119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Udaltzaingoaren Zerbitzurako

Alkatetzak 2022ko maiatzaren 31n emandako 2022/0831 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:

1. Udalerako udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea deialdiaren eta haren oinarrien iragarkia, argitara dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2022ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

OINARRIAK

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, Uharteko Udaltzaingoaren Zerbitzurako

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzea oposizio bidez, txanda irekian, Uharteko Udaltzaingoaren Zerbitzurako; lanpostua 30.2 zenbakiarekin dago identifikatuta Udalaren plantilla organikoan.

Izendatzen diren izangaiek udaltzain-agenteen eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua, edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A edo A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Euskaraz jakitea, zehazki Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 adinako maila izatea.

Ezagutza maila hori honako agiri hauetako edozeinen bidez frogatu daiteke:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak emandako ziurtagiria, balio data indarrean duena.

–C1 mailako azterketa gainditu izanaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan.

–Edozein Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela frogatzen duena.

–Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan C1 mailaren baliokide ofizialtzat onartzen dituen ziurtagiriak.

–Nafarroako Euskarabidea Institutuak emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela frogatzen duena.

Aurreko ziurtagiririk ez duten izangaiek euskararen ezagutza maila frogatzen ahalko dute, horretarako eginez Nafarroako Euskarabidea Institutuak prestatutako proba bat. Proba hori eginen da epaimahaiak egoki irizten dionean. Aipatutako proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako jarritako tokian.

3.2. Baldintza horiek denak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte, 3.1.f) oinarrikoan ezarritakoa izan ezik, hori aski izanen baita betetzea oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.3.6 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako; 3.1.b) oinarrian ezarritakoa, berriz, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira. Uharteko Udaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoan eskura daiteke, edo Interneten bidez, www.huarte.es webgunean edo deialdi hau jasotzen duen aldizkari ofizialetik. Bertan izangaiek adieraziko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

c) Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.huarte.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez, deialdia argitaratzen denean.

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko beste agiri batzuk.

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, “izangaiak I. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela” egiaztatzen duena.

2. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

3. Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4. Euskara mailaren ziurtagiria, lanpostua bete nahi bada 3.1 atalean aipaturiko proba egin gabe.

5. Ziurtagiria, Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralak egina, frogatzen duena ez dagoela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

6. 12 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako da diru kopuru hori. Tasa hori ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian daudenak, frogagiri bidez egiaztatzen badute.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES59 3008 0087 74 1447560721 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZ.

–Kontzeptua: Uharteko udaltzain lanposturako oposizioa (2022).

4.3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Edorta Beltzunegi López, Uharteko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Juan Miguel Cantero Arconada, Uharteko Udaltzaingoaren zerbitzuko burua.

–Ordezkoa: Rubén Antúnez Elvas, Atarrabiako Udaltzaingoko burua.

Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideen kudeatzailea.

–Ordezkoa: Juan Antonio Viedma Feligreras, Uharteko Udaleko Lorezaintzako burua.

Mahaikidea, langileen ordezkaria: David Rodríguez Chavarri, Uharteko Udaleko ordezkaria.

–Ordezkoa: Xabier Díaz Piñar, Uharteko Udaleko ordezkaria.

Epaimahaikidea: Amaia Elkano Garralda, Uharteko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Ainara Armendariz Castiens, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak, lehenbiziko fasean, hautapenaldia izanen du, eta horretan proba baztertzaile hauek eginen dira: II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak eta medikoak, bai eta euskararen jakite maila erakusteko proba ere, 3.1.g) apartatuan eskatutako maila egiaztatu ezin dutenendako. Bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 1 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko I. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Ariketa bakoitzean “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da. Deialdiko I. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), babes harturik Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa. Orobat, VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

d) Euskara proba: Euskararen jakite-maila erakusteko proba egin beharko da. Ez dute proba hori egin beharko betekizun hori 3.1.g) atalean ezarritakoaren arabera egiaztatu dutenek.

e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, proba medikoak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Azterketa medikoa Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzua) edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Lanpostu kopurua handitzea.

Uharteko Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortzen diren premiengatik, baina, betiere, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia (hurrengo oinarrian jasoa) egin baino lehen.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo besteari esleitzeko, kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, deialdiko lanpostuen kopurua handitzeko ebazpena argitaratuko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

7.3.3. Lanpostuen hautaketa.

a) Hautaketa ekitaldia eginen da prestakuntza-ikastaroa egin aurretik, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizioaldian lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak, horretarako, izangai guztiekin zerrenda eginen du, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Ondoren, izangaiei deituko zaie, beheranzko hurrenkeran.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.

7.3.4. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena:

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Uharteko Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela doluzko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe delitu aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, adierazita zer izangai onartu diren oinarrizko prestakuntza-ikastaroan. Baldin udaltzainendako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo ez badu osasun-azterketa gainditzen, behin betiko zerrendan ordeztu eginen da, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak beteta puntuazio handiena duen izangaiarekin.

7.3.5. Praktiketako funtzionarioen izendapena:

Polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Uharteko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa:

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da, eta arautuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak, horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

2018ko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliokidetzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, bai eta baliokidetutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak ere. Egiaztagiri hori aipatu eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, baldin eta edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Era berean, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion proba mediko guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei ematen dien kalifikazioa loteslea izanen da kalifikazio epaimahaiarendako.

7.3.7. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Uharteko Udaleko udaltzain-agente izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Uharteko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

1. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidea (DOC).

2. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Lehen titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, 2. atala: udalen funtzionamendua. Uharteko Udala; antolakuntza, funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

3.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

6.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea.

7.–Apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua, xedapen orokorrak eta VII. titulua, Polizia arreta eta babes eraginkorra.

8.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

9.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio esparrua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

10.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

11.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea.

13.–Irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

14.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

15.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, animaliak edukitzeari buruzkoa.

16.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, aisialdiko biltokietarako lokalei buruzkoa.

17.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, ibilagailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituena.

18.–Ordenantza, Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena.

19.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, trafikoari eta haren aldaketei buruzkoa.

20.–Uharteri buruzko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri-ingurunea, nekazaritzako mugarteak, geografia, tradizioak eta udalerriko usadio eta ohiturak.

21.–Uharteko Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

3. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonendako eta 20 kg emakumeendako.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

30 edo gehiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

20 edo gehiago

2.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba. (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Nahitaezkoa da igeritako txanoa janztea.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

45” edo gehiago

44”9 edo gutxiago

EMAKUMEAK

50” edo gehiago

49”9 edo gutxiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

L2208186_0.pdf

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoinetako bat botatzen duenean.

b) Zutoin bat hartzen duenean, eror ez dadin.

c) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbidetan egindako denbora batuko da (A + B), kontuan izanik ibilbideak bukatuko direla izangaiak berriz irteera marra gurutzatzen duenean. Ondoko eskalari jarraituko zaio (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):

Ikus taula osoa:

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

25”8 baino gehiago

25”7 edo gutxiago

EMAKUMEAK

27”8 baino gehiago

27”7 edo gutxiago

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua:

izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbidea egin behar dute ahalik eta denbora gehien iraunik, zinta magnetofoniko batez emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz.

Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork ere ez lasterketaren erritmoa gainditzea.

Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera.

Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da.

Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatutako erritmoari jarraitzea eskatutako tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan (eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira):

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 denbora-tarte edo gehiago

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 denbora-tarte edo gehiago

4. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–20º-tik gorako eskoliosia.

–30º-tik gorako zifosia.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5. Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko inkontinentzia.

6. Sistema kardiobaskularra.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7. Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9. Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Beste batzuk.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Alderdi orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

5. ERANSKINA

Zinpeko deklarazioa, armak eramateko eta, legeak ezarritako kasuetan, horiek erabiltzeko konpromisoarena (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2208186