12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Aldaketa, Herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (19. ordenantza). Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2021eko urriaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen 19. ordenantza fiskalean.

Hasierako onespena argitaratu zen 2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 9an, eta iragan denez erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea, eta inork ez duenez halakorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu dira.

Ondotik, ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete dadin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

Tafallan, 2021eko abenduaren 27an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

19. ORDENANTZA FISKALA: HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, LURGAINAREN ETA LURPEAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitateak dira toki erakundeko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

a) Erabilera publikoko lurpea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak okupatzea honako hauen bidez: salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntel, euskarri, aldamio edo gisako instalazioak.

c) Honako hauek instalatzea: pisuetako burdinsareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak, herriko edozein eremu publikotako lurzorua edo lurpea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.

d) Herriko edozein eremu publikotako lurgaina okupatzea honako hauek jarriz: eraikuntza elementu itxiak, terrazak, behatokiak, balkoiak, markesinak, eguzki-oihalak, haize-babesak edo gisakoak. Orobat, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

e) Toki erakundeko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien lurgainean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, –argindarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko–; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

f) Irabazteko asmoarekin, erabilera publikoko lurrak okupatzea mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz.

g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

i) Portada, erakusleiho eta beirarasak.

j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.

k) Toki erakundeko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.

l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, toki erakundeko eremu publikoetan.

m) Azienda toki erakundeko eremu publiko edo jabari publikoko lurretan barna igarotzea.

n) Banku entitateen kutxazain automatikoak eta bideo denden eta gainerakoen saltzeko makinak, erosleak kaletik erabiltzen dituenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe ere erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra sortuko dira. Pagatzeak, baina, ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke eta, kasua bada, zigorrak ezarrita.

Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zerga aldia urte naturala izanen da edo sasoiko epea, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zerga aldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, mahai eta aulkien kasuan izan ezik.

Mahai eta aulkien kasuan, hainbanaketa eginen da lehenbizi sasoiko hilabeteei dagokien tarifa aplikatuz eta gainerako hilabeteak, sasoikoen tarifekiko diferentzia kontuan hartuz.

Mahai eta aulkien lizentzia eskuratutako eskatzaileak uko egiten badio, ez da kontuan hartuko ondorio fiskaletarako hainbanaketari dagokionean.

Elkarteen Erregistroan inskribatuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta gizarte- eta/edo hezkuntza-erakundeek lurzorua okupatzen badute, ez dute tasarik ordaindu beharko kontzeptu horrengatik, beren jarduerak direla-eta.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten erakundeak, baldin eta, toki erakundeko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak dagokien ordenantza fiskalaren edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna behartuta egonen da, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda.

Bide publikoa edukiontziekin okupatzen bada, bide publikoan edukiontziak paratzeari buruzko ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

Indarrean dagoen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu ahalko da gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non islatuko baita indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpondu den.

9. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

10. artikulua. 1) Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa urtean behin ordaindu beharko da, Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2) Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero, txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3) Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordaintzen ahal da hiruhilabeteka eta horiek iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa, baldin eta erabilerari edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino hilabete lehenago gutxienez.

4) “Mahaiak eta aulkiak” izeneko 1. epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

Lizentzia eskuratu ondotik eskatzaileak uko egiten badio, horrek ordaindu beharko du zenbat denboratarako eskatu duen huraxe.

“Mahai eta aulkien” tasa likidatuko da aurreko urteko errolda kontuan hartuta, herriko festen aldiko “mahaiak eta aulkiak” izan ezik, azken hauek ez baitira automatikoki berritzen.

“Mahai eta aulkien” okupazioak salbuetsita egonen dira herriko festetan, El Aguazón, El Empuje eta El Cierzo peñen kafe-kontzertuak direla-eta, betiere kontzertu horietarako ezartzen badira eta egunero biltzen, kontzertuak bukatzen direnean.

5) Aldamioekin, plataformekin, edukiontziekin eta abar egindako okupazioen kasuan, tasa behin-behineko likidatuko da okupazio aldiaren aurreikuspenaren arabera, eta behin betiko, hura amaitzen denean. Okupazioari uko egin edo hura etetearen ondoriozko aldaketak kontuan hartuko dira soilik ezarritako epearen barnean egiten badira, eta ez dute atzeraeragineko ondoriorik izanen. Beraz, ez dira kontuan hartuko horiei buruz epez kanpo egiten diren komunikazioak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2021eko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin, eta 2021eko ekitaldian zehar, bertan behera geldituko dira I.2 epigrafeko tasak (“Mahaiak eta aulkiak”) lurzoruaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik.

Iragarkiaren kodea: L2118162