120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita oilaskoak gizentzeko hegazti ustiategi baten aldaketa nabarmena. Instalazioa Oltza Zendeako udal mugartean dago eta Zinarreka SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 364E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen; gero berrikusi egin zen Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 6ko 280E/2020 Ebazpenaren bidez, eta aldatu egin zen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 15eko 14E/2022 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 19ko 16E/2022 Ebazpenaren bidez.

2022ko martxoaren 23an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, animalien gorpuetarako ahalmen txikiko errauskailu bat ezartzeko (50 kg/h). Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko apirilaren 14ko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak eraginen dituelako instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2022ko apirilaren 14an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez du ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharrik, lege horren eranskinetan agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatutako 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2022ko apirilaren 14an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, animalien gorpuetarako ahalmen txikiko errauskailu bat ezartzeko (50 kg/h).

Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa denez, udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Oltza Zendeako udal mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti ustiategi baten aldaketa nabarmena baimentzea, animalien gorpuetarako ahalmen txikiko (50 kg/h) errauskailuaren proiektua gauzatu ahal izateko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Zinarreka SL da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02193090072019 zenbakiarekin, eta hondakin arriskugabeen sortzaile gisa, 15P03193090072019 zenbakiarekin. Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Aldaketa gauzatu aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plana, eguneratua, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko, errausketari dagozkionak, zehazki.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Instalazioaren aldaketa nabarmena egiteko ematen den ingurumen baimen integratu honek ez du galarazten instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea Zinarreka SLra, Oltza Zendeako Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2207955