119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Lizentziak etetea lurzoru urbanizaezinean energia-ekoizpeneko instalazioetarako eta haien ebakuazio azpiegituretarako

Tebas-Muru Artederretako Udalak, 2022ko maiatzaren 31n egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Lurzoru urbanizaezinean baimendutako erabileren, erabilera baimengarrien eta debekatutako erabileren erregulazioa berrikusteko beharra dago, lurzoru hori behar bezala babesteko eta, horrela, mugatzeko hiri-inguruko nekazaritza-lurren eremuak, nekazaritza-paisaia gisa kalifikatutako guneak eta babestu beharreko baratze- eta ibar-guneak, bat etorriz Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko Foru Legearen 64. artikuluan xedatutakoarekin.

Ikusirik oso garrantzitsua dela bermatzea energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako energia-ekoizpeneko instalazio berriek, horien ebakuazio-azpiegiturek eta energia-azpiegitura berri horien zerbitzura egon daitezkeen jarduketa guztiek, autokontsumoko instalazioak alde batera utzita, eragin larririk ez dutela sortzen biodibertsitatean eta bestelako natura-balioetan, bat etorriz 4/2022 Foru Legearen 62.3 artikuluan jasotakoarekin.

Beharrezkoa da sentikortasun- eta bazterketa-eremuak mugatzea, garrantzi handikoak baitira biodibertsitatearentzat, konektibitatearentzat, zerbitzu ekosistemikoak emateagatik, hiriguneetako ingurune naturalak mantentzeagatik eta beste ingurumen-balio batzuengatik.

Horrez gain, eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 31. eta 33. artikuluetan xedatutakoaren arabera, zeinak adierazten baitute Nafarroako Gobernuak urtebeteko epean ezarri behar dituela energia eoliko eta fotovoltaikoko proiektuak ezartzeko baimendu eta debekatu daitezkeen lurzoruak, beharrezkoa da etetea lurzoru urbanizaezinean mota guztietako lizentziak ematea, saiheste aldera azkenean egin nahi den arauketarekin bateraezinak diren instalazio eta/edo eraikuntzak egotea.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan jasotzen denaren arabera (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), hirigintzako planak onesteko eskumena duen administrazioak aukera du, horiek onetsi baino lehen, eteteko lizentzien ematea, eremu eta erabilera jakin batzuetarako egin nahi diren lurren partzelazioen, eraikitzeen eta eraispenen kasuan; helburua da horien eraketa edo aldaketa aztertzea, alderdi horiek guztiak garbi zehaztuta; horrenbestez, Udalbatzak, Agrupación Independiente Tiebas-Campanas-Muruarte elkarte independenteko bost zinegotzien aldeko botoekin eta PSN-PSOEko zinegotziaren abstentzioarekin,

ERABAKITZEN DU:

Lehena.–Bertan behera uztea Tebas-Muru Artederreta lurzoru urbanizaezinean oin berriko eraikuntza-lizentziak eta autokontsumorako ez diren energia ekoizteko eta eraldatzeko instalazio berriak ezartzeko edo gauzatzeko lizentziak, bai eta ebakuazio-azpiegiturak eta erabilera berari lotutako beste jarduketa batzuk ere, plangintzan dagokion aldaketa egiten den bitartean, lurzoru urbanizaezinean baimendutako, baimentzeko eta debekatzeko erabilerak eguneratu eta arautu ahal izateko.

Eteteak iraunen du Hirigintzako Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran, aldaketa hori aztertu, eratu eta izapidetzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (goian adierazitako testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina modu egokian arautzea.

Bigarrena.–Argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aitzina.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Tebas-Muru Artederretan, 2022ko ekainaren 6an.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

Iragarkiaren kodea: L2208380