartzen diren sestra eta materialen arabera urbanizatuko dira”. Aukera hori kendu egin behar da, proiektu horien irismena gainditzen baitu, LAHFLTBren 134. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

39. artikuluak –“Erabilera baldintzak (ZLP-EA-GP)”– hau esaten du: “Era berean, ibilgailuak konpontzeko tailer eta lokalei lotutako erabilerak erabilera nagusitzat hartzen ahalko dira partzela autonomoan, Sozietate Sustatzaileak horretarako eremu espezializatu bat zehazten badu.” Zehazte hori kendu egin behar da, nahasgarria izan baitaiteke; eremu espezializatu bat zehazteak berekin dakar antolamendu determinazio bat ezartzea eta, beraz, UGPSa aldatzea. Tramite horretan nahitaezko txostenak eta ebazteko beharrezkotzat jotzen direnak eskatuko dira.

Honako hau dio 44. artikuluak (“Eraikin motak (ZLP-EA-GP)”): “Baimendutako gehienekoak baino altuera handiagoak baimentzen ahalko dira, jardueran dauden premien ondorioz enpresak behar baditu, lizentziaren xede den proiektuan justifikatu ondoren”. Salbuespen hori mugatu egin behar da: altuera ezin da mugagabea izan, aldez aurretik justifikatuta ere.

Ekipamenduaren eta azpiegituren eremuari buruzko ordenantza bereziaren 50., 51., 52., 53., 54., 55., 56. eta 57. artikuluetan, eremu horri buruzko aipamenak zuzendu behar dira, eta (ZLP-EA-GP) dagon lekuan (ZEI-EA-GP) jarri behar da.

Azkenik, eta LAHFTBren 49.2 artikuluan eta Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, determinazio batzuk erantsi behar dira eraikuntzen morfologia eta apaindura alderdiei eta eraikuntza obren baldintzei buruz, bai eta eraikinetan eguzki energia instalatzeari buruz ere.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2022ko maiatzaren 16ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Tramitatzen hastea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal mugartean. Aldaketaren sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

2. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileak akordio honetako kontsiderazioak kontuan hartu beharko ditu, bai eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatzen dena ere.

3. Aldaketa dokumentua berrogeita bost egun balioduneko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, planteatutako antolamenduak eragindako Udalari entzutea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Orobat, aldaketa dokumentua jendaurrean jartzea, epe berean, ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta egiteko prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

5.- Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta honako hauei helaraztea: Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua eta Biodibertsitatearen Kontserbazioaren Zerbitzua; Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Enpresa Sustapenaren Zerbitzua; Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua; Herri Lanen Zuzendaritza Nagusia eta Garraio Zuzendaritza Nagusia; Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; bai eta honako hauei jakinaraztea ere: Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia; Ebroko Ur Konfederazioa; Iruñerriko Mankomunitatea; Noain Elortzibarko Udala; eta enpresa sustatzailea. Behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2207807