12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

190/2021 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 601083.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Proposatzen da unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia onestea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko, zerbitzu horretan egiten diren jarduketen gaineko ezagutza praktikoa eta zuzena eskuratzeko. Zerbitzu horrek bi atal ditu: Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atala eta Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atala. Prestakuntza bi atal horien eskumen eremutik eratorritako jardueretan eginen da.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdiaren oinarriak onestea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko.

2. 18.397,58 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu aurrekontuan gaituko den 2021eko gastu aurrekontuko 830001 83100 4800 432100 “Transferentzia arruntak praktiketako ikasleentzat” partida baliokidearen kargura, eta 113,80 euro 2023 gastu aurrekontuaren kargura. Gastu hori egiteko baldintza da 2022an eta 2023an kreditu aski eta egokia egotea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, eta Turismoko eta Merkataritzako Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.

5. Adieraztea ebazpen honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 15ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

Deialdi honen oinarri arautzaileak: Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko

1. Xedea.

Deialdi honek unibertsitateko gradu tituludunentzako bi prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko oinarriak ezartzea du xede. Bekadunak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan arituko dira.

–Beka bat Zuzenbide gradua duten unibertsitateko tituludunentzat izanen da.

–Beka bat, Ekonomiako edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako unibertsitateko tituludunentzat, edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko 74.993,8 euroko kreditua gorde da. Horietatik, 2022an 18.397,58 euroko kreditua baimentzen da eta 113,80 euroko kreditua 2023an, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzarekin. Luzapenik baldin bada, 2023., 2024. eta 2025. urteei dagozkien zenbatekoak baimentzea aurreikusten da, aldez aurretik balidatu den aurrekontu erreserbaren arabera. Bekak ekitaldi bakoitzean kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean gelditzen dira.

3. Bekaren iraupena.

Prestakuntza bekak 9 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik hasita, eta 2022ko abenduaren 31n bukatuko da. Prestakuntza 2022ko apirilaren 1ean hastea aurreikusten da, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.

Edonola delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak luzatzen ahalko du, hiru urte bete arte, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak kontuan hartuta. Beraz, luzapenak 2023. eta 2024. urteak hartzen ahal ditu, oso-osorik, eta 2025. urtean, zenbat hilabete falta diren hiru urteak betetzeko, beste hainbeste. Hori guztia, partidan kreditu aski eta egokia bada.

4. Beken zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza bekan aurreikusirik dago gehienez ere 1.040 euroko aurrekontua hilabetean, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.

Bekadunak 980 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. Eskatzaileak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitate tituluetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek 20 eguneko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/hasiera). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko, behar bezala beteko da deialdi honetako II. eranskineko inprimaki normalizatua; aipatu tramiteen katalogoan dagokion fitxatik ere deskargatzen ahalko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Eskabide-orriak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.

–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Lortu gogo den bekari buruzko titulu akademikoaren fotokopia.

b) Ikasketen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, bereziki hauek:

–Bekarekin zerikusia duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Estatuko zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartzea (bekak, praktikak, etab.)

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Bekak emateko eskakizun ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, beken xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 4 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak, honela: 0,20 puntu kreditu bakoitzeko edo prestakuntzako 10 orduko.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak. Ziurtagirian ez denean jasotzen jarduerak zenbat hilabete iraun duen, ez da kontuan hartuko.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

e) Hizkuntzak jakitea. 5 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.

–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (Euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (Euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (Euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8. Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio Batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Manuel Bermejo Garde, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: Juan Carlos Vicuña Urtasun, Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Amaia García López de Arana, Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Ataleko teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: María Aranzazu Areta Cebrian, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikaria.

–Idazkaria: María Lourdes Ichaso Zabaleta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko APT juridikoa.

Ordezko idazkaria: Ainhoa Arnaiz Tomé, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikaria.

9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak hartutakoan, Ebaluazio Batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta Balorazio Batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.

11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen dituzte eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuradunak behartuta daude zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunek hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko dituzte beren jarduerak, beka ematen dien ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13. Tutoretzak eta jarduerak.

Beka duen pertsonak adina titulu edo gehiago dituen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan egin beharreko jarduerak honako hauek izanen dira:

Zuzenbide gradua duten unibertsitateko tituludunentzako beka.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren eta Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalaren eskumeneko gaietan gauzatu beharreko arauen garapenean laguntzea.

–Erregistroko, ikuskapeneko eta erreklamazio eta salaketetako administrazio prozedurak kudeatzen laguntzea.

–Obra, hornidura eta zerbitzuen kontratu txikien administrazio kudeaketan laguntzea plena eta extra aplikazio informatikoen bitartez.

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan garatzen den beste edozein.

Beka bat, Ekonomiako edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako unibertsitate tituludunentzat, edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.

–Turismo, merkataritza eta artisautza jardueretarako dirulaguntzen programak proposatzea, tramitatzea eta kudeatzea.

–Emandako dirulaguntzen jarraipena, egiaztapena eta kontrola egitea.

–Dirulaguntzen deialdiak ebaluatzea eta behar diren txostenak egitea.

–Beste lurralde batzuek turismo, merkataritza eta artisautza jarduera sustatzeko egiten dituzten proposamenak aztertzea.

–Teknologia berriak aplikatzeko programak, energia berriztagarrienak, irisgarritasunarenak, genero berdintasunarenak eta bestelakoak aztertzea eta ebaluatzea, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzen lerroetan aplikatzeko.

–Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren emaitzak ebaluatzea eta merkataritzako estatistikak aztertzea.

–Turismo, merkataritza eta artisautza sektorearen barneko webgunearen mantentze-lanak koordinatzea, eta datuak eguneratzeko proposamena egitea.

–Merkataritzako zentsua.

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan garatzen den beste edozein.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 ordu sartuz eta 2,5 egun natural atseden hartuz, bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

15. Bateraezintasuna.

Prestakuntza bekak bateraezinak dira administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

16. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2117862