12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

394E/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ollakarizketa aldean nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea onesten duena.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzatiak biltzea funtsezko elementua izanen dela azpiegituren arloko jarduketetarako, eta hori ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere. Lurzati bilketaren oinarrizko helburua izanen da ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa unitateak eratzea, ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik bideragarriak.

Foru lege horretan xedatutakoaren arabera, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat hasiko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez; jarduketa balizko onuradunek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz abiatu daiteke, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen badira.

2020ko martxoaren 2an, Ollakarizketako Kontzejuaren eskaera bat jaso zen zerbitzu honetan, kontzeju horretan lurzatiak biltzeko. Ustiategien 4 titularrek jarduketaren alde sinatu dute. Titular horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren menpeko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emana duten jarduketa eremu horretako nekazaritza ustiategien %100 dira; hortaz, eskatzen den gutxieneko portzentajea (%70) gainditzen da. Era berean, Kontzejuak 2020ko otsailaren 20an egindako bilkuran hartutako Erabakia eta Txulapaingo Udalaren Osoko Bilkurak 2020ko otsailaren 28an hartutako Erabakia erantsi dira, non bi erakundeek Ollakarizketan lurzatiak biltzeko prozesua gauzatzeari buruzko iritzia ematen baitute.

Ikusirik eskualde horretako inguruabar sozial eta ekonomikoak, beharrezkoa da nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, lurzatiak bilduz.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak Ollakarizketa aldeko nekazaritza azpiegituretan jarduketak hastea proposatu du, 100 ha inguruko eremu batean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea Ollakarizketa aldean (Txulapain), lurzatien bilketaren berezko tresnen bidez, nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuari.

2. Hasiera batean, Ollakarizketako Kontzejuaren mugarteko 100 hektarea inguruko eremu bat ezartzea jarduketaren xede. Honatx mugak:

Iparraldean: Gartziriaingo Kontzejua (Txulapain).

Hegoaldean: Ballariaingo Kontzejua (Berriobeiti).

Ekialdean: Untzuko Kontzejua (Txulapain).

Mendebaldean: Elkarteko Kontzejua (Berriobeiti).

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein jarduera egiteko.

4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazaritzako jardunbide egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Horretaz gain, ezin izanen dituzte obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere.

5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehazteko eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

6. Hasiera ematea lurrak sailkatzeko eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei eta Aholku Batzordea eratzeko tramiteei.

7. Baimena ematea eskualde horretan garatu nahi den oinarrizko proiektua erredaktatzeko.

8. Foru agindu hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta INTIA SA enpresara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu hau Ollakarizketako Kontzejuari eta Txulapaingo Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita. Foru agindu honen aurka administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 7an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2118166