12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1284E/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita funtsezko aldaketa egitea gasolioa biltegiratzeko eta banatzeko parke baten instalazioan, Galarko udal-mugartean. Golleos Artajona SLU da titularra.

Egun martxan dagoen instalazio horrek lehendik du baimen bateratua, aplikaturik abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak); izan ere jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 17.7. taldean.

2021eko irailaren 29an, titularrak jakinarazi zuen instalazio bat aldatzeko proiektua, handitu nahirik gasolioa biltegiratzeko eta banatzeko parke bat.

2021eko urriaren 1ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa dela, jarraikiz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluko irizpideei (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak).

Beraz, eta jarraikiz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluari (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak), funtsezko aldaketa ezin da gauzatu harik eta ingurumen baimen bateratua aldatzen den arte.

Baimen honek berekin dakar lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena, eskatzen dena Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan.

Jarraikiz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduari, hain zuzen ere 5. artikuluari, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, eskatzen dena azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikuluan (foru lege horrek hizpide du airearen kalitatea eta atmosfera babestea); izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek aldez aurretik izan behar dute autonomia erkidegoaren administrazio baimena.

Espedientea izapidetuko da jarraikiz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeari (foru lege horren bidez arautzen dira ingurumenean eragina duten jarduerak).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du aurkeztu proposamenaren aurkako alegaziorik.

Horrenbestez, ditudan eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere ematen dizkidanak urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa), eta jarraikiz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala),

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baimentzea funtsezko aldaketa egitea gasolioa biltegiratzeko eta banatzeko parke baten instalazioan, Galarko udal-mugartean. Golleos Artajona SLU da titularra. Funtsezko aldaketaren helburua da gauzatzea parkea handitzeko proiektua, hots, gasolioa biltegiratzeko eta banatzeko parkea, halako moduz non jardueraren instalazioak eta jarduerak beteko dituzten ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak.

Bigarrena.–Instalazio horri baimena ematea lurzoru urbanizaezinean jarduteko, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eta kontuan hartuta bete beharra ebazpen honen V. eranskinean jasotako determinazioak. Gehienez bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak, jakinarazpena egiten denetik; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geldituko da.

Hirugarrena.–Zentroa inskribatuta mantentzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02109013212002 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak dira ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Baimenean sartzea hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena, eskatzen dena Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan, jarraikiz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriari (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Uren Legearen testu bategina). Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, betetzen baldin badira une oro nahitaezkoak diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan (foru lege horrek hizpide du airearen kalitatea eta atmosfera babestea), bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Bost urteko epea dago proiektua gauzatzeko eta jarduera abian jartzeko, hala baitago xedatua abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan (foru lege horren bidez arautzen dira ingurumenean eragina duten jarduerak). Hala egin ezean, ingurumen baimen bateratu hori iraungitzat eta ondoriorik gabetzat joko da, bat etorriz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin harik eta titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu arte abian jartzearen gainean, hala xedatua baitago abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak). Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da baldin eta betetzen baditu neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak. Horretarako, aurkeztu beharko da zati bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa programa bat, aldian behin mantentzeko eta gainbegiratzeko lurzorua eta lurpeko urak babesteko neurriak.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena, instalazioa ibilguaren polizia-eremuan egoteagatik.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak aurkeztearekin batera proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, aplikatuko dira indarreko ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak), deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Gasóleos Artajona SLU enpresari, Galarko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSA enpresari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2021eko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2117806