120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Corellako udal mugartean 998,76 kW gailurreko “IFV Navas” planta fotovoltaikoa ezartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 2 SL da.

2021eko otsailaren 8an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuko jarduketaren helburua da eguzki parke fotovoltaiko bat instalatzea, 998,7 kW-eko gailur-potentziakoa. Lurzatiak dituen 28.800 m²-etatik 14.500 hartuko ditu, eta 30 urteko bizitza baliagarria aurreikusi zaio; epe horren buruan eguzki parkea eraitsi eta lursaila leheneratu eginen da. Instalaziorako 2.436 modulu fotovoltaiko erabiliko dira (87 modulu kate, bakoitzean 28 modulu, seriean konektatuak). Euste-egituren gainean (jarraitzaileak) muntatuko dira, ardatza ipar-hego norabidean lerrokatuta. Ekialdetik mendebalderanzko eguzki jarraipen astronomikorako ahalmena izanen dute. Jarraitzaileek eragingailu birakari elektromagnetiko motorduna izanen dute. Urrunetik eragitea ahalbidetzen duen automata batek kontrolatuko du.

Ekoitzitako energia ateratzeko, behe tentsioko lurpeko konexioa eginen da lurzati berean kokatutako transformazio zentro bateraino, zeinak 13,2 kV-era igoko baitu tentsioa. Energia aireko linea batetik garraiatuko da sare orokorrera. Linea horrek hiru euskarri eta bi euskarriarte izanen ditu, eta urruneko agintedun ebakitze-zentro batean amaituko da, “Corellako BTAren iparraldeko ingurabideko 1. zirkuitua” lineako euskarriaren ondoan. Lotura horrek azken euskarri bat izanen du lur-konexiorako, eta lurpeko lineatik aireko lineara pasatzeko konexio bat, sare orokorrarekin elkartzen deneko euskarrian.

Espedientean jasorik dago Corellako Udalak 2022ko urtarrilaren 24an emandako aldeko txostena, instalazioa lurzoruaren sailkapenarekin bateragarria izateari buruzkoa. Bertan zehazten da Udalaren herri-lurretako lurzorua dela.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2022ko martxoaren 4an emandako txostena ere jaso da espedientean. Aldekoa da, eta zenbait baldintza ezartzen ditu.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Corellako udal mugartean 998,76 kW gailurreko “IFV Navas” planta fotovoltaikoa ezartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 2 SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• Ingurumenaren arlokoak:

–Aireko linea elektrikoak justifikaziorik gabe ugaritu ez daitezen, energia ateratzeko linea elektrikoa lurpeko tarte bakarrean eginen da.

–Proiektuko gainerako jarduketak Corellako 8. poligonoko 800. lurzatiaren barnean ezarritako perimetroari lotuko zaizkio, tartean direla hornikuntzarako, material biltegietarako eta makineriaren parkerako beharrezkoak diren okupazioak. Ez da ukituko baso erabilerako B azpilurzatiko landaredi naturala.

–Ahal den gehien errespetatuko da oraingo topografia, ezponda berriak, betelanak eta indusketako lur soberakinen pilaketa saihestuz.

–Ez da lur mugimendurik eginen, zimenduek edo ireki beharreko bideek okupatutako guneetan izan ezik. Beharrezkoa bada, eta ekipamenduen maldarekiko tolerantziarengatik ezinezkoa bada topografia aldatu gabe muntaketa lanak egitea, aldatu eginen da kateen luzera edo eguzki-jarraitzaileen banaketa, baso erabilerako azpilurzatia ez ukitzeko eta lurzatiaren hegoaldeko eta ekialdeko lur berdinketa saihesteko.

–Eguzki-jarraitzaileen eta transformazio-zentroaren zimenduetatik eta barnean ezinbestez tinkotu beharreko bideetatik ateratzen den lur begetala kendu eta gorde eginen da. Lur begetal hori, ahal bada, eremuaren inguruan bilduko da indusketako gainerako lurretatik aparte, deuseztatzeko fasearen ondorengo azken leheneratze lanetarako gordeta.

Lanak bukatu ondoren, eraikuntza lanetan halabeharrez garraioko kamioiek edo eraikuntzako makineria osagarriak zapaldu eta trinkotutako lurrak berriro harrotuko dira.

–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihestu eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko. Horretarako, lanak bukatu eta berehala eginen da ereintza, lur soilduetan edo zanga eta bestelako jarduketek ukitutako lurretan. Ereintza egiteko aintzat hartuko dira klimara eta eremura egokitutako espezie autoktonoak.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta.

–Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, goian alanbre arantzadunik gabea).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Instalazioa paisaian hobeki egokitzeko, zuhaitzak landatuko dira instalazioaren inguruan, hesiaren barnealdean, mendebaldeko, ekialdeko eta hegoaldeko mugetan. Olibondoak landatuko dira edukiontzian, eta hiru-bost urtekoei dagokien tamaina izanen dute.

Landaketa 6 x 6 metroko markoan eginen da, errenkada batean edo bitan, hiruzuloka, 4 metroko tartea utzita errenkada batetik bestera. Bikoitza izanen da barnealdean, moduluen banaketaren geometriak aukera ematen duen lekuetan.

–Obrak amaitu eta hurrengo 12 hilabeteetan landareztatu beharko da (adierazitako landaketa eta proiektatutako ereintza eginez). Landaketak garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira.

–Landaketaren eta landareztatze osoaren jarraipena eginen da eguzki plantaren bizitza baliagarri osoan zehar, eta bideragarria dela bermatuko da. Garapen azkarrerako beharrezkoak dituen ureztaketak eta zainketak emanen zaizkio.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

–Proiektuak Kultura Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologiko katalogaturik ez dela ukituko azalduz. Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Hirigintza arlokoak:

–Baimen honen babesean hau baino ezin da egin: 2.436 modulu fotovoltaikoz osatutako eguzki planta, 998,78 kW-eko gailur-potentziakoa, inbertsoreak, 20 kV-eko lurpeko linea elektrikoak, transformazio-zentroa eta energia ateratzeko linea ebakitze-zentro berriraino, konexioa duena Corellako BTAren iparraldeko 13,2 kV-eko ingurabideko 1. zirkuituko 7811 euskarrian. Hori guztia aurkeztu den dokumentazioari eta baimen honetan ezarritakoari jarraituz eginen da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Sarbideari eta NA-6810 errepidearen gaineko ukipenei dagokienez, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2021eko ekainaren 25ean emandako txostenean ezarritakoari jarraituko zaio. Txosten hori erantsi da.

–Herri-lurren Atalak 2021eko apirilaren 27an egindako txostenaren arabera (txosten hori erantsi da), “Navas” planta fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuak herri-lurzatiei eragiten dienez, herri-lurren berezko aprobetxamendua eta gozamena baldintzatuz, eta sustatzailea udala bera ez denez, instalatu aurretik, Corellako Udalak 8. poligonoko 800., 802., 820., 817. eta 818. lurzatiak desafektatzeko espedientea izapidetu beharko du nahitaezko onespena lortzeko, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Corellako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2207967