119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira, batetik, berroreka eta ekitatea xede duten lurralde proiektu berriak finantzatzeko dirulaguntzak, zeinek ekonomia berdea eta/edo digitala sustatuko duten ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez, 2022ko Pirinioetako Planaren lurralde eremuko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta bestetik, dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak. DDBN identifikazioa: 627233.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak bere 28. artikuluan ezartzen duenez, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “politika publikoak garatzea lurralde estrategia jasangarriaren arloan” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ematen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako Mahaia”, eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artziko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta landakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuta, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabilita.

2021eko abenduaren 2an, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako 46/2021 Foru Agindua onetsi zen. Horren bidez, Estatuko Zerbitzu Publikoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmena onetsi zen, ekintzailetza eta mikroenpresak sustatuko dituzten lurralde proiektuak garatzeari buruzkoa, Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, bat etorriz urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin (902/2021 Errege Dekretua, urriaren 19koa, 2021eko aurrekontu ekitaldian “Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak” izeneko inbertsioko jarduketak finantzatzeko zuzenean ematen diren dirulaguntzak arautzen dituena, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan).

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira, eta helburu dute berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak finantzatzea, zeinek ekonomia berdea eta/edo digitala sustatuko duten ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez. Laguntzak “Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak” izeneko 4. inbertsioan sartzen dira, eta hori, era berean, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren barruan dago (“Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak”). 2021eko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez eta Espainiako Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakiaren bidez (Council Implementing Decision-CID) onetsi zen aipatu plana.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, Pirinioetako eremuak presentzia espezifikoa eta nabarmena du, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, “Pirinioak eta beste landa eremu eta naturagune batzuk”) bai lurraldeko kultura berri baterako estrategian (4.5.2 kapitulua, “Pirinioak”).

Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 940.000,00 euroko kreditua aurreikusten du, bi gastu partidari aplikatuta; batetik, 330000 33100 4709 921100 kodeduna [PEP: E-21-000448-01], «BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa” izenekoa (600.000 euro); eta, bestetik, 330000 33100 7709 921102 kodeduna [PEP: E-21-000448-01], «BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa” izenekoa (340.000 euro).

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren martxoaren 17ko 31/2022 Ebazpenaren bidez, Kudeaketa Plana osatzen duten dokumentuak onetsi ziren, eta hala adierazten da BEMk finantzatutako proiektuak kudeatzeko eta kontrolatzeko arauetan (Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiaren bidez onetsiak).

Era berean, Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari banakako ebaluazio erregimenaren bidez dirulaguntzen deialdi bat izapidetzeko. Dirulaguntza horiek helburu izanen dute ekintzailetza eta mikroenpresak sustatzen dituen lurralde proiektu bat garatzea, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan eta Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Berroreka eta ekitatea xede duten lurralde proiektu berriak finantzatzeko dirulaguntzak onestea, zeinek ekonomia berdea eta/edo digitala sustatuko duten ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez, Pirinioetako Planaren lurralde eremuko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondoren adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea (940.000,00 euro guztira).

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

330000-33100-4709-921100 [PEP: E-21/000448-01]: BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa

2022

600.000,00

330000-33100-7709-921102 [PEP: E-21/000448-01]: BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa

2022

340.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 16an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

BERROREKA ETA EKITATEA XEDE DUTEN LURRALDE PROIEKTU BERRIAK FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, ZEINEK EKONOMIA BERDEA ETA/EDO DIGITALA SUSTATUKO DUTEN EKINTZAILETZAREN ETA MIKROENPRESEN BITARTEZ, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUKO BERRESKURAPEN, ERALDAKETA ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira, eta helburu dute berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak finantzatzea, zeinek ekonomia berdea eta/edo digitala sustatuko duten ekintzailetzaren eta mikroenpresen bitartez. Laguntzak “Berrorekarako eta ekitaterako lurralde proiektu berriak” izeneko 4. inbertsioan sartzen dira, eta hori, era berean, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren barruan dago (“Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak”). 2021eko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez eta Espainiako Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakiaren bidez (Council Implementing Decision-CID) onetsi zen aipatu plana.

Zehazki, banakako ebaluazio erregimeneko dirulaguntzen deialdi honen xedea da Pirinioetako lurralde eremuko jarduketak finantzatzea. Jarduketa horiek inguruko garapen ekonomikoa sustatu, erronka demografikoari heldu eta ekoizpen eraldaketaren alde egin behar dute, hala, ekonomia berdearen eta/edo digitalaren garapena lortzeko, bai ekintzailetzaren bitartez, bai mikroenpresak sortzen eta finkatzen lagunduta. Horretarako, bi lerro izanen ditu dirulaguntzak:

–A lerroa: Ekintzailetzan eta mikroenpresetan inbertitzeko laguntzetarako, baldin eta, ekonomia berdea eta/edo digitala sustatzen eta garatzen lagunduta, mota hauetakoren batean sartzen badira:

1.1. Jarduera ekonomiko berri bat sortzea.

1.2. Dagoen jarduera baten gaitasuna handiagotzea.

1.3. Jarduera dibertsifikatzea, eta, horretarako, negozioan lehen egiten ez ziren beste jarduera batzuk jartzea.

1.4. Lehen egiten zen ekoizpen jarduera erabat aldatzea.

1.5. Inguruan egiten ari diren jarduerak mantentzen laguntzea.

–B lerroa: Ekonomia berdea eta/edo digitala sustatzen eta garatzen duten mikroenpresak eta jarduera ekintzailea babesteko eta bultzatzeko proiektuen ondorioz sortutako gastuak finantzatzeko.

Diruz laguntzen diren proiektuek ekonomia berdearen garapena sustatu beharko dute. Horretarako, NBEren ingurumen programaren definizioa hartuko da oinarritzat; izan ere, horren arabera, giza ongizate eta gizarte berdintasun hobea lortzen duen eredu ekonomikoa da, aldi berean, ingurumen arriskuak eta eskasia ikuspegi ekologikotik nabarmen murrizten dituena. Zehazki, diruz lagunduko dira honelako ekintzak: klima aldaketa arintzen eta horretara egokitzen laguntzen dutenak; baliabideen erabilera jasangarria eta babesa sustatzen dutenak; ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatzen dutenak, hondakinen prebentzioa eta bigarren mailako lehengaien xurgapena barne; kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistemak dituztenak; biodibertsitatea eta ekosistemak babesten eta lehengoratzen laguntzen dutenak, eta, oro har, gizartearen ongizatea hobetzen eta gizartean ekitatea lortzen laguntzen dutenak.

Digitalizazioari dagokionez, enpresa eremuan, negozioen eraldaketa digitalarekin lotzen da; hau da, enpresaren eginkizunak, merkataritza eragiketak, bezeroak kudeatzeko ereduak eta/edo komunikazio prozesuak gaitzea, hobetzea edo eboluzionatzea, teknologia digitalak baliatuta.

Pirinioetako Planaren lurralde eremua da deialdi honen aplikazio eremua; Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean definitzen den moduan, eta Artziko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2021erako gastuen aurrekontuan adierazitakoarekin bat etorriz, Europako Berreskurapen Tresnatik (“Next Generation EB”) eratorritako finantza baliabideak erabiliko dira dirulaguntzak finantzatzeko. Baliabide horiek, era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 Erregelamenduak (EB) ezarritako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik datoz (2021/241 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena). Europako funtsen bidez finantzatuko diren dirulaguntza hauek izapidetzean eta ematean, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuak ezarritakoa aplikatuko da. Errege lege dekretu horren bidez onetsi ziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak.

Era berean, oinarri hauetan araututako dirulaguntzek Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak bete, gauzatu eta lortu beharko dituzte, bat etorriz Espainiako Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen Kontseiluaren Exekuzio Erabakiarekin (Council Implementing Decision-CID), eta osotara aplikatuko zaizkie EBren Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol prozedurak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen betebehar espezifikoak ere.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako laguntzek betetzen dituzte dirulaguntzatzat jotzeko baldintzak; hortaz, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe daude, eta hori garatzen duten eta aplikagarri diren gainerako arauen menpe. Gainera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, estatu laguntzatzat hartzen dira, eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoan– xedatutakoa kontuan hartuta, mota horretako laguntzak ditugu esku artean.

2. oinarria.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.

2.1. Dirulaguntza honen onuradun izaten ahalko dira mikroenpresak, haien forma juridikoa edozein dela ere, barne hartuta ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, kooperatibak eta lan sozietateak, bai eta beren konturako langileak edo autonomoak ere (banakako enpresaburuak), baldin eta beren jarduera Pirinioetako Planaren lurraldean garatzen badute eta soldatapeko hamar langile edo, hala badagokio, bazkide langile edo lan bazkide baino gutxiago badituzte eta negozio bolumena bi milioi eurotik gorakoa ez bada.

Deialdi honen ondorioetarako, autonomotzat hartuko dira Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) edo dagokion elkargo profesionalaren mutualitatean alta emanda dauden pertsonak; mikroenpresatzat, aldiz, soldatapeko hamar langile baino gutxiago dituzten eta bi milioi eurotik beherako negozio bolumena duten enpresak. Baldintza horiek betetzen dituzten langile autonomoak ere barne hartuko dira.

2.2. Orobat, pertsona eta enpresa onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeari eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Onuradun izateko debekurik ez izatea, dela azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarren batean egoteagatik dela aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoa ez betetzeagatik.

e) Bere ekoizpen jarduera ekonomia berde eta/edo digitalera hurbiltzeko eta/edo horretara bideratzeko konpromisoa hartzea.

2. apartatuan aurreikusitako baldintzak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, II. eranskineko ereduaren arabera, deialdia egin duen administrazioak egiten dituen egiaztapenei kalterik egin gabe.

2.3. Dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta enpresek bermatu beharko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” (do no significant harm, DNSH printzipioa), bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honako hauetan aurreikusitakoarekin bat: Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, Espainiako Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakia (Council Implementing Decision-CID) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

2.4. Era berean, pertsona eta enpresa onuradunek beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak eman beharko dituzte, Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta estatu mailako agintari eskudunek kontrol eskumenak balia ditzaten bermatzeko, bat etorriz bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoarekin bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129.1 artikuluan ezarritakoarekin («Finantza Erregelamendua»).

2.5. Sektore publikoko entitateak ezin dira izan dirulaguntza hauen onuradun, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.

2.6. Era berean, deialdi honetan araututako laguntzak lortzetik salbuetsita daude Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzaketatik kanpo uzten dituen jarduera hauetakoren batean aritzen diren enpresak:

1. Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak (geroagoko erabilera barne).

2. Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidearen esparruko jarduerak, proiektatutako berotegi efektuko gasen emisioak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia balioak baino nabarmen txikiagoak ez direnean.

3. Hondakinen zabortegien instalazioetan, tratamendu biologiko mekanikoko (MBT) instalazioetan eta hondakinak tratatzeko erraustegietan egindako jarduerak.

4. Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari epe luzera kalteak eragin diezazkiokeen jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak).

Deialdi honetara aurkezteko informazio, laguntza, orientazio eta aholkularitza zerbitzu bat behar duten eskatzaileek modu pertsonalean jo dezakete Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko teknikariengana, 848427648 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: direccion.general.proyectos.estrategicos@navarra.es.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

3.1. Deialdi honek helburu du inbertsio eta gastu jarduketak diruz laguntzea, baldin eta gauzatuta eta ordainduta badaude dirulaguntza eskabidea aurkezten den unean eta oinarri hauetan ezarritako exekuzio aldiaren barruan. Jarduketa horiek erronka demografikoari heldu eta ekoizpen eraldaketaren alde egin behar dute, hala, ekonomia berdearen eta/edo digitalaren garapena lortzeko eremu hauetakoren batean:

a) Turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak.

b) Industria, ekintzailetza eta lurraldearen garapen jasangarria.

c) Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza.

d) Etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

3.2. A lerroan, zehazki, inbertsio jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Eraikinak erostea.

b) Ondasun higiezinak eraikitzea edo hobetzea: premia berrietara egokitzeko inbertsioak, konponketa hutsak eta mantentze lanak izan ezik.

c) Ekipo ondasunen zuzkidura: makina eta ekipo berriak, ekipo informatikoak, erremintak eta altzariak erostea eta instalatzea, eta garraiorako edo banaketarako egokitzea.

d) b) eta c) apartatuetako gastuei lotutako kostu orokorrak: proiektuaren idazketak, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza eta/edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterlanak eta planak, aholkularitza juridiko eta finantzarioa, peritu lanak, ingurumen aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko jasangarritasunari buruzko aholkularitza.

e) Inbertsio ukiezinak.

f) Proiektua sustatzea eta zabaltzea.

Gainera, ekintzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua gauzatzeko funtsezkoak izatea.

b) Merkatu prezioei egokitzea. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

c) “Eraikinak erosteagatik” gastu diruz lagungarria erakunde eskatzaile bakoitzaren gastu diruz lagungarri guztien %25 izanen da, gehienez.

d) “Kostu orokorretarako” gastu diruz lagungarria erakunde eskatzaile bakoitzaren “ondasun higiezinak eraiki edo hobetzeko” eta “ekipamendu ondasunak hornitzeko” gastu diruz lagungarri guztien %12 izanen da, gehienez.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Lurren erosketa eta lotutako gastuak.

b) Ordezkapen hutsak diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

c) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

d) Ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.

e) Material suntsikorra, jostailuak, apaingarriak eta etxetresna txikiak eta sukaldeko tresneria.

f) Enpresa baten ohiko funtzionamenduaren ondorio direnak: hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, langileria gastua, dietak eta kilometrajea, aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.

g) BEZa eta/edo pertsona edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen zergak ordaintzearen gastuak, interes zordunak eta eragiketa finantzarioen gastuak.

h) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, baita pertsona fisiko eta juridikoen artean ere, baldin horiek bazkide baldin badira.

i) Diruz lagundutako proiektuaren jarduerarekin bat ez datozenak.

Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatuko balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

3.3. B lerroan, zehazki, gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Pertsona fisiko eskatzaileen edo mikroenpresetako bazkideen prestakuntza gastuak; zehazki, jarduera abian jartzeko eta ekonomia berde eta/edo digitalera hurbiltzeko gaikuntza hobetzea helburu duten eremuetakoa.

b) Aholkularitza gastuak.

c) Langileen kostuak: Gizarte Segurantzako kotizazioa eta nominak, eta autonomoen kuotak.

d) Patenteak eta markak erregistratzeko gastuak. Espainiako Patente eta Marken Bulegoan (OEPM) eta Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO) ordaindutako tasak diruz lagungarriak izanen dira.

e) Lokalak konpontzeko edo kontserbatzeko gastuak. Gastu horien helburua da lokalak erabiltzeko moduan edukitzea, elementuak aldatuta. Hala ere, ez da aurreikusten lokala hobetzeko jarduketa berririk, inbertsiotzat hartuko bailirateke eta A lerroaren bidez eskatu beharko bailirateke. Gastu horietan, profesionalen ordainsariak eta materialak sartzen dira.

f) Lokalen eta ekipamenduen alokairua.

g) Enpresa baten ohiko funtzionamenduaren ondorio diren gastuak: hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, langileria gastuak (dietak eta kilometrajea), aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.

h) Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren material suntsikorrak.

i) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

j) Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako ekintzarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Norberaren kabuz egindako jarduketen eskulanaren kostuak.

–Banku-kontuetako interes zordunak.

–Interesak, errekarguak, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.

–Prozedura judizialen gastuak.

–Erakunde(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

Dirulaguntza hauen onuradunek bermatuko dute, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, osotara betetzen dela “kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa”, bai eta klima arloko etiketatzea eta etiketatze digitala ere, honako hauetan aurreikusitakoarekin bat: Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, Espainiako Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzen duen 2021eko uztailaren 13ko Kontseiluaren Exekuzio Erabakia eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua eta hura garatzeko araudia.

Erakunde onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako funtsen jatorriari, eta, beraz, dokumentazioan eta hedabideetan jarri beharko dute “Europar Batasunaren Next Generation EB funtsek finantzatua”, deialdi honetan araututako dirulaguntzekin finantzatzen diren jarduketen kasuan. Ikusgaitasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanda, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea barne.

4. oinarria.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

4.1. 2022rako aurreikusitako deialdiaren guztizko zuzkidura 940.000 eurokoa da, honako gastu partida hauei esleituta:

–A lerroa:

330000 33100 7709 921102 partida, “BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, inbertsio programa” izenekoa (340.000,00 euro).

–B lerroa:

330000 33100 4709 921100 partida, “BEM, Pirinioetako orekarako eta ekitaterako lurralde proiektua: ekintzailetza eta mikroenpresak, sustapen programa” izenekoa (600.000,00 euro).

4.2. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez izapidetuko dira; beraz, laguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpenak eskabideak aurkezteko hurrenkera zorrotzean emanen dira, jarduketak gauzatu direla eta diruz lagundu daitekeen jarduketaren gastuak ordaindu direla egiaztatu ondoren, bai eta eskatutako gainerako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren ere, deialdian esleitutako aurrekontu kreditua agortu arte. Eskaera aurkezteak ez dio inolako eskubiderik emanen eskatzaileari.

4.3. Dirulaguntza lerro batera edo bietara aurkezteko aukera izanen da, baina eskatzaile bakoitzak ez du inola ere 5.000 euro baino gehiago eskuratzen ahalko.

5. oinarria.–Exekuzio epea.

Finantzagarriak izanen dira 2021eko urtarrilaren 1aren eta 2022ko urriaren 31ren artean egiten diren jarduketa diruz lagungarriak.

Gastuak epe horretan fakturatuta eta ordainduta daudenean joko da betetzat inbertsioa.

6. oinarria.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza eskaerak eta eskatzen diren frogagiri guztiak aurkezteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan dauden inprimakiak eta ereduak erabili behar dira.

a) Behar bezala betetako eskaera orria, II. eranskinaren arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak eta helburu bererako eskatutako eta/edo lortutako dirulaguntzen eskabideak betetzen dituela adierazten duena, II. eranskinaren arabera.

c) Diruz lagundu beharreko inbertsioaren xede den eremuaren erabilera erregimena egiaztatzen duen dokumentua edo jabetza eskritura publikoa.

d) Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (BEEP) jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena, III. eranskinaren arabera.

e) Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (BEEP) jarduketak gauzatzearekin lotutako adierazpena, datuak lagatzeari eta tratatzeari buruz, IV. eranskinaren arabera.

f) Gastuak justifikatzeko kontua, V. eranskinaren arabera.

g) Gardentasun adierazpena, hala badagokio, VI. eranskinaren arabera.

h) Fakturak eta ordainagiriak.

i) Transferentzia bidezko ordainketa eskaria, Nafarroako Gobernuaren ereduaren arabera, baldin eta laguntza eskatzen den edo daturen bat aldatu den lehen aldia bada.

j) Gainera, eskatzailea pertsona fisikoa bada (autonomoa):

–IFZ.

–Gizarte Segurantzako alta agiria.

–Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria.

k) Gainera, eskatzaileak pertsona juridikoak badira:

–Enpresa eratzeko eskritura, Merkataritza Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean behar bezala inskribatua.

–Mikroenpresa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Egiaztapen hori enpresaren ordezkaritza ahalordea duenaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiten ahalko da.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren IFZ.

–Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) egiaztatzen duen txartela.

–Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Ahal dela, telematika bidez aurkeztuko dira eskabideak eta erantsitako agiriak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Zerbitzuen Katalogoko loturaren bitartez (www.navarra.es), dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta, 2022ko urriaren 31 baino lehen, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Zerbitzuen Katalogoko loturaren bitartez.

Pertsona juridikoen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak erakunde interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen da eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

7.3. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipaturiko agiriak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

7.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura banakako ebaluazio erregimenean izapidetuko da, eta eskabideak, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera.

Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

8.2. Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, alderdi eskatzaileari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

9. oinarria–Ebazpenak.

9.1. Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen ditu dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpenak, eskabideak izapidetu ahala eta dagoen aurrekontua agortu arte.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atariak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10. oinarria.–Bateragarritasuna.

10.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, gastuen trazabilitatea argi eta garbi identifikatu beharko da. Hala ere, funts hauek bateraezinak dira inbertsio proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuekin, eta ez dute finantzaketa bikoitza izaten ahalko. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahal dute, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzen duenaren kostu bera. Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, estatu mailakoetatik edo nazioartekoetatik, II. eranskinaren arabera.

10.2. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera –Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori (2013ko abenduaren 24ko EBAO, 352. zk.)–. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntza, guztira, ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan. Errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan, “de minimis” laguntza ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen hiru zerga ekitalditan.

“De minimis” laguntzak kontabilizatzeko, kontuan hartu behar dira bai enpresa eskatzaileak jasotako laguntzak bai eskatzailearekin aipatutako Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan definitutako lotura duten enpresek jasotakoak (“enpresa bakarraren” kontzeptua edo enpresa talde bateko kide diren enpresak). Era berean, kontuan hartu behar da erregelamendu beraren 3. artikuluko 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa, bat egiteko, eskuratzeko edo banantzeko prozesuan dauden enpresei dagokienez.

Kopuru horiek termino gordinetan adierazita daude, hots, fiskalitate kontzeptuan edozein kenkari egin aurretik.

“De minimis” laguntzaren forma edo lortu nahi den helburua edozein dela ere aplikatuko dira muga horiek, kontuan hartu gabe emandako laguntza osorik edo zati batean Europar Batasunaren baliabideen bidez finantzatuta dagoen.

Ondorio horietarako, interesdunek II. eranskinaren arabera adieraziko dituzte aurreko hiru zerga ekitaldietan jasotako bestelako “de minimis” laguntzak.

11. oinarria.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Kudeaketa eta Koordinaziorako Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

12. oinarria.–Betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dira:

a) Dirulaguntza justifikatzen duen ekintza gauzatzea, deialdiaren helburua betez, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Pirinioetako Planaren esparruan abian jarritako ekimen ekintzaileekin lankidetzan aritzea, hala nola ekintzailetza gunea (dinamizazio programa, prestakuntza, aholkularitza eta mentoringa gizarte ekintzailetza kooperatiboan), Lekukoa (belaunaldien arteko erreleboaren programa), etab.

e) Departamentuari datuak ematea “Next Generation EB” funtsen justifikaziorako beharrezkoak diren adierazleetarako.

f) Jarduera 12 hilabetez garatzea, gutxienez, laguntza ordainduko dela adierazten duen ebazpenaren egunetik kontatuta.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

h) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du. Edonola ere, dirulaguntza hauek Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen, kontrol eta ebaluazio prozedurak bete beharko dituzte, bai eta barne araudiak eta Europar Batasunak EBko Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoetarako ezartzen dituen eta nahitaez aplikatu beharko diren betebehar espezifikoak ere, hain zuzen ere informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzkoak.

i) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

k) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea, eta testu hau jartzea: “Europar Batasunaren Next Generation EB funtsek finantzatua”. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

13. oinarria.–Mikroenpresen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik gorako kopurua bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan ageri dena.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, onuradun guztiak behartuta egonen dira unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan zehaztutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

14.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

15. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin ere.

17. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten da esteka honen bitartez balia daitezkeela datu pertsonalen inguruko eskubideak:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago jasotzeko:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

19. oinarria.–Iruzur arriskua arintzeko neurriak.

19.1. Iruzur arriskua prebenitze aldera, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak iruzurraren aurkako neurrien plana onartu du, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/lurralde_antolamenduko-etxebizitzako-paisaiako-eta-proiektu-estrategikoetako-departamentuaren-iruzurraren-aurkako-neurrien-plana

Arrisku hori arintzeko neurriak berariaz zehaztu dira aipatutako planaren 6. apartatuan. Honako hauek dira:

–Nafarroako Gobernuaren iruzurraren aurkako adierazpen instituzionala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako neurrien plana zabaltzea.

–Unitate/zerbitzu/organo arduradunak identifikatzea.

–Salaketen kanala zabaltzea.

–Iruzurraren aurkako arloari buruzko prestakuntza.

–Departamentuko goi-kargudunen inplikazioa.

–BEEPko jarduketak gauzatzearen gaineko konpromiso adierazpena (deialdi honen oinarrietako III. eranskina).

–Kudeaketa, kontrol eta ordainketa prozesuetako eginkizunak banatzea.

–Lehen eta bigarren mailako barne kontroleko sistema.

–Iruzur arriskuaren hasierako ebaluazioa.

–Datu baseak erabiltzea.

–Alarma seinaleen katalogoa edo iruzur arriskuaren adierazleak.

–Jarduketak gauzatzean alarma seinaleak egiaztatzeko zerrenda.

–Alarma seinalea aktibatzea.

–Iruzur susmoen salaketen kanala.

–Iruzurraren aurkako Departamentuko Batzordea eratzea.

–Iruzurra zuzentzeko eta jazartzeko neurriak.

19.2. Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeari buruzko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikuluan adierazitako kexa eta salaketetarako postontzia martxan ez dagoen bitartean, beste kanal bat egonen da erabilgarri. Horren bidez, edonork jakinarazten ahalko ditu iruzur susmoak eta deialdi honi dagokionez detektatzen dituen ustezko irregulartasunak.

Hori horrela, Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalak (Infofraude) salaketak jartzeko kanal bat gaitu du. Europako funtsei eragiten dieten iruzurrei edo irregulartasunei buruzko informazioa jakinarazteko balio du, eta Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoei buruzko atal espezifiko bat du, kontuan hartuta apirilaren 6ko 1/2017 Komunikazioan xedatutakoa (1/2017 Komunikazioa, apirilaren 6koa, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek nola jokatu behar duten azaltzen duena).

Aipatu komunikazioaren arabera, “agintari eskudunei Europar Batasunaren finantza interesei dagokienez iruzurraren aurkako borrokan garrantzitsua den edozein informazio helaraztea errazagoa izan dadin, eta Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari eremu horretan dagozkion koordinazio eginkizunen esparruan, Europar Batasuneko funtsen kargura osorik edo zati batean finantzatzen diren proiektuekin edo eragiketekin lotutako iruzur edo irregulartasun posibleen berri duten pertsonek Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari jakinarazten ahalko dizkio, gaitutako kanal elektronikoaren bitartez.

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

Halaber, eta salbuespenez aipatutako bitarteko elektronikoak erabili ezin badira, egitateen berri ematen ahalko zaio Iruzurraren aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari, dokumentazioa paperean bidalita”.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (BEEP) jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena.

IV. eranskina.–Datuak lagatzeari eta tratatzeari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Justifikazio kontua.

VI. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

Deskargatu I., II., IV. eta V. eranskinak (DOC).

Deskargatu III. eranskina (PDF).

Deskargatu VI. eranskina (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2207267