119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Ordenantza, arautzen duena Udalaren erabilera anitzeko aretoa. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2022ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren erabilera anitzeko aretoa arautzen duen ordenantza (erabaki hori 2022ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Esteribarren, 2022ko maiatzaren 20an.–Alkatea, María Matilde Añón Beamonte.

ORDENANTZA, ESTERIBARKO UDALAREN ERABILERA ANITZEKO ARETOA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Erabilera anitzeko aretoa Orreagako etorbideko 13ko bigarren solairuan dago, Zubirin, Esteribarko Udalaren egoitza den eraikinean, hain zuzen, eta haren helburua da parte hartzeko bitartekotzat balia dadin eta erreferentzia-puntu soziokulturala izan dadin, udal jarduerarentzat nahiz ibarreko bizilagunentzat. Hala bada, esan daiteke komunitatea garatzeko eta elkartegintza sustatzeko zuzkitu eta bideraturiko gune bat dela, tresna baliagarria dena ekimenak eta jarduerak aurrera eramateko, herritarrenak, oro har, eta udalerriko talde eta elkarteenak, bereziki.

Aretoaren erabilera arauturik ez egoteak arazoak ekar baititzake antolaketaren aldetik, Esteribarko Udalari beharrezkoa iruditu zaio ordenantza bat taxutu eta onestea, funtzionamenduaren eta erabileraren araubidea ezartzeko.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da eskubideak, betebeharrak eta baldintzak ezartzea, Esteribarko Udalaren egoitzako bigarren solairuan dagoen erabilera anitzeko aretoa erabiltzeko.

2. artikulua. 1. Ordenantza honen xede den aretoa zerbitzu publikoko ondasun bat da, funtzio eta erabilera anitzetarako esleitu dena. Horri dagokionez, aretoaren erabilera lagako da berezkoak zaizkion jarduerak egiteko, baldin irabazi-asmorik gabekoak badira, hala nola hitzaldiak, bilerak edo mahai-inguruak.

2. Esteribarko Udalari dagozkio haren erabilera zuzenaren eta funtzionamenduaren ardura, eta eskubidea izanen du behar adina xedapen edo ebazpen emateko, arau honetan ezarritakoa argitu, aldatu edo garatzeko.

3. artikulua. Esteribarko Udalak gainbegiratu eginen ditu aretoaren barnean egiten diren jarduerak, eta bere gain hartuko du aretoa osatzen duten elementuak onik zaintzeko eta pixkanaka hobetzeko ardura.

BIGARREN TITULUA

Funtzionamenduari buruzko baldintza orokorrak

4. artikulua. Aretoaren erabiltzaile izanen da haren erabilera lagatzen zaion pertsona, talde, kolektibo edo elkarte oro. Horretarako eskabideak bat etorri beharko du berariazko eredu normalizatuarekin (https://www.esteribar.org/ web-orrian argitaratua), eta aurkeztuko da Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan edo, aurrez aurre, udal bulegoetan.

5. artikulua. 1. Heldu batek aurkeztuko du eskabidea, aretoa erabiltzeko eskatzen den data baino bost egun lehenago gutxienez, eta nahitaez adierazi beharko da egin nahi den jardueraren xedea.

2. Aurkeztu eta gero, aztertu eta kalifikatuko da, eta bi egun balioduneko epean ebatzi beharko da espresuki eskaeraren gainean. Aldeko ebazpena ematen bada, eta aretoa arratsaldean erabiltzekoa bada, giltzak jasoko dira jarduera eginen den egun berean, eta biharamunean utzi beharko dira atzera ere. Hori guztia egin beharko da Esteribarko Udalaren egoitzan, jendearentzako ordutegian.

3. Bi eskaerak bat egiten badute datan eta orduan, aurren aurkeztu denak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Erabiltzaile diren pertsona eta/edo entitate guztiek eskubide berberak izanen dituzte aretoa erabili eta aprobetxatzeko; hala, ez da joko bertako eremu edo baliabiderik hura erabiltzen duenaren erabilera edo jabetza esklusibokotzat. Erabilera anitzeko aretoa ez da izanen inongo kolektiboren egoitza.

7. artikulua. Esteribarko Udalak antolatutako ekitaldiek lehentasuna izanen dute, eta horren mende egonen da aretoa erabiltzeko lagapena; hala, ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, gisa horretako ekitaldiren bat dela medio, bertan behera utzi edo aldatu behar bada lagapenerako baimendutako ordutegia.

8. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa erabiliko da bat etorriz haren zuzkidurekin eta eginiko eskaerarekin, eta irekirik egonen da urteko egun baliodun guztietan, 09:00etatik 15:00ak arte. Baimendu bada haren erabilera arratsaldez lagatzea, ordutegia izanen da 16:30etik 20:30 arte.

9. artikulua. 1. Ezin izanen da inola ere gauzatu diskriminaziorik ezaren printzipioari aurka egiten dion jarduerarik, jatorriaren, arrazaren, generoaren, sexuaren, edo iritziaren kariaz, edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal zein sozialen kariaz.

2. Debeku da aretoa erabiltzea erabilera-baimenean ageri ez den beste edozein jardueratarako, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

3. Debeku da areto barnean jatea.

10. artikulua. Honako hauek izanen dira lagapen-hartzailearen betebeharrak:

a) Erabiltzeko ordutegia errespetatzea, baimentzeko erabakian ezarritakoaren arabera.

b) Esleitutako tokia egoera onean edukitzea, osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

c) Instalazioak ongi tratatu eta egoki zaintzea. Okerreko erabilerak eragindako kaltea jardueraren arduradunaren kontura izanen da.

d) Udalari jakinaraztea gertatzen den anomalia, gorabehera edo arazo oro.

e) Aretoko giltzak gordetzea, eta ixtea handik joatean.

f) Ez erabiltzea aretoko aparatu elektronikoak, Udalak berariaz baimena eman ezean.

g) Ez lagatzea hirugarren batzuei aretoaren erabilera, ez osoki, ez zati batean.

h) Une oro bide ematea Udalari erabil ditzan zaintza eta ikuskapeneko ahalmenak, ikusteko ea betetzen diren ordenantza hau eta lagatzeko erabakia.

11. artikulua. Emandako baimena suntsiarazteko arrazoi izanen da ez betetzea ordenantza honetan edo lagatzeko erabakian jasoriko edozein betebehar, horrek ezertan galarazi gabe lagapen-hartzaileari erantzukizunak eskatzea, eskatzerik badago.

HIRUGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

12. artikulua. Arau-haustetzat hartuko dira aretoaren erabileraren onuradunek ordenantza honetan ezarritako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arina izanen da ez betetzea ordenantza honetan jasotzen den edozein betebehar.

b) Arau-hauste astuna izanen da bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

c) Arau-hauste oso astuna izanen da bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

13. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako arauak ez betetzea zehapena merezi duen arau-haustea da, eta hura ezarriko da dagokion zehapen-espedientea instruitu ondoren, bat etorriz xedaturik dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) eta urriaren 1eko 40/2015 Legean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea).

Arau-hauste horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arina. Bostehun euro bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete bitartekoa.

b) Arau-hauste astuna. Bostehun euro eta zentimo batetik mila eta bostehun eurora bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera bitartekoa.

c) Arau-hauste oso astuna. Bostehun euro eta zentimo batetik hiru mila eurora bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, urtebete eta egun batetik hiru urtera bitartekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Lagapen-prozeduran emandako egintzetatik eta ordenantza honetan jasotako xedapenen interpretaziotik eratorritako gorabeherak, lehenik eta behin, Esteribarko Udalak ebatziko ditu, eta horren ebazpenen aurka jartzen ahalko dira uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan aurreikusitako errekurtsoak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, erabil dezaten toki erakundeei errekerimendua egiteko duten ahalmena, beren egintza edo erabakiak indargabetzeko.

Iragarkiaren kodea: L2207542