114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

60/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, 2022. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Pedro Salaberri Zunzarren jaunari ematea xedatzen duena.

“Vianako Printzea” Kulturaren Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen 1990. urtean, aintzat hartzeko asmoz kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Pedro Salaberri Zunzarren jaunari eman diezaiola 2022. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria, bildu dituen merezimendu nabarmenengatik.

Pedro Salaberri (Iruña, 1947) Nafarroan hobekien identifikatzen diren margolarietako bat da, ongi mugatutako estiloa baitu. Egin dituen erakusketa ugaritan, milaka pertsonak ederretsi dituzte bere margoak (paisaiak, nagusiki); jende askorengana iristea lortu du, eta askotariko jendeak balioesten du.

Paisaiaren eta giza izaeraren adierazpideak interpretatzeko duen estetika partikularrak ekarpen handia egin dio Nafarroako kulturari. Bere obran pintura naturala, sentikorra eta gogoetatsua aurkitzen dugu, eta sinplea konposizioaren aldetik. Margolariak paisaia zentzu zabalean ulertzeko modu berezi bat landu du: kritika urbanoa eta landa-paisaia, mendiak eta gizakiaren presentzia, arkitektura paisaiaren elementu gisa txertatuz, batez ere Nafarroako ingurunean; geografia aberatsa eta, naturari dagokionez, askotarikoa.

Bere ibilbide artistikoa 1965ean hasi zen, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan marrazketa eta pintura ikasketak hasi zituenean. Besteak beste, Isabel Baquedano edo Salvador Beunza sortzaileengandik jaso zuen prestakuntza. “Iruñeko Eskolako” kidetzat hartzen da. Mugimendu horretan, besteak beste, Xabier Morrás, Aquerreta edo Pedro Osés artista gazteak bildu ziren. Salaberriren lehenengo agerraldietako bat Iruñeko Topaketetan izan zen, 1972an, bertan parte hartu baitzuen. Duela 40 urtetik hona, hirurogeita hamar bat erakusketa indibidual egin ditu herrialde osoan, eta erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du.

Baina, bere lanaz harago, Salaberri nabarmendu da, orobat, Nafarroako artistengandik hurbil dagoelako eta talentu berriak babesten eta bultzatzen dituelako. Baita arte eszenikoekin duen inplikazioagatik ere, antzerki-lanetarako eszenografien egile gisa.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2022. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Pedro Salaberri Zunzarren jaunari ematen zaio 2022. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Pedro Salaberri Zunzarren jaunari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2207797