120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

494E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako “Ribaforada II-La Dehesa” eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten baita.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko asmoz (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikulua betetzeko), Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari (Biodibertsitatearen Zerbitzua), ingurumen organoa den aldetik, “Ribaforada II-La Dehesa” eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko oinarrizko proiektuarekin eta ingurumen eraginaren azterketarekin batera.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin bat, jendaurrean jarri zituen 30 egunez proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa, eta iragarkia argitaratu zuen 2020ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 21ekoan. Dokumentazio hori euskarri digitalean ere eskura daiteke Interneten (“Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia”): https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/node/21146.

Gainera, kontsultak egin dizkie proiektuak ukitzen zituen administrazio publikoei eta interesdunei. Epe horren barruan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren eta Ondare Historikoaren Zerbitzuaren iradokizunak jaso dira, baita Gurelur elkartearen alegazioak ere. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostena eta Gurelur elkartearen alegazioak oraingo topografia (baratze-alor landuak, landaredi naturala duten ezpondekin) aldatzeak eragin ditzakeen ingurumen eraginei buruzkoak dira, hainbat arrazoi oinarritzat hartuta. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, berriz, interkonektatuta dagoen sare ekologiko bat eratuko duten elementu linealen sustapena aipatzen du. Gogoeta horietako batzuk ontzat eman dira, eta ebazpen honen I. eranskinean zehaztu dira.

Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2021eko irailaren 27an ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak (Ingurumen Eraginaren Atala) txostena eman zuen 2021eko urriaren 18an, espedientea jendaurrean jarri zenean eta administrazio publikoei kontsultak egin zitzaizkienean jasotako alegazioak eta txostenak kontuan hartuta. Txosten horretan, dokumentazio osagarria eskatu zuen, zehazki hauek: mantendu beharreko ezponden/pareten/terrazen kartografia eta oinarrizko proiektuko planoaren aldaketa, ureztaketatik kenduta ingurumen aldetik balioa duten azalerak. Dokumentazio berria 2022ko otsailaren 16an aurkeztu zuen Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak.

Espedientean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2022ko otsailaren 11ko txostena dago, aztarnategi arkeologikoei eta galtzada erromatarrari buruzkoa.

Sustatzaileak txostena aurkeztu zuen 2022ko maiatzaren 2an, non Barranco del Tollo eta paralelo dagoen “P-90 Iraganbidea” elementuetarako behin betiko konponbidea planteatzen baitu, Ingurumen Eraginaren Atalaren urriaren 18ko eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2022ko apirilaren 4ko txostenak kontuan hartuta. Atal horrek beste txosten bat eman zuen 2022ko maiatzaren 11n, non adierazi baitzuen “P-90 Iraganbidea” abelbide gisa islatu beharko dela berrantolamendu planoetan.

–Proiektuaren laburpena.

Ribaforada II eremuak “El Monte” (Aguas Rodadaseko ureztatzaileen elkartea) eta “La Dehesa” (izen bereko elkartea) grabitate bidezko ureztalurrak ditu. Bi ureztalur horietako uren jatorria Lodosako ubidea da (etorkizunean, ubide horrek bereiziko ditu ureztatzaileen elkarte horiek).

Oinarrizko proiektu hau ebazpen honen II. eranskinean dago zehatz jasota, eta “La Dehesa” eremuari buruzkoa da soilik. Eremu horretan, ura grabitate bidez aprobetxatzen da (goratu eta gero), eta helburua da presioz ureztatzea, ureztalurrak modernizatuta. Luzatien berrantolamenduak 549 hektareako azalerari eraginen dio, eta, ezarritakoaren arabera, 487 hektarea ureztatuko dira.

–Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena.

Ebazpen honen III. eranskinean ageri da laburbilduta.

–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Nafarroako Azpiegitura Berdearen Estrategiak (2019ko maiatza) lotura-eremutzat jotzen du alde hau (AE-24 Ebro-Peñadil), eta konektagarritasun naturala da mugakide den “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) eta ibaiertzaren eta “Ebro ibaia” KBEren artean.

La Dehesaren zati batean ezponda ugari daude laborantzako baratze-alorren ertzetan, sestra-kurbei doituta. Landaredi naturala gutxi dute, kasu batzuetan zuhaixkak eta zuhaitzak, eta konektagarritasun ekologikorako eta fauna hartzeko elementuak dira. Jatorri antropikoko terrazatan eta paretatan antolatutako hegal hauek bitxiak dira paisaiaren aldetik, Ribaforadako udal-mugarteko gainerako eremuek eta lursail mugakideek osatzen duten nekazaritzako eremu sinplifikatuarekin alderatuta.

Fauna basatiari dagokionez, Ribaforadak du erbi iberiarraren populaziorik handienetako bat, eta eperrarena onargarrienetakoa da. Hori dela eta, ohikoa da lurralde horretan hegazti harrapariak izatea. Horri gehitu behar zaio katalogatutako faunaren noizbehinkako presentzia, hala nola apoarmatu istilzalea, bisoi europarra eta igaraba arrunta, batez ere arroilek Lodosako ubidean dituzten ibai-ahoetan.

Ubideetan nabarmena da degradazio ekologikoa, zabalerak urriak dira eta lotutako landaredi gutxi dago; bide ugari dituzte hurbil, bi ertzetan. Horregatik, lurzatiak berrantolatzeko proiektuan hobetu behar diren elementu naturalak dira. Barranco del Tollo da ibilgu nagusia (eta berrantolamenduaren eremuko uretan gora du potentzial ekologikoa, naturaltasun maila altuan kontserbatzen baita).

Ingurumen ebaluazio honek kontuan hartu du proiektuen zatikatzeak sortutako eragin metatzailea, denbora-tarte laburrean lurzatiak berrantolatu eta ureztalurrak modernizatuko baitira Ribaforada II eremu osoan, hau da, “El Monte” eta “La Dehesa” aldeetan. Hori dela eta, funtsezkoa da bi aldeen eta landa-eremuan oraindik ere biodibertsitatea mantendu den gune batzuen artean konektagarritasun naturala lortzeko neurriak mantentzea edo sortzea.

Topografiaren aldaketak eragin larria izanen du landaredi naturala duten ezpondetan eta biodibertsitatean, baina neurri zuzentzaileak ezartzen badira arina izan daiteke. Azkenean sartutako neurri zuzentzaileek –sustatzaileak 2022ko otsailean aurkeztutako dokumentaziokoak– areagotu egin dute “nahitaez kontserbatu beharreko balio natural” gisa sailkatutako landaredi naturala, eta, gainera, azalera berriak diseinatu behar dira igarobide ekologiko izan daitezen, ingurumenaren arloko xedeak dituzten azalera gehienak konektatuta egotea lortzeko.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondoren –proiektuaren ingurumen eraginak ebaluatu dira–, Ingurumen Eraginaren Atalak (Biodibertsitatearen Zerbitzua) ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura behar bezala gauzatu dela. Proiektua ingurumenaren aldetik onargarritzat jotzen da; beraz, proposamena da ingurumen eraginaren adierazpena ematea, betiere ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak betetzen badira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau egin da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako “Ribaforada II-La Dehesa” eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiekturako.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, bai eta honako baldintza hauek betez ere:

1. Nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak:

Nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak oso-osorik errespetatuko dira, eta lurzatian ureztatze ekipamendua egiteko faseak bateragarria izan beharko du balio horiekin. Lurzatiak egokitzeko jarduketa txikiak baino ez dira baimenduko, aurretiaz eskaera eginda Ingurumen Eraginaren Atalari, betiere jarduketak behar bezala justifikatuta badaude. Kasu honetan, jabeak konpentsatzeko proposamen bat gehitu beharko du, landaredi naturala duen azalera bera mantentzeko, ahal dela lurzatian bertan.

Ingurumen eraginaren azterketan jasotakoez gainera (2022ko otsaileko 5-1 eta 5-2 planoak), landaredi-esparru hauek jo dira nahitaez kontserbatu beharreko balio naturaltzat:

88 zenbakiko esparrua (arroilaren ondoan), autobidearen ondoan dauden 89B, 96 eta 97 zenbakiko esparruak (hala ere, eraginen bat izan dezakete bide bat zabaltzearen ondorioz), eta Corral del Casetón eta Paridera del Casetón (93 zenbakiko esparrua eta 490 zenbakiko lurzatia, 1. poligonoa).

2. Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak:

Ingurumen eraginaren azterketan (9. kapitulua) eta 2022ko otsaileko 10 zenbakiko planoan ezarritako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak beteko dira, hidrologia, landaredia, fauna, paisaia, ondare arkeologikoa eta abelbideak babesteko eta drainatzeak egokitzeko. Gainera, kontuan hartuko da honako hau:

2.1. Barranco del Tolloren lehengoratzea:

“Azpiegitura Berdearen eta Konektibitate eta Leheneratze Ekologikoen Estatuko Estrategia (1)” delakoan ezarritakoarekin bat, eta sare hidrografikoan botatako nekazaritzako ongarrietatik sortutako nitratoen kopurua murrizteko, berreskuratu egin beharko dira Barranco del Tolloren eginkizun ekologikoak lurzatien berrantolamenduak ukitutako ibilbide guztian. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:

–Bidexka edo bideetarako eta hustubideetarako okupazioa sustatzailearen 2022ko maiatzaren 2ko txostenean jasotako 2. planoan –“Masen planoaren lerroak (azken egoera)”– zehaztutakoa izanen da. Txosten horren edukiarekin bat, bide berria mendebaldera eramanen da.

–Arroilarekiko paralelo dagoen “P-90 Iraganbidea” abelbideari dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2022ko maiatzaren 11ko txostenean adierazitako baldintzak beteko dira.

  • Altxonbidea zuinkatuko duen plano bat eginen da, 20 metroko zabalera aintzat hartuta (lehen aipatutako 2022ko maiatzaren 2ko txostenean sartutako profilaren krokisean ezarritakoa), Barranco del Tollorako proposatutako behin betiko konponbidearekin, eta berrantolamenduaren planoetan sartuko da, altxonbidea kartografikoki islatuta gera dadin. Aurreko guztia Nafarroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legearen 5. artikuluan xedatutakoarekin bat.
  • Hortaz, berrantolatzeko prozesuari amaiera emateko, altxonbidearen katastroko partzela sortuko da, 19/1997 Foru Legearen 4. artikuluan adierazitakoarekin bat.

–Onetsi egin da Barranco del Tolloren bi ertzetan dauden bi bideak naturalizatzeko proposamena. Horretarako, kendu eginen da gaur egun dagoen zabor-geruza, eta destrinkotu eginen da, landarediak kolonizatzea sustatzeko. Ez da eraikitzen ahalko fauna ibilgutik eta haren ondoko zerrendetatik ibiltzea eragotziko duen oztoporik, eboluzio naturalerako erabiltzen baitira.

–Ekialdeko ertza ahalik eta maldarik txikienarekin ezpondatuko da oraingo bidearen kanpoko ertzetik ibilguaren ohearen kotaraino. Gaur egun intereseko zuhaixkak dauden lekuetan ez da jarduketa hori egin beharko. Leku horiek landa-zuinketan zehaztuko dira, Ingurumen Eraginaren Ataleko langileak aurrean direla. Gaur egungo bidearen kanpoko ertza milazkarekin (Tamarix gallica, T. canariensis) landareztatuko da, multzo txikietan paratuta, eta ahalegina eginen da landatze erregularregiak ez egiteko. Bidexkaz eta bidez okupatutako eremuko ekialdeko mugan (laborantzako eremuaren ondoan), zut-hezikiak (Atriplex halimus), abaritzak eta arteak landatuko dira. Arteen eta abaritzen kasuan, landatzea lineala izanen da.

(1) https://www.miteco.gob.es/es/biodiversidad/temas/ecosistemas-y-conectividad/infraestructura-verde/Infr_verde.aspx.

2.2. Beste ibilgu batzuen leheneratzea:

Hego-ekialdean dauden ibilgu guztiek landare-banda bat izanen dute ibilbide guztian; gaur egun bi bide paralelo izanez gero, banda hori dagoen bideetako baten gainean kokatuko da, zeina bota eginen baita kasu hauetan:

–Autobidea eta Lodosako ubidea (jarduketaren perimetroaren ekialdean) lotzen dituen ibilguan, 6 m-ko banda utziko da, gutxienez, Balsa del Casetón eta Lodosako ubidea lotzen dituen bidea baliatuta. Ibilguaren gainerako zatia –autobideraino– zabaldu eginen da landare-banda baten bidez (adibidez, egin beharreko bidearen okupazioaren zati batekin). Bota eginen da ibilgu horren erdian dagoen etxola.

–Ekialderantz jarraituz, hurrengo ibilguan bota eginen da bide paraleloetako bat, eta landare-banda bat eratuko da.

–Bide horrekiko paraleloan, 250 m ingurura, hustubide bat eraiki nahi da 10 m okupatuta. 3 m landareztatzeko izanen dira, eta beste 3 m, landaredi naturalerako.

–Azkenik, Cortesko mugan, mantendu eginen da ibilgua, eta, gainera, 4 m-ko areka berria gehituko da bidearen ezkerraldean. Ibilgu honen azalera zabaldu eginen da (10 m-ko zabalera, gutxienez) azken zatian (100 metro urak Lodosako ubidera isurtzen dituen tokiraino).

Lodosako ubidearen ondoko bidea ibilgutik 5 metrora egonen da, gutxienez (oinplanoan neurtuta), 1. poligonoko 300 zenbakiko lurzatiaren ondoko zatian. Banda honetan lurra botako da, eta landare belarkarak jarriko dira.

2.3. Lehendik dauden zuhaitzak eta landare-banda berriak:

Interkonektatzeko landare-bandek 6 m-ko zabalera izanen dute, eta lehorrean utziko dira (3 metrokoak planteatzen dira 2022ko otsaileko 1 zenbakiko planoan). Gainera, hauek gehituko dira:

–Interkonektatzeko bi banda Barranco del Tolloren, Lodosako ubidearen eta autobidearen arteko eremuan: bat, autobideko hesiaren eta lurzati berrantolamenduko bide berriaren artean, eta bestea, mendebaldetik ekialdera, masa bitan zatituta.

–Beste banda bat pinuen lerrokaduraren (141 zenbakiko NKBN) eta Lodosako ubidearen artean.

Landatzen diren elementuen artean, espezie hauek lehenetsiko dira: almendrondoak, olibondoak, abaritzak eta arteak. Landatze erregularregiak saihestuko dira.

Finka berrien, bideen eta ibilguen mugatik kanpo lehendik dauden zuhaitzak kontserbatu beharko dira, batez ere pasaia-balioen planoan agertzen diren zuhaitz bereziak (20, 24, 31, 32, 37, 49 eta 56). Obrak egiteko fasean, zuhaitz horiek balizatu eginen dira.

2.4. Balsa del Casetónen hobekuntza:

Gaur egun Balsa del Casetón inguratzen duen bidea urrundu eginen da, eta landaredi konpentsatzailearen eremuko hegoaldeko mugatik eginen da haren trazadura. Idoia inguratzen duen eta eginkizunik gabe geratuko den bidearen zatia destrinkotu eginen da (95 metro inguru).

2.5. Ureztaketa idoia:

Ureztaketa idoi berriak (ponpaketa-estazioaren ondoan) neurriak izanen ditu basa fauna itotzea saihesteko: irteteko arrapalak edo eskalak, perimetroko itxitura eta distantzia egokia hesiaren eta polietilenozko laminaren artean.

3. Balio arkeologikoak.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2022ko otsailaren 11ko txostenean ezarritakoa bete beharko da, aztarnategi arkeologikoei eta galtzada erromatarrari dagokienez. Besteak beste, 1. eta 2. graduko aztarnategietan edozein eragin izatea saihestuko da, eta Italia in Hispanias galtzada erromatarraren trazadura osorik mantenduko da zirkulaziorako bide gisa. Txosten horrek hau ere esaten du: “galtzadaren bazterretan landaredia jarriko da, Ablitasen seinaleztatutako gainerako zatiekin bat”.

Horretarako, landatzeko eremu bat gaituko da galtzadaren iparraldean. Lehorrean utzi beharko da (gutxienez galtzada erromatarraren iparraldeko mugaren eta landu daitekeen eremuaren artean dagoen okupazioarekin), zehazki bi zatitan: a) berrantolamenduaren eremuko mendebaldeko mugatik Barranco del Tollorekin duen bidegurutzeraino, eta b) autobidetik berrantolamenduaren ekialdeko mugaraino.

4. Beharrezkoak diren obrako materialak eta soberakinak.

Ingurumen eraginaren azterketak dioen bezala (37. or.), “fabrika-obrak eraistearen ondoriozko hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) balorizatzeko instalazioetara bidali beharko dira, edo lekuan bertan balorizatuko dira (R5), kudeatzaile baimendu baten bidez, instalazio mugikor bat erabilita”.

Horrez gainera, obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da –kasu honetan, % 20, gutxienez–, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz. Proiektuko neurketetan eta aurrekontuan islatu beharko da.

5. Ingurumena zaintzeko programa.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egin behar duen ingurumena zaintzeko programa ingurumen eraginaren azterketan ezarritakoaren arabera eginen da (11. kapitulua).

Gainera, ustiatzeko fasearen lehen bi urteetan, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak faunaren jarraipena eginen du: ur-ibilguei lotutako espezieak (igaraba, bisoi europarra eta apoarmatua), zingira-mirotza (batez ere bi idoietan) eta eskortetan dauden hegaztiak (hontza, belatz gorria eta belatxinga). Eraginen bat izan dela detektatuz gero, populazio horiek mantentzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dira.

Sustatzailearen ardura izanen da datuak biltzea eta gazitasuna eta nitratoak kontrolatzeko sarea ezartzea, gutxienez obren fasea hasi baino ziklo hidrologiko bat lehenago, ureztalurrak modernizatu aurreko eta ondorengo ikuspegia izateko. Jarduketa hauek eginen dira Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuarekin adostuta (administrazio publikoei kontsultak egiteko fasean, 2021eko ekainaren 23an emandako txostena, sustatzaileari erantzuteko):

–Ureztalurren modernizazioak eragindako uraren kontsumoen alderaketa. Jarduketa egin aurretik eta ondoren kontsumitutako energiaren (kontagailuaren irakurketa) arabera eginen da.

–Aldian-aldian ura bilduko da Barranco del Tolloko hiru lekutan, laborategian analisiak egiteko, eta bisualki zenbatetsiko da bilketa egiten denean inguruetan dagoen emaria.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak ikusita, nitratoen eta gazitasunaren ondoriozko kutsadurari buruzko datuak negatiboak badira, behar diren neurriak hartu beharko dira eragin horiek zuzentzeko.

6. Ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei.

Lurzati berrantolamenduari buruzko erabakiak nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak (NKBN) identifikatuko ditu. Informazio hori 1:6000 eskalan edo zehatzagoan jasoko da, eta udaletxean izanen da finken jabeen eskura.

2022ko otsaileko planoak, zehazki oinplano orokorra (2. planoa), NKBNak (5-1 eta 5-2 planoak) eta neurri zuzentzaileak (10. planoa) zuzenak dira eta 2020koak ordeztuko dituzte. Hori dela eta, plano horiek “La Dehesa” aldeko gainerako agiriekin batera argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia atarian: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/node/21146

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Gurelur elkarteari, Ribaforadako Udalari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako mugapea), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurreko informazio aldiaren eta kontsulten emaitza

Espedientea jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan daude ezarrita), 5 erantzun jaso dira, kontsultatutako organismo edo entitate hauenak hain zuzen:

Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

X

Biodibertsitatearen Zerbitzua

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

X

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Gurelur

X

1.–Ondare Historikoaren Zerbitzua:

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena eman zuen 2020ko abuztuaren 25ean, eta jakinarazi zuen ez dagoela ukipenik atal horri dagokionez.

2.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua:

2020ko irailaren 18an eman zuen txostenean, arroiletako dinamika hidrologiko-hidraulikoan, azaleko jariatzean eta uholde-arriskuan izan daitezkeen eraginak aipatu zituen, baita plagizidak, herbizidak eta ongarriak erabiltzearen ondoriozkoak ere.

Horri dagokionez, hau esaten du: “behar bezalako tratamendua egin beharko da azaleko jariatzeetan eta ureztaketaren errepikatzeetan, lursailaren malda aldatzearen ondorioz, jarduketak hirugarren batzuen gainean eragin esanguratsu berriak izatea saihesteko. Eremuaren etorkizuneko topografia eta sare hidrografiko berria islatzen dituen dokumentazio grafikoa sartu beharko da”.

Uraren gazitasunaren eta nitratoen jarraipena egiteko programa zuzena da, eta obren fasea hasi baino ziklo hidrologiko bat lehenago hasi beharko da. Uraren kutsadura kontrolatzeko sarea lurpeko ura kontrolatzeko gune batekin osatu behar da, gutxienez. Zuzenketa hauek egin behar dira ingurumen eraginaren azterketan: adierazi behar da jarduketaren eremuaren azaleraren zati handi bat 2. eremu kalteberatik kanpo dagoela, eta baimendutako ongarri nitrogenodunen gehieneko mailen araudiari buruzko informazioa eguneratu behar da.

3.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzua (Lurraldearen Antolamenduaren Atala):

2020ko urriaren 26an eman zuen txostenean hirigintza eta lurralde antolamenduko tresna hauei dagokienez aztertzen du proiektua: Ribaforadako udal plan orokorra, Nafarroako Ubidea UPS eta “Ebroko Ardatza” Lurralde Antolamenduko Plana (LAP 5). Beste instantzia batzuen txostena behar duten alderdiak identifikatu dira: abelbideak, Ondare Historikoaren Zerbitzua, AP-68 autobidearen arduradunak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Jakinarazi da, aipatutako txosten eta baimenak kontuan hartuta, oinarrizko proiektuan jasotako jarduketa guztiak baimendutzat jotzen direla, LAPen babestu beharreko lurzorutzat/ingurumen aldetik balioa duen lurzorutzat/ibai-eremutzat jotako lurzoruei eragiten dien lurzati antolamendua eta ureztalurren eraldaketa edo hobekuntza izan ezik.

Horrez gainera, adierazi da oinarrizko proiektuan eta ingurumen azterketan ez dela jaso paisaia leheneratzeko proiektuan ezarritakoa, sare interkonektatu bat eratuko duten elementu linealak sustatzeari dagokionez.

4.–Biodibertsitatearen Zerbitzua (Ingurumen Eraginaren Atala):

Espedientea jendaurrean jartzeko izapidean eta administrazio publikoei egindako kontsultetan jasotako alegazioak eta txostenak kontuan hartuta, txostena eman zuen 2021eko urriaren 18an, eta dokumentazio osagarri hau eskatu zuen:

–Mantendu beharreko ezponden/pareten/terrazen kartografia.

–Konpentsazio ekologikorako proposamen gehiago (azalera eta elementu linealak), konektagarritasuna eta epe ertainera biodibertsitatearen leheneratzea bermatzeko (10. planoaren aldaketa - neurri zuzentzaileak).

–Oinarrizko proiektuaren plano berria, ureztaketatik kenduta ingurumen aldetik balioa duten azalerak.

5.–Gurelur elkarteak aurkeztutako alegazioa:

Gurelur elkarteak zalantzan jarri ditu prozeduraren zenbait alderdi. Alde batetik, esaten du ingurumen eraginaren azterketa arrunta eta sinplifikatu gabea egin beharko litzatekeela (1. alegazioa), eta horrek aukera emanen zuela aurretiazko kontsultetan parte hartzeko (2. alegazioa), eta uste dute alternatiben azterketa ez dela nahikoa, ez delako aztertzen lurzati berrantolamendu bera (4. alegazioa). Beste alde batetik, uste da proiektua ez dagoela osorik, Ribaforada II-ko hasierakoa bitan banatu baita, eta, beraz, zati bat baino ez da aztertzen, La Dehesa (3. alegazioa), eta ez dira sartu jarduketa guztiak, hala nola linea elektrikoa (7. alegazioa) edo obretarako materialen erauzketa (8. alegazioa). Horrez gainera, jarduketak ez dira behar beste zehazten, ez baitira ezagunak datu hauek: berrantolamenduari buruzko proposamena (4. alegazioa), kendu beharreko ezpondak eta muinoak (4. eta 9. alegazioak), desmuntatu beharreko erretenak (5. alegazioa), aurrez ikusitako lurren mugimenduak (7. alegazioak) eta erregulazio-idoiaren ezaugarriak (13. alegazioa). Halaber esaten da azterketa berezia egin behar zela Mendebaldeko ur-arratoia (Arvicola sapidus) (11. alegazioa).

Ohartarazi da ezponda, muino eta zuhaitzak kentzeak (4. eta 6. alegazioak) eta erretenak kentzeak (9. alegazioa) landareen eta paisaiaren gainean izan dezakeen eraginaz. Ez dago behar beste zehaztuta eta kuantifikatuta. Uste dute eragin hori kritikoa dela paisaiaren kasuan.

Prebentzio neurriei dagokienez, zalantzan jarri da haien bideragarritasuna (12. alegazioa). Adierazi dute ez dagoela argi zein elementu gordeko den, eta lursailen erreserba ez dagoela lotuta ezpondei, eta ez dagoela behar beste banatuta jarduketaren eremuan. Eta uste dute ez dela babesten RIB-2 aztarnategia (6. alegazioa). Beste neurri batzuk proposatu dira: La Dehesako Balsa del Casetóngo pista urruntzea (10. alegazioa), pinudiaren lerrokaduraren inguruan aldatu gabeko gune bat sortzea (14. alegazioa) eta ponpaketa-instalazio fotovoltaiko bat jartzea (7. alegazioa).

Azkenik, adierazi du ez dagoela aurrekonturik prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurrietarako eta ingurumenaren zaintza eta jarraipen planerako (15. alegazioa).

Erantzunak:

1. eta 2. alegazioei emandako erantzuna. Ribaforada II eremuko lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektua 21/2013 Legearen II. eranskinean dago jasota (1. taldea. Nekazaritza, a eta c letrak), eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatu moduan izapidetzea dagokio, lege horren 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, 21/2013 Legearen 7.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektu horren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin da, sustatzaileak eskatuta. Inguruabar horrek tarteko urrats bat saihesten du –prozedura sinplifikatuaren ondorioa bada ebaluazio arrunta egin behar dela–, zorrotzago zehazten du proiektuaren ingurumen ebaluazioa behar den ala ez eta jendaurrean jartzera behartzen du (legearen 36. artikulua). Izapide hori ez da egin behar prozedura sinplifikatuan.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.

3. alegazioari emandako erantzuna. Ribaforada II eremuak “El Monte” (Aguas Rodadaseko ureztatzaileen elkartea) eta “La Dehesa” grabitate bidezko ureztalurrak ditu. 1/2002 Foru Legean ezarritakoa aplikatuta, 483/2017 Foru Agindua argitaratu zen 2018ko urtarrilaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Haren bidez, jarduketak hastea onetsi zen, aldi berean ureztatzaileen bi elkarteetarako.

“La Dehesa” ureztatzaileen elkartea eremua kargatzen duten belarren jabea da, eta instalazio fotovoltaikoak dituzten lurzati batzuen jabea da. Inguruabar horiek diru-sarrera ugari sortzen dituzte. Uraren emakida berea da modu esklusiboan, eta “La Dehesa” aldeko lurzoruen kalitateak eta kotak “El Monte” aldeko lurretakoak ez bezalakoak dira, eta ureztatzaileek eurek uste dute ez direla trukagarriak. “La Dehesa” aldeko ura Lodosako ubideko bi goragunetatik dator. “El Monte” aldeak, berriz, zuzenean ureztatzen du, goragunerik gabe, Lodosako ubidetik (“Aguas Rodadas”).

“La Dehesa” eta “El Monte” aldeetako ureztatzaileen elkarteek eskatu zuten, 2018ko urriaren 22an eta 2018ko urriaren 19an hurrenez hurren, bi alde horietan lurzati berrantolamenduak modu independentean egiteko.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen foru agindu horretan ezarritako jarduketak bi eremu eta bi administrazio prozedura bereizitan egitea. Erabaki hori hartzeko arrazoiak administratiboak, teknikoak eta ureztatzaileen euren ageriko borondateari lotutakoak dira, bi ureztatzaileen elkarteen koiuntura, ezaugarriak eta itxaropenak oso ezberdinak baitira, bai geografiari dagokionez, bai epeei dagokienez. Bi prozeduratan bereizteak ez dauka inolako zerikusirik ingurumenaren arloko arrazoiekin.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.

4. eta 6. alegazioei emandako erantzuna. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2022ko otsailaren 16an aurkeztutako dokumentazioak areagotu egin du “nahitaez kontserbatu beharreko balio natural” gisa kalifikatutako landaredi naturala, eta, gainera, azalera berriak diseinatu ditu igarobide ekologiko izan daitezen. Halaber, RIB-2 aztarnategi arkeologikoa lehorrean geratuko da azkenean oinarrizko proiektuan.

Horrenbestez, onetsi egin dira 4. eta 6. alegazioak.

5. alegazioari emandako erantzuna. Desmuntatu beharreko hormigoizko erretenen kopurua gorabehera –proiektuaren fase aurreratuago batean zehaztuko da–, ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) EEHen tratamendurako baldintzak eta obran agregakin birziklatuak erabiltzeko baldintzak ezartzen ditu. Horrenbestez, onetsi egin da alegazioaren zati bat.

7. alegazioari emandako erantzuna. Gaur egun ez dakigu zein izanen den linea elektrikoaren trazadura; hortaz, linea horren ingurumen ebaluazioa espediente independente batean izapidetuko da.

Ponpaketa-instalazio fotovoltaikoa erabiltzeari dagokionez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia behar diren urratsak ematen ari da ponpaketetan energia berriztagarriak erabil daitezen, konbentzionalaz gainera.

8. alegazioari emandako erantzuna. Obretarako behar diren materialen eta haien ingurumen arloko tramitazioari dagokienez, 4.9 apartatuan zehazten dira materialen beharrizanak. Hala ere, alderdi hori eraikuntza proiektuan baino ezin da landu zehatz-mehatz.

Materialak lortzeko prozedura, batez ere bideei dagokiena, eraikuntza enpresaren esku dago neurri handi batean; beraz, komenigarria izan arren oraingo eraginaren azterketan sartzea, ingurumen ebaluazioa espediente independente batean eginen da.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.

9. alegazioari emandako erantzuna. Materialen ekarpenari dagokionez, aurreko alegazioan erantzun da. Lurren mugimenduei dagokienez, eraikuntza proiektuan baino ezin da aztertu zehatz-mehatz alderdi hori.

Antolamendu berriak landaredun ezpondak mantendu beharko lituzkeela dioen alegazioa dela eta: finka berrien “mozketa” fasean, baratze-alorren arteko oraingo ezpondak erabiliko dira finka berrien mugak ezartzeko, jabeen “puntuen” kokapenak horretarako aukera ematen duen neurrian. IEAn konpentsazio neurriak ezarri dira landaredun ezponda horien galera konpentsatzeko, eta lurzatien mugetan geratzen diren zuhaitzak errespetatu behar direla xedatzen da.

Horrenbestez, onetsi egin da alegazioaren zati bat.

10. alegazioari emandako erantzuna. Idoi hori ardi-aziendak erabiltzeko aska bat da, eta, beraz, mantendu egin behar da bertara iristeko bide bat. Saihestu egin behar da eremurako sarbidea bikoiztea. Hala ere, komenigarritzat jo da errepideko zirkulaziorako bidea urruntzea, eta lurrezko sarbide bat uztea idoiraino, zirkuitu jarraitutasunik gabe, abeltzaintzakoa ez den zirkulaziorako erabiltzea saihesteko.

Hortaz, onetsi egin da La Dehesako Balsa de Casetóngo pista urruntzeko alegazioa.

11. alegazioari emandako erantzuna. Mendebaldeko ur-arratoiaren (Arvicola sapidus) habitata ertzetan landare belarkarak edo sastrakak dituzten ibilguek edo ur-masek osatzen dute. Lurzati berrantolamenduaren eremuan, lehendik dauden ibilguak (lurrezko ezpondekin) eta idoiak kontserbatu eginen dira, baita haien baldintza ekologikoak hobetu ere (lotutako landare-banda gehiago jarriko dira, bide mugakideak atzera eramanen dira edo eraitsi eginen dira, batez ere Barranco del Tollon eta La Dehesako Balsa del Casetonen). Bisoi europarrarentzat eta apoarmatu istilzalearentzat ezarritakoaren kontrara, ur-arratoiaren kasuan ez da beharrezkotzat jotzen azterketa berezirik egitea.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegazioa.

12. alegazioari emandako erantzuna. 4., 6. eta 9. alegazioei emandako erantzun bera du.

13. alegazioari emandako erantzuna. Ingurumen eraginaren adierazpenak aipamen bat du ureztaketa idoian erortzen ahal den faunarentzat irteteko neurriak ezartzeko beharrari buruz.

Horrenbestez, onetsi egin da alegazioa.

14. alegazioari emandako erantzuna. Baselizaren eremua eta Paridera del Casetón lotzen dituen bidearen ondoan dauden pinuak nahitaez kontserbatu beharreko balio naturaltzat joko dira, eta ondoko bidea zabaltzeak ez ditu ukitu beharko.

Pinuak inguratzen dituen erretena ez eraisteko aukera ere badago, presio saretik laguntzeko urak behar balira ere, eta, salbuespen gisa, modernizazioa amaitu ondoren, urik ez egoteagatik, haien biziraupena arriskuan jarriko balitz ere.

Horrenbestez, onetsi egin da alegazioa.

15. alegazioari emandako erantzuna. Oinarrizko proiektuaren aurrekontuak partida bat du neurri zuzentzaileetarako (7. kapitulua). Eraikuntza proiektuaren mailan, zehaztapena eta xehetasuna prozedurak urte batzuk dituenean lortuko da, eta, edonola ere, ingurumen eraginaren adierazpena eman ondoren lortuko da.

Horrenbestez, alegazioak ez du lekurik orain.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Ribaforadako lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalur bihurtzeko jarduketak ezaugarri hauek ditu:

–Lurzati berrantolamenduak 549 hektareako azalerari eraginen dio, eta, ezarritakoaren arabera, 487 hektarea ureztatuko dira.

–Gaur egun 717 lurzati daude, eta 0,77 hektareako azalera dute batez beste. Lurzatiak berrantolatu eta gero, aurreikuspenen arabera, 400 lurzati izanen dira eta 1,37 hektareako azalera izanen dute batez beste.

–Bideen sarea gaur egun dagoenaren oso antzekoa izanen da, eta 3.000 m-ko luzera izanen du; zabaldu egin beharko dira errodadura egokia ez dutenak –5 eta 6 metroko errodadura izanen dute–, eta finketarako sarbideek 7 m inguru izanen dituzte.

–Interes orokorreko ureztaketa sareak 17.089 metroko luzera izanen du. Altzairuzko, burdinurtu nodularrezko eta PVCzko hodiak izanen ditu: PVC-10 (2.789 m; Ø: 140-315 mm); PVC-16 (10.241 m; Ø: 140-400 mm); eta burdinurtua (4.059 m; Ø:350-600 mm). Hodi guztiak zangan lurperatuta egonen dira, goiko sortzailearekiko 1,1 metroko sakoneran, gutxienez. Zangaren oinarria 0,50 izanen da, gehi instalatutako hodiaren diametroa, eta 1/3ko hondeatze-ezpondak izanen dira.

–“La Dehesa” aldeko hustubideek Lodosako ubidera isuriko dituzte urak. Proiektuan 7 km-ko luzera izanen duten hustubide berriak jaso dira (sekzio trapeziala; ezponden ezaugarriak: 1,50, horizontalean, eta 1,00, bertikaletan).

–Ponpaketa bidezko presio errefortzuarekin ureztatuko da. Ura ubidearen eta ponpaketaren artean kokatuko den erregulazio-idoi batetik hartuko da. Ponpaketa-estazioak 66 kW-ko potentzia beharko du (145 l/s-ko emaria 100 metroko altuerara eramateko). Energia elektrikoaren jatorria 2 km-ra dauden 66 KV-ko lineetan koka daiteke. Erregulazio-idoiak 36.800 m³ biltzeko bolumena du.

–Ekarpen material hauek beharko dira: 11.543 m³ harbeta eta 41.845 m³ oinarri, bideetarako. Legar naturalen maileguak erabiltzea aurreikusi da jarduketa eremutik hurbil dauden kuaternarioko eremuetan, eta 3.203 m³ hartxintxar, hodien sarerako (oinarria eta oinarri-azpia). Material guztiak gaur egun aginduzko ingurumen baimena eta, hala badagokio, meatze baimena duten edo izanen duten hornidura iturrietatik etorriko dira. Fabrika-obrak eraistearen ondoriozko hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) balorizatzeko instalazioetara bidali beharko dira, edo lekuan bertan balorizatuko dira (R5), kudeatzaile baimendu baten bidez, instalazio mugikor bat erabilita. Eraispenaren hondakinak bide berrien oinarri-azpi gisa eta bigunguneak saneatzeko erabiltzen ahalko dira, behar bezala tratatu ondoren.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketa

Oraingo landaredi naturalak sastrakadiak, larrediak eta urari lotutako landareak ditu. Maiz elementu linealak dira, zelai edo bideen arteko ibilgu eta ezpondei lotutakoak, eta zuhaitzak izan ohi dituzte sakabanatuta. Eremuan askotariko fauna dago. Hauek nabarmendu behar dira: hegazti harrapariak, apoarmatu istilzalearen noizbehinkako presentzia eta bisoi europarraren eta igaraba arruntaren aldizkako presentzia.

“Lurzatiak berrantolatu eta ureztalurrak modernizatu ondoren, desagertu eginen da baratze-alorretan antolatutako lurzatien oraingo egitura, eta, haren ordez, malda arineko hegal bat geratuko da” (8.2.3. apartatua, Geomorfologiaren gaineko eragina). Jarduketa honen ondorioz, ezponda ugari eta duten landaredia (zuhaizkara kasu batzuetan) desagertuko dira, eta, beraz, asko sinplifikatuko da paisaia. Era berean, faunarentzat interesekoak diren elementu asko galduko dira eta murriztu eginen da haren ugaritasuna eta dibertsitatea.

Eragin horiek murrizteko, neurri zuzentzaile gehiago sartu dira (2022ko otsaileko dokumentazioa): areagotu egin da “nahitaez kontserbatu beharreko balio natural” gisa kalifikatutako landaredi naturala, eta, gainera, azalera berriak diseinatu dira igarobide ekologiko izan daitezen.

Ingurumen azterketak proposatzen du espezie autoktonoen zuhaiztiak eta sastrakadiak erein eta landatzea bide eta ibilguen ondoan (azken horietan, xede horretarako, bazterretako bideetako bat kentzea da asmoa). Aurrez ikusita dago babestu beharreko landare-eremuak eta arroilak seinaleztatzea eta babestea, eta hodien trazadurak aldatzea.

Fauna babesteko, jarraipena eginen da obren fasean zehar, eta murrizketak ezarriko dira egutegian. Neurriak hartuko dira Lodosako ubidearen ondoan dagoen idoi berrian, animaliak sartzea eragozteko, eta, eroriz gero, irtetea ahalbidetzeko.

Proiektuak “P-90 Igarobidea” abelbidea zeharkatzen du zenbait puntutan. Errespetatu eginen da haren trazadura; ez da etenen igarobidea inon, eta ez da erabiliko materialak uzteko.

Aztarnategi arkeologiko bat (Brontze Aroa) aurkitu da, eta galtzada erromatarraren zati bat. Ez da aldatzen ahalko galtzadaren oraingo trazadura, eta, lur erauzketarik egin behar bada, aurretiaz zundaketa arkeologikoak eginen dira. Aztarnategiak 50 m-ko babes perimetro bat izanen du, kanpoko mugaketatik neurtuta. Perimetro horretan egiten diren hondeatzeko lanetan edo bideak berritzeko lanetan, jarraipen arkeologiko intentsiboa eginen da.

Uraren kalitatea aldatzeko arriskua dagoela uste da, bai obrak egiten diren bitartean, bai eraldaketa gauzatzen den bitartean. Ureztatzaileei proposatu zaie aholkularitza teknikoa izatea eta kutsatzeko arriskuak kontrolatzea. Uraren aprobetxamenduan eta ongarrien aplikazioan optimizazio bat aurreikusi da. Halaber, landaren aprobetxamendu ekonomikoaren gaineko eragin positiboa aurreikusten da. Prebentzio neurri gehiago hartuko dira obren fasean, kutsatzeko arriskuak saihesteko.

Iragarkiaren kodea: F2208047