120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50/2022 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eraikitzeko administrazio baimena ematen baita eta zehazki onura publikoa deklaratzen baita energia elektrikoa ekoizteko “Orkoien” parke eolikoa jartzeko Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal-mugarteetan.

1. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.

2021eko azaroaren 23an, Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Orcoien Energy Orcoien SL enpresak eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen “Orkoien” parke eolikorako. 5,7 MW-eko potentzia unitarioa duen haize-sorgailu batek eta energia eramateko azpiegiturek osatzen dute parkea.

Horrenbestez, “Orkoien” parke eolikoaren exekuzio proiektuak honako hauek jasotzen ditu:

– N155-5.7 TS105 haize-sorgailu bat, 5,7 MW-eko potentzia unitarioa duena, 155 metroko diametroko errotorea, eta 105 metroko garaiera duen abatza.

ORKOIEN PARKE EOLIKOKO HAIZE-SORGAILUA

UTM WGS84 koordenatuak 30 N eremua

Izena

x

y

ORKOIEN 01

602203,00

4742470,00

–Parke eolikoko erdi-tentsioko kolektorea, lurpeko 20 kV-eko zirkuitu batek osatua, zeina transformazio zentroarekin konektatuta baitago.

–Transformazio zentroa, zeinak erdi-tentsioko kolektorearen tentsioa (20 kV) konexio tentsiora (13,2 kV) egokituko baitu. Barruko transformazio zentro bat da, eraikin aurrefabrikatu batean. 6,35 MVA-ko potentzia duen transformadore bat izanen du.

ORKOIEN PARKE EOLIKOKO TRANSFORMAZIO ZENTROA

UTM WGS84 koordenatuak 30 N eremua

Izena

x

y

Transformazio zentroa

602218,00

4742459,00

–Energia ateratzeko lurpeko linea, erdi-tentsiokoa (13,2 kV), transformazio zentroa STR Orkoien azpiespazioarekin konektatuko duena. Azpiestaziotik, sortutako energia elektrikoa I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren banaketa sarera eramanen da. Energia ateratzeko lineak eroale zirkuitu hau izanen du: 12/24 kV AL HEPRZ1 1x400 mm² H16CU. Guztira, 4,1 km-ko luzera izanen du.

2. Ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei egindako kontsultak.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 1/2022 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Orcoien Energy Orcoien SL enpresari, energia elektrikoa ekoizteko 5,8 MW-eko “Orkoien” parke eolikoa eta handik energia ateratzeko azpiegiturak jartzeko Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal-mugarteetan, betiere Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenean eta abenduaren 29ko 1400E/2021 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteta. Ebazpen hori 2022ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluko 1. apartatua betez, 2021eko azaroaren 23an aurkeztutako dokumentazioaren kopia igorri zitzaien ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duten organoei, egiazta zezaten proiektuak betetzen zituela ingurumen tramitearen eta hirigintza baimenaren gaineko ebazpenak, aurretiazko administrazio baimena dela-eta emandakoak.

Hona hemen bi kontsulta horiei emandako erantzunen edukia eta analisia.

Ingurumen Eraginaren Atala.

2022ko apirilaren 19ko txostenean, Ingurumen Eraginaren Atalak hau zehaztu zuen: “landareztatzea errazteko, bai lur-erauzketetan bai lubetetan, 2H:1V malda onartuko da gehienez. Aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez lur-erauzketetako ezpondak 1H:1V izanen direla, zuzendu egin behar da”.

Horrez gainera, ohartarazten dute sustatzaileak ez duela aurkeztu Jarraipen eta Zaintza Plana obren faserako eta parkearen funtzionamendurako. Plan hori IEAn ezarritako baldintza bat da eta ingurumen organoak onetsi behar du. Ildo horretan, txostenari eranskin gisa batu zaizkio hegaztien eta kiropteroen ingurumena zaintzeko plana egiteko protokoloa eta arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuen aurrean jarduteko protokoloa. Azken hori hegazti edo kiroptero asko hiltzen direla hautematen denean aplikatu beharko da.

Orcoien Energy Orcoien SLUren erantzuna:

2022ko maiatzaren 9an, Orcoien Energy Orcoien SL enpresak Jarraipen eta Zaintza Plana aurkeztu zuen, eskatutako zuzenketak sartuta.

Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, 2022ko martxoaren 1ean emandako txostenean, jakinarazi zuen proiektua ezin dela ontzat hartu Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emandako abenduaren 16an 297E/2021 Ebazpenaren ikuspegitik. Ebazpen horren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak izateko baimena eman zen “Orkoien” parke eolikorako, aurretiazko administrazio baimena dela eta.

Era berean, adierazten du emandako dokumentazio teknikoa, hasiera batean, aski denez proiektu berriaren hirigintza eta lurralde bateragarritasuna baloratzeko, hirigintza baimen espediente berri bat tramitatzen hasiko dela.

Horren ondorioz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emandako maiatzaren 23ko 177E/2022 Ebazpenaren bidez, “Orkoien” parke eolikoaren proiektuko energia ateratzeko azpiegituretan sartutako aldaketak baimendu ziren. Baimen horrek “parke eolikoko energia transformatzeko eta ateratzeko egiturak baino ez ditu hartzen, zeinak eraikitzeko administrazio baimenaren xede den proiektua izapidetzean aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera aldatu baitira. Baimen horretatik kanpo geratzen dira Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emandako abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenean jasotako haize-sorgailua eta bertara iristeko bideak, baita Orkoiengo Udal Plan Orokorrak lurzoru urbanizagarritzat jotako lurzoruan dagoen energia ateratzeko azpiegiturako elementuak ere, halakoei dagokien baimena ematea Orkoiengo Udalaren eskumena baita”.

Azkenik, bete behar diren baldintzak ezartzen ditu ebazpenak.

3. Proiektuak ukitzen dituen eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten administrazio publiko, erakunde edo enpresei egindako kontsultak.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoa betez, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien proiektuak ukitzen dituen eta beren ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio publikoei eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, ezar zitzaten bidezkoak diren baldintza teknikoak. Hala, kontsulta egin zitzaien Oltza Zendeako Udalari, Orkoiengo Udalari, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Nafarroako Autobideak sozietateari (AUDENASA), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari, Nedgia Navarra entitateari eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiari.

Egindako kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

–1. txostena.–Nafarroako Autopistak, S.A. (AUDENASA) sozietatearena, 2022ko urtarrilaren 10ekoa.

–2. txostena.–Orkoiengo Udalarena, 2022ko urtarrilaren 13koa.

–3. txostena.–Oltza Zendeako Udalarena, 2022ko urtarrilaren 18koa.

–4. txostena.–Nedgia Navarra entitatearena, 2022ko urtarrilaren 25ekoa.

–5. txostena.–Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiarena, 2022ko martxoaren 11koa.

–6. txostena.– Trenbide Azpiegituren Administratzailearena (ADIF), 2022ko apirilaren 7koa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu bera aplikatuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Orcoien Energy Orcoien SL enpresari igorri zizkion ezarritako baldintza teknikoak, hamabost eguneko epean adieraz zezan ea ados zegoen, edo egokiak iruditzen zitzaizkion eragozpenak jar zitzan. Gero, haren erantzuna baldintza teknikoak ezarri zituen entitateari igorri zitzaion, hamabost eguneko epean esan zezan ea ados zegoen erantzunarekin edo eragozpenik ba ote zuen.

Aurreko txostenen edukia eta analisiak eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen eranskinean laburbiltzen dira.

4. Zehazki, onura publikoa deklaratzea.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 3. artikuluari jarraikiz, Industria Orcoien Energy Orcoien SL enpresak eskatu zuen “Orkoien” parke eolikoaren onura publikoa deklaratzeko, zehazki.

Betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan xedatutakoa, hogeita hamar egunez jendaurrean jarri ziren Orcoien Energy Orcoien SL enpresaren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Ondorio horietarako, iragarki bat jarri zen 2022ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 9koan, baita Diario de Navarra egunkariko 2022ko martxoaren 10eko edizioan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere. Halaber, dokumentazioa Oltza Zendeako Udalari eta Orkoiengo Udalari igorri zitzaien, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea dago espedientean.

Ezarritako epearen barruan, Chatarras Iruña SA enpresaren alegazioa jaso zen, zeinean adierazten baita proiektuan jasotako erdi-tentsioko lineak eragina izan dezakeela enpresari zerbitzua ematen dioten urak hornitzeko kanalizazio batean eta urak isurtzeko kanalizazio batean.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 145. artikuluarekin bat etorrita, alegazioa sustatzaileari helarazi zitzaion, eta hamabost eguneko epea eman zitzaion egokitzat jotzen zuena adieraz zezan. Alegazioari erantzunez, Orcoien Energy Orcoien SL enpresak adierazi zuen harremanetan jarri zela ukitutako enpresarekin, eta behar diren doikuntzak eginen zituela aipatutako kanalizazioei ez eragiteko.

5. Eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena.

Aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondotik, eta Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala bete dela, eta proposatu du Orcoien Energy Orcoien SL enpresari eraikitzeko administrazio baimena ematea “Orkoien” parke eolikoa izaneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako, eta zehazki deklaratzea haren onura publikoa.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio baimena ematea Orcoien Energy Orcoien SL enpresari energia elektrikoa ekoizteko “Orkoien” parke eolikoa –5,7 MW-eko haize-sorgailu batek osatutakoa– eta energia transformatzeko eta ateratzeko azpiegiturak jartzeko Oltza Zendea eta Orkoiengo udal-mugarteetan.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Obrak egiteko hogeita hamasei hilabeteko epea ematea. Edonola ere, obrak ez dira hasten ahalko ingurumen organoak sustatzaileak aurkeztutako Ingurumenaren Jarraipen eta Zaintza Plana onetsi arte.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskabide horrekin batera, Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 18. artikuluan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.

6. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze-espedientean.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurralde Antolamenduaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Orcoien Energy Orcoien SL enpresari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Nafarroako Autopistak sozietateari (AUDENASA), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari, Nedgia Navarra entitateari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Oltza Zendeako Udalari, Orkoiengo Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiari, eta ohartaraztea ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabete iragan baino lehen, eta aurretik Nafarroako Gobernuari errekerimendua egiten ahal zaiola Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 44. artikuluan ezartzen duen bezala eta bertan finkatzen den epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Autopistas de Navarra SA (AUDENASA)

2022ko urtarrilaren 10eko txostenean, AUDENASAk jakinarazi zuen ez dagoela eragozpenik eskatutakoa baimentzeko, betiere txostenean bertan ezarritako baldintzak betetzen badira eta sustatzaileak zenbait agiri aurkezten baditu lanak hasi aurretik.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

2. txostena.–Orkoiengo Udala.

2022ko urtarrilaren 13an, Orkoiengo Udalak txostena aurkeztu zuen, eta haren bidez eskatutako baldintza teknikoak ezarri zituen. Argitu zuen baldintza horiek soilik eragiten dietela energia ateratzeko lurpeko linearen trazatuak ukitutako Orkoiengo udal-mugarteko lurzoru urbanizaezinei.

Orkoiengo Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzorua zeharkatzen duen energia ateratzeko linearen zatiari dagokionez, udalak adierazi zuen obra-lizentzia beharko duela, eta, eskabidearekin batera, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko dela.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna azaldu du, eta berretsi du han ezarritako baldintzak beteko dituela.

3. txostena.–Oltza Zendeako Udala.

2022ko urtarrilaren 18an, Oltza Zendeako Udalak kontrako txostena aurkeztu zuen, arrazoi hauek direla eta:

–Proiektua ez da bateragarria Oltza Zendeako Udal Planarekin, haize-sorgailua prozesu industrial bateko osagaia baita.

–Azpiegiturak balio produktibo handiko lurzoruetan eraiki nahi dira, hau da, landatzeko balio natural handia duten lurzoruetan, eta, beraz, ez dira egokiak energia berriztagarriak ekoizteko instalazioak jartzeko.

–Ororbiako herrigunera eta bizigunearen ingurura dagoen distantzia 1.000 metrotik beherakoa da eta urratu egiten du 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritako jarraibidea: haize-sorgailuak jendea bizi den eremuetatik 1.000 metro baino urrunago jarri behar dira.

–Azpiegitura elektriko ugari, herri arteko bideen trazatu ugari eta trenbide ugari dituen eremu bat da, eta, ondorioz, oso handia da ikusizko inpaktua.

Azkenik, udalak jakinarazi zuen 2021eko irailaren 30eko bilkuran erabaki zuela dekretatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluarekin bat etorrita, eten egiten dela lizentziak ematea Oltza Zendeako lurzoru urbanizaezinean (kategoria guztietan) energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eraikitzeko eta ezartzeko, salbu eta, autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak. Erabaki hori 2021eko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean.

Erantzuna:

Proiektuaren eta Oltza Zendeako Udal Planaren eta instalazioa jartzeko erabili nahi diren lurzoruen arteko bateragarritasunari dagokionez, esan behar da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emandako abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak izateko baimena eman zela proiektu horretarako, eta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emandako maiatzaren 23ko 177E/2022 Ebazpenaren bidez, proiektuko energia ateratzeko azpiegituretan sartutako aldaketak baimendu zirela.

2030erako Nafarroako Energia Planari dagokionez, esan behar da plan horrek aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta, Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua planean “ez egokia” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

Beste alde batetik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenean eta abenduaren 29ko 1400E/2021 Ebazpenean eskatzen da ebakuazio azpiegitura lurperatzeko.

Azkenik, adierazten da, 2022ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran, Oltza Zendeako Udalak erabaki zuela 2021eko irailaren 30ean onetsitako erabakia aldatzea, eta zenbait salbuespen ezarri zirela aipatutako eteterako, besteak beste salbuespen hau: “Instalazio eolikoetarako prototipo proiektuak, haize-sorgailu bakarra badute eta Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu baditu, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin bat (Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko Foru Legea)”. Erabaki hori 2022ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ean.

4. txostena.–Nedgia Navarra.

2022ko urtarrilaren 25ean, Nedgia Navarrak txostena eman zuen adieraziz ados zegoela aurkeztutako proiektuarekin, eta bete beharreko baldintza teknikoak zehaztuz. Horrez gain, adierazi zuen, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez onetsi baitzen gas erregaien banaketa eta erabilerarako erregelamendu teknikoa, eta haren jarraibide tekniko osagarriak -ICG 01etik 11ra-, obren eraikitzaile adjudikaziodunak lanen hasieraren berri eman behar diela eremuko zerbitzu teknikoei, bai eta egokiak iruditzen zaizkion azalpen guztiak ere, esate baterako, gas instalazioetatik hurbil egin beharreko lanetan kontuan hartu beharreko segurtasun neurriak.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekiko adostasuna adierazi du, eta berretsi du eremuko zerbitzu teknikoei jakinaraziko dizkiela, bai lanak hasteko eguna, bai eta eskatutako gainerako informazioa ere.

5. txostena.–Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusia.

2022ko martxoaren 11n, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiak txostena eman zuen eta jakinarazi zuen “ez zegoela eragozpenik parke eolikoaren izapideak egiten jarraitzeko, betiere deskribatzen bada zer eragin izanen duten energia ateratzeko linea elektrikoak eta parke eolikora iristeko bideek “Iruñerriko trenbide sare berriaren proiektuari buruzko informazio azterlana: tren begizta kentzea eta geltoki intermodal berria” lanean ezarritako trenbide erreserban. Azterlan hori Sustapen Ministerioko Azpiegitura eta Plangintzaren Estatu Idazkaritzaren 2004ko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betiko (191. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa)”.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

6. txostena.–Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF).

2022ko apirilaren 7ko txostenean, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) adierazi zuen “aurkeztutako dokumentazioaren arabera, erreferentziako proiektuan planteatutako obrek ez zirela sartzen trenbidearen afekzio eremuan eta, beraz, ez zutela behar Azpiegituren Administratzailearen baimenik, eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legean eta lege hori aplikatzeko erregelamenduan ezarritakoa bete beharko dutela”.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Iragarkiaren kodea: F2207831