114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

236E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez enpresa erakundeentzako eta sindikatuentzako dirulaguntza deialdi bat onesten baita laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak egin ditzaten prebentzioko lurralde delegatuaren figuraren bidez. DDBN identifikazioa: 628383

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak adierazten du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketak arrakasta izateko, hein handi batean premiazkoa da enpresan inplikatutako bi alderdiek, hau da, enpresaburuek eta langileek eta haien legezko ordezkariek lankidetza egokia izatea. Nafarroan azken urteotan izandako laneko ezbehar-tasa handia eta onartezina izan denez, Administrazioak lankidetza hori sustatu behar du, alderdi guztien ahaleginak bateratzeko ezbehar-tasa murrizte aldera.

Uste da prebentzio jarduketen eraginkortasunak zerikusi zuzena duela lan arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketan txertatzearekin, eta ikuspegi hori bat dator nazioarteko eta estatuko erakunde garrantzitsuekin (ISSA, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionala), enpresa erakundeekin eta sindikatuekin.

Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren barruan, partaidetzarako eta negoziazio instituzionalerako organo gorena den aldetik, Nafarroako Enplegurako Plana (2021-2024) adostu da, eta plan horretan jaso da, hain zuzen ere, prebentzioko lurralde delegatuaren figuraren sustapena. Figura horrek, bi alderdien arteko jardun koordinatuaren bidez, landa-lana ahalbidetzen du, prebentzioaren arloko hobekuntzen gainean informatzeko, aholkatzeko eta horiek planifikatzeko; lan hori lagungarria izan daiteke disfuntzioak zuzentzeko eta enpresetan prebentzio kultura handiagoa ezartzeko, bai eta plantilla horien enpleguaren kalitatea hobetzeko ere. Horregatik, bidezkotzat jotzen da enpresen eta sindikatuen arteko lankidetza sustatzeko laguntzen deialdi bat egitea, laneko arriskuen prebentzioa eraginkortasunez kudeatzeko.

Prebentzioko lurralde delegatuaren figuraren izaeragatik beragatik (figura hori Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordio horren negoziazio legitimotik sortu zen eta Enplegurako Planean jasotzen da), deialdi honek nahitaez bateratua den jarduna bultzatzen du enpresa erakunde baten eta sindikatu baten artean, jarduketen plangintza, inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa haien artean adostu daitezen.

Jarduketa horien emaitzak ez dira berehalakoak, eta urteetan zehar antzematen dira. Enpresaburuen eta sindikatuen arteko lankidetza programaren dinamikak, batez beste, hamabi hilabeteko iraupena behar du, hura hasi zenetik. Koordinazio eraginkorra eta efizientea finkatu nahi da, eta, beraz, hurrengo ekitaldiko gastua egotzi behar da.

Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2022-2024) sartu da, “Enpresa erakundeentzako eta sindikatuentzako dirulaguntza, laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak gauzatzeko, prebentzioko lurralde delegatua” izeneko 232 kodea erabilita, bat etorriz Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 42/2022 Ebazpenean xedatutakoarekin.

Lehen aipatutakoa dela eta, komenigarria da dirulaguntzen deialdia urte anitzekoa izatea, 2022ko eta 2023ko gastu-aurrekontuei eraginez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluko mugak gainditu gabe.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea 2022. urterako, enpresa erakundeek eta sindikatuek laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak gauzatu ditzaten prebentzioko lurralde delegatuaren figuraren bidez.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Baimentzea 400.000 euroko gastua, 2022ko gastu-aurrekontuko ‘’Lankidetza proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan: prebentzioko lurralde delegatua’’ izeneko 810012 81500 4819 494115 partidaren kargura, eta 200.000 euroko gastua, 2023ko gastu-aurrekontuan izen horrekin gaitzen den partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494115: Lankidetza proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan: prebentzioko lurralde delegatua

2022

400.000.00

810012-81500-4819-494115: Lankidetza proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan: prebentzioko lurralde delegatua

2023

200.000.00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honetako laguntzen helburua da enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura garatzea, prebentzioko lurralde delegatuaren figurak egindako jarduketen bidez, Nafarroako laneko ezbehar-tasa murrizteko.

Enpresa txikietan ezbehar-tasa handiagoa denez, jarduketak 100 langile baino gutxiagoko enpresetan eginen dira lehentasunez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Prebentzioko lurralde delegatuaren figuraren izaeragatik beragatik (figura hori Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordioaren negoziazio legitimotik sortu zen, bat etorriz Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluarekin, eta horren ondorioz hitzarmen kolektiboaren izaera du), onuradunek egin beharreko jarduketa enpresa erakunde baten eta sindikatu baten artean gauzatu behar da, jarduketen plangintza, inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa haien artean adostu daitezen. Horregatik, proiektua talde gisa aurkeztu behar da; enpresa erakunde batek eta sindikatu batek osatuko dute taldea, onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenen artean.

2. Taldekako deialdi honetara honako erakunde hauek aurkezten ahalko dira:

a) Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroan inskribatuta dauden sindikatuak, deialdiaren egunean Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan guztira ehuneko hamarreko ordezkaritza edo handiagoa dutenak.

b) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sektorearteko enpresa erakundeak, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian araututakoaren arabera.

3. Eskaera egiteko unean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Taldeetako kide diren erakundeek ezin dituzte urratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekuak. Eskabide-inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

b) Halaber, ez dute inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen egon behar sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, edo, kasua bada, ez dute arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain egon behar.

Egoera horretan dauden erakundeak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzekin, halakorik exijitzen ahal bazaie.

4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, egiaztatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza emateko proposamenean eta deialdian araututako ordainketa bakoitza egin aurretik. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

5. Nortasun juridikorik ez duten taldeek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena. Berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak.

3. oinarria.–Diruz lagunduko diren jarduketen baldintzak.

1. Laguntza eskatzen duten taldeek aurkeztu beharko dute prebentzioko lurralde delegatu gisa izendatutako pertsonen bitartez batera esku hartzeko proiektu bat, laneko ezbehar-tasa lankidetzaren bidez hobetzen lagunduko duena, honako baldintza hauetan:

a) Proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak bilduko ditu, sentsibilizaziora, aholkularitzara eta informaziora bideratuak, honako hauek barne: enpresetara bisitak egitea, jarduketa plan bat egitea eta proposatutako neurrien jarraipena egitea.

b) Proiektuan egin beharreko jarduketak eginen dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2023ko ekainaren 30era arte. 2022ko azaroaren 30era arte egindakoak 2022ko partidaren kargura finantzatuko dira, eta 2023ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen direnak, berriz, 2023ko partidaren kargura.

c) Jarduketak 100 langile arteko plantilla duten Nafarroako enpresetan gauzatuko dira.

2. Dirulaguntza honen ondorioetarako, prebentzioko lurralde delegatuek (bai enpresaren aldetik, bai sindikatuen aldetik proposatutakoek) modu mankomunatu eta koordinatuan beteko dituzte beren eginkizunak eta eskumenak.

Jarduketa diruz lagungarriak metodologia honen arabera egindakoak dira:

–1. fasea: Analisi eta diagnostikorako bisita:

  • Enpresek banakako bisita bat jasoko dute alderdi bakoitzaren aldetik (enpresa erakundea eta sindikatuak), aurrez aurre edo baliabide telematikoen bidez, jarduketa aurkezteko eta informazioa biltzeko.

–2. fasea: Jarduketa plana prestatzea:

  • Aurreko bisitan edo kontaktuan lortutako informaziotik abiatuta, alderdiek –enpresak eta sindikatuek– elkarrekin egin beharko dute prebentzioaren arloan atzemandako egoeraren diagnostikoa; egin daitezkeen hobekuntzak eta jarduketak ere adierazi beharko dituzte, eta jarduketa plan baten barruan egon behar duten enpresako prebentzio-neurrien proposamena ere egin behar dute, hobekuntza eta eraginkortasuna lortze aldera. Plan hori bi alderdiek adostu beharko dute, eta jarduketaren xede den enpresan plana ezartzeko egutegi bat ezarri beharko dute, jarraipenaren adierazleak eta emaitzak barne.

–3. fasea: Jarduketa plana aurkezteko bisita:

  • Lurralde delegatuak (enpresarenak eta sindikatuenak) bigarren bisita edo kontaktua eginen du. Bertan, langileen eta enpresaren ordezkariekin batera bilduko da, eta aurkeztuko da elkarrekin egindako diagnostikoa eta enpresarentzat proposatutako jarduketa plana.

–4. fasea: Aholkularitza- eta laguntza-lanak neurriak ezartzeko:

  • Nafarroako laneko arriskuen prebentzioko lurralde delegatuak, bere eginkizunen barruan, aholkularitza-lanak eginen ditu (aurrez aurre, telefonoz edo telematikoki) jarduketa planean zehaztutako neurriak ezartzeko, sindikatuek edo enpresak eskatuta.

–5. fasea: Ebaluatzea eta neurtzea jarduketak zenbateraino ezarri diren eta horien inpaktua:

  • Azkenik, ezarritako neurrien jarraipena eta ebaluazioa eginen du delegatu bakoitzak, ebaluatu ahal izateko jarduketak enpresan duen eragina eta egindako jarduketa plan bakoitza zenbateraino ezarri den.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak izanen dira aipatutako proiektuen barruan dauden honako gastu hauek, baldin eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2023ko ekainaren 30era bitartean fakturatzen badira eta 2023ko uztailaren 31 baino lehen ordaintzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren teknikarien gastuak, hartan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.

b) Entitateak proiektuan laguntzeko kontratatzen dituen administrazio langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.

c) Proiektuko jarduketak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

d) Kanpo enpresak edo aholkulariak kontratatzeko gastuak, aurkeztutako proiektuaren esparruan: gastuaren %70era arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren mugak kontuan harturik.

e) Prebentzioko lurralde delegatuaren jarduketekin lotutako edukiak sortzea, editatzea eta zabaltzea, materialen eta komunikabideen bitartez.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %70era arteko azpikontratazioa egin daiteke. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, onuradun horrek kanpoko baliabideak izanez gero egiten ahal dituen jarduerak izanik. Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratu bat egin beharko da idatziz, eta kontratu hori frogagiriekin batera aurkeztu beharko da.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.

b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

4. Baldin eta 1. ataleko d eta e letretan aurreikusitako gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian justifikatu beharko dira.

5. Langileen atalean dirulaguntza kalkulatzeko, zenbateko hauek hartuko dira kontuan proiektuan parte hartzen duten bi erakundeetako bakoitzerako:

a) Teknikarien kostua, honela kalkulatuta: 47 euro orduko (kostu sozialak barne) eta 40 orduko batez besteko dedikazioa enpresa bakoitzeko. Teknikarien kostua guztira, enpresa eta erakunde bakoitzeko: 1.880 euro.

b) Laguntzarako administrarien kostua, honela kalkulatuta: 30 euro orduko (kostu sozialak barne) eta 15 orduko batez besteko dedikazioa enpresa bakoitzeko. Administrazioko langileen kostua guztira, enpresa eta erakunde bakoitzeko: 450 euro.

Proiektu bakoitzari gehienez emanen zaion dirulaguntza honela kalkulatuko da:

Proiektuaren barruan bisitatu beharreko enpresen kopurua × 2.330 euro × 2 + joan-etorrien gastuak + kanpo aholkularitzako gastuak + komunikazioko eta zabalkundeko gastuak, 4.1 oinarrian adierazitakoaren arabera.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Taldea osatzen duten erakundeen legezko ordezkariek sinatutako agiria, non taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatzen baita, taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.

b) Proiektua, eduki honekin:

–Proiektuaren izena eta talde eskatzailea osatzen duten erakundeen deskribapena.

–Bisitatu asmo diren enpresen kopurua, haien EJSN-CNAEak adierazita. Datuak jakinez gero, enpresen identifikazioa eta langile kopurua, sexuaren arabera bereizita.

–Jarduketen helburuak.

–Helburuak lortzeko garatuko diren jarduketen deskribapena, aurreikusitako kronograma sartuta. Aldi horretan bisitatu beharreko enpresen kopurua zehaztuko da, eta ordura arte egin diren jarduketen faseak zehaztuko dira, 3.2 oinarrian jasotakoaren arabera.

–Hala bada, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko jarduketen deskribapena.

–Adierazleak.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

c) Memoria ekonomikoa, eduki hau izanen duena:

–Dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehakatua, parte hartzen duen erakunde bakoitzeko, honako hauek adierazita: 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa (langile gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak), proiektuan arituko diren pertsonen kopurua (prebentzioko teknikariak eta/edo administrariak), pertsona bakoitzaren lanorduak eta kostua, eta, hala badagokio, azpikontratatu asmo diren jarduketak.

d) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Aurrekontuko ekitaldi bakoitzean baimendutako kreditua talde eskatzaileen artean banatuko da, laguntzak emateko irizpideetan lortutako puntuazioaren araberako proportzioan, muga izanik talde bakoitzak aurkeztutako proiektuaren gehieneko zenbateko diruz lagungarria. Baimendutako kreditu-gerakinik badago, modu berean banatuko da, baimendutako kreditua agortu arte, kasuan kasuko proiektuaren gehieneko aurrekontu diruz lagungarria baino dirulaguntza txikiagoa esleitu zaien eskatzaileen artean.

2. Hauek dira dirulaguntza emateko irizpideak:

a) Bisitatu beharreko enpresen kopurua: Taldeak proiektuan 30 enpresa baino gehiago biltzen baditu, 25 puntu. Enpresa kopurua 10 eta 30 artekoa bada, 10 puntu. Bisitatu beharreko enpresen kopurua 10 baino txikiagoa bada, 3 puntu.

b) EJSN-CNAEak: Bisitatu beharreko enpresen %70 baino gehiago baldin badira II. eranskinean jasotako lehentasunezko EJSN-CNAEetako batekoak, 30 puntu.

c) Langile kopurua: 6 langile baino gutxiagoko enpresen %10 gutxienez barne hartzen bada, proiektuak 20 puntu gehiago jasoko ditu.

d) Enpresetan sartzeko konpromisoa egotea. Bisitatu beharreko enpresen %60 baino gehiago sartzeko konpromisoa aurkezten bada: 20 puntu.

e) Proiektuan, bisitatu beharreko enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari laguntzeko jarduketak sartzen badira: 5 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da proiektuetako kide diren erakunde bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa; kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute jarduketa. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxaren bitartez eta fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraikiz.

a) 2022ko irailaren 30era arte (egun hori barne):

–Tarteko txosten teknikoa, ordura arte zehaztutako helburuen betetze-mailari buruzkoa. Txostenak enpresa bakoitzean egindako jarduketen laburpen zehatza izan behar du, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoari jarraikiz.

b) 2022ko azaroaren 30era arte (egun hori barne):

–Tarteko txosten teknikoa, ordura arte zehaztutako helburuen betetze-mailari buruzkoa. Txostenak enpresa bakoitzean egindako jarduketen laburpen zehatza izan behar du, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoari jarraikiz.

c) 2023ko apirilaren 30era arte (egun hori barne):

–Tarteko txosten teknikoa, ordura arte zehaztutako helburuen betetze-mailari buruzkoa. Txostenak enpresa bakoitzean egindako jarduketen laburpen zehatza izan behar du, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoari jarraikiz.

d) 2023ko uztailaren 31ra arte (egun hori barne):

–Tarteko txosten teknikoa, ordura arte zehaztutako helburuen betetze-mailari buruzkoa. Txostenak enpresa bakoitzean egindako jarduketen laburpen zehatza izan behar du, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoari jarraikiz. Era berean, laburpen bat aurkeztuko da eta hartan azalduko da zein diren enpresa bakoitzean egindako jarduketen ondorioak eta zenbateraino ezarri den proiektua gauzatzean landutako jarduketa plan bakoitza. Txostenean laneko parteak sartuko dira, prebentzioko lurralde delegatu lanetan ari diren pertsonek eta jarduketaren xede den enpresak sinatuta.

–Azken justifikazioa (dokumentazio tekniko-ekonomikoa), bilduko duena deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2023ko ekainaren 30era arte egindako eta fakturatutako gastua, 2023ko uztailaren 31ra arte ordaindua (egun hori barne). Dokumentazio horretan, aurreko puntuan adierazitakoaz gain, 2022an eta 2023an gauzatutako proiektu osoaren gastuen eta ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, eta zehazki:

  • Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.
  • Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.
  • Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.
  • Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
  • Fakturak eta ordainagiriak.

2. Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntza lau unetan ordainduko da: lehenbiziko hirurak kontura ordainduko dira, eta azkena dirulaguntzaren likidazioarekin batera, oinarri honetan zehazten den moduan. Kalkulatzen da osatutako fase bakoitza proiektuaren kostuaren %20 dela enpresa bakoitzeko.

Konturako ordainketen ereduaren barruan, laguntza hiru unetan ordainduko da, 8.1 oinarrian aurreikusitako txosten teknikoak aurkeztu ondoren: 2022ko urrian, konturako lehen ordainketa; 2022ko abendua, konturako bigarren ordainketa; eta 2023ko maiatzean, konturako hirugarren ordainketa.

Ordaindu beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: proiektuaren osatutako faseen zenbatekoa + joan-etorrien gastuak + kanpo aholkularitzako gastuak + komunikazioko eta zabalkundeko gastuak.

2. Jarduketa diruz lagungarriak amaitu eta 8.1.d) oinarrian adierazitako azken justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren (jarduketak guztiz egin direla egiaztatzen duena), hiru hilabeteko epean, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, eta, haren bidez, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordaindu eta dirulaguntza likidatuko da. Konturako ordainketek justifikatutako dirulaguntza gainditzen badute, dirulaguntzaren azken likidazioaren ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera. Jarduketa diruz lagungarriak burutu direla ulertuko da, aurkeztutako azken txosten teknikoetatik ondorioztatzen bada 3. oinarrian zehaztutako bost faseak osatu direla.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Honako hauek dira 2021(1). urterako lehentasunezko dibisioak, P75-az gora dituztenak laneko istripuen eta pertsona-kopuruen intzidentzia indizeak:

EJSN-CNAE

01

Nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin zerikusia duten zerbitzuak

10

Elikagaien industria

22

Kautxu produktuen eta plastikoen fabrikazioa

24

Burdinazko eta altzairuzko produktuen fabrikazioa

25

Produktu metalikoen fabrikazioa, makinak eta ekipoak izan ezik

28

Makinen eta ekipoen fabrikazioa

29

Ibilgailu motordunen eta atoien fabrikazioa

41

Eraikuntza

43

Eraikuntza espezializatuko jarduerak

45

Ibilgailu motordunen eta motozikleten salmenta eta konponketa

47

Txikizkako merkataritza, ibilgailu motordunak izan ezik

55

Ostatu arloko zerbitzuak

56

Otordu eta edarien arloko zerbitzuak

87

Laguntza egoitza-establezimenduetan

88

Ostaturik gabeko gizarte zerbitzuen jarduerak

93

Kirol, jolas eta entretenimendu jarduerak

(1) Iturria: ISPLN 2022.

Iragarkiaren kodea: F2207575