116. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Ordenantza, udal ludotekaren funtzionamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2022ko martxoaren 17an egindako ohiko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal ludotekaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegazio, eragozpen edo iruzkinik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2022ko apirilaren 23an.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ORDENANTZA, UDAL LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Oteitzako Udalak, kontziliaziorako tokiko itunen harira, xede nagusi izan du koordinatzea baliabideak, proposamenak, eginahalak eta planteamendu berriak, zertarako eta abian jar daitezen, geure herriko ikuspuntutik, hainbat ekimen, bateragarri egiteko familia, lana eta bizitza pertsonala.

Detektatutako arazo nagusietako bat izan da zerbitzurik ez izatea oporretan haurrentzat. Gainera, herritarrek lehenago ere jakinarazia zioten udalbatzari.

Horregatik, udal honen lehentasunezko erabakia izan da udal ludoteka bat sortzea haurren oporraldietarako; izan ere, 2021eko udan gauzatu eta erabiltzaileen artean erabateko partaidetza eta gogobetetze arrakasta lortu ondoren, udal zerbitzu hori finkatzea eta funtzionamendua arautzea erabaki dugu, Oteitzako herritarren artean familia, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko helburu nagusiarekin.

Ordenantza honetan zerbitzua erregulatzeko arauak ezarri nahi dira, bai eta zerbitzuaren ondoriozko prezio publikoak ere, zerbitzuan dauden alderdi komunak erregulatuta, eta jakinda haietako batzuk banakatu eta xehakatu beharko direla ludoteka zehatz bakoitzerako.

I. KAPITULUA

Zerbitzuaren deskribapena

1. artikulua. Xedea.

1. Oteitzako Udalaren ludotekaren funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. Zerbitzuaren oinarrizko alderdiak erregulatuko dira, zehaztuz printzipio sozialak, betiere bete beharrekoak zerbitzua ematean, eta erregulatuz horren prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak.

3. Ordenantza honek preskribatutako esparruaren barruan, Udalak erabakiko ditu ludoteka bakoitzaren ezaugarri bereziak.

2. artikulua. Oinarria.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

3. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

Udal ludotekaren titulartasuna Oteitzako Udalarena da; hortaz, berak kudeatzen ahal du zuzenean edo administrazio publikoen kontratuei buruzko legedian bildutako prozedurak baliatuz.

4. artikulua. Zerbitzuaren helburua.

1. Haurtzaroan, jolasa da pertsona guztiek etorkizunean izan beharko dituzten trebetasun sozialak eskuratzeko faktoreetako bat. Horregatik, ludoteka nahita diseinatu da bertaratzen diren haurrek bizipen ludikoak izatea ahalbidetzeko.

2. Zerbitzu horren helburua da haurren parte hartzea bultzatzea, aisia eta astialdiko aukerak ematea, haurren garapen integralean lagunduko duten balio, jarrera eta portaerak jostetaren bidez bultzatzea eta hainbat lantegi eta jarduera egitea.

3. Honako hauek dira zerbitzuaren beste helburu batzuk:

–Oteitzako gizon eta emakumeen familia, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzen laguntzea.

–Erraztea Oteitzako emakumezkoak eta gizonezkoak laneratzea eta gizarteratzea, eta egoera horri eustea.

–Herritarren partaidetza bultzatzea.

–Topaleku bat eskaintzea haurrei, josteta lagunekin elkartzeko.

–Garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala bultzatzea, ingurune ludiko batean, ahalik eta modurik osasungarrienean.

–Komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako errespetua bultzatzea.

–Haurren autonomia sustatzea, hautatu, erabaki eta ardurak hartzeko aukera emanez.

–Ohiturak eta jokabide ereduak sustatzea: higienea, errespetua, ordena, bizikidetza, arau eta ohitura sozialak lor ditzaten bultzatuta.

–Guztiei aukera berak eskaintzea jostatzeko, sexu, arraza, maila ekonomiko, ezintasun eta abarrengatik inor ez baztertzeko lan eginez.

–Gizarte integrazioa, elkartasuna eta bestelakotasunarekiko errespetua sustatzea.

5. artikulua. Ludoteka zerbitzuaren edukiak.

1. Oteitzako Udalak oporraldi bakoitzerako eskainiko du ludoteka zerbitzua, eta izena aurretik emateko epea ezarriko du zerbitzua hasi baino lehen.

2. Aldi bakoitzaren iraupena eta zerbitzu bakoitzerako aurreikusitako ordutegia Alkatetzaren ebazpen egokiaren bidez ezarriko dira, eta gurasoek haien berri izan dezaten behar bezain ongi jakinaraziko dira.

3. Ludoteka bertaratzen direnen gehieneko ratioaren eta gutxieneko ratioaren arabera programatuko da, eta ratioa zerbitzuaren funtzionamendu aldi bakoitzerako ezarriko da.

II. KAPITULUA

Zerbitzua kudeatzeko arauak

6. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

1. 4-12 urte bete dituzten edo urte natural bakoitzaren barrenean beteko dituzten haur guztiek erabiltzen ahalko dute herriko ludoteka zerbitzua.

2. Erabiltzaileek aitak, amak edo tutoreak ordezkatuta egon beharko dute, eta Oteitzan erroldatuta egon.

3. Funtzionamendu arloko irizpideak direla-eta, beharrezkoa da haurrak bere esfinterrak kontrolatzea, eta heldu baten arreta etengabe eta erabatekoa behar ez izatea.

4. Gainera, lekurik badago, eta Oteitzan erroldatuta egon gabe ere, lehen eta bigarren mailako senideak herrian erroldatuta dauzkatenak edo guraso edo tutoreetako bat Oteitzan lanean dutenak ere joaten ahalko dira ludotekara.

5. Bestalde, eta lekurik badago, oporraldiak Oteitzan ematen dituzten haurrak ere joaten ahalko dira ludotekara.

7. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko araubidea.

1. Ludoteka zerbitzua erabiltzeko, beharrezkoa izanen da erabiltzailearen aitak, amak edo tutoreak inskripzio fitxa betetzea horretarako ezarritako epean, zeina behar den denboraz iragarriko baita. Fitxa horretan adingabeari buruzko datu guztiak agertuko dira, bai eta bi pertsonari buruzko datuak ere, edozein gorabehera dela-eta haiekin berehala harremanetan jartzeko.

2. Ludotekaren ardura duten langileek eginkizun hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

–Jarduerak eta programak diseinatu eta garatzea.

–Jarduerak planifikatu eta gauzatzea.

–Jardueren ebaluazioa.

–Zerbitzuaren prezioa erabiltzaileei kobratzea.

–Ludotekan egiten diren jardueretarako behar diren materialak erosi eta ordaintzea.

–Zerbitzuaren eta Udaleko langileen arteko informazioa eta koordinazioa.

3. Jostetarako leku bat da ludoteka, hezkuntza ez-formalaren esparrukoa eta nor bere gogoz joatekoa.

4. Aldi berean ludotekan egon daitekeen haur kopurua instalazioaren edukieraren araberakoa izanen da, indarra duen araudiari jarraikiz. Haur kopuruak baimendutako edukiera gainditzen badu, erreserbak jaso ziren ordena (eguna eta ordua) kontuan hartuko da.

5. Erabiltzaileren batek portaera arazoak dituela ohartuz gero, ludoteka zerbitzua kudeatzen dutenek bilera baterako deia eginen diete aita, ama edo tutoreei, konponbide zehatzak bilatzeko. Adostasunik ez bada, udal zerbitzu egokien bitartekaritza eskatuko da.

6. Oro har:

–Haur eriak ez dira ludotekara etortzen ahalko. Ez eta parasitoak edo eritasun infekzioso-kutsakorrak dituztenak ere.

–Ludotekan dela, haurrak eritasun seinalerik izanez gero, gurasoei edo tutoreei gaztigatuko zaie, lehenbailehen hartzera joan daitezen. Istripua gertatu edo sukar oso handia izanez gero, haurra osasun etxe hurbilenera eramanen da, eta familiari jakinaraziko zaio.

–Ludotekan ez da sendagairik emanen.

–Haurren gurasoak edo tutoreak ez dira ludotekan egonen haren ordutegiaren barnean. Ordutegi hori amaitutakoan, ludotekako langileek erabakitako lekuan jasoko dute erabiltzailea.

–Haurrak ez du gauzarik batere eraman behar ludotekara (jostailuak, zorroak, motxilak, etab.), eta ludotekako portaera arauak beteko ditu. Ez Udalak ez ludoteka kudeatzen duen taldeak ez dute erantzukizunik izanen erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.

–Haurrak arropa erosoarekin joanen dira ludotekara.

8. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

1. Udal ludotekako ondasun eta zerbitzuak ordenantza honetan jasotako baldintzen arabera erabiltzea.

2. Ludotekan egiten diren jarduera eta lantegietan parte hartzea eta bertan horretarako eskura dauden instalazio eta materialak erabiltzea.

3. Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea, zerbitzuaren gainerako erabiltzaileen baldintza beretan.

4. Ludotekan egiten diren programa eta jardueren gaineko informazioa eskatzea.

5. Iradokizunak eta erreklamazioak egitea aita, ama edo tutoreen bidez, zerbitzuaren arduradunei helaraziko baitizkiete.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

1. Gainerako erabiltzaileak eta zerbitzuaren arduradunak errespetatzea, bai eta jolasteko materialak eta altzariak ere, honda ez daitezen erabilera txarraren ondorioz (betebeharra behin eta berriz betetzen ez bada, Udalak zehapen egokia ezarriko du).

2. Denen eskura dauden materialak biltzen laguntzea, nork bere gaitasunaren arabera.

3. Aintzat hartzea zerbitzuaren arduradunen ohartarazpenak.

4. Ordutegia betetzea.

5. Udalak zerbitzua emateko urtero onartutako tasak ordaintzea.

10. artikulua. Udal ekarpenak.

Oteitzako Udalak udal ludotekako instalazioen erabilera lagako du.

Udalak behar den zenbatekoa emanen du, zerbitzua dela-eta izan daitezkeen defizitei aurre egiteko.

Udalak bere gain hartuko du udal ludoteka garbitzeko zerbitzua.

III. KAPITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau hausteak.

a) Arau hauste arinak.

–Instalazioak eta materiala behar bezalako arretaz ez erabiltzea.

–Zerbitzuaren arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

–Gurasoak edo tutoreak berandu agertzea zerbitzua erabiltzen duten haurrak jasotzeko.

b) Arau hauste astunak.

–Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

–Jokabide bortitz eta erasokorrak izatea behin eta berriz gainerako kideekin edo arduradunekin.

–Istiluak izatea gainerako erabiltzaileekin, zor zaien errespetua agertu gabe.

–Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

c) Arau hauste oso astunak.

–Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

–Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

d) Arau hauste horiek erregulatu eta zehapen prozedura aplikatzeko, instrukzio organo bat eratuko da, Alkatetzak eta udal idazkariak osatua.

12. artikulua. Arduradunak.

Ludoteka erabiltzen duten adingabeen aitak, amak edo tutoreak izanen dira beti arau hausteen erantzule zibili subsidiarioak.

13. artikulua. Prozedura.

Arau-hausterik izanez gero, lehen neurria izanen da sortutako gorabeheraz solastatzea ludotekaren berezko esparruan.

Hartu beharreko bigarren neurria zehapen prozedura irekitzea izanen da, eta barrenean jasoko du zer falta egin den, zer urrats egin diren, zer-nolako larritasuna izan duen eta noiz egin den, jarraipena egiteko.

Instrukzio organoak espedientea aztertuko du, interesdunei entzunen die eta zehapena erabakiko du egindako faltaren arabera.

14. artikulua. Zehapenak.

1. Ludoteka zerbitzua eta instalazioa erabiltzeko eskubidea astebetez kenduta zehatuko dira arau hauste arinak.

2. Ludoteka zerbitzua eta instalazioa erabiltzeko eskubidea hilabetez kenduta zehatuko dira arau hauste astunak eta, hala egokituz gero, eragindako kalteen kostuaren balio bereko isun batez.

3. Ludoteka zerbitzua eta instalazioa erabiltzeko eskubidea osorik kenduta zehatuko dira arau hauste astunak eta, hala egokituz gero, eragindako kalteen kostuaren balio bereko isun batez.

IV. KAPITULUA

Ordainarazpenaren kudeaketaren prezio publikoa

15. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraituz eta foru lege beraren 28. artikuluko baimenaren babesean.

16. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

a) Ludoteka zerbitzuaren prezio publikoak honako hauek dira:

–8 euro eguneko.

–30 euro asteko.

b) Kopuru horiek urtero berrikusten ahalko dira, eta aldaketak Udalbatzarrak onetsi beharko ditu, eta behar den denboraz iragarri beharko dira, zerbitzuaren erabiltzaileek aurrez jakin dezaten zer prezio duen ludoteka zerbitzuak aldi horretan.

c) Arrazoi sozial, ongintzazko, kultural eta interes publikoko batzuen ondorioz gomendagarria baita, zerbitzuaren kostu osoa estaltzen ez bada, TOFLaren 32.2 artikuluan xedatuaren arabera jokatuko da, eta aldea Udalak ordainduko du bere baliabide propioekin, edo jasotzen dituen dirulaguntzen zenbatekoa horretarako erabiliz.

d) Kasu honetarako, ateratzen den aldea estaltzeko zuzkidura egokiak entitatearen aurrekontuetan jaso beharko dira.

17. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra zerbitzua ematen hasten denetik sortzen da.

2. Ludoteka zerbitzuaren erabiltzaileak daude behartuta prezio publiko hori ordaintzera, edo, hala egokituz gero, haien amak, aitak edo tutoreak.

3. Toki administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik onuraduna ez bertaratzeak ez du berekin ekarriko tasa ordaindu behar ez izatea. Hala ere, ordaintzera behartuta dagoen pertsonari egotzi ezin zaizkion gorabeherengatik zerbitzua ematen ez bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuliko da.

4. Ezarritako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu prozeduraren bidez eskatuko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuarekin.

Iragarkiaren kodea: L2207608