115. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

177E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzan egoiliar ikasleak onartzeko baldintzen orria 2022-2023 ikasturterako.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak egindako txostenaren arabera, Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitza Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikia dago eta haren xede nagusia da Nafarroako udalerrietako kirolariak hartzea, Iruñean entrenatu eta ikasi behar dutenean, beren kirol diziplinan nabarmentzen direlako. Nafarroako Kirolaren Institutuak, bada, horretarako beka ematen die, Kirolaren Zuzendariordetzak urtero egiten duen deialdiaren bitartez.

Orobat, txostenean jasota dago egoitza horren beste eginkizunetako bat dela ikasleei ostatua ematea, ikasketekin jarraitzeko beren bizilekutik kanpo joan behar dutenean eta ostatu hartzeko instalazio bat behar dutenean.

Azkenik, txostenak dio beharrezkotzat jo dela 2022-2023 ikasturtean egoiliar ikasleak onartzeko baldintza batzuk ezartzea, honako hauek jasoko dituztenak: onarpenerako lehentasunak, aurkeztu beharreko agiriak, deitutako plaza kopurua, eskaerak aurkezteko eguna, onartutako ikasleek hartu beharreko konpromisoak, etab.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuak aldatu zituen aipatu estatutuak),

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzan egoiliar ikasleak onartzeko baldintzak onestea, 2022-2023 ikasturterako (I. eranskina), bai eta plaza bat eskatu nahi dutenek bete beharreko eskabide-eredua ere (II. eranskina).

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzari, Kirolaren Zuzendariordetzari, Azpiegiturak Kudeatzeko Atalari eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar diren ondorioak sor ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzan egoiliar ikasleak onartzeko baldintzak, 2022-2023 ikasturterako

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzan, 2022-2023 ikasturtean, egoiliar ikasleendako plazak betetzea. Egoitza Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikita dago.

2.–Zentroa.

“Printzearen Gotorlekua” kirol egoitza, 31005 Iruña (Nafarroa), Goroabe kalea 36.

3.–Eskaerak.

3.1. Egoiliar ikasleendako 40 plaza eskaintzen dira. Hala ere, plaza kopuru hori handitu daiteke, Nafarroako Kirolaren Institutuak errendimenduko kirolariendako egiten duen deialdiko 40 plazetatik baten bat hutsik gelditzen bada.

3.2. Honako hauek dira egoiliar ikasleendako plazak betetzeko eskaera aurkezten ahalko dutenak: egoiliar ikasleendako plaza eskuratu zutenak 2021-2022 ikasturterako, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak eta unibertsitate ikasketak Iruñeko edo Iruñerriko ikastetxe ofizialetan egin behar dituzten ikasleak. Eskatzaileek 16 eta 26 urte bitartekoak izan behar dute, eta 2022. urtean bete adin hori.

4.–Eskaera aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaerak elektronikoki aurkezten ahalko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, II. eranskinean dagoen eskabide eredua erabiliko da.

4.2. Halaber, eskaerak (deialdiko II. eranskina) aurrez aurre aurkezten ahalko dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren erregistroan (Aizagerria plaza, 1, 1. solairua, 31006 Iruña), eskaera zuzenduta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskabideari deialdi honen 4.5 oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

4.3. II. eranskineko eskabide eredua posta ziurtatu bidez ere bidaltzen ahalko zaio Nafarroako Kirolaren Institutuari, helbide honetara: Aizagerria plaza 1, 1. solairua, 31006 Iruña, gutun-azalaren atzeko aldean jarriz “Iruñeko Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan, 2022-2023 ikasturtean, egoiliar ikasleendako plazak betetzeko deialdia”. Horretarako, posta-bulegoko funtzionarioak eskaera zigilatu eta sinatu beharko du gutun-azala itxi aurretik, eta hala bidali dela jakinarazi beharko da mezu elektroniko bat bidaliz helbide honetara: infraestructuras.deportivas@navarra.es. Hori guztia, eskaerak elektronikoki aurkezteko epea amaitu aurretik.

4.4. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.5. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Onartua izateko eskabidea (II. eranskina).

–NANaren fotokopia.

–Karneterako argazki bat.

–Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo jaiotakoek aurkeztu beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldatuta daudela egiaztatzen duen agiria.

–2021-2022 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria.

–2021-2022 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren beka jaso dutenek adjudikazioaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

–Familia ugari bateko kideek familia ugariaren txartela aurkeztu beharko dute.

–Anai-arrebek plaza eskatuz gero, familia liburuaren kopia.

–Hala behar denean, federatu txartelaren kopia.

4.6. Agiriren bat falta dela ikusiz gero, bost egun natural emanen zaizkio interesdunari, jakinarazpena egiten denetik aurrera, akatsa zuzen dezan. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskaera bertan behera utzi duela.

4.7. Eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak bete-betean onartzen du deialdi honetan xedatutakoa eta erantzukizun osoz adierazten du aurkeztutako datuak zehatzak eta benetakoak direla.

5.–Balorazioa.

5.1. Batzorde batek aurkeztu diren eskaerak aztertu eta proposamen lotesle bat bidaliko dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordea hauexek osatuko dute: “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzaren Kudeaketa Bulegoko buruak, Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko buruak eta atal horretako teknikari batek.

5.2. Balorazio Batzordeak honako irizpide hauen arabera baloratuko ditu eskaerak:

5.2.1. Lehenik, lehentasuna izanen dute 2021-2022 ikasturterako plaza eskuratu eta aldi horretan egoitzan bizi izan ziren egoiliar ikasleen eskaerek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Nafarroako Kirolaren Institutuak txostenik eman ez izana egoitzan bizi izan diren bitartean egindako arau-hausteen gainean.

–Ez edukitzea ordaindu gabe hileko kuotarik ostatuari eta jantokiari lotutako gastuen gainean.

5.2.2. Bigarrenik, lehentasuna emanen zaie 2021-2022 ikasturterako plaza lortu zutenen anai-arrebei, baldin eta plaza eskatzen badute 2022-2023 ikasturterako.

5.2.3. Gainerako eskaerak ere onartuko dira, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte.

5.3. Eskaeren kopuruak gainditzen badu deialdi honetan ezarritako gehieneko plazen kopurua, baremo hau aplikatuko da azken apartatu horretako eskaeren artean:

a) Nafarra izatea edo helbidea Nafarroan izatea 2022ko urtarrilaren 1ean: 10 puntu.

b) 2021-2022 ikasturteko kalifikazioak:

–8,5-10 arteko batez besteko nota: 12 puntu.

–7,1-8,4 arteko batez besteko nota: 10 puntu.

–6,1-7 arteko batez besteko nota: 8 puntu.

–5-6 arteko batez besteko nota: 6 puntu.

c) 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren bekaz baliatu izana: 3 puntu.

d) Familia ugari batekoa izatea: 3 puntu.

e) Anai-arreba batek baino gehiagok egitea eskaera: 3 puntu.

f) Federatua egotea 2022an, deialdi hau argitaratu baino lehenagotik: 6 puntu.

5.4. Eskainitako plaza guztiak bete ondoan, gainerako eskaerak erreserban geldituko dira, eta baja baten ondorioz plazaren bat hutsik geldituz gero onartzen ahalko dira.

6.–Ebazpenak.

6.1. Behin Balorazio Batzordea bildurik eta eskaera guztiak azterturik, batzordeak onartuen behin-behineko ebazpen proposamena onestea proposatuko dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Behin-behineko zerrendan daudenek ostatuaren hileko kuota bat ordaindu beharko dute 15 egun naturalean, zerrenda hori onesteko ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatzen hasita. Diru hori dagokio 2023ko maiatzeko ordainketari (egonaldiaren azken hilabeteari, alegia). Ikasturtea bukatu aitzin egoitza uzten badute, ez zaie itzuliko zenbateko hori.

6.2. Epea amaituta, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, 2022-2003 ikasturterako plaza eskuratu duten egoiliar ikasleen behin betiko zerrenda onesteko.

7.–Adjudikazioa.

7.1. Plaza eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Arestian aipatutako ostatuagatiko hileko kuota ordaintzea.

–2022-2023 ikasturtean eginen dituen ikasketen matrikularen kopia konpultsatua aurkeztea, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Kopia hori 2022ko irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da.

7.2. Egoiliar ikaslearen plaza eskuratzeak eskubidea ematen du ostatu hartzeko 8 hilabetez gutxienez, urriaren 1etik maiatzaren 31era arte (Gabonetan eta Aste Santuan salbu). Zerbitzua hilero fakturatuko da, hilabete bakoitzaren lehenbiziko 15 egunen barruan. Irailean eta ekainean, berriz, ostatu egunak astebeteka ordainduko dira.

7.3. Janariari dagokionez, egoitzak enpresa bati adjudikatua dio sukalde-jantokiaren zerbitzua. Aste osoan zehar egiten die zerbitzu egoiliarrei (gosaria, bazkaria eta afaria). Egoiliar ikasleek zerbitzua erabili behar dute asteleheneko gosarian hasi eta ostiraleko bazkarira arte, eta dagokion zenbatekoa enpresa adjudikaziodunari ordaindu hilabetea igaro eta gero. Jantoki zerbitzua erabili behar ez bada arrazoi justifikatu bat dela medio, 24 ordu lehenago gutxienez eman behar da horren berri, enpresak otordu hori fakturatu ez dezan. Jantoki zerbitzua asteburuetan ere erabiltzen ahal da, baina aurretik esan behar zaio enpresari.

7.4. Ostatuaren eta gainerako zerbitzuen (janaria, esate baterako) prezioak xedapen honetan daude jasota: Erabakia, 2017ko azaroaren 10ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak hartua, Institutuari atxikitako zentroak erabiltzeko gehieneko prezio eta tarifen gaurkotzea eta haien araubidea onesten dituena (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Tarifa horiek indarrean egonen dira harik eta Nafarroako Kirolaren Institutuak berriak onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnera arte.

7.5. Egoiliarrak plaza onartzeak ezinbestean dakar “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzaren barne funtzionamendurako erregelamendua ezagutu, onartu eta bete beharra.

7.6. Erreserba egiteko dirua ordaindu ondoren plazari uko eginez gero edo egoitzatik maiatza baino lehen alde eginez gero, ez da zenbateko hori itzultzeko eskubiderik izanen.

7.7. Nafarroako Kirolaren Institutuak atzera botatzen ahal du, osorik edo partez, emandako plazaren adjudikazioa, honako kasu hauetan:

–Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

–Egoitzaren barne funtzionamendurako erregelamenduan ezarritako eginbeharrak eta arauak ez betetzea.

–Eskaeran datu faltsuak jartzea.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaera-orria.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207172