115. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra

Azagrako Udalak, 2022ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra. Erabaki hori 2022ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, Azagrako Udalak, 2022ko apirilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki du aipatu ordenantza behin betiko onestea eta haren testu osoa argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2022ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza hau ematen da baliatuta erregelamenduak egiteko ahal administratiboa, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluan esleitua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Administrazio publikoetako dirulaguntzen tratamendua arautzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onetsi zen. Lege hori, berriz, garatu zen Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (DLO) –zeinaren Zioen Azalpenak ezartzen baitu Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen printzipio gidariak aurrekontuaren osagaietara eraman behar direla–, arautzen da gardentasun-printzipioa aplikatuz, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legean inspiraturik. Era berean, gastu publikoaren kudeaketan efizientzia eta eraginkortasun printzipioek agintzen dute dirulaguntzak izapidetzean.

Horrela, ordenantza honek Udal honen dirulaguntza-jarduera arautuko du, eta, horren barnean, aipatutako printzipioetara eta zehapen araubidera egokitu beharra dago.

Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzea urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), horrela betez administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.

1. artikulua. Dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza honen bidez ezartzen dira Udal honek dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, bat etorriz lege horretan jasotako berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren, publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioekin.

2. artikulua. Dirulaguntzaren xedeko alorrak.

Udalak, ordenantza honetan xedatutako prozeduren bidez, dirulaguntzak eman ditzake honako alor hauetan:

a) Kulturaren sustapena: antzerkia, irudia, arte plastikoak, herri kultura, topaketak eta bestelako jarduerak.

b) Astialdian aritzeko jardueren sustapena.

c) Kirolaren sustapena: lehiaketa ofizialetan parte hartzearen ondoriozko gastuak, bereziki babesturik haurren eta gazteen kirola; kirol emanaldi bereziek ere jaso dezakete dirulaguntza.

d) Hezkuntza: diruz lagundu daitezke ikastaroak, mintegiak eta prestakuntzarekin ikusteko duten beste jarduera batzuk.

e) Gazteria: elkartegintza sustatzea eta ezartzea, eta prestakuntza eta aisialdi jarduerak sustatzea.

f) Adinekoak: elkartegintza sustatzea eta ezartzea esparru horretan, eta prestakuntza eta aisialdi jarduerak sustatzea.

g) Turismoa: herriko turismo jarduerak sustatzea.

h) Osasuna: osasungarritasun publikoa babesteko jarduerak.

i) Merkataritza eta kontsumoa: feriak eta azokak antolatzea, bai eta merkataritza, oro har, sustatzeko jarduerak ere, bereziki tokiko merkataritza sustatzekoak.

j) Ingurumena eta hiri-mugikortasuna: ingurumenarekin sentsibilizatzeko ikastaroak eta jarduerak sustatzea, bai eta kutsadura akustikoa, argi-kutsadura eta kutsadura atmosferikoa murriztea dakarten jarduerak ere, eta hiri-mugikortasun jasangarria sustatzea.

k) Herritarren parte-hartzea: herritarren entitateei eta auzo elkarteei dirulaguntzak emateko.

l) Babes zibila.

m) Premia sozialeko egoeran edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenak babestea.

n) Ondare historikoa eta kulturala babestea.

ñ) Sustatzea babes publikoko etxebizitzak eta eraikinen birgaitzea.

o) Sustatzea herritarrek parte har dezaten informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera eraginkor eta jasangarrian.

p) Sustatzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta genero-indarkeriaren aurkako jarduerak.

q) Beste edozein alor, jarduera edo zerbitzu, baldin eta osatzen edo ordezten baditu toki-eskumenari esleitutakoak eta interes berezikoak badira herriarentzat.

Inola ere ez dira diruz lagunduko probintzia edo eskualde mailako planen deialdia jaso duten programak, jarduerak edo materiala erostea, baldin eta hurrengo oinarrian aipatzen diren eskatzaileei irekita badaude, salbu eta, dagokion eskaera garaiz eta behar bezala eginda, horietan sartzea ukatu bazaie.

3. artikulua. Onuradunak.

Dirulaguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoak, legez eraturiko elkarte eta taldeak, egoitza Azagran badute eta jarduera herri honetan egiten badute.

Onuradun izan daitezke, orobat, egoitza sozial eta fiskala Azagratik kanpo izanik, jarduera Azagran eta Azagrako pertsonentzat egiten dutenak.

Gainera:

a) Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

b) Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik, haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

c) Onuradun izan daitezke pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira.

d) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

e) Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jasotzeko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako egoera dutenak.

f) Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak, salbu eta, dirulaguntzaren izaera dela eta, araudi erregulatzaileak salbuesten badu.

g) Halaber, ezin dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzen onuradun izan (horiek ezarrita daude Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan) inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikaturik, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Honakoak joko dira entitate laguntzailetzat: dirulaguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura ari direlarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira entitatearen ondareko zati izanen. Halaber, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta arestian aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

Dirulaguntzak eman daitezke zuzenean edo norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz, deialdi publiko bidez. Norgehiagokako prozedura izanen da aurkezturiko eskabideak prozedura horren bidez erkatzen direnean, dirulaguntzak emateko.

6. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Erakundearen aurrekontu orokorretan berariaz izendatutakoak, hitzarmenetan jasotako baldintzetan.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

Ebazpenean, akordioan edo hitzarmenean ezarriko dira dirulaguntza horiei aplikatu beharreko era guztietako baldintzak, eta alderdi hauek jaso beharko dituzte:

–Dirulaguntzaren xedea eta haren onuradunak, aurrekontuko diru-izendapenaren eta haren zenbatekoaren arabera.

–Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, etorrita ere edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik.

–Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, bai eta, behar bada, onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

–Behar diren epea eta modua, justifikatzeko onuradunak dirulaguntzaren xedea bete duela eta jasotako funtsak aplikatu dituela.

–Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean hartuko duen zenbatekoa zehazteko edo, hala denean, itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun irizpideari lotuko zaizkio.

7. artikulua. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean ematea.

a) Ofizioz hastea:

Prozedura ofizioz hasiko da, gutxienez honako eduki hau izanen duen deialdi baten bidez:

–Hala badagokio, oinarri arautzaileak ezartzen dituen xedapena, bai eta hori zein aldizkari ofizialetan dagoen argitaraturik ere, salbu eta, haien berariazkotasuna kontuan hartuta, oinarri horiek deialdian bertan sartzen badira.

–Dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, dirulaguntzek guztira zenbat jotzen duten, edo, bestela, dirulaguntzen zenbatespena.

–Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

–Adieraziko da dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla.

–Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

–Prozedura instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak zein diren.

–Eskaerak aurkezteko epea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluko aurreikuspenak aplikatuta.

–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

–Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen dion ala ez, eta, bestela, zer organori zuzendu behar zaion errekurtsoa.

–Eskaerak baloratzeko irizpidea.

–Jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

b) Eskabideak aurkeztea:

Eskabidea alkate udalburuari zuzenduko zaio, eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Deialdian ezarritako dokumentazioa erantsiko zaio.

Eskatutako agiriak Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak erabil dezake horiek ez aurkezteko duen eskubidea –bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik–, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren.

Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

Onar daiteke zenbait agiri aurkeztu ordez eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Halako kasuan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, adierazpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko galdatu beharko da, 15 egun baino gehiago joko ez duen epean aurkeztu ere.

Ez badira biltzen deialdian ezarritako baldintza guztiak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela iritziko zaiola. Aurretiaz ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturikoarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

c) Prozeduraren instrukzioa:

Instrukzio-organoa deialdian izendatuko da.

Eskabideak jasotakoan, instrukzio-organoak guztiak ebaluatu, eta bakoitzari dagokion zenbatekoa edo ehunekoa esleituko du.

Eskatzen ahalko dira ebazteko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak, edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituztenak.

Espedientea ikusita, instrukzio-organoak behin-behineko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, eta hura interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea emanik.

Behin-behineko eta behin betiko ebazpen proposamenak ez du eskubiderik sortzen proposaturiko onuradunaren alde Administrazioaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Behin betiko ebazpen proposamenak ondoko hauek izan behar ditu:

–Dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Ebaluazioaren eta hura egiteko erabili diren irizpideen zehaztapena.

Behin betiko ebazpen proposamena jakinaraz dakieke instrukzio-fasean onuradun gisa proposatu diren interesdunei, 10 eguneko epean haren onarpenaren berri eman dezaten.

d) Ebazpena:

Ezin izanen da ebazpenik eman harik eta espedienteko aurrekontuan behar besteko kontsignazioa dagoela egiaztatu arte.

Behin betiko ebazpen proposamena onetsi ondoren, eta aintzat harturik xedatzen dena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta, betiere, emandako ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak egiaztatu beharko dira.

Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez. Gehieneko epe hori ebazpena jakinarazi gabe bukatzen bada, interesdunek zilegi izanen dute ezetsitzat jotzea dirulaguntza emateko eskaera, administrazio isiltasunaren bidez.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, aipatu legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan jasotako xedapenak bete beharko dira.

Gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute ezetsitzat jotzea emateko eskaera, administrazio isiltasunaren bidez.

Onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, organo emaileak aukera hauetako bat edo batzuk erabiltzen ahalko ditu:

–Beste deialdi bat egin behar izan gabe, puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Aukera hori interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritako moduan.

–Soberako kreditua Udalaren aurrekontu orokorrera itzultzea.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea gainerako onuradunei.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den xedea betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari justifikatzea betetzen direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze jarduketak onartzea, bai eta kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten dituzten jarduketak ere, horiek eginez gero; hala, jarduketa horiek egitean eskatzen zaien informazio guztia emanen dute onuradunek.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; nolanahi ere, baimena eman dakioke Udalari datu horiek lor ditzan.

f) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

g) Behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

h) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

9. artikulua. Zenbatekoa.

Udalak dirulaguntzak ematea bateragarria (5) izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntza motarekin.

Halere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik.

10. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

Dirulaguntza jasotzeko, Udalari aurkeztu behar zaio dokumentazio hau:

–Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

–Egindako jardueraren memoria. Hauek jaso beharko ditu, gutxienez: arduradunaren identifikazioa, parte-hartzaile kopurua, eta jardueraren balorazio orokorra.

–Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak.

–Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak.

–Ziurtagiri bat, akreditatutako pertsona batek emana, frogatzeko aurkezturiko fakturak diruz lagundu den jarduerari dagozkiola.

–Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko adierazpena.

–Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

11. artikulua. Itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, kasu hauetan:

a) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.

c) Ez betetzea dirulaguntzari buruzko arauetan eskaturiko justifikazioa aurkezteko betebeharra, edo ez aurkeztea behar den heineko justifikaziorik.

d) Egiaztapen eta kontrolen aurreko erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa, bai eta dirulaguntza ematean hartutako konpromisoen aurrean ere, baldin eta halakoek zerikusia badute dirulaguntza emateko oinarri izan diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko moduarekin, edo horretan eragina badute.

e) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

12. artikulua. Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak.

Berariazko ordenantzek konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egitea aurreikus dezakete, eta kasu horietan onuradunek aurkeztu beharko dituzten bermeak ezarriko dituzte.

13. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan erortzen direnak, eta bereziki:

–Dirulaguntzen onuradunak, eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluaren 2. apartatuan eta 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipaturiko pertsonak nahiz entitateetako kideak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), dirulaguntza zer jarduerak hartu duten, horiexek gauzatzeko hartutako konpromisoari dagokionez.

–Entitate laguntzaileek.

–Legezko ordezkaria, dirulaguntzen onuradunek jarduteko gaitasunik ez dutenean.

–Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten pertsonak edo entitateak, baldin eta laguntzeko betebeharra badute, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan xedatutakoa betez eskatutako agiri guztiak eman behar badituzte, nahitaez.

14. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Lege horretan tipifikatutako egite edo ez-egiteek ez dute erantzukizunik sortuko dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboagatik, honako kasu hauetan:

–Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

–Ezinbestekoetan.

–Erabakia kolektiboa denean, beren botoari eutsi ziotenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

15. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartzen da ez betetzea dirulaguntzen oinarri arautzaileetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak, arau-hauste horiek astunak edo oso astunak ez direnean, eta zehapena graduatzeko eragile ez direnean. Bereziki, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a) Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b) Aurkeztutako justifikazio kontuak ez-zuzenak edo osatugabeak izatea.

c) Ez betetzea artikulu honetako gainerako paragrafoetan berariaz aurreikusi ez baina dirulaguntza jasotzearen ondorioz onuradunek beren gain hartu dituzten betebehar formalak, erregelamenduz ezarritako moduan.

d) Kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, honako hauek:

e) Eragiketa bat edo gehiago ez-zuzenak izatea edo jaso gabe uztea kontabilitatean eta legez eskatzen diren erregistroetan.

f) Ondokoak eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legeek ezarritako erregistroak, horien euskarri gisa erabili beharreko informatika programak eta artxiboak, eta erabilitako kodifikazio sistemak.

g) Zenbait kontabilitate eramatea jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruz, horiek entitatearen benetako egoera jakitea galarazten badute.

h) Kontuak erabiltzea izaeraz dagozkien esanahia ez den beste bat emanez, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

i) Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

j) Entitate laguntzaileek 38/2003 Legean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

k) Finantza kontroleko jarduketen aurreko erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa.

Inguruabar horiek badaudela iritziko zaio, baldin dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak, berari horretarako jakinarazpena behar bezala eginda, jarduketak egin baditu udal funtzionarioen jarduketak luzatzeko, oztopatzeko edo galarazteko, horiek finantza-kontroleko eginkizunak betetzean.

Besteak beste, honako jokabide hauek dira erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa:

–Ez aurkeztea edo ez ematea agiriak, txostenak, aurrekariak, liburuak, erregistroak, fitxategiak, frogagiriak, kontabilitate-idazpenak, programa eta artxibo informatikoak, sistema eragileak eta kontrol-sistemak eta egiaztatu beharreko beste edozein datu.

–Errekerimenduren bati ez erantzutea.

–Arrazoi justifikaturik izan ezean, adierazitako lekuan eta denboran ez agertzea.

–Bidegabeki ukatu edo eragoztea sartzea edo egotea negozio-lokaletan eta gainerako establezimendu edo lekuetan, baldin eta haietan zantzuak badaude behar bezala justifikatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna.

–Finantza-kontrola egiten duten kontrolatzaileak derrigortzea.

–Laguntza emateko betebeharra duten pertsonek edo entitateek betebehar hori ez betetzea, horrek berekin badakar ezin dela egiaztatu onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa.

l) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste arintzat jotako gainerako jokabideak.

16. artikulua. Arau-hauste astunak.

Jokabide hauek arau-hauste astunak dira.

a) Organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu izana komunikatzeko betebeharra ez betetzea, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluaren 1. apartatuaren d) paragrafoan aipatu bezala (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra).

b) Ezarritako baldintzak ez betetzea, dirulaguntza emateko arrazoi izan ziren helburuen funtsa nabarmen aldatuz.

c) Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d) Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako baldintzak faltsutuz edo halakoa izatea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

e) Entitate laguntzaileek beren betebeharra ez betetzea, dirulaguntzak emateko erabakigarriak diren baldintzak edo betebeharrak benetan betetzea egiaztatzeari dagokionez, baldin horiek ez betetzeak dirulaguntza itzultzeko betebeharra sortzen badu.

f) Administrazioek, organismoek eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari informazioa emateko betebeharra duten gainerako entitateek informazioa ez ematea.

g) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste astuntzat jotako gainerako jokabideak.

17. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Jokabide hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Dirulaguntza eskuratzea hura emateko eskaturiko baldintzak faltsutuz edo ematea baztertuko edo mugatuko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zertarako eman zen, bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako zenbatekoak, osorik edo hein batean.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kontrol-jarduketen aurreko erresistentzia, aitzakia, oztopoa edo ezezkoa.

d) Entitate laguntzaileek onuradunei ez ematea harturiko funtsak, hala ezarri denean, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan jasoriko irizpideekin bat.

e) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste oso astuntzat jotako gainerako portaerak.

18. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinen zehapenak:

Arau-hauste arin bakoitza 75 eurotik 900 eurora bitarteko isunarekin zehatuko da, hurrengo apartatuan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

Honako arau-hauste hauek, kasuan-kasuan, 150 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira:

–Eragiketa bat edo gehiago ez-zuzenak izatea edo jaso gabe uztea kontabilitatean eta legez eskatzen diren erregistroetan.

–Ez betetzea kontabilitatea eta legez ezarritako erregistroak eramateko betebeharra.

–Zenbait kontabilitate eramatea jarduera berari buruz, entitatearen benetako egoera jakitea galarazita.

–Kontuak erabiltzea izaeraz dagozkien esanahia ez den beste bat emanez, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatuta.

–Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez ematea edo horiek aurkezteari bidegabeki uko egitea.

–Entitate laguntzaileek ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan ezarritako betebeharrak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluak aipatzen dituen laguntzeko betebeharrari eta dokumentazioa ematekoari loturik dauden pertsonek edo entitateek betebehar horiek ez betetzea, horrek berekin badakar onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzeko ezintasuna.

Arau-hauste astunen zehapenak:

Arau-hauste astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bi den diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bi, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bi.

Arau-hauste astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa emandako dirulaguntzaren edo entitate laguntzaileek jasotako zenbatekoen ehuneko 50 baino handiagoa denean, eta 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) paragrafoetan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei, gainera, honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, hiru urteko epean gehienez.

b) Hiru urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.3 paragrafoan jasotako administrazioek, organismoek edo erakundeek informazioa emateko betebeharra betetzen ez badute, 3.000 euroko isuna jarriko zaie, ohartarazpena egin ondoren. Isuna hilero errepika daiteke, betebeharra bete arte. [Ez-betetzea Estatuko Administrazio Orokorreko organo batean gertatzen bada, aplikatuko da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean arau-hauste astunetarako aurreikusitako zehapen-araubidea, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko organo eskudunari dagokio zehapen-prozeduraren instrukzioa egitea].

Arau-hauste oso astunen zehapenak:

Arau-hauste oso astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bitik hirura bitarte doan diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bitik hirura bitarte, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bitik hirura bitarte.

Hala ere, ez dira zehatuko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 58. artikuluaren b) eta d) letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak aldez aurretik errekerimendurik egin gabe itzuli badituzte.

Arau-hauste oso astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) paragrafoetan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei, gainera, honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Bost urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

Zehapen horiek ezartzeko eskumena duen organoak erabaki dezake horiek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

19. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, erabil dezaten toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetzen da Kulturaren, kirolaren, irakaskuntzaren, gazteriaren, osasunaren eta aisiaren zerbitzuen arloetako jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2001eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 21ean.

Iragarkiaren kodea: L2207435