12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

97E/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 7koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, “Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko”·izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 600630.

Otsailaren 3ko 7/2021 Foru Dekretuak, urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua aldatu eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu materiala xedatzen du II. kapituluan. Eskumen horien artean dago, besteak beste, Nafarroan Europar Batasunaren (aurrerantzean, EB) lehentasunei eta ekimenei buruzko informazio publikoko kanpainak egitea. Eskumen hori, zehazki, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalari esleitzen zaio, zeina Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari atxikita baitago.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari asko interesatzen zaio irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntza lerro baten deialdia proposatzea, Europako estrategiak eta politikak zabaltzeko laguntzei dagokienez; izan ere, Nafarroako herritarrengana gehiago hurbilduko litzateke, horrela, Europan integratzeko prozesua, prozesu horretan inplika daitezen eta parte har dezaten. Xede horiek lortzeko, beharrezkoa da 2021-2027 programazio denboraldi berri honetan lehentasunezko estrategia eta politika europarrei buruzko informazioa gure gizarteko sektore guztien artean zabaltzeko lana sustatzea.

Testuinguru horretan, dirulaguntzen deialdi honen bidez Europar Batasunaren eremuan lehentasunezko gaiei buruzko askotariko komunikazio ekintzak eta zabaltze jarduerak sustatu nahi dira.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz

AGINTZEN DUT:

1. “Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko”·izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

–25.000 euro 2022ko gastuen aurrekontuan gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: B50000-B5000-4819-145100 partida, Suspertu Plana. Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko, Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

–25.000 euro 2022ko gastuen aurrekontuan gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: Suspertu Plana. B50000-B5000-4709-145100 partida, Enpresentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 7an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta helburua.

Foru agindu honetan araututako dirulaguntzen xedea Nafarroan antolaturiko zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak finantzatzea da, baldin eta horien helburua funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

2.–Finantzaketa.

Deialdiko laguntzek 50.000 euro batzen dute guztira, honako banaketa honi jarraikiz:

  • 25.000 euro 2022ko gastuen aurrekontuan gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: B50000-B5000-4819-145100 partida, Suspertu Plana. Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.
  • 25.000 euro 2022ko gastuen aurrekontuan gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: Suspertu Plana. B50000-B5000-4709-145100 partida, Enpresentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

Onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

3.–Onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izan daitezke irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

c) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, baimena ematen da helbide fiskala egiaztatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Betebeharrak frogatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta bete beharko dira laguntzen eskaera aurkezteko epea bukatu arte eta diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean. Adierazpen hori eskabiderako inprimakian jasota dago.

4. Kontzeptu diruz lagungarriak, aldi diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak egiteko ematen direnak, baldin eta horien helburua funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

Dirulaguntza bat emanen da 4. puntuan zehazten diren gastuen % 100erako, aurrekontu diruz lagungarriaren 5.000 eurokoa gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe).

Deialdi honen ondorioetarako, ponenteen bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira. Gastu horiek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 28ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

4.1. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko eta azterlanak edo jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte:

–Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

–Mintegiak, txostenak, argitalpenak eta abar egiteko behar diren zerbitzu teknikoak eta profesionalak, edo jarduera gauzatzeko aurreikusitako beste behar batzuk.

–Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Jarduera gauzatzeko behar den joan-etorriekin lotutako gastuak.

–Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira erakunde onuradunei emandako fakturetan.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bera duten beste laguntza batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez bada diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayuda-a-empresas-y-a-entidades-sin-animo-de-lucro-para-la-difusion-de-politicas-y-estrategias-de-la-ue-1portalempleado.admon-cfnavarra.es

(hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

c) Eskabideak egiteko, laguntza-fitxan dagoen inprimaki espezifikoa erabiliko da. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eskaneatua aurkeztu behar da, eta behar bezala identifikatua. Hauxe da:

a) Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Eskabiderako inprimakia.

–Enpresa eratzeko edo, hala badagokio, aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

–Erantzukizunpeko adierazpena edo erakunde eskatzailearen ordezkaritzaren egiaztagiria.

–Entitate sozialen kasuan, elkartearen edo erakundearen estatutuak.

–”Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada. Inprimaki hau Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidali behar da Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalera.

Eskabide orrian ez bazaio baimenik ematen Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari datuak egiaztatzeko, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Zerga-ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean dagoela eta zerga-egoitza Nafarroan duela egiaztatzen duten agiriak.

b) Jarduera diruz lagungarriari buruzko dokumentazioa:

Jardueraren memoria, honako hauek edukiko dituena nahitaez:

–Egin nahi den jardueraren deskribapena.

–Espero diren emaitzak.

–Eskatzailearen aurretiko esperientzia.

–Aurrekontu zenbatetsia.

c) Eskaera 8. oinarriko 2. irizpidearen arabera (“Erakundearen konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin”) baloratu ahal izateko dokumentazioa.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2016, Adobe Acrobat Reader DC eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen eranskineko 5.2.a) atalean eskatzen den dokumentazio guztia erakutsi beharko dute (adierazi nola deritzon eta zer atal zehatzetan dagoen dokumentazio hori).

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Antolaketa eta instrukzioa.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari adjudikatu zaizkio dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokaren araubidea erabiliko da dirulaguntzen emakida kudeatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikulua).

Horretarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskabideak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, agindu honetan eta deialdian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresa eskatzaileei.

Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkezturiko proiektuak, deialdi honen 8. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskabidea osorik eta zuzen dagoela eta 1. oinarrian zehaztutako xedearekin eta 4. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarri baten araberakoa dela egiaztatu ondoren, espedientea ezarritako baremoaren arabera baloratuko da.

Badago kreditu bat erakunde onuradun bakoitzeko (hau da, irabazi asmorik gabeko enpresa eta erakundeetarako). Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

–1. irizpidea: Aurkeztutako proposamenaren kalitatea (gehienez 95 puntu).

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

1. Egin beharreko jardueraren deskribapena

1.1. Jardueraren eta haren helburuen formulazio argia eta zehatza.

20

1.2. Bat etortzea Europako Batzordearen lehentasunekin eta/edo NGEU planarekin eta Gazteriaren Europako Urtearekin

15

2. Espero diren emaitzak

2.1. Proiektu edo jardueraren kalitatea, bideragarritasuna eta berrikuntza

15

2.2. Garatu beharreko jardueraren eragina, oihartzuna, garrantzia eta interes objektiboa

15

3. Eskatzailearen aurretiko esperientzia.

Esperientzia eta ibilbidea.

5

Eskatzailearen espezializazioa, aurkezten diren antzeko jardueretan

5

4. Aurrekontu zenbatetsia

Jarduerak egiteko aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia

20

–2. irizpidea: Enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa, gehienez 5 puntu.

Honako neurri hauetakoren baten bidez frogatuko da enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasun plana egina izan eta aplikatzen aritzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismen eta edukiarekin, dirulaguntza eskatzen den egunean horrelakorik egitea nahitaezkoa ez den kasuetan (lege organikoaren 45. artikuluaren eta hamabigarren xedapen iragankorraren arabera). Berdintasun plan hori inskribatua egon behar da Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan (NHKBPE).

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia” zigilua, eta abar).

c) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek justifikatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da. (Laguntzen fitxan aurki daitekeen “Enpresa ekintzak berdintasunaren alde” agirian berdintasunaren aldeko zenbait ekintzaren zerrenda jasotzen da).

ERAKUNDEAREN KONPROMISOA GENERO BERDINTASUNAREKIN

PUNTUAK

Berdintasun plana, edo bereizgarriak eta aitortzak

5

Berdintasunaren aldeko ekintzak (puntu bat emanen da ekintza bakoitzeko)

3 arte

Ebaluazioaren ondoren 1. irizpidean 45 puntu gainditzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezko erakunde horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, arautzen duena Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute.

Onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik erakunde onuradun mota batean (toki erakundeak edo erakunde sozialak), gelditzen den diru-kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

10.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Inguruabar hori espresuki aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketarena aipatutako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Horretarako, interesdunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. 2022ko lehen seihilekoan eginen diren eta diruz lagunduta dauden ekitaldi, ikastaro, mintegi eta jardunaldien deialdia argitaratzea Europako Etorkizunari buruzko Konferentziaren plataforman (https://futureu.europa.eu/?locale=es), plataformak berak irauten duen bitartean.

11.2. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari jakinaraztea, gutxienez bi asteko aurrerapenarekin, aurreikusitako ekintzarako eguna, baita behin betiko programa ere, eta baimena ematea zerbitzu horren menpeko Europe Direct Navarra-Nafarroa informazio-zentroaren erakustoki bat jartzeko.

11.3. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.4. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebeharrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, erakunde onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

11.5. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

11.6. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.7. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2022ko urriaren 28a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11.8. Dirulaguntza jasotzen duen ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan (liburuxkak, programak, bideoak, web-orriak...) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da. Betebehar hori Europe Direct Navarra-Nafarroa logoa sartuta beteko da.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11.9. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

11.10. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. 2022ko urriaren 28a bitartean, egun hori barne dela, eskatzaileek diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa aurkeztu behar dute, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen, hau da, 2022ko urriaren 28a baino lehen, ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat.

Justifikatzeko modua:

a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2022ko urriaren 28an beranduenez:

–Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria xehatua, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne. Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: aurkeztutakoak, argazkiak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat prestatu behar dute, gastuen zerrenda izanen duena deialdi honen 4. oinarrian zehaztutako tipologiaren arabera.

b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (Excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

d) Fakturen eta gastuen gainontzeko frogagirien fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopiarekin edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

13.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari (baimenduta egon beharko dute horiek).

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, erakunde onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2117632