120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

65/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira aparteko laguntzetarako deialdia eta oinarri arautzaileak Nafarroan 2021eko abenduan izan ziren ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek kaltetu zituzten eta toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantza azpiegiturak konpontzeko. DDBN identifikazioa: 627800.

2021eko abenduan, batez ere 9tik 14ra bitartean, elur eta euri jasa bortitzak eta uholde handiak izan ziren Nafarroako zenbait ibaitan (batez ere Argan, Ultzaman, Arakilen eta Ebron, eta Ebroren eta Egaren ur-gurutzean), eta horiek mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, poligonoak, nabeak, etxebizitzak, dendak, txikitutako ibilgailuak...) kaltetu zituzten.

Nafarroako Gobernuaren 2021eko abenduaren 15eko Erabakiaren bidez, Estatuari eskatu zitzaion abenduaren 9tik 14ra bitartean uholdeek kaltetu zituztela frogatu zuten udalerriak babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremutzat jotzeko.

2021eko abenduaren 17an, Ministroen Kontseiluak erabaki bat hartu zuen, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatea babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremutzat jotzeko, uholdeen, suteen eta bestelako gertakarien ondorioz.

2022ko apirilaren 13an Estatuko Aldizkari Ofizialaren (BOE) 88. zenbakian argitaratu zen Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren laburpena, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita udal azpiegituretan eta probintzietako eta irletako errepide-sarean izandako kalteengatik. Dirulaguntza horiek aurreikusita daude Ministroen Kontseiluaren 2021eko abenduaren 17ko Erabakian, zeinaren bidez zenbait autonomia erkidego izendatzen baitira “Babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu”.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izaten ahal dituzten laguntzekin batera.

Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta zehaztu ziren kalte horiek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek izaten ahal dituzten zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izanen dira beti, ordena honetan, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzak 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak koordinatuta egonen dira, eta laguntza horietarako Europar Batasunak ezartzen duen erregelamendu esparruari egokituta. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Estatu osorako ezartzen direnen osagarritzat eta subsidiariotzat hartu behar dira.

Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko jarduketa plana, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean agertzen dira elur-jausiak, luiziak eta uholdeak.

Foru agindu honen bidez, onesten dira aparteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroan 2021eko abenduaren 9tik 14ra bitarte izan ziren ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek kaltetu zituzten eta toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantza azpiegiturak konpontzeko. Laguntza horiek Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzak 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenean ezarritako laguntzen subsidiarioak dira; ebazpen horrek dirulaguntzen deialdi bat onetsi zuen udal azpiegituretan eta probintzietako eta irletako errepide-sarean izandako kalteengatik; dirulaguntzak aurreikusita zeuden Ministroen Kontseiluaren 2021eko abenduaren 17ko Erabakian. Halaber, konpentsatu beharreko kalteen izaerak laguntza hauen interes publikoa justifikatzen du. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea aparteko laguntza batzuk emateko, Nafarroan 2021eko abenduaren 9tik 14ra bitarte izandako ohiz kanpoko euri jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren eta toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantzako azpiegiturak konpontzeko gastuak diruz laguntzeko. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira aipatu oinarriak.

2. Onestea laguntza eskaeraren gutxieneko edukia, II. eranskinean jasota dagoena, eta III. eranskina, zeinean erreferentziako gehieneko prezioak jasotzen diren.

3. Aparteko laguntzen deialdia onestea Nafarroan 2021eko abenduaren 9tik 14ra bitarte izan ziren ohiz kanpoko euri jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren eta toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantzako azpiegiturak konpontzeko.

4. 2.572.907 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetan jasotako laguntzetatik eratorritako gastu konpromisoei aurre egiteko, “Aparteko uholdeek eta suteek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako laguntzak” izeneko 2022ko gastu-aurrekontuko 710006 71500 7609 414402 partidaren kontura, eta 2.572.907 euroko gastua, “Aparteko uholdeek eta suteek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako laguntzak” izeneko 2022ko gastu-aurrekontuko 710006 71500 7609 414402 partidaren kontura edo 2023ko gastu-aurrekontuan sortzen den partida baliokidearen kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

Gehieneko zenbateko hori gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat harturik ebazteko eskumena duen organoak aitorturiko inbertsioaren zenbateko diruz lagungarria.

Emandako zenbatekoaren %50eko aurrerakina eskatu ahal izanen da, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiriaren bidez nahikotasunez frogatzen bada dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak hornitzeko beharra.

5. Laguntza horiek sinatutako aseguru polizen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena honetan, bai eta nazio mailan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egoten ahal diren beste laguntza batzuenak ere, eta, bereziki, Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenean ezarritakoenak. Ebazpen horren bidez, udal azpiegituretan eta probintzietako eta irletako bide sarean izandako kalteengatiko dirulaguntzen deialdia onetsi zen, 2021eko abenduaren 17ko Ministroen Kontseiluaren Erabakian aurreikusitakoaren arabera. Horretarako, beharrezkoa izanen da bi administrazioen koordinazio egokia, batak bestea ez zapaltzeko edo irizpide desberdinak ez erabiltzeko, eta baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra ez zailtzeko.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

8. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, aldez aurretik gora jotzeko errekurtsoa jarrita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 17an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Aparteko laguntzen oinarri arautzaileak, 2021eko abenduko euri jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren eta toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantzako azpiegiturak konpontzeko gastuak diruz laguntzeko

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea aparteko laguntzak emateko, toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantzako azpiegiturak konpontzea diruz laguntzeko. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan egon beharko dute toki erakunde horiek (aipatutako foru aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan gertatu aparteko euri jasek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda).

2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua da kaltetutako laborantzako azpiegitura publikoak konpontzeko lanak diruz laguntzea.

3. Laguntza hauek Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.1 puntuan daude aurreikusita. Erabaki horren bidez, jarduketa plan bat onetsi zen 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean izandako ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Bigarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagundu ahal izanen da toki erakundeen titulartasunekoak diren eta 2021eko abenduaren 9tik 14ra bitarte ohiz kanpoko euri jasek eta uholdeek kaltetutako laborantza azpiegituren konpontzea.

2. Era berean, diruz lagungarriak izanen dira obra proiektuak idazteko gastuak, memoria teknikoak, obra zuzendaritza eta obra egiten den bitartean segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinatzailearen gastuak, baldin eta berariaz kontratatu badira diruz lagunduko den obrarako. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira deialdi hau argitaratu aurretik Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari “Kaltetutako laborantzako azpiegitura publikoen oinarrizko funtzionalitatea lehengoratzeko premiazko obrak hasteko komunikazioa” inprimakiaren bidez kalteak jakinarazi bazaizkio eta kaltetutako azpiegituren oinarrizko funtzionalitatea lehengoratzeko gauzatu, fakturatu eta ordaindu badira, premiazko prozeduraren bidez.

3. Laguntza horiek honako hauekin metatu ahal izanen dira: a) Estatuko beste edozein laguntzarekin, baldien eta laguntzeko neurri horiek diruz lagungarriak diren kostu identifikagarri desberdinei badagozkie; b) Estatuko beste edozein laguntzarekin, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, parte batez edo guztiz gainjarrita, baldin eta metatze horrek gastu hautagarrien %100 gainditzen ez badu. Laguntza hauen osagarritasuna eta subsidiariotasuna ordena honi jarraikiz ezarriko da: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, beste laguntza batzuk, hain zuzen ere Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egoten ahal direnak, eta, bereziki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Inola ere obra egiteko kostua ez da izanen oinarri hauetan araututako dirulaguntzen zenbatekoa baino handiagoa, beste dirulaguntza batzuk gehituta ere, izan beste administrazio publiko batzuenak edo izan Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko eta pribatu batzuenak, barnean sartuta aseguruen balizko konpentsazioak.

Hirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Kalteak konpontzeko laguntzen zenbatekoak ezin izanen du kostu diruz lagungarrien %50 gainditu. Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren arabera emandako Estatuko laguntzaren eta deialdi honen arabera Nafarroako Foru Komunitateak modu subsidiarioan emandako laguntzaren baturak ez du inola ere gaindituko laguntza jasotzen ahal duen inbertsioaren zenbatekoaren %100. Hala bada, emandako zenbatekoa doitu eginen da, muga hori ez gainditzeko.

2. Obra proiektuak edo memoria teknikoak idazteko gastuak %100ean laguntzen ahalko dira diruz, ez baitaude sartuta Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenak araututako Estatuko deialdian.

2. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagungarria izanen, salbu eta ezin bada berreskuratu BEZaren arloko foru legeriaren arabera.

Laugarren oinarria.–Onuradunak.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte laborantza azpiegituren titular diren toki erakundeek, baldin eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduko –2021eko abenduko euri jasek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zuen– kaltetutakoen zerrendan agertzen badira edo haren ondoko aldaketetan sartuta badaude.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak, dokumentazio osagarria eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak igorriko zaizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, esteka bat dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Salbuespen gisa, departamentu horretako erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuko Erregistro Nagusian ere, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskaeratzat hartuko, eta toki erakundeek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskaerak.

4. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia, beteta (II. eranskina).

b) Erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita konpondu beharreko azpiegiturak udalaren titulartasunekoak direla.

c) Toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita beste erakunde batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

d) Memoria tekniko baloratua, 2021eko abenduaren 9tik 14ra bitarteko euri jasek eta uholdeek udalaren titulartasuneko laborantzako azpiegiturak kaltetu zituztela egiaztatzen duena eta horiek konpontzeko behar diren jarduketak zehatz-mehatz deskribatu eta baloratzen dituena. Memoria egiteko, foru agindu honen III. eranskinean jasotako erreferentziazko gehieneko prezioak erabiltzen ahalko dira, eta, gehieneko prezioetan aurreikusita ez badago, ezin izanen da TRAGSA enpresa publikoaren indarreko zergen mendeko prezioak gainditu.

–tarifas.tragsa.es/prestowebisapi.dll?FunctionGo&path=Tragsa2021W-Act-sujetas.cfg

Memoria teknikoan sartuko den txosten batean adieraziko da proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak baino ez dira izanen diruz lagungarriak; alderdi horiek txosten teknikoan frogatu beharko dira.

Memoria teknikoan jasotako jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira. Kartografia ETRS89 proiekzioan entregatuko da, SHP eta PDF formatuetan, guztiz amaituta eta dagozkien legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

Memoria teknikoan sartu beharreko aurrekontuak Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenean ezarritako laguntzak izapidetzeko emandako aurrekontu bera izan behar du.

Eredu ofizialik ez duten agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan.

e) Kasua bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; horretarako, toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria erantsiko da, zeinean frogatuko baita diru funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Dirulaguntza hauek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago.

Eskuragarri dagoen kreditua gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta ebazteko eskumena duen organoak aitortutako inbertsio diruz lagungarria.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak horiek behar bezala bete ote diren eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Hala ez bada, toki erakundeari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek egiaztatuko dute proiektuan edo baloratutako memoria teknikoan jasotako kalteak laborantzako azpiegitura publikoetan izandako kalteak direla. Orobat, aurrekontua berrikusiko dute, aurkeztu diren kostuak moderatuak direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, egiaztapenen arabera finkatuko dute kalteen balioa. III. eranskinean aurreikusitako moduluak erabiliko dira, bai eta TRAGSA enpresa publikoak jarduketa horietarako ezarrita dituen tarifen zergari lotutako prezioak ere. Tarifak izanen dira laguntza ematea onartzen denean indarrean daudenak.

–tarifas.tragsa.es/prestowebisapi.dll?FunctionGo&path=Tragsa2021W-Act-sujetas.cfg

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena prestatuko du, erakunde eskatzaile bakoitzari eman beharreko laguntza edo dirulaguntza zehaztuta, eta, kasua bada, baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezesteko proposamena ere eginen du, atzera botatzeko arrazoiak emanda.

4. Dirulaguntza ematea doitu eginen da jasotako laguntza eta konpentsazio guztien baturak diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoaren %100 ez gainditzeko. Horren barnean sartzen da Lurralde Politikako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren arabera emandako laguntza (ebazpen horren bidez onetsi zen udal azpiegituretan eta lurraldeetako eta irletako errepide-sarean izandako kalteetarako dirulaguntzen deialdia, eta dirulaguntzak aurreikusita zeuden Ministro Kontseiluaren 2021eko abenduaren 17ko Erabakian).

5. Laguntzaren %50 emanen da 2022ko aurrekontuaren kargura, eta gainerako %50a 2023ko aurrekontuaren kargura. Emandako zenbatekoaren %50eko aurrerakina dirulaguntza ematen denean ordainduko da.

6. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik lau hilabeteko epean gehienez.

Zortzigarren oinarria.–Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere izanen ditu:

a) Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea.

b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

c) Dirulaguntza ematen duen foru aginduaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

d) Foru agindu honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

e) Polizen titular diren aseguru-etxeen aurrean konpentsazioak tramitatzea eta, ahal izanez gero, egoki diren laguntzak ere eskatzea Estatuko zein Europako administrazioetan.

f) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, baldin eta beste administrazio publiko batzuei edo Estatuko nahiz nazioarteko entitate publiko edo pribatuei bestelako laguntzak eskatzen bazaizkie, xede bererako, edo laguntza horiek jasotzen badira. Halaber, aseguruaren konpentsaziorik izan ote den ere jakinarazi beharko da. Konpentsazio eta laguntza horiek Nafarroako Gobernuaren laguntza kobratu ondoren eman eta jakiten badira, eta zenbateko hautagarriaren %100 gainditzen badu, erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako zenbatekoak Nafarroako Gobernuari jakinarazteko eta jasotako soberakinak itzultzeko ezarritako jarraibide eta epeen arabera.

Era berean, erakunde onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betez, dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntzen xede diren jarduketak egin dituztela frogatzeko:

a) Oinarri arautzaileetan ezarritako ereduaren araberako ordainketa eskaera (VII. eranskina).

b) Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa (IX. eranskina - 1. dokumentua). 40.000 eurotik gorako kontrata bidezko gauzatze aurrekontua (BEZik gabe) eta 15.000 eurotik gorako laguntza teknikoaren aurrekontua (BEZik gabe) duten obrak esleitu badira, IX. eranskineko 2. dokumentua aurkeztu beharko da.

c) Obren ziurtagiriak, dagozkien fakturak eta ordainketen frogagiriak.

Obren ziurtagiriek proiektuko obra unitateei edo memoria teknikoari buruzkoak izan beharko dute. Modu berean, aurkeztutako fakturek edo ordainketen frogagiriek aurkeztutako frogagiriari eta baliozkotze teknikoari buruzkoak izan beharko dute.

Ordainketen frogagiri horiek aurkezten ez badira edo horien zenbatekoa frogatutako gastua baino txikiagoa bada, ez da emanen ordainduta dagoela frogatzen ez den inbertsio zatiari dagokion laguntza.

d) Toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita beste erakunde batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

2. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta erakunde onuradunek horiek justifikatzeko eta aurkezteko epea 2023ko abuztuaren 31n amaituko da.

3. Ordainketa eskaerarekin batera, toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria ere aurkeztuko da; bertan egiaztatuko da beste erakunde batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

4. Laguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak bertatik bertara egiaztatuko du zer jarduketa egin diren.

5. Hala ere, dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen duten erakunde horientzat, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten erakundeei emandakoaren %50 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Behar hori frogatzeko, toki erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria erantsiko da, zeinean nahikotasunez frogatuko baita diru funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Jarduketak gauzatu direla frogatzen duen dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, sei hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, ordainketa ebazpena.

Laguntza ordaindu behar direnean jada ezagutzen badira laguntza emateko momentuan ezagutzen ez ziren Estatuko edo Europako beste deialdi batzuetako laguntzen zenbatekoak, ordaindu beharreko zenbatekoa doituko da, deialdietako zenbateko guztiek, batuta, laguntza jasotzen ahal duen inbertsioaren zenbatekoa %100 gaindi ez dezaten.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki erakundeak helburu bererako jasotzen ahal dituen beste batzuekin, betiere inbertsioen kostu osoa gainditu gabe.

Hamabigarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak begiratuko du ea dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen diren eta inbertsioak behar bezala egiten diren, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekartzen ahal du emandako dirulaguntza ukatzea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Deialdi honen zortzigarren oinarrian ondasunen xedeari buruz ezartzen den baldintza bete ezean, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza zein industria establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

4. “A posteriori” egindako egiaztapenetan hautematen bada xede bererako beste dirulaguntza edo konpentsazio batzuk jaso direla eta ez dela halakorik jakinarazi (zortzigarren oinarriko e apartatuan dago ezarrita hori jakinarazteko betebeharra), jasotako laguntza guztia itzuli beharko da. Toki Ogasunen Funtsetik kenduko da.

5. Toki erakundeak aurrerakina eskatu badu, baina hori ez badu aurreikusitako xedeetarako erabili, zenbateko hori kenduko zaio Toki Ogasunen Funtsetik.

6. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien erakunde onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarren oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Zerbitzuen katalogoan, aparteko laguntzei dagokien fitxan, argitaratuko da toki erakundeen titulartasunekoak diren laborantzako azpiegiturak konpontzeko (2021eko abenduko euri jasek eta uholdeek kaltetutakoak) laguntzen onuradun diren toki erakundeen zerrenda.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Laguntza eskaera.

IV. eranskina.–Titulartasun publikoaren ziurtagiria.

V. eranskina.–Laguntza eskaeraren fasean beste erakunde batzuetatik laguntzak eskatu eta/edo jaso izanaren egiaztagiria.

VI. eranskina.–Dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aurreikusi beharra justifikatzeko ziurtagiria.

VI. eranskina.–Ordainketa eskaera.

V. eranskina.–Laguntza eskaeraren fasean beste erakunde batzuetatik laguntzak eskatu eta/edo jaso izanaren egiaztagiria.

IX. eranskina.–Kontratu bakoitzerako hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.

Deskargatu II., IV., V., VI., VII., VIII. eta IX. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207440