119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitara dadila kudeaketa-esleipen bat, formalizatu dena honako hauen arteko hitzarmenaren bidez: Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikitako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia, Hezkuntza Departamentua eta Burlatako Udala, eta helburu duena azken horrek ematea eskola-jantokiko zerbitzua “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrei.

2022ko ekainean, hori baita azken sinaduraren data, Hezkuntza Departamentuak, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Burlatako Udalak hitzartu zuten Burlatako Udalari esleitzea “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako eskola-jantokiko zerbitzuaren kudeaketa.

2021eko abenduko uholdeek jantokiko eraikina kaltetu zuten eta berria eraiki bitartean beharrezkoa da jantoki-zerbitzua ematea “Egunsenti” zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrei. Horrek eragin du, bada, hitzarmen hau sinatzeko premia.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, kudeaketa-esleipenak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, kudeaketa-esleipena ematen duen organoaren edo entitatearen ardura izanen da esleipenaren xedeko jarduera material zehatzari oinarria emanen dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Artikulu horretako 4. apartatuan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-esleipena hitzarmen bat sinatuz formalizatuko da, behar beste aurrekontu-kreditu dagoela egiaztatu ondoren.

Kudeaketa-esleipena egiteko baimenean edo, kasua bada, esleipen hori formalizatzen den hitzarmenean, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Azkenik, 14. artikuluan ezarrita dago hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau, zeinaren bidez Burlatako Udalari egindako kudeaketa-esleipen bat formalizatzen baita eranskinean ageri den hitzarmenaren bidez, behar diren ondorioetarako. Hitzarmenaren helburua da Burlatako Udalak ematea eskola-jantokiko zerbitzua “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrei.

Iruñean, 2022ko ekainaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

HITZARMENA, PERTSONEN AUTONOMIARAKO ETA GARAPENERAKO NAFARROAKO AGENTZIAREN, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA BURLATAKO UDALAREN ARTEAN, KUDEAKETA-ESLEIPENA EGITEKO AZKEN HORRI, ESKOLA-JANTOKIKO ZERBITZUA “EMAN DIEZAIEN EGUNSENTI” HAUR HEZKUNTZAKO ZENTROKO 0 ETA 3 URTE BITARTEKO HAURREI

Iruñean, 2022ko maiatzean.

BILDU DIRA:

Batetik, Inés Francés Román andrea, Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailea; erakunde autonomo hori Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikia dago;

Bestetik, Carlos Gimeno Gurpegui jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria;

Eta, azkenik, Ana María Góngora Urzaiz andrea, Burlatako Udaleko (Nafarroa) alkatea,

ADIERAZTEN DUTE:

1. Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikia dago, eta hark kudeatzen du 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroa. Burlatako udal eraikin batean dago, Vicente Gironés Bombay plazako 1. zenbakian.

2. Aurreikusita dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzea zentro horren kudeaketa 2022-2023 ikasturtetik aurrera.

3. 2021eko abenduaren 10eko uholdeek nabarmen kaltetu zuten “Egunsenti” zentroaren eraikina, eta, ondorioz, jarduna eten behar izan zuen. Hortaz, haurrak hiru toki hauetara eraman zituzten behin-behinean: Burlatako ludotekara, Malkaitz haur-eskolara (Sarriguren) eta Lakarri haur-eskolara (Gorraitz).

4. Hezkuntza Departamentuak erabaki du beste eraikin bat egitea Burlatan, eta han kokatuko du “Egunsenti” haur-eskola.

5. Ikusita “Egunsenti” zentroak jarraitu behar duela zerbitzu ematen 0 eta 3 urte bitarteko haurrei 2022-2023 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak eta Burlatako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten 2022ko maiatzaren 10ean, eta adostu zuten “Hilarión Eslava“ HLHIPren lokaletan kokatzea “Egunsenti” haur eskola, erabilera lagatze bidez, eta bi ikasturtetarako.

“Jantoki-zerbitzuaren kudeaketa esleitzea” deritzon hitzarmenaren bosgarren klausulan jasota dago Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen duela bere gain beste hitzarmen bat sustatzeko Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikitako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren, Hezkuntza Departamentuaren eta Burlatako Udalaren artean, helburu izanen duena Burlatako Udalari esleitzea “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako eskola-jantokiko zerbitzuaren kudeaketa. Orobat, dagokion diru-zenbatekoa ordainduko zaio Burlatako Udalari. Zerbitzuaren eguneroko kudeaketa (otorduen kontrola, bertaratzeena, enpresarentzako abisuak eta abar) administrazio bakoitzak eginen du.

6. Gorago esan den bezala, “Egunsenti” haur-eskola, gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikitako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mende dago. Dena den, aurreikusita dago 2022-2023 ikasturtetik aurrera eskola hori eta beste batzuk Hezkuntza Departamentuari atxikitzea. Hori dela eta, atxikipen-aldaketa gauzatu bitartean, beharrezkoa da agentzia horrek esku hartzea, “Egunsenti” haur eskolaren zerbitzua emateko eskumenaren titularra den aldetik. Dena den, titulartasuna aldatu eta kudeaketa-esleipenak indarrean jarraitzen duten bitartean, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko ditu agentziak esleipen horretan dauzkan eskubide eta betebehar guztiak.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Artikulu berean xedatutakoaren arabera, kudeaketa-esleipena beste administrazio publiko bati egitea, eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoari egitea, hitzarmen bat sinatuz formalizatuko da, behar beste aurrekontu-kreditu dagoela egiaztatu ondoren.

Kudeaketa-esleipena formalizatzeko hitzarmenean, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Azkenik, 14. artikuluan ezarrita dago hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

8. 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako “Egunsenti” zentroa “Hilarión Eslava” HLHIParen lokaletan egonen da aldi batez; zentro berria eraikitzen duten bitartean, hain zuzen. Bestalde, Burlatako Udalak jantoki-zerbitzua ematen du jada bere titulartasuneko haur-eskolan. Horiek kontuan hartuta, bada, bete egiten dira arauak eskatzen dituen eraginkortasun-arrazoiak, toki-erakundeak “Egunsenti” zentroko ikasleei jantoki-zerbitzua ematen ahalko dielako kontratazio espediente bakarraren bidez eta horrek eskala-ekonomiak ahalbidetzen dituelako.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Hitzarmen honen xedea da formalizatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak Burlatako Udalari egiten dion kudeaketa-esleipena, helburu duena azken horrek ematea eskola-jantokiko zerbitzua “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko 0 eta 3 urte bitarteko haurrei 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan.

Bigarrena.–Kudeaketa-esleipenaren barnean, zehazki, eginkizun hauek sartzen dira:

a) Burlatako Udala arduratuko da jantoki-zerbitzua emanen duen enpresa kontratatzeaz, eta dagokion lizitazioan aurreikusi beharko du zenbat jankide izanen diren Egunsenti zentrokoak.

b) “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko ikasleek Burlatako “Hilarión Eslava” HLHIPko instalazioak erabiliko dituzte, eta horregatik instalazio horietan emanen zaie jantoki-zerbitzua.

c) Jankideen gehieneko kopurua 72 izanen da, hau da, zentro horretan 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat eskainitako gehieneko plaza kopurua; hala ere, jankideen hasierako kopurua txikiagoa izan liteke, haur bakoitzaren adinaren eta premien arabera. Menua aukeratzean, haien kalitatea eta osasun- eta nutrizio-alderdiak hartuko dira kontuan. Egunsenti zentroko langileak bakarrik arduratuko dira jantokian ikasleei arreta eta laguntza emateaz.

d) “Egunsenti” haur-eskolako ikasleentzako jantoki-zerbitzuaren eguneroko kudeaketa (otorduen kontrola, dieten kontrola, jankideen eguneko kopurua, enpresarentzako abisuak, erabiltzaileen kexen kudeaketa...) zentro horretako zuzendaritzak eginen du, eta horretarako beharrezkoak diren harremanetarako datuen berri emanen dio Burlatako Udalak. Zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin desadostasunen bat egonen balitz eskainitako menuei buruz, Burlatako Udalak ez luke inolaz ere bere gain hartuko horren ondoriozko kosturik.

e) Zerbitzua ematearekin zerikusia duen beste edozein gorabehera gertatuz gero, Hezkuntza Departamentua harremanetan jarriko da Burlatako Udalarekin.

Hirugarrena.–Hitzarmen honetatik eratorritako kostuen finantzaketa esleipena egin duen erakundearen kontura izanen da, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako Egunsenti zentroan matrikulatutakoen familien ekarpenetan oinarrituta.

Laugarrena.–Hitzarmen honetako akordioak aldatzen ahalko dira, baldin eta alderdiek hala erabakitzen badute berariaz.

Bosgarrena.–Kudeaketa-esleipena indarrean egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2023-2024 ikasturtea amaitzen denera arte.

Dena den, alderdiek berariaz hala adosten badute, luzatzen ahalko da, beste ikasturte batez gehienez. Luzapena hiru hilabete lehenago, gutxienez, adostu beharko da.

Seigarrena.–Nafarroako Gobernuaren barruan dagokion departamentuak modu honetan eginen dio ordainketa Burlatako Udalari:

a) “Egunsenti” Haur Hezkuntzako zentroko ikasleei zerbitzatutako menuei dagokien zatia ordainduko zaio Burlatako Udalari.

b) Burlatako Udalak ikasturte bakoitzerako menuen prezioa edo prezio unitarioak eta hilabete bakoitzean benetan zerbitzatutako menuen kopurua egiaztatu ondoren eginen da ordainketa.

c) Esleipen honen kudeaketa administratiboak kostu edo ardura handia eragiten badio Burlatako Udalari, Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain.

d) Zerbitzatutako menuen kopurua haien prezioaz biderkatuko da, eta emaitzako zenbatekoa ordainduko zaio Burlatako Udalari, transferentzia bidez, honako aldi hauetan:

Lehendabiziko likidazioa: iraila-abendua.

Bigarren likidazioa: urtarrila-martxoa.

Hirugarren likidazioa: apirila-uztaila.

Zazpigarrena.–Behin Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzen duenean 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako “Egunsenti” zentroaren titulartasuna, bere esku geratuko dira, orobat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak Burlatako Udalari egindako esleipen-kudeaketa honetan dauzkan eskubide eta betebehar guztiak.

Inguruabar hori behar bezala jakinaraziko zaio Burlatako Udalari, eta harekin batera adostuko da hitzarmeneko alderdien eskubideak eta betebeharrak komunikatzeko eta kudeatzeko modua.

Zortzigarrena.–Hitzarmen honen baldintzek izaera administratiboa dute, eta hura aplikatzeko eta interpretatzeko ordenamendu juridiko administratibora joko da. Hitzarmenaren aplikazioari, interpretazioari edo ondorioei buruz sortzen diren arazoak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoek ebatziko dituzte. Alderdiak Iruñeko jurisdikzio-organoen jurisdikzioaren eta eskumenen mende jartzen dira, espresuki.

Eta azaldutakoarekin bat datozela adierazteko, hitzarmen hau sinatzen dute, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Hezkuntza Departamentuaren aldetik

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aldetik

Burlatako Udalaren aldetik

Carlos Gimeno Gurpegui jauna

Inés Francés Román
andrea

Ana Mª Góngora Urzaiz andrea

Iragarkiaren kodea: F2208406