113. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIA

Herri lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea

Elizagorriko Udalak, 2022ko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Elizagorriko Udalaren herri lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 24an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betikoz onetsita gelditu da aipatu ordenantza, ondoren ematen baita; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Elizagorrian, 2022ko maiatzaren 11n.–Alkatea, Máximo López Caro.

ELIZAGORRIKO UDALAREN HERRI LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Elizagorriko Udalaren herri ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua.

Herri ondasunak dira Elizagorriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik beren gain. Ez dute aldaketarik izanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Elizagorriko herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Administrazio Zuzenbidea; ordenantza hau; eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Titulartasuna eta aplikazio eremua

5. artikulua.

Elizagorriko Udalak dio Elizagorriko herria dela ondoren deskribatzen diren herri lurren jabe eta edukitzaile juridiko bakarra.

III. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

6. artikulua. Herri ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Elizagorriko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen gainean Elizagorriko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

7. artikulua. 1. Herri ondasunak desafektatzen ahalko dira artikulu honetan aipatzen diren kasuetan.

2. Honako hauek beharko dira herri ondasunak desafektatzeko, haien erabileraren lagapenagatik edo kargagatik, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoarekin:

a) Elizagorriko Udalaren osoko bilkurak gehiengo osoz hartutako hasierako erabakia.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, erabakia jendaurrean edukitzea hilabetez entitatearen iragarki taulan, aipatu epean alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

c) Hala egokituz gero, alegazioen edo erreklamazioen ebazpena ematea eta a) apartatuan aipatutako organoak behin betiko erabakia hartzea, adierazitako gehiengoarekin.

Hasierako erabakia behin betikoa bihurtuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

d) Herri ondasunen arloan eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuari igortzea aurreko apartatuetan aurreikusitakoa bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa, bai eta finka identifikatzeko behar diren agiriak eta erabilera lagapena edo karga arautuko duten baldintza teknikoen eta administratiboen agiria ere.

e) Nafarroako Gobernuak onestea, foru dekretu bidez.

3. Herri ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, ezarrita dauzkaten baldintzetara itzultzeko klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Herri ondasunak itzuli ondoren, Elizagorriko Udalaren ondarean sartuko dira berriz, herri ondasun gisa sartu ere.

4. Lursail txikiak saldu eta trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.3 artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 144. artikuluan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo sozialaren deklarazioa egin beharko du, eta, hori baino lehen, Elizagorriko Udalak justifikatu beharko du helburua ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, zeinak betiere lehentasunezko aukerak izanen baitira.

Prozedura honako hau da:

a) Hasierako erabakia, Elizagorriko Udaleko legezko kideen bi hereneko gehiengoaren bidez hartua.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, erabakia jendaurrean edukitzea hilabetez entitatearen iragarki taulan, aipatu epean alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

c) Hala egokituz gero, alegazioen edo erreklamazioen ebazpena ematea eta a) apartatuan aipatutako organoak behin betiko erabakia hartzea, adierazitako gehiengoarekin.

Hasierako erabakia behin betikoa bihurtuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

d) Nafarroako Gobernuak onura publiko edo sozialaren deklarazioa egitea eta onestea, foru dekretu bidez.

5. Desafektazioak foru lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostu bidez edo dohainik eskualdatzeko eta lursail txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko zenbakietan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

IV. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

8. artikulua. Elizagorriko Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

9. artikulua. Elizagorriko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko, lehenago noizbait desafektatu edo laga badira ere.

10. artikulua.

Elizagorriko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak jakinarazpen horiei buruzko erabakia hartu beharko du osoko bilkuran.

11. artikulua. Elizagorriko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, zertarako eta baimen, kontzesio edo beste zernahiren babesean herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuta, aldez aurretik kalte ordaina emanda zein ez, zuzenbidearen arabera zer dagokion.

12. artikulua.

Elizagorriko Udalak, herri lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua.

Elizagorriko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluan ezarritako moduan.

V. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Elizagorriko Udala ahaleginduko da herri ondasunak ekoitzarazten, hobetzen eta ahalik eta egokien aprobetxatzen.

15. artikulua.

1. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri lurren aprobetxamendua.

b) Beste aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua.

1. Oro har, herri lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Elizagorriko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Elizagorrian urtean egiazki eta jarraian gutxienez bederatzi hilabetez bizitzea.

d) Elizagorriko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) baino apalagoak badira.

Adjudikazioak irauten duen bitartean, herritarren artean adjudikatzen diren loteak familia unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu eskualdaketa.

3. Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Elizagorriko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

4. Adjudikaziodunek nekazaritzako politika bateratuaren (NPB) aitorpena egin behar dute adjudikatutako lursailei buruz.

5. Adjudikaziodunen artean ez da lursailik aldatzen ahalko, salbu eta bi alderdiek horretarako akordioa sinatzen badute. Hala ere, Udalak akordio hori onartu beharko du.

17. artikulua. Herri lursailak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, Elizagorrian urtean gutxienez 9 hilabetez ez bizitzeagatik edo Elizagorriko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honen 16. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, ordenantza honen 16. artikuluan aurreikusitako baldintza guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikaziodun izateko, eta betetzen jarraitu beharko dira adjudikazioak irauten duen bitartean.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri lursailak kenduko zaizkio adjudikaziodunari gelditzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri lurren aprobetxamendua

1. ATALA

Aprobetxamendu modalitateak

18. artikulua.

Laborantzarako herri lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Elizagorriko Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko esleipena.

Elizagorriko Udalak laborantzako lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

2. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

19. artikulua.

1. Onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru sarrerek, guztira, aipatu soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru sarrera lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren parekoa izanen da.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira errentaren aitorpena, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa, abeltzaintza eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta antzeko beste edozein datu ere.

20. artikulua. 1. Eredu lotearen hedadura hau da:

–Lehorreko lurra: 4-6 ha.

Hala ere, zozketa orokorra egiten den unean, egoera ikusita, herri lursail guztiak berrikusiko dira, eta ereduzko lotearen hedadura murrizten edo handitzen ahalko da.

2. Zehazteko zer lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.

3. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendu mota honetarako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitateak anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Elizagorriko Udalak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen aurreko artikuluan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

Fruta arbolen kasuan, edo Udalaren iritziz baimentzen ahal diren beste zuhaitz batzuen kasuan, epeak ez dira inoiz izanen 15 urtetik goitikoak. Salbuespen moduan, mahastiak, almendrondoak eta olibondoak landatzen badira, epeak ez dira inoiz izanen 20 urtetik goitikoak. Ulertzen da ezen, emandako epea amaitzen denean, izaten ahal den hondar balioak ez duela kalte ordainik jasoko.

Epeen ondorioetarako, nekazaritza urtea urtarrilaren 1ean hasten eta abenduaren 31n amaitzen dela ulertuko da.

22. artikulua. Herri lursailen onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 100 euro/ha/urte.

Aipatu kanona erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) eguneratuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoarekin.

Nolanahi ere, kanonak, gutxienez, Udalak herri lanen jabetzagatik, kontserbazioagatik eta horietan egindako hobekuntza lanengatik dauzkan kostuak berdinduko ditu.

Lursailen onuradunen kontura izanen dira nekazaritzako aseguru sozialen kuota, zaintza tasa, ezartzen bada, eta aurrerantzean lursailen mesedetan ezarritako beste lanak.

23. artikulua.

Onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte herri lursailak, eta ez dituzte errentan ematen ahalko, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.

Onuradunei esleitutako lursailen laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonala izanen da adjudikaziodunak berak edo haren familia unitateko kideek egitea laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak beteta, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko, udal honen iritziz laborantza norberak egitea eragozten duen eritasunagatik edo aldi baterako beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, 15 egun naturaleko epearen barruan jakinaraziko zaio Elizagorriko Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo zuzeneko laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia agiri bidez egiaztatu beharko da, eta Udalak osoko bilkuran baietsi edo ezetsiko du.

Udalaren iritziz ezintasun fisikoa edo bestelako arrazoia behin betikoa bada eta herri lursailen zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedaturikoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu herri lursailak zuzenean eta pertsonalki landatu adjudikatzeko mementoan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu herri lurren hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko aprobetxamenduaren bitartez. Elizagorriko Udalak adjudikaziotik ateratako diru sarrerak ordainduko dizkie lursailen titularrei, kanona kendu ondotik.

Ordainketa hori interesdunak eskatu beharko du, eta norberaren zuzeneko laborantza galarazten duen arrazoia agiri bidez egiaztatu beharko da, eta Elizagorriko Udalak osoko bilkuran baietsi edo ezetsiko du.

26. artikulua.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri lursailak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Lursailak galtzen dituzten onuradunek toki ogasunean sartu beharko dituzten apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

Lurra kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du, eta interesdunari entzunen zaio.

27. artikulua.

1. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, eta onuradunei behar dituen agiriak aurkez ditzaten eskatu, laborantza norberak zuzenean egiten duela egiaztatzeko. Bereziki, egiaztapen horiek hurrengo zozketa baino lehen eginen dira.

Horretarako, Udalak, errentamenduaren edozein unetan, adjudikaziorako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentuak eskatzen ahalko dizkie adjudikaziodunei.

Egiaztapena egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri lursailak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioekin, bidezko diren zehapenak baztertu gabe.

2. Udalak uste izan dezake adjudikaziodunek dagozkien herri lursailak ez dituztela zuzenean eta pertsonalki lantzen, honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, adjudikaturiko herri lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenean.

b) Udalaren txostenaren arabera, adjudikatutako lursailetan ez bada egiten zuzeneko laborantza pertsonalik, aintzat hartuta ordenantza honen 23. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen dena.

c) Honako hauek frogatzeko agiriak eskatu eta Elizagorriko Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea; lehengaiak erostea eta produktuak saltzea; fitosanitarioen liburua; landaketa ekologikoen egiaztapena, adjudikaziodunek edo Udalak horretarako baimendutako pertsonek eginak izan.

d) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda ez daudenean, beren kuoten ordainketan, edo, behintzat, afiliazioa eskatu ezean.

e) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez durenean, horretara beharturik ez egonik ere.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenean.

g) Adjudikatutako eremua lantzen ez dutenak ondoz ondoko bi laborantza ziklotan.

h) Lursailak beren familia unitatetik kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean aitortuta dauzkaten adjudikaziodunak direnean. Hori frogatzeko, adjudikaziodun guztiek NPEren aitorpenaren kopia bat aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, eskatzen zaienean.

28. artikulua.

Onuradunek ez dituzte lantzen ahalko adjudikatu zaizkien herri lurrak adjudikazioan zehaztutakoak ez diren beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota batzuetarako, Elizagorriko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

3. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa

29. artikulua. Lursail beharrei 2. atalean ezarritakoaren arabera erantzun ondoren, gainerako laborantzako herri lurrak eta zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten onuradunen lursailak zuzenean adjudikatuko dira bizilagunen artean, familia unitate baten titular diren herritarren artean, ordenantza honen 16. artikuluan aipatutako baldintzak bete eta Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.

30. artikulua. Udalak erabakiko du zein izanen den herritarrentzako adjudikazio zuzeneko loteen hedadura, lehentasuna duten herritarren arteko esleipena egin ondotik, zeina lantzeko geratzen den gainerako eremuaren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen baita, familia unitate bakoitzaren diru sarrera garbiekiko edo, esleipendunak nekazariak badira, haien ustiategien tamainarekiko alderantzizko proportzioan.

Aurkeztutako eskabideak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa egin ondotik, diru sarrera handienak dituzten familia unitateen titularren eskaerak kenduko dira. Familia unitateen errenta-mailak zehazteko, ordenantza honen 19. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

31. artikulua. Atal honetan aipatzen diren adjudikazioak egiterakoan, Elizagorriko Udalak beretzat gordeko ditu, onuradun berriei erantzun ahal izateko, herri lurretako lursail batzuk, hasierako eremu osoaren ehuneko bost, gehienez ere.

Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, kendu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia unitateen titularren eskaerak.

Toki erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko zenbakian aipatzen diren erreserbatutako laborantza lurrak, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira, aprobetxamendua lehentasunezko eskubidea duen duen beste onuradun bati emanez gero. Ondoren horietarako, baldintza suntsiarazle egokia sartuko da baldintzen artean.

Adjudikazioa herri lursailen adjudikazio orokorraren eperako emanen da.

32. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduei dagokienez 21. artikuluan adierazitakoa izanen da herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren epea.

33. artikulua.

Honako hau izanen da zuzenean adjudikatutako herri lursailen onuradunek ordaindu beharreko kanona:

–Lehorreko lurrak: 100 euro/ha/urte.

Aipatu kanona erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) eguneratuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoarekin. Era berean, Udalak bizi kostuaren gehikuntza ez aplikatzea erabakitzen ahalko du, lursailen maila apala kontuan hartuta.

Lursailen onuradunen kontura izanen da Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren kuota, bai eta Udalak herri lurretan eta ondokoetan helburu berarekin egiten ahal dituen hobekuntzak ere.

34. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 23., 24., 25. 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

35. artikulua. 1. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ez dituzte lantzen ahalko adjudikatu zaizkien herri lurrak adjudikazioan zehaztutakoak ez diren beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota batzuetarako, Elizagorriko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

2. Onuradunek herri lursailen artean edo herri lurren eta jabetza pribatuko lurren artean edozein truke eginez gero ere, Elizagorriko Udalari jakinarazi beharko zaio, uneoro jakiteko nor lantzen ari den herri lursailak eta, berez, noren ardura den ordenantza honetako xedapenak betetzea.

36. artikulua. Udalak, antzeko ezaugarriak dituzten lurrak ez dauzkaten herritar eskatzaileen artean zozketatuta, familia baratzea izateko lursail bat ematen ahalko du, norberak zuzenean landatzeko, ordenantza honen 23. artikuluan eta hurrengoetan xedatuaren arabera.

4. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

37. artikulua. Elizagorriko Udalak, bigarren eta hirugarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Lurren kalitatea kontuan hartuta finkatuko den erreguko hasierako prezioa urte bereko herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko zenbateko bera izanen da, eta urteko igoera berak izanen ditu.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Elizagorriko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA

Herritarren arteko adjudikaziorako prozedura

38. artikulua.

Laborantzako lurrak herritarren artean adjudikatzeko prozedura Elizagorriko Udalaren osoko bilkurak hartutako erabaki bidez hasiko da, eta ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta entitatearen iragarki taulan egonen hamabost egun naturaleko epean, eskubidea dutela uste dutenek herri lursailen adjudikazioa eska dezaten.

39. artikulua. Udal bulegoetan dagoen eredu ofizialean aurkeztu beharko dira eskabideak, honako hauek behar bezain ongi frogatzen dituzten agiriekin eta/edo zinpeko adierazpen batekin batera:

a) Elizagorriko biztanlea izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Zein diren familia unitatea osatzen duten kideak eta, hala egokituz gero, lehentasunezko aprobetxamenduak nahi dituztenen kasuan, desgaitasun fisikoa edo mentala duten kideak.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat hektarea/erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak berariaz zehaztuta.

e) Familia unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak, errentan edo jabetzakoa ez den beste tituluren baten bidez, bai udal mugarte honetan bai beste batzuetan, eta nolako laborantza motakoak diren.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru sarrerak: nekazaritza, abeltzaintza, industria edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak, edo bestelako errenta batzuei dagozkienak.

Zinpeko adierazpen hori egiaztatzeko, Elizagorriko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, agirietan eta datu objektiboetan oinarrituta, 19.3 artikuluan zehaztu bezala.

g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa egunean dagoelako ziurtapena, eta, hori izan ezean, Gizarte Segurantzan alta izateko eskaera.

h) Nekazaritzako makineriaren erregistroa.

i) Nekazaritza Politika Bateratuari (NPB) dagokion adierazpena.

40. artikulua.

Udalak, osoko bilkuran bildurik, lehentasunezko edo herritarrentzako adjudikazio modu bakoitzean onartuen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

41. artikulua.

Ondoren, erreklamazioak egiteko aldi bat hasiko da, herri lursailak lehentasunez edo zuzenean baliatzeko onartuen behin-behineko zerrenden iragarkia iragarki taula jarri eta 15 egun naturalekoa. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

42. artikulua. Behin-behineko zerrendari buruz aurkezten diren alegazioak Udalak ebatziko ditu, eta modalitateetako bakoitzean herri lursailak baliatzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko du.

43. artikulua. Esleipena zozketa bidez eginen da, lehentasunezko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko zuzeneko esleipenetarako, era honetan:

Alde batetik, adjudikatzen ahal diren loteak zerrendatuko dira eta, bestetik, onartuen behin betiko zerrendako kideak, eta, zozketa bidez, lote zenbakia aterako da, eta gero lote hori esleitzen zaion behin-behineko adjudikazioduna. Aurreko hori loteen banaketa amaitu arte errepikatuko da.

Zozketa amaitutakoan, esleitutako loteen eta dagozkien esleipendunen zerrenda eginen da, bai eta esleitu gabe geratu diren loteena ere. Zerrenda hori entitatearen iragarki taulan paratuta egonen da 15 egun naturalez, egokitzat jotzen dutenek nahi dituzten aldaketak proposa diezazkioten udal honi.

44. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako 15 egun naturaleko epea amaitu ondoren, Udalbatzak adjudikaziodunen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta jendaurrean paratuko da 15 egun naturaleko beste epe batez, ediktu bidez, iragarki taulan, gertatu diren akats materialak zuzentzeko.

Epe hori amaituta, Udalak behin betikotzat joko du, eta bere ustez egin behar diren zuzenketak eginen ditu.

III. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

44. artikulua.

Herri larreen aprobetxamenduan horretarako ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

45. artikulua. Elizagorrian herri lurrak barneratuz eratutako ehiza barrutiko ehizaren aprobetxamenduan, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

46. artikulua.

Herri lurren okupazioa, herri lurretan harrobiak ustiatzea eta herri lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza Elizagorriko Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza agiriek arautuko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da espedientea jendaurrean gutxienez 15 egunean paratzea eta ondoren Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. TITULUA

Herri ondasunen hobekuntza

47. artikulua.

1. Elizagorriko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, dagozkien lurrek honako xede hau badute:

a) Herri ondasunen gaineko kargak kentzea.

b) Herri lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, erantzuna emateko inguruabar pertsonal, familiar edo sozialengatik hala behar dutela justifikatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onestekoa.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalak aurkeztutako alegazioei buruz erabakitzea.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri lurretan dauden aldaketak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduen onuradunak herri lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak baino ez ditu onetsiko, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta, geroago, aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VII. TITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

48. artikulua. Arau hauste administratibotzat hartzen dira laborantzarekin zerikusia duten gertakari hauek:

1. Ondoz ondoko bi urtarriletan ez landatzea adjudikatutako lursailak.

2. Herri lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

3. Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea Gordailuzaintzan kanona, aseguru sozialak eta erregelamenduz ezartzen ahal diren diren bestelako tasak.

4. Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aldietan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

5. Lursail bat goldatzean ildoa irekita uztea bideen ondoan.

6. Beste lursailetatik bereizteko ezpondak lantzea.

7. Bideak nahiz abelbideak lantzea.

8. Bideetan eta abelbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

9. Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

10. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion antzeko beste edozein egintza. Eta adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

49. artikulua. Lehen aipatu arau hauste horiek honela zehatuko dira:

48. artikuluko 1.a eta 3.a gozamena iraungita.

48. artikuluko 10.a herri lurren adjudikazioduna izateko desgaituta.

Gainerako arau hausteak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.-K artikuluak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 93.etik 99.era bitarteko artikuluek xedatuaren arabera.

Eta kalteak baztertu gabe, bidezko moduan galdatuko baitira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Elizagorriko herri lurren egungo onuradunek honela utziko diote haien gozamena izateari.

Ordenantza honen arabera, herri lurrak herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioan egokitzen zaizkien titularrak.

a) Dagokiena baino lur gehiago lantzen dutenak. Gehiegizkoagatik azkentzen zaie emakida, baina, eskubidea badute eta hala nahi badute, gozatzen dituzten lursailak errespetatzen zaizkie.

b) Dagozkien lurrak edo gutxiago lantzen dituztenak. Hala nahi badute, gozatzen dituzten lursailak errespetatuko zaizkie, eta azkenek 43. artikuluan aipatzen den zozketako egintzan osatzen ahalko dute ustiapena.

Bigarrena.–Banaketa berria egin baino lehen gertatzen ahal diren eskualdatzeei dagokienez, honako hau ezarri da:

Udalak 15 eguneko epea irekiko du eskualdatzeak eskatzeko, eta epe horretan baino ez ditu baimenduko eskaerak, bai eta gurasoetatik seme-alabetara doazenak, edo anai-arreben artekoak, eta lursail eskualdatze bakar bat.

Salbuespen moduan, beste edozein eskualdatze eskatzen ahalko da, eta Udalak izanen du hura baimentzeko ahalmena.

Hirugarrena.–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan baja izateak lursailen gozamena izateari uztea eraginen du, eta lursailak Udalaren eskura aldatuko dira.

Laugarrena.–Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen onuradunen diru sarrerak aldatzen direnean, eta handiagoak badira ordenantza honen 19. artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 145. artikuluan eta hurrengoetan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 158. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa baino, adjudikazio epeak iraun bitartean, aprobetxamendu horietarako ezarritako kanona berrikusi eginen da, eta aipatu onuradunek herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokion kanona ordaindu beharko dute, KPIren arabera eguneratuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean, indarrik gabe geldituko dira Elizagorriko udal mugarteko herri ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua arautzen dituzten Elizagorriko Udalaren lehenagoko ordenantzak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2207032