114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

964/2022 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreak emana, zeinaren bidez Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak finantzatutako laguntza baten deialdia onesten baita Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko kontratu bat finantzatzeko.

2019ko martxoaren 6an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresa publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko bi kontratu finantzatzeko, eta abenduaren 14ko 2366/2019 Ebazpenaren bidez esleitu ziren.

Esleipena egin zenetik 2 urte eta 3 hilabetera, kontratuari uko egin dio formalki “Agregazioko eragile klasiko eta lausoak irudi hiperespektralaren eta biomedikoaren prozesamendu adimendunerako” izeneko ikerketa-lerroa gara zezan izendatutako onuradunak. Horregatik, jatorrizko hitzarmenaren xedeak jarraipena izanen duela bermatzeko, 2022ko martxoaren 23an, alderdiek gehigarri bat sinatu dute, eta uko egindako kontratuan hasiera batean aurreikusitako diru-zuzkidura doktoretza aurreko beste kontratu bati aplikatuko zaiola arautzen da gehigarri horretan, eta kontratu horrek 2 urte iraunen duela gehienez ere.

Ikusirik Aholkularitza Juridikoaren txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko kontratu bat finantzatzeko laguntza baten deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera.

Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 21.702,80 euro gehienez.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da.

2022.

  • 30.30.00.8194 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 8.485,82 euro.
  • 30.30.00.8194 - 160.00 Gizarte Segurantza: 2.165,58 euro.
  • 30.30.00.8513 - 480.02 Matrikularako laguntzak: 400 euro.

2023.

  • 30.30.00.8194 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 8.485,82 euro.
  • 30.30.00.8194 - 160.00 Gizarte Segurantza: 2.165,58 euro.

Hirugarrena.–Laguntza emateko ebazpenean, beharrezkoak diren aurrekontu doikuntzak eginen dira doktoretza aurreko kontratua noiz hasten den kontuan hartuta.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Humberto Bustince Sola Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendariari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 23an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak finantzatutako laguntza baten deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesi bat egiteko Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloan.

Maiatzaren 23ko 964/2022 Ebazpenaren eranskina.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sustatu eta bultzatzeko aurrera daraman politikaren barnean, helburuetako bat ikertzaile gazteak prestatzea da, doktoretza aurreko eremuan ikertzen has daitezen bultzatuz.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresa publikoak 2019ko martxoaren 6an sinatutako lankidetza-hitzarmenari 2022ko martxoaren 23an erantsi eta sinatutako gehigarria da laguntza-deialdi honen jatorria. Gehigarri honen xedea jatorrizko hitzarmenaren helburuari jarraipena ematea da, laguntzen onuradun batek uko egin baitio hasierako kontratuari. Horretarako, doktoretza aurreko beste kontratu bati aplikatuko zaio uko egindako kontratuan hasiera batean aurreikusitako diru-zuzkidura.

Doktoretza aurreko kontratu moduan gauzatuko da laguntza, eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren babesean sinatuko da (BOE, 2011ko ekainaren 2koa). Kontratuaren helburua doktoretza-tesi bat egitea izanen da gorago aipatutako ikerketa-arloan.

Hori guztia kontuan harturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktoretza aurreko laguntza baterako deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Urtebeteko iraupena edukiko duen laguntza baterako deialdia egiten da, urtebetez luzatzen ahalko dena, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia egiteko Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloan.

Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloaren barrenean, “Agregazioko eragile klasiko eta lausoak irudi hiperespektralaren eta biomedikoaren prozesamendu adimendunerako” izeneko ikerketa-lerroa garatzeko emanen da deialdiko laguntza.

Bai laguntza emateko bai kontratua urtebeterako luzatzeko, beharrezkoa izanen da behar besteko aurrekontua egotea eta deialdian ezarritako betebeharrak betetzea.

2.–Eskatzaileen betebeharrak.

Honako baldintza hauek bete behar dituzte laguntzaren eskatzaileek eskaera aurkezteko epearen barrenean:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan sartzeko ikasketen jabe direla. Laguntza emateko aukeratuak izanez gero, aipatutako programako matrikula egin dutela baieztatu beharko dute, laguntzaren behin betiko kontzesioa argitaratzen denean ezartzen den epean.

–Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko hamabi hilabeteetan doktoretza-tesia egiteko beste laguntza baliokideren bat izan dutenek.

–Doktoretza-tesirik ez aurkeztu izana defentsarako.

–Ez dutela eskuratu doktore titulurik.

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntza gauzatzeko modua doktoretza aurreko kontratu bat sinatzea da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren babesean. Halaber, 21. artikuluan ezarritakoak arautuko du sinatzen den kontratua.

3.2. Deialdi honetako laguntzaren onuradunaren eskubideak eta betebeharrak dokumentu hauetan zehazten dira: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresaren arteko lankidetza-hitzarmenean, eta martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako Prestakuntzan Dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutuan (BOE, 64.a, 2019ko martxoaren 15ekoa).

3.3. Laguntzaren Balorazio Batzordeak izendatutako irakaslea izanen da doktoretza-tesiaren zuzendaria, eta laguntza emateko proposamenean argitaratuko da nor izanen den. Laguntzaren onuradunari doktoretza-tesiaren zuzendariaren ikerketa-talde bera esleituko zaio, eta hark atxikia duen sail berari atxikita geldituko da.

3.4. Deialdi honetako laguntzek ez dute inolako konpromisorik ekarriko onuraduna, ondoren, sar dadin Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan, Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresan edo, laguntza honen esparruan ikerketa-egonaldiak egiten badira, egonaldiak egiten diren zentro edo enpresetan.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak (apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen aipatutako legea).

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordearen ustez emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez diote.

4.–Eskaeren aurkezpena: epeak eta inprimakiak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea –5. oinarrian dago inprimaki normaldua– Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea edo Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako tokietako batean aurkeztu behar da.

NUPen egoitza elektronikoan ere aurkezten ahal dira modu telematikoan, helbide honetan hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

“Erantsi fitxategiak” eremuan, 5. oinarrian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu behar dira.

Eskabidea aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren betebeharrak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Inprimaki normaldua (https://bit.ly/2uyMn48).

b) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Merezimenduen zerrenda laburtuaren inprimakia (I.I eranskina).

d) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak. Agiriz egiaztatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko betebehar baztertzailea. Eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek baloratuko, eta ez du eskatuko merezimenduak egiaztatzeko. Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

e) Eskatzaileari doktoretza egiten hasteko modua ematen dioten ikasketen espediente akademiko osoa (masterrarena eta graduarena), zer kalifikazio eta noiz lortu diren jasotzen dituena (batez besteko nota espresuki adierazten duena).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Kasu horietan, noten baliokidetza ere erantsi behar da, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari eskatua:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-universitarios/titulos-extranjeros/equivalencia-notas-medias.html

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

f) Laguntzaren deialdi honetara aurkezteko erabili den tituluaren fotokopia, edo titulua eskatu izanaren frogagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, baina zirkunstantzia hori idatzita jasotzeko eskatu beharko dute idazki batean. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

Behar bezala eta epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan onartutako eskabideak barematzeko.

Balorazio Batzordeak informazio argigarria eskatuko du, beharrezkoa iruditzen bazaio, izangaia aukeratzeko proposamena egiteko.

6.–Izangaien aukeraketa.

Eskaeren balioespena eta laguntzak adjudikatzeko proposamena Balioespen Batzordeak egingo du. Batzordeak hiru kide edukiko ditu:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balorazio Batzordeko buru izanen dena.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balorazio Batzordeko idazkaria izanen dena.

–Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balorazio Batzordeko kidea izanen dena.

Batzordeburuak eskatuta eratuko da Balorazio Batzordea, eta horretarako kideei dei eginen die. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuak behar diren kudeaketak eginen ditu Balorazio Batzordearen jarduna errazteko.

Balorazio Batzordeak izanen du izangaien eskaerak baloratzeko eskumena, III. eranskinean ezarritako aukeratze irizpide hauen arabera:

a) Izangaiak doktoretza-programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espediente akademikoaren batezbestekoa: 45 puntu gehienez ere.

Laguntza eskatzeko inprimakian laguntza zein titulaziorekin eskatzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Laguntza master batekin eskatzen bada, materra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere konputuan sartuko da.

b) Eskatutako profilarekin bat datozen merezimenduak: 35 puntu gehienez ere.

c) I+Gko proiektuetan parte hartu izana, Europar Batasunaren, Plan Nazionalaren, autonomia-erkidego edo unibertsitateren baten finantzaketari esker, bai eta argitalpen aipagarriak egin izana eta biltzarretan parte hartu izana ere, 10 puntu gehienez ere.

d) Elkarrizketa pertsonalak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta aurreko 3 atalen baturan puntuazio handiena duten hiru izangaiei eginen zaie bakarrik.

7.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko da, baita eskaturiko laguntzarako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskaturiko agiriak garaiz eta forman ez aurkezteagatik baztertutakoena ere.

Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, eta interesdunei 5 egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bazterketaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, Ikerketa Zerbitzura zuzendua, eta ebazpenean adierazten diren gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Izangaiak ez baditu epe horretan gabeziak zuzentzen edo dokumentazioa osatzen, deialditik baztertuta geratzen ahalko da.

7.2. Ikerketa Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da eta, haren aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea maila bereko Nafarroako auzitegi batean bi hilabeteko epean, ebazpena iragarki-oholean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.3. Geroago, Balorazio Batzordeak onartutako eskaerak ebaluatuko ditu 6. oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioak eta laguntzaren behin-behineko adjudikazio proposamena onetsiko ditu.

Behin-behineko adjudikazioak dituen Balorazio Batzordearen erabakia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta haren kontra interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, batzordeburuari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, proposamen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.4. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Balorazio Batzordeak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena eta itxaron zerrendan dauden izangaiena, puntuazioaren arabera ordenatua, ebazpen baten bidez onets ditzan. Ikerketako errektoreordearen ebazpena, behin betiko adjudikazioak eta itxaron zerrendan dauden izangaien lehentasun ordena aditzera ematen dituena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Laguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.5. Iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da oinarri honetan aurreikusitako laguntzaren deialdian onartzeko edo baztertzeko eta laguntza emateko edo ukatzeko erabaki eta ebazpenen publizitate ofiziala egiteko bide bakarra, nahiz eta interesdunei haien edukia posta elektronikoz ere jakinarazten ahal zaien, modu osagarri eta ez-ofizialean.

8.–Doktoretza aurreko kontratuen baldintzak eta luzapena.

8.1. Laguntzaren xedea doktoretza-tesi bat egitea izanen da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuaren modalitatean.

8.2. Kontratuaren helburua Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren jakintza-arloko ikerketa-lanak egitea izanen da, zehazki “Agregazioko eragile klasiko eta lausoak irudi hiperespektralaren eta biomedikoaren prozesamendu adimendunerako” izeneko ikerketa-lerroa garatzea.

Laguntzaren onuradunak, langilea den aldetik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, enplegatzailea den aldetik, idatziz eginen dute doktoretza aurreko kontratua. Kontratuari erantsiko zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan onartua dela adierazten duen agiria, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretza edo graduondoko eskolak emana, hala badagokio.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta urtebeteko iraupena izanen du. Onuradunak, programan dagoen bitartean, aukera izanen du kontratua urtebeterako luzatzeko, doktoretza-programako irakaskuntza batzordeak edo, kasua bada, doktoretza-eskolak aldez aurretik txostena eginda.

Horretaz gainera, laguntzaren onuradunak aurkeztutako urteko txostenaren aldeko ebaluazioa egin beharko du tesi zuzendariak, eta behar besteko aurrekontua egon behar da.

Deialdiko laguntzaren iraupena 2 urtekoa izanen da gehienez ere, luzapenak barne.

8.3. Laguntzaren urteko diru-zuzkidura Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak sinatutako hitzarmenenean zehaztutakoa izanen da. Kontratuen lehen urtean honela banatuko dira zenbatekoak:

–Lansariak: 16.971,64 euro.

–Gizarte Segurantza: 4.331,16 euro.

–Doktoretza-matrikularako laguntza: 400 euro.

Kopuru horiei Gizarte Segurantzako enpresa kuotak kenduko zaizkie, bai eta onuradunaren nahitaezko kotizazioaren kuota ere, legedi indardunean ezarritako moduan.

Zenbatekoa 14 ordainsaritan ordainduko da.

Bigarren urtean gastu kontzeptuen arteko banaketa aldatzen ahalko da urte bakoitzerako Prestakuntzan Dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutuan ezartzen diren gutxieneko lansarien zenbatekoekin bat egiteko; martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsi zuen Estatutu hori (BOE, 64.a, 2019ko martxoaren 15ekoa).

9.–Onuradunen betebeharrak

9.1. Onuradunak laguntzak onartzeak berekin dakar deialdi honetako oinarriak bete behar izatea, baita Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak laguntza honetarako hitzarmenean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzaren jarraipen zientifikorako ezartzen dituztenak ere.

9.2. Laguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez bada, laguntzari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egun baliodunetan sinatzen ez bada.

b) Atxiki zaion ikerketa-taldean bere lana aprobetxamenduz egitea, baita beste hainbat erakundetan ere, baldin eta beste zentro edo enpresa batzuetan ikerketa-egonaldiak egin behar direla erabakitzen bada.

c) Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, tesiaren zuzendariaren baimenik ez badute. Erabateko sekretua gordetzea bere jarduerak egitearen ondorioz eskuratu lezakeen informazio konfidentzialari buruz, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskuratu lezakeenari buruz, baita ikerketa-egonaldiak egiten dituen zentro edo enpresetan ere, eta ez kontatzea, jakinaraztea eta/edo zabaltzea hirugarren pertsonei, ez osorik ezta partez ere.

d) Onuradunak bere ikerketekin lotutako edozein komunikazio, argitalpen edo zabalkunde-lan egin nahi badu, aldez aurretik tesiaren zuzendariaren berariazko baimen idatzia eduki beharko du. Tesiaren zuzendariak baimen horren oniritzia eskatuko dio Ikerketako errektoreordeari. Edonola delarik ere, baimena emateko edo ukatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresaren arteko hitzarmenak esaten duena hartuko da aintzat.

e) Tesiaren zuzendariari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari eta Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresari bidaltzea egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin eta konfidentzialtasun klausulak errespetatuz.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordearen urteroko nahitaezko jarraipen proba berrienaren aldeko txostena edukitzea, kontratua urtero berritzeko. Onuradunak urteroko proba nahitaez egin beharrik ez badu, egindako lanari buruzko oroitidazki bat aurkeztu beharko du tesiaren zuzendariak egindako txostenekin batera.

g) Laguntzak iraun bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak emandako finantzaketa eta laguntza honen oinarrian dagoen hitzarmena.

h) Tesi zuzendariari, laguntza bukatzen denean, egindako lanaren azken txostena aurkeztea, baita lan bizitzaren egiaztagiri bat ere.

i) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 3 urteko epean gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emanda eta Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordeak aldeko txostena emanda.

j) Tesiaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuari jakinaraztea laguntzaren esparruan lortzen den edozein emaitzaren berri, baldin eta emaitza hori jabetza intelektualaren edo industrialaren edozein babes-formularekin babestua izateko modukoa bada, edo/eta inolako aplikazio industrial edo komertzial baldin badu.

k) Nafarroako Unibertsitate Publikoari uztea eta esleitzea laguntza honen esparruan sortu diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

9.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, beharrezkoa bada, hala agintzen baitu dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak.

9.4. Laguntzari uko egiteko, idazki bat bidali behar dio onuradunak Ikerketako errektoreordeari, tesiaren zuzendariak sinatua, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun baliodun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.

Bajarik egonez gero, laguntzak emateko behin betiko ebazpeneko itxaron zerrendan dauden izangaientzat ezarritako hurrenkera ordena jarraituz ordezkatzen ahalko dira, betiere Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresak aldez aurretik ados dagoela agertzen badu eta, orobat, tesiaren zuzendariak oniritzia ematen badu, uste duelako laguntzaren xedea bermatuta geratuko dela laguntza amaitzeko geratzen den denboran.

9.5. Deialdiko laguntzaren onuradunak bete beharreko zereginak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan eginen dira, eta, hala ezartzen bada, ikerketa-egonaldiak egiteko proposatzen diren beste zentro eta enpresetan, Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) barne. Egonaldi horietan, onuradunak zentro edo enpresa hartzaile bakoitzeko araudia eta berariaz ezartzen diren arau espezifiko guztiak bete beharko ditu.

10.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko ditu laguntzaren onuradunak.

11.–Irakaslanetako lankidetza.

Laguntza honen onuradunak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakaskuntza-lanetan laguntzeko, betiere laguntzaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean 60 ordu har ditzake gehienez lankidetza horrek.

2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.

12.–Laguntza etetea.

Laguntza honen onuradunak eskubidea edukiko du Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean.

Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Aldi baterako desgaitasun, haurdunaldiko arrisku, amatasun, adopzio edo harrera, edoskitzaroko arrisku eta aitatasun egoerek eten eginen dute kontratuen iraupenaren zenbaketa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat.

13.–Jabetza industriala eta intelektuala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak izanen dira laguntza honen esparruan sortutako ikerketa-emaitzei buruzko jabetza industrial eta intelektualeko eskubide guztiak, eta bera bakarrik izanen da eskubide horien titularra.

Hala, laguntzaren onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoari utzi eta esleituko dizkio laguntzaren esparruan sortutako emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Navarra de Servicios y Tecnologías S.A. (NASERTIC) enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

Nolanahi ere, laguntzaren esparruan sortutako emaitzen gaineko eskubideak ustiatu edo uzteagatik lortzen diren mozkinetan parte hartzeko eskubidea aitortuko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak onuradunari, bidezkoa bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 70. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Horretaz gainera, laguntza honen onuradunaren eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.

14.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta bere oinarri juridikoa, botere publikoa baliatzea eta interes publikoa betetzea, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduko 6.1.e) artikuluaren arabera. Zehazki, xedea ikertzaile gazteak prestatzea da, urtero ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdia eginez prestakuntzan dauden ikertzaileen lana sustatzeko.

Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da, eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer laguntza esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

15.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Deialdi hau aplikatzearren emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I.I eranskina.–Merezimenduen zerrendaren inprimakia.

Deskargatu I.I eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2207983