118. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

135/2022 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita izendapen askearen bidez betetzeko Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko zuzendariaren lanpostua.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 526.2. artikuluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 56. artikulutik 62.era bitartean ezarritakoari jarraikiz (errege dekretu horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruz), bidezkoa da izendapen askearen bidez betetzea Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko zuzendariaren lanpostua, zeina hutsik baitago.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Deialdia egitea, izendapen askearen bidez betetzeko Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko zuzendariaren lanpostua. Lanpostua Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago, eta haren ezaugarriak deialdi honetako I. eranskinean daude zehaztuta. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Parte hartzeko araubidea.

Deialdiko lanpostua eskatzen ahalko dute auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionarioek, hala jardunean daudenek nola lanpostua gordeta dutenek. Halaber, plaza baten titular izan behar dute Justizia Administrazioan.

Bigarrena.–Betebeharrak.

Izangaiek egiaztatu behar dute bost urteko lanbide-esperientzia auzitegi-mediku gisa. Halaber, honako hauetan prestakuntza eta esperientzia dutela egiaztatu beharko dute agiri bidez: auzitegi-medikuntzaren berezko jarduera arloak; ezagutzak eta esperientzia administrazio antolaketan eta baliabide materialetan eta ezagutzak eta esperientzia giza baliabideen antolaketan eta kudeaketan.

Hirugarrena.–Eginkizunak.

Deialdiko lanpostuan bete beharreko eginkizunak dira ezarrita daudenak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua eratu eta haren funtzionamendu arautegia onesten duen azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuan.

Laugarrena.–Eskaerak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak Justiziako zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta ebazpen honetako II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izan beharko dute. Nafarroako Justizia Zuzendaritza Nagusiaren Erregistrora bidali beharko dira (Iratxeko monasterioaren kalea 22, Iruña), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bideetatik edozein erabiliz. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoaren arabera.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Atarian ere argitaratuko da, “Enplegu publikoa Nafarroako Justiziaren esparruan” deritzon atalean, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/justizia/enplegu-publikoa.

Bosgarrena.–Merezimenduak.

Eskaeraren batera, curriculum vitaea eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Halaber, memoria bat, mekanografiatua eta sinatua, aurkeztu beharko dute, 10 orrikoa gehienez, honako hauek aztertuta: dagokion lanpostuko zereginak; lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak eta bitartekoak; eginkizunak hobeto garatzeko proposamenak eta izangaiek interesgarritzat edo garrantzitsutzat jotzen dituzten beste alderdi guztiak, lanpostuaren eginkizunen deskribapenean oinarrituta.

Eskaerarekin batera, izangaiek behar diren ziurtagiriak, tituluak, egiaztagiriak edo beste edozein dokumentu aurkeztu beharko dituzte, betebeharrak eta merezimenduak frogatzeko.

Seigarrena.–Prozedura.

Lanposturako izendapena 1451/2005 Errege Dekretuaren 60. artikuluari jarraikiz eginen da, bi hilabeteko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita, izangaien egokitasuna eta merezimenduak aztertu ondoren. Salbuespen gisa, epe hori hilabete bat luzatzen ahalko da.

Izendapena Justiziako zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eginen da, non zehaztuko baita lanpostu berriaren jabetza hartzeko modua eta epea. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Egun berean argitaratzen ez bada, lanpostuaren jabetza hartzeko epea kontatzen hasiko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuko Atarian ere argitaratuko da, “Enplegu publikoa Nafarroako Justiziaren esparruan” deritzon atalean, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/justizia/enplegu-publikoa.

Zazpigarrena.–Kargua uztea.

1451/2005 Errege Dekretuaren 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, izendapen askeko lanpostu baterako izendatzen diren pertsonak izendapena egin zuen agintaritza berberak kentzen ahalko ditu lanpostutik, libreki. Zilegi izanen da, orobat, lanpostuari uko egitea, eskaera arrazoitu baten bidez, non langileak azalduko baititu uko egiteko arrazoi profesional edo pertsonalak, baldin eta gutxienez urtebete aritu baldin bada lanpostuan. Kasu horretan, kargutik kentzen den edo lanpostuari uko egiten dion funtzionarioa bere kidegoari dagokion lanpostu bati atxikiko zaio behin-behinekoz, udalerri berean, harik eta behin betiko beste lanpostu bat eskuratzen duen arte. Atxikipen horren ondorioak kargutik kentzeko edo lanpostuari uko egiteko ebazpena eman eta biharamunean hasiko dira. Funtzionario horrek lanpostua aukeratzeko lehentasunezko eskubidea izanen du kargutik kendu zutenean aritzen zen herri berean lanpostu generikoak betetzeko iragartzen den lehenengo lehiaketan, baina deialdian eskaintzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badu edo eskatutako lanpostuetako bat ere lortzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 9an.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

I. ERANSKINA

LANPOSTUAREN IZENA

HERRIA

SARBIDEA

URTEKO ORDAINSARIA

Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko zuzendaria

Iruña (Nafarroa)

Izendapen askea

55.954,32 euro

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaera-orria.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207426