116. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Aldaketa, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2022ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza (2022ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 15ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi eta haren testua osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Esteribarren, 2022ko maiatzaren 19an.–Alkatea, María Matilde Añón Beamonte.

ALDAKETA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

IV. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

44. artikulua. 1. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo toki-erakundeak zuzenean ustiatzea.

2. Esteribako Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

45. artikulua. Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.

46. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Esteribarko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo artikuluan xedatua aplikatuko da.

47. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik titularrak ezin baditu herri-lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikazio unean edo aprobetxamenduaren epean, ordenantza honetan ezarritako hurrengo aprobetxamendu moten bidez adjudikatuko dira. Esteribarko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

48. artikulua. Esteribarko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahal izanen ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Uste izanen da honako hauek ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Udalbatzak gehiengo soilez hartutako erabakiaren arabera, zuzenean eta pertsonalki adjudikatutako lursailak lantzen ez dituztenak.

b) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez dituztenak: lur-lantzeak egin izana edo lehengaiak erosi izana, adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

c) Adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez dutenak.

49. artikulua. 1. Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

2. Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

50. artikulua. 1. Lurzatietan barazkiak eta begetalak landatuko dira, eta berariaz debekatuta dago zuhaitzak landatzea. Landatutako produktuak norberak kontsumitzeko izan beharko dira, eta ezin izanen dira ondoren saldu.

2. Debekatuta dago lursailei adjudikatuaz besteko erabilerarik ematea, edo haietan bestelako aprobetxamendurik edo laborantzarik egitea. Debekatuta dago, halaber, edozein motatako eraikuntza edo instalazioak jartzea, lurzatiaren egitura aldatzea, murruak jartzea, zurak, plastikoak eta abar. Ezin izanen da, orobat, adjudikatuaz besteko lurzatirik landu edo okupatu, ez eta elementu arrotzik instalatu ere (etxolak, bankuak, barbakoak, zoladurak, lanabesak gordetzeko kaxak edo paletak), ez eta tokiaren estetika alda dezakeen materialik pilatu edo abandonatu, landare igokaririk jarri edo ondoko lurzatian sartu edo bertan itzala egin dezakeen elementurik paratu, ez eta animaliarik eduki, etxekoa izan edo ez.

3. Galarazia dago faunarendako tranpak edo hautapenik gabeko harrapatze metodoak erabiltzea, baita amu pozoituak ere.

4. Uraren, argiaren eta bestelako horniduren gastuak (konpostaje-puntua, gune komunaren mantentze-lanak, etab.) onuradunen kontura izanen dira.

51. artikulua. Adjudikaziodunen erantzukizuna izanen da eremu komunetako garbitasuna eta osasungarritasuna mantentzea. Uko eginez gero, gutxienez hamabost egun lehenago jakinarazi beharko dute, udal erregistroan eskabidea aurkeztuta. Kasu horretan, urteko kanona ordainduko da, eskabidea erregistroan sartu arteko uneraino hainbanatuta.

52. artikulua. Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute lurzatian sortutako hondakin organikoak kudeatzeko. Baratzeen eremuan jarriko den konpostaje komunitarioko gune batera eramanen dituzte. Gune horietan sortzen den konpost edo ongarri organikoa nahi duten adjudikaziodunei emanen zaie.

53. artikulua. Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu lurzatietan. Kapitulu honetan jasotako arauak ez direla bete ikusten bada, erabiltzaileei errekerimendu eginen zaie arauak betetzeko. Hori guztia, deusetan ukatu gabe VI. tituluan ezarritakoa.

54. artikulua. Aprobetxamendua adjudikatuta duten lursailak okupatu ahal izanen dira onuradunei adjudikazioa jakinarazten zaien unetik hasita; lagapen aldia bukatzen denean, bakoitzak bere lurzatia garbi eta hutsik utzi beharko du.

55. artikulua. Laboreak ekologikoak izanen dira: egiten diren jarduera guztiek ingurumena errespetatuko dute. Baztertu eginen dira makina mekanikoak, bai elektrikoak bai erregai bidezkoak. Gainera, lortzen diren produktuen prozesuan ez da erabiliko pestizidarik, herbizidarik edo bestelako produktu kimikorik; horien ordez, konpostaje-sistema bat erabiliko da ongarri gisa.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

56. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko erabili behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edo bestela edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

57. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahal izanen da.

58. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona ez da izanen zonaldeko antzeko lurretarako errentamendu-prezioen %50 baino handiagoa, eta gutxienez toki-erakundeari eragindako kostuak estali beharko ditu. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, aurreko urteko Nafarroako KPIarekin.

Udalak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

59. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

60. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioan banatzen diren loteen azalera, eskura zenbat diren eta zenbat eskatzaile diren kontuan hartuta; horretarako irizpidea izanen da eskaera egiten duen familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa. Adjudikazio hori egitean Esteribarko Udalak kontuan hartu beharko du herri-lurretako loteak gorde beharra onuradun berriendako; horien azalera hasierakoaren %5 izanen da gehienez. Lur horiek behin-behinekoz adjudikatu ahal izanen dira, eta adjudikazio horiek bertan behera geldituko dira lehentasuneko eskubidea duen onuradun berri bati aprobetxamendua emateagatik.

61. artikulua. Aprobetxamendu epea 57. artikuluan ezarritako berbera da.

62. artikulua. Udalbatzak onetsiko du aprobetxamendu mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona; ez da izanen gisako lurrak errentan emateko zonaldean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura Nafarroako aurreko urteko KPIaren arabera eguneratuko da urtero.

3. ATALA

Enkante publikoa edo Udalak zuzenean ustitatzea

63. artikulua. Esteribarko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Udalak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; zonaldean antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatu ahal izanen du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

64. artikulua. Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Esteribarko Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

65. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez 3 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea udal honekiko betebehar fiskalak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen kasuan, eskatzaileek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal honetan bai besteetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Esteribarko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 45.3 artikuluan zehazten den bezala.

66. artikulua. Esteribarko Udalak, osoko bilkuran bildurik, onetsiko du adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikaziokoa– onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

67. artikulua. Modalitate bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkez ditzaten 15 egun balioduneko epean. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

68. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalbatzak haien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du mota bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

69. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzako loteak egin eta adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

70. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

71. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuta eratu diren ehiza barrutietan, honako arau hauei jarraituz eginen da: Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea, hura garatzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua eta haiekin bat heldu diren gainerako arauak, eta dagozkien adjudikazioetan adierazten diren baldintzak.

72. artikulua. Esteribarko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko da 15 egun baliodunean gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Herri-ondasunen hobekuntza

73. artikulua. 1. Esteribarko Udalak indarrik gabe utzi ahal izanen ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan prozedura honi jarraituko zaio:

a) Esteribarko Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Esteribarko Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte-galerak ordainduko zaizkie, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala badagokie.

74. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Esteribarko Udalak baizik ez ditu onetsi behar, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

75. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira ondoren adierazita dauden egitateak, eta zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Arau-haustea: aprobetxamendua behar bezala ez egitea; hau da, ez egitea zuzenean eta pertsonalki eta ordenantza honetan ezarritako arauei jarraituz (ez dira hurrengo paragrafoetan zehazten).

Zehapenak: aprobetxamendurako eskubidea hiru urtez galtzea.

Isuna: lotearen balorazioa halako 5.

b) Arau-haustea: aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Zehapenak: hilabeteko epea irekitzea ordainketa egiteko %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

c) Arau-haustea: adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

Zehapena: 30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

d) Arau-haustea: herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zehapena: zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko isuna.

e) Arau-haustea: animalia hilak ez kentzea.

Zehapena: 30 euroko isuna azienda xeheko buru bakoitzeko, eta 60 eurokoa, azienda larriko buru bakoitzeko.

f) Arau-haustea: azienda edukitzea norberari adjudikatu ez zaion larreak kudeatzeko unitate batean.

Zehapena: 500 euroko isuna herri-lurretan larratzen ari den AzLU (azienda larriko unitatea) bakoitzeko.

g) Arau-haustea: abeltzaintzako edozein azpiegitura motatan kalteak eragitea.

Zehapena: 500 eta 600 euro arteko isuna.

76. artikulua. Arestian xedatu denagatik ere, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie, eta orobat azienda, zaborrak, edo azienda hilak kentzeak Udalari ekartzen dizkion gastuei ere, titular arau-hauslearen bizkar izanen baitira. Gainera, lehengoratu beharko du modu bidegabean bestelakotutako errealitate fisikoa eta konfiskatuko zaizkio legez kanpo lortu dituen produktuak eta arau-haustean erabili dituen bitarteko edo tresnak.

77. artikulua. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahal izanen zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

–Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000 eurora bitartekoa izanen da.

–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak konfiskatuko dira.

78. artikulua. Zehapen prozedura lotuko zaio honako arau hauetan xedatzen denari: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantzako aldaketa honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2207486