119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, “Ingeniaritzako prestakuntza beka” dirulaguntzarako deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 625314.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Aipatu foru dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileei dagokie prestakuntza bekak ematea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak hauxe ezartzen du: “2005eko martxoaren 1a baino lehenagoko foru araudian kontseilariei esleitzen zitzaizkien ebazpen-eskumenak zuzendari nagusiek izanen dituzte, 32.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat; ez dira zuzendari nagusien esku geldituko, hala ere, gehiengo osoko foru legeen bitartez edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren bitartez kontseilariei esleituriko eskumenak, ez eta zehatzeko ahala erabiltzeari dagozkionak ere, horiek lege edo erregelamendu mailako xedapen batean espresuki esleituak dituzten organoenak izanen baitira”.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ingeniaritzako prestakuntza beka bat emateko deialdi hau onetsi du, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan aritzeko. Bekaren xedea da graduatu ondoko tituludun bati ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa ematea, arlo publikoan zein enpresa pribatuan lanari aurre egin diezaioten.

Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingeniaritzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, zeinak destinoa izanen baitu Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 32.674,61 euroko gastua baimentzea, honela banatuta kopuruaren eta denboraren arabera:

2022ko ekitaldia: 7.148,09 euro, aurrekontuko “Prestakuntza bekak” izeneko 820000 82000 4800 421100 partidaren kargura. Kopuru hori 848, 09 euroko zortzi hilerokori eta Gizarte Segurantzaren kontzeptupeko 51,91 euroko zazpiri dagokie.

2023ko ekitaldia: 10.861,08 euro, 2023ko gastuen aurrekontuan gaituko den partidaren kargura. Kopuru horretatik, 10.177,08 euro 848,09 euroko hamabi hilerokori dagozkio, eta Gizarte Segurantzaren kontzeptupean 57 euro/hilean gehitu behar dira, hori beka maiatzetik harago luzatzen bada, eta, betiere, kreditu egokia eta nahikoa badago.

2024ko ekitaldia: 10.933,08 euro, 2024ko gastuen aurrekontuan gaituko den partidaren kargura. Kopuru horretatik, 10.177,08 euro 848,09 euroko hamabi hilerokori dagozkio, eta Gizarte Segurantzaren kontzeptupean 63 euro/hilean gehitu behar dira, hori beka luzatzen bada, eta, betiere, kreditu egokia eta nahikoa badago.

2025eko ekitaldia: 3.732,36 euro, 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den partidaren kargura. Kopuru hori 848,09 euroko bost hilerokori eta Gizarte Segurantzaren kontzeptupeko 68 euroko bosti dagokie, hori beka luzatzen bada, eta, betiere, kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 6an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea gutxienez unibertsitate titulu hauetakoren bat eskuratu duen pertsona bati:

–Industria Ingeniaritzako gradua.

–Industria Teknologietako Ingeniaritzako gradua.

–Ingeniaritza Elektrikoko gradua.

–Ingeniaritza Elektrikoko eta Elektronikoko gradua.

–Ingeniaritza Elektroniko Industrialeko gradua.

–Ingeniaritza Elektroniko Industrialeko eta Automatikako gradua.

–Ingeniaritza Mekanikoko gradua.

–Diseinu Mekanikoko ingeniaritzako gradua.

–Energiaren Ingeniaritzako gradua.

–Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako gradua.

–Industria Antolaketako gradua.

–Ingeniaritza Zibileko gradua.

Beraz, deialdi honen helburua da pertsona horren prestakuntza sustatzea Plan Energetikoaren Atalaren berezko jarduerei lotutako jakintzak eskainiz. Atal hori Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan dago, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan.

Bigarrena.–Beken iraupena eta zenbatekoa.

1. Prestakuntza bekaren hasierako iraupena hamabi hilabetekoa izanen da, eta hasteko eguna izanen da beka emateko ebazpenean adierazten dena.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak eskatuz gero eta aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera, beka luza daiteke, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapena egiteko, beharrezkoa izanen da berariazko ebazpena ematea eta horretarako behar den gastu konpromisoa hartzea.

2. Prestakuntza bekak, hilero, 900 euroko zuzkidura du. Horietatik 848,09 euro onuradunari ordainduko zaizkio, hilabete bakoitza bukatutakoan, eta 51,91 euro Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko izanen dira.

Hirugarrena.–Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke beka honen onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

e) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

f) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan eskuratu izana beharkizun den titulua, edo aipatu epearen barnean eskatu izana titulu hori, eta, betiere, beka hasteko eguna baino lehenago.

2. Beka eskatzeak berekin dakar Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari baimena ematea egiazta dezan betetzen direla aurreko apartatuko a), b) eta c) letretako baldintzak. Baimena emanen zaio, orobat, egiaztatzeko onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen beka emateko proposamena egiten den unean (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).

Goiko d) eta e) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera-orrian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

f) letrako baldintza betetzen dela egiaztatzeko, unibertsitateko titulua edo haren eskaera aurkeztu beharko da.

3. Baldintza guztiak prestakuntzaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Halaber, Nafarroako Gobernuko erregistro bulegoetan aurkez daitezke (horretarako irekita daudenetan), aldez aurretik hitzordua eskatuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

3. Nafarroa.eus atariko laguntzen fitxan eskura daitekeen inprimakiaren araberakoa izanen da eskaera, eta harekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) NANaren kopia.

b) Curriculum vitae-a, non adierazi beharko baitira egindako ikasketak, egindako jarduerak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak. Agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

c) Eskuratutako tituluen eta diplomen fotokopia.

d) Dagokion unibertsitateak emandako ziurtagiria, beharkizun den tituluarena edo titulu eskaerarena.

e) Seigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen frogagiriak.

4. Aurkeztutako eskaerak aurreko ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, unitate kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta ebazpen hori jakinaraziko zaiola.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Bosgarrena.–Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz, seigarren oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Martin Ibarra Murillo, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren zuzendaria.

–Batzordekidea: Ignazio Apeztegia Luquin, Plan Energetikoaren Ataleko burua.

–Idazkaria: Arantxa Goikoetxea Irigoien, Nazioarteko Proiektuen Bulegoko burua.

2. Batzordeak prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzen ahalko ditu.

3. Hurrengo oinarrian adierazitakoarekin bat eginen da ebaluazioa, eta hura amaitutakoan, ebaluazio batzordeak hautako pertsonaren aldeko proposamen loteslea igorriko dio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

Eskaerak baremo honi jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Titulua: gehienez ere 10 puntu.

–5 puntu emanen dira deialdi honetan eskatzen diren graduko titulu edo titulu eskaera bakoitzeko.

–2 puntu emanen dira deialdi honetan eskatzen ez diren graduko, diplomako edo lizentziako titulu edo titulu eskaera bakoitzeko.

–Puntu bat emanen da bukatutako master bakoitzeko.

–0,5 puntu emanen da eskatzailea Nafarroan doktorego programa bat egiten ari bada.

b) Prestakuntza ikastaroak, arlo hauekin zerikusia duten gaien gainekoak: energia, energia berriztagarriak, elektrika eta elektronika, elektronika industriala eta automatika, enpresen administrazioa eta zuzendaritza eta industria teknologiak. 3 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

c) Euskara, ingelesa eta frantsesa jakitea: gehienez ere 10 puntu.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 4 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 3 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 2 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

d) SIIU-Unibertsitate Informazioari buruzko Sistema Bateratuaren 2020-2021 ikasturteko Unibertsitateko Ikasleen Estatistikaren arabera, Ingeniaritza eta Arkitektura ikasten duten emakumeak matrikulatutako ikasleen %25,1 dira, eta ikasketak amaitzen dituztenen %27,3. Kontuan harturik matrikulatutako emakumeen ehunekoa gizonezkoena baino nabarmen txikiagoa dela deialdi honek jomugan dituen unibertsitateko tituluetan, eta sektorean emakumeen presentzia sustatu nahian, emakume eskatzaileei 2 puntu gehituko zaizkie.

e) Banakako elkarrizketa: gehienez ere 10 puntu.

Banakako elkarrizketa eginen zaie bost kalifikazio onenak lortzen dituzten hautagaiei. Elkarrizketan baloratuko dira motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.

Elkarrizketa gainditzeko, 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira.

Oinarri honen apartatuetan ezarritako puntuak batu ondoren puntuazio onena lortzen duen pertsonari esleituko zaio beka.

Berdinketa kasuetan, banakako elkarrizketan nota onena duen eskatzailearen alde eginen da.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

Ebaluazio batzordearen proposamena ikusita, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak prestakuntza beka emateko ebazpena emanen du; onuradunaren izena jasoko da hartan, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Halaber, ebazpenean lehentasun ordena ezarriko da deialdira aurkeztu diren pertsonekin, bederatzigarren oinarrian ezarritakoa betetzeko baldin bekaren onuradunak uko egiten badu.

Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Bekaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea. Prestakuntzaren ardura duen administrazio unitateak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.

b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko memoria bat aurkeztea.

c) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

f) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

g) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren barne edo funtzionamenduko araudia betetzea, han arituko baita.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Hori egin ezean, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ikusten ez badu ezinbesteko kausa edo behar bezala justifikatutako beste inguruabar bat, bekari uko egiten diola ulertuko da.

2. Jardunean hasteko unean, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak zerga-betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, baita zinpeko adierazpen edo hitzemate idazki bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, entitate publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

3. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

4. Bekari berariaz uko eginez gero, horren berri eman beharko da, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Hamargarrena.–Prestakuntza jarduera eta tutoretza.

1. Prestakuntza jarduerak hogeita bost ordu iraunen du astean, eta Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan gauzatuko da (Tomás Caballero parkea 1, 5. solairua, Iruña).

2. Bekaren onuradunak 2,5 egun balioduneko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

3. Bestalde, onuradunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko ditu, eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

4. Organo eskudunak prestakuntza beka eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak gertatzen direnean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du, eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.

5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak zuzendu eta gainbegiratuko du prestakuntza jarduera. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, bekadunak egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta haren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituen begiratzeaz arduratuko da.

Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

1. Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

2. Bekaren onuradunak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

Hamabigarrena.–Lan harremanik ezaren adierazpena, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntzako bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak gainbegiratuko ditu eta hura izanen da lan horien erantzulea. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

4. Beken onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.

Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

Hamahirugarrena.–Bekaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste beka batzuekin.

Hamalaugarrena.–Emandako bekaren publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako beka Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2206684