116. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

36/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzen duena.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren bidez, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu ziren, eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri.

Foru agindu hori onetsi zenetik denbora luzea igaro denez, eskatutako berariazko eskakizunak aztertu dira, eta agerian geratu da, alde batetik, eskakizun horiek aldatu egin behar direla, bai eskakizun batzuk gehituz, bai beste batzuk ezabatuz, bai eskakizunak egiaztatzeko baldintzak aldatuz; eta, bestetik, prozedura bat ezarri behar dela, arinagoa izanen dena –eskabideak aurkezteko epea beti irekita egonen baita– eta eskabideak ebazteko epea murriztuko duena, baldintzak egiaztatzeari kalterik egin gabe.

Irakasleen eskakizunak irakasleen administrazio-kontratazioarekin lotuta egonik, komeni da, halaber, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Agindua aldatzea (foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko). Horrela, aipatutako foru aginduaren 7. eta 8. artikuluetan araututako berariazko zerrenden deialdietan, aurkezten ahalko dira interesdunek betetzen dituzten eskakizunak egiaztatzeko agiriak, foru agindu honetan eskakizunak egiaztatzeko arautzen den berariazko prozedura tramitatu beharrik gabe; izan ere, egiaztatu ahal izan dituzten eskakizunak jasota geldituko lirateke izangaien zerrendan hasieratik.

Horretarako, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen helburua da irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztea eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzea.

2. Foru agindu hau aplikagarri duten langileek eska dezakete bertan araututako eskakizun guztiak egiaztatzeko.

3. Berariazko eskakizun bat frogatzen duen irakasleak eskakizun hori duen lanpostua aukera dezake, baldin eta lanpostu hori eskaintzen bada bera titularra den espezialitate eta hizkuntza berean, edo aldi baterako kontratatua izateko sartua dagoen zerrendan.

4. Foru agindu honetan araututako eskakizunak soilik galdegin daitezke ikasturtearen hasieran edo ikasturtean barna destinoak esleitzeko ekitaldietan irakasleei eskaintzen zaizkien lanpostuetan.

5. Funtzionarioek berariazko eskakizunak frogatzeak ez dakar inolaz ere beste espezialitate bat lortzea.

2. artikulua. Eremu subjektiboa.

Eskakizunak egiaztatzeko eska dezakete unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioek eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko aldi baterako kontrataziorako izangaiek, baldin eta foru agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

1. Irakasle funtzionarioek baldintza hauek bete behar dituzte eskakizunen bat egiaztatzea eskatzeko:

–Irakasle funtzionarioa edo praktiketako funtzionarioa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Edozein egoera administratibotan egotea.

Foru agindu honen eranskineko titulazioetako bat izatea edo baldintzak betetzea.

2. Aldi baterako kontratatzeko izangaiek ondoko baldintzak bete behar dituzte foru agindu honetan arautzen den prozeduran parte hartzeko:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kudeatutako edozein espezialitate eta hizkuntzatan indarrean dagoen zerrendaren batean egotea, edo espezialitate eta hizkuntza bateko aldi baterako kontratazio-zerrenda batean sartzeko eskatzea.

–Foru agindu honen eranskineko titulazioetako bat izatea edo baldintzak betetzea.

4. artikulua. Eskakizunak egiaztatzeko prozedura.

1. Eskaerak aurkeztea.

a) Aurkezteko epea.

Eskaerak edozein unetan aurkezten ahalko dira.

b) Aurkezteko kasuak.

b.1) Irakasle funtzionarioek edo aldi baterako kontrataziorako indarreko zerrendetan dauden izangaiek eskaera aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuan.

Indarreko zerrendetan dauden eta hizkuntza eta espezialitate bereko berariazko zerrenden deialdietan parte hartzen duten izangaiak, baldin eta soilik eskakizun jakin bat betetzen duten izangaiak sartzeko irekitzen badira zerrendak, deialdi horretatik kanpo geratuko dira eta ofizioz tramitatuko dira parte hartzeko beren eskaerak, dagokien eskakizuna egiaztatzeko eskaera gisa.

b.2) Kontrataziorako izangaien zerrendetan ez dauden interesdunak.

Irakasleen lanpostuen aldi baterako kontrataziorako zerrendak kudeatzeko arauen arabera egiten diren berariazko zerrenden deialdiak direla eta, interesdunek lortu nahi dituzten eskakizunak frogatzeko agiriak aurkezten ahalko dituzte. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpen baten bidez egiaztatuko dira deialdi horietan eskatutako eskakizunak, hala badagokio.

Deialdi horiei dagokienez, berariazko zerrenda horiek irekitzea erabakitzen ahalko da, bakar-bakarrik, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako baldintzak betetzeaz gain, berariazko eskakizun jakin bat frogatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenentzat.

c) Dokumentazioa.

Eskaerarekin batera, eskakizuna frogatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien kopia aurkeztu beharko da, eranskinean ezarritakoaren arabera.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskaerarekin batera aurkeztutako jatorrizko dokumentazioa edo horren fotokopia konpultsatuak.

Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira. Hizkuntzen eskakizunak frogatzeko titulazioak daude salbuetsita betekizun horretatik.

Unibertsitate-titulazioak atzerrian eskuratu badira, eskatzaileek, titulazioaz gain, homologazioa edo onarpena egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen atzerrian eskuratutako tituluaren zinpeko itzulpena.

2. Prozeduraren instrukzioa.

a) Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak, foru agindu honen eranskinean ezarritako titulazioetan oinarrituta.

b) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, ebazpen bidez, eskakizunen bat frogatzen duten langileen eta frogatzen ez dutenen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda horretan, arrazoiak adieraziko ditu, eta hamar eguneko epea emanen du erreklamazioak aurkezteko eta eskaeretan egon daitezkeen akatsak zuzentzeko.

c) Erreklamazioak eta zuzenketak aztertu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, gutxienez bi hilean behin, ebazpena emanen du, eskakizunen bat frogatzen duten langileen eta frogatzen ez dutenen behin betiko zerrenda onesten duena, eta arrazoia zein den adieraziko du.

3. Beste organo batzuen aholkularitza.

Prozeduraren instrukzioan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak dena delako arloaren edo eskakizunaren arabera eskudunak diren organoen aholkularitza izaten ahalko du, eta organo horiek txostena eman beharko dute eskatzen zaienean, gehienez ere hamar eguneko epean.

4. Tramitazio telematikoa.

Prozeduraren tramitazioa telematikoa izanen da, eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean etengabe argitaratuta egonen den fitxaren bidez eginen da: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

5. artikulua. Eskakizunak ofizioz egiaztatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak ofizioz egiaztatuko ditu lortzen diren eskakizunak, foru agindu honen eranskinaren arabera, espezialitate baten titularra izateagatik edo espezialitate jakin bateko izangaien zerrendetan egoteagatik.

2. Sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzen dutenei ofizioz egiaztatuko zaizkie, kasu guztietan, prozedura horietarako aurkeztutako titulazio eta/edo merezimenduen ondoriozko eskakizunak.

6. artikulua. Eskakizunak ezabatzea eta berriz frogatzea eskatzeko prozedura.

Horretarako gaitutako fitxan, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioek eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko aldi baterako kontrataziorako izangaiek, eskakizunen bat frogatuta badute, eskakizun hori ezabatzea eskatzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuaren webgunearen bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez ezabatuko da eskakizuna.

Berariazko eskakizunak ezabatzeko eskaerak horiek egiaztatzeko ezarritako epe berean ebatziko dira.

Interesdunak eskatuta ezabatuta geratu den eskakizun bat berriz frogatzeko eskaera ikasturte bakoitzeko maiatzaren 1etik 15era bitartean egin beharko da, eta kontuan hartuko da, hala badagokio, ondorioen hasierako data hurrengo irailaren 1a edo geroagokoa duten kontratuak edo destinoak esleitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eskakizunak egiaztatzeko probak.

Hezkuntza Departamentuak piano-jotzaile errepertoristaren eskakizuna frogatzeko proben deialdia egiten ahalko du Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradun eta irakasleen kidegoetako piano espezialitateko irakasle funtzionarioentzat edo espezialitate horretako kontratazio zerrendetan daudenentzat.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Agindua aldatzea; foru agindu horren bidez, arauak onesten dira Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko.

1.–Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 7. artikuluaren 1. apartatua aldatu da eta ondoko idazketa du:

“1. Hezkuntza plangintzaren beharrak ikusita, Hezkuntza Departamentuak berariazko zerrendak irekitzea erabakitzen ahalko du, proba bat gainditzea eskatzen ez den espezialitate eta hizkuntzetarako. Kasu horietan, interesdunak berariazko zerrendetan sartzen ahalko dira eskaera bat aurkeztuz eta kasuan kasuko deialdian espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako eskatzen diren baldintzak frogatuz, foru agindu honetan xedatutakoarekin bat.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak berariazko zerrenda horiek irekitzea erabakitzen ahalko du, bakar-bakarrik, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako baldintzak betetzeaz gain, berariazko eskakizun jakin bat frogatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenentzat.

Deialdi horietan parte hartzen dutenek egoki iritzitako eskakizunak frogatzeko agiriak aurkezten ahalko dituzte. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpen baten bidez egiaztatuko dira deialdi horietan eskatutako eskakizunak, hala badagokio.

Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzean gutxienez bi aldiz irekiko ditu berariazko zerrendak.”

2.–Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 8. artikuluaren 1. apartatua aldatu da eta ondoko idazketa du:

“1. Hezkuntza plangintzaren beharrak ikusita, Hezkuntza Departamentuak berariazko zerrendak osatzeko proben deialdiak egitea erabakitzen ahalko du, proba bat gainditzea eskatzen den espezialitate eta hizkuntzetarako.

Betiere, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoei dagozkien espezialitateetako zerrendetan izangai berriak sartzeko, proba bat gainditzea eskatuko da.

Orobat, proba bat gainditzeko eskatzen ahalko da izangaiak Lanbide Heziketako berariazko espezialitate batzuei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntza batzuei dagozkien zerrendetan sartzeko; Hezkuntza Departamentuak erabakiko du zein diren espezialitate eta irakaskuntza horiek, dagokion zuzendaritza nagusiaren txostena ikusita.

Hezkuntza Departamentuak berariazko zerrenda horiek irekitzea erabakitzen ahalko du, bakar-bakarrik, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako baldintzak betetzeaz gain, berariazko eskakizun jakin bat frogatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenentzat.

Deialdi horietan parte hartzen dutenek egoki iritzitako eskakizunak frogatzeko agiriak aurkezten ahalko dituzte. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpen baten bidez egiaztatuko dira deialdi horietan eskatutako eskakizunak, hala badagokio.”

Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskakizunak ezabatzea.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, 2022ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako eskakizun hauek ezabatuko ditu: On line prestakuntza, Proiektuak eta Prebentzioa, egiaztatuta dituzten pertsonentzat.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Gaikuntza eskakizunak sortu edo aldatzeko.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari eta, hark eskuordetuta, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari ahalmena ematen zaie foru agindu honetan araututako eskakizunak sortu, ezabatu edo aldatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1.–Indargabetuta geratzen da 32/2013 Foru Agindua, martxoaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariarena, irakasleek froga ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezartzen duena, bai eta foru agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

2.–Hala ere, On line prestakuntzako, Proiektuetako eta Prebentzioko eskakizunek indarrean jarraituko dute kontrataziorako 2021/2022 ikasturtean, eskakizun horiekin definitutako lanpostuetan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2207153