113. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3984E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat eta oinarri arautzaileak onesten baitira, 2022an, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 625476.

Nafarroako Gobernuak borondate irmoa azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak lagunduz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta eta langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduz, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

Bestalde, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez oinarriak ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko. Aipatu aginduak arautzen dituen prestakuntzaren arloko ekimenen artean ditugu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak.

Arau horiek betetzeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak urtero argitaratu ohi ditu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntza-deialdiak.

Deialdi honi dagokionez, prestakuntza ekintzak programatzeko, identifikatu dira Nafarroako Foru Komunitatearentzat lehentasunezkoak diren sektore ekonomikoak eta ekoizpen arloak, baita sektore eta arlo horiekin lotutako profesionaltasun ziurtagiriak ere. Horretarako, honako iturri hauek erabili dira:

–Enpleguari laguntza aktiboa emateko Espainiako estrategia.

–Nafarroako Gobernuaren sektore estrategikoak.

–Nafarroako eskualde bakoitzaren prestakuntza premien diagnostikoak.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Behatokiaren hainbat azterlan.

–Lanbideen Behatokia (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa).

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako lehentasunen katalogoa.

Aurreko iturriez gain, Hezkuntza Departamentuaren eta enplegu agentzien programazio-proposamenak ere kontuan hartu dira, baita Nafarroan zentro egiaztaturik dagoen ala ez ere.

Honelakoak izan dira langabeei zuzendutako deialdiaren exekuzio-portzentajeak aurreko urteetan: %67,81 2018ko deialdian, %81,33 2019koan eta %95,23 2020koan. 2021eko daturik ez dago, oraindik exekutatzen ari delako. 2022ko dirulaguntzen deialdi honetarako, helburua da aurrekontua %90 baino gehiago exekutatzea.

Deialdi horietan programatutako prestakuntza amaitzen duten pertsonen kopuruari dagokionez, ikusten dugu 2019an ikastaroa hasi zuten pertsonen %93,3k amaitu zuela ikastaroa; 2020an, %90,6k; eta 2021ean, %91,5ek. 2022rako helburua litzateke gutxienez ikasleen %91k prestakuntza ekintza bukatzea.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4.1 eta 23. artikuluetan xedatutakoa betez, deialdi honen helburua da lanbide-arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala murriztea, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; horietan, izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira. Hala, aurreikusten da gutxienez 50 emakumek egitea lanbide-arlo horien prestakuntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluari egokitzen zaizkio (Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei), baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 1. artikuluari ere.

Deialdi honek zuzenean eragiten du neurri hauetan: “prestakuntza-eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea, lurraldeko beharrak kontuan hartuta”, eta “emakumeen parte-hartzea bultzatzea haien ordezkaritza txikia duten sektoreei lotutako prestakuntzan”. Neurriok O.E.2.2.4 helburuaren baitakoak dira (“Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz”). Helburua Nafarroako 2021-2024 Enplegu Planean jasota dago.

Dirulaguntza hau kudeatutako dirulaguntza da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horren araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoen deialdi hau onestea: 2022an, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotuta eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea, “Profesionaltasun ziurtagirien lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko P950002 96200 4819 242116 aurrekontu-partidaren kontura. Honela banatuko dira:

  • 1.990.000 euro, III. eranskineko prestakuntza ekintzak finantzatzeko.
  • 10.000 euro emakumeak bertaratzeko beketarako.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, 2022an, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan akreditatuta badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala akreditatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Erakunde batek prestakuntza eman nahi baldin badu akreditatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, dibulgazio-jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta hura eskura duela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditatuta egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira.

Prestakuntza ekintzak laguntzak ematen diren egunetik 2023ko ekainaren 30era bitartean egiten ahalko dira.

3.2. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.3. Prestakuntza ekintza guztiek III. eranskinean adierazitako digitalizazio-orduak eman beharko dituzte, eranskin horietan kasuan kasuko prestakuntza espezialitaterako adierazitako modalitatean.

3.4. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.5. Nolanahi ere, aurrez aurre egin beharko dira prestakuntza-modulu bakoitzeko nahitaezko saio presentzialak eta amaierako ebaluazio-probak, bat etorriz kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirirako ezarritakoarekin.

3.6. Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. apartatuan biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiri horren errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

Prestakuntza entitateak egiaztatuko du irakasleek frogaturik dauzkatela esleitutako modulua edo moduluak irakasteko behar diren baldintzak. Egiaztaturik izanez gero, entitateak komunikatuko du, ikasturte hasierako komunikazioaren bidez, irakasle horiek prestakuntza ekintzan parte hartuko dutela. Hala izan ezean, berrikuspena eskatu beharko du, eta irakasleei buruzko dokumentazioa aurkeztu, “Irakasleak akreditatzea, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntzarako” agiriaren prozeduraren arabera (https://bit.ly/3IwMHAv helbidean eskura daiteke prozedura).

Kontzesioa egiten den unetik aurrera, prestakuntza entitateak aukera izanen du onartutako moduluetako irakasleei buruzko agiriak aurkezteko eta berrikuspena eskatzeko. Prestakuntza ekintza hasi baino 15 egun natural lehenago bederen egin behar da tramite hori.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Deialdi honen III. eranskinean zerrendatutako prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz. Erreserbako prestakuntza ekintzak besteekin batera esleituko dira, baina, horiek eman eta gauzatzeko, aurrekontu-baliabideak izan behar dira.

4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzerako ematen den dirulaguntzak gehieneko diru muga bat izanen du, deialdi honen III. eranskinean adierazitako kostua, hain zuzen. Zenbateko hori ateratzeko, eragiketa hau eginen da: partaide eta prestakuntza ordu bakoitzari dagokion berariazko modulu ekonomikoa aplikatzea 15 partaideri modalitate presentzialean eta 20 partaideri teleprestakuntzako modalitatean.

Prestakuntza espezialitatea egiteko bi aukera onartzen direnean (modalitate presentziala eta teleprestakuntza), eta entitateak eskatzen badu teleprestakuntzaren bidez ematea, modulu ekonomikoa ezin da izan III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren %75 baino handiagoa.

5.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez ehuneko 70 talde horretakoak izan beharko dira.

b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:

–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen badute.

–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

–Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gehienez %30 talde horretakoak izan daitezke.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarrita dagoen bezala.

Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.

Prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

5.2. Modalitate presentzialeko eta modalitate mistoko prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeei zuzenduta daude. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 lagun bitarteko taldeak osatzea, horretarako inskribaturik badaude. 15. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 13.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Teleprestakuntza modalitateko prestakuntza ekintzak 20 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek partaide kopurua handitzen ahalko dute, gehieneko muga hau kontuan harturik: tutore bat eduki beharko dute 80 partaideko. 20. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 13.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Prestakuntza-hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

5.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Inskripzioa enplegu atariaren prestakuntza atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aurretik hitzordua eskatuta.

5.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean ikaspostu kopurua, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa horrek honako lehentasun-ordena eta irizpide hauei jarraituko die:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek, orientazio-zerbitzuak emateko erakunde laguntzaileek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituztenak.

b) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

Salbuespenez, profesionaltasun ziurtagiri baten zati bat programatzen den prestakuntza ekintzetan, lehentasuna izanen dute ziurtagiri horren bestelako prestakuntza moduluren bat frogaturik dutenek, prestakuntza ekintza horretakoa ez den bat, langabeak ala landunak izan, eta, horien artean, modulu gehien frogaturik dituztenek.

c) Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

d) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.

e) Ikastaro bakoitzean lehenetsiak izateko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.

f) Irizpide horiek erabili ondoren eskatzaile batzuk berdinduta geldituz gero, talde hauei emanen zaie lehentasuna, ordena honetan: ABEEE batean sartuak dauden pertsonei, emakumeei eta kualifikazio apaleko pertsonei.

g) Azkenik, prestakuntza-ekintzan programatutako prestakuntza moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak hautatuko dira, langabeak nahiz landunak izan. Pertsona horien artean, azken lekuan hautatuko dira prestakuntza-ekintzan modulu gehien egiaztatuta dituztenak.

Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, mailaketa probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, taldeko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

Prestakuntza entitateak zorrotz zehaztu beharko ditu hautaketa irizpideak. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak irizpide horien berri emanen du prestakuntza ekintzen zabalkunde fitxetan.

Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte prestakuntza ekintzetan hasten diren egunean.

5.6. Hautaketa irizpideak aplikatu ondoren, onartu beharko balira, prestakuntza modulu bat baino gehiagoko prestakuntza ekintzetan, programatutako modulu horietakoren bat akreditatuta duten pertsonak, ez lukete bertaratu beharko akreditaturik dituzten moduluetara. Zentroek egoera hori jakinarazi beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Ondorio guztietarako, bertaratu izan balira bezala izanen da, salbu eta prestakuntza ekintzaren likidazioari dagokionez; izan ere, entitate onuradunak akreditatu gabeko moduluengatik bakarrik kobratuko du.

5.7. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari emanen dio emaitzen berri, eta, bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek edo entitate laguntzaileek bidalitako pertsonen hautaketaren emaitzaren berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, parte ez hartzeko edo ez hautatzeko arrazoia emanez.

5.8. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

5.9. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.10. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide-arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako eta aurreko paragrafoan zehaztutako lanbide-arloko bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskudunek edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 31,66 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Modalitate presentzialeko, mistoko edo teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza saioetara agertu behar duten egunen kontura.

7.–Lanekoak ez diren praktikak.

7.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

7.2. Entitate onuradunak lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza ematearekin batera profesionaltasun ziurtagiri baten modulu guztiak egiten dituztenei, betiere egitera behartuta badaude. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Hala bada, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko da.

Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

7.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 6. oinarrian aurreikusten diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Pertsona langabea den erabakitzeko, kontuan hartuko da lanekoak ez diren praktika profesionalen hasieran zein lan egoeratan dagoen.

Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

7.4. Prestakuntza ekintza egin bitartean nahiz hori bukatu ondoren (baldin eta ebaluazio positiboa lortu bada) egiten ahalko dira praktikak. Prestakuntza ekintzarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken modulua eman bitartean hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren %75etik gora emana dagoenean. Ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Epe hori luzatzen ahalko da, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izanda soilik.

Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte hartzen duten ikasleen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

7.5. Lantokietako prestakuntza praktikoko modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesionaltasun ziurtagiriari lotutako lan esperientzia baduela.

7.6. Lantokiko prestakuntza praktikoko moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, ezta diru konpentsazioa ere parte-hartzaileentzat, langabeentzako beka eta laguntzetarako 6. oinarrian ezarritakoa salbu.

8.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

8.2. Eskatzen diren loteek bat etorri beharko dute III. eranskinean argitaratutakoekin. Baldintza hori betetzen ez dutenak baztertuko dira.

8.3. Entitate eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu beharko dute. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.

8.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.

c) Adierazpena, eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

8.5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute akreditatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 10.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurreko guztiaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

8.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak.

10.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2020ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

10.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak prestakuntza ekintzak garatzeko duen gaitasun frogatua: 45 puntu gehienez, honela banatuta:

A.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duen entitate eskatzaileak 2020an amaitutako prestakuntza ekintzetan parte hartu duten pertsonei egindako inkestetan (ekintza horiek deialdi honi dagozkio: lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2019an eta 2020an egiteko dirulaguntzen deialdian, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi baitzuen).

Inkesta horietan 3tik 4ra doan puntuazioa hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Entitate bat ez bazen eskatutako espezialitateari dagokion lanbide arloan 2020an ematen zen ezein prestakuntza-espezialitateren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaio.

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2020. urtea hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2020ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, ez zaio punturik emanen.

A.3. Laneratze indizea.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ikasleak bakarrik baloratuko dira baldin eta prestakuntza ekintzaren iraupenaren %75ean parte hartu badute prestakuntza zentro edo entitatean 2020ko urtarrilaren 1aren eta 2021eko ekainaren 30aren artean amaitutako prestakuntza ekintzetan (ekintza horiek deialdi honi dagozkio: lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2019an eta 2020an egiteko dirulaguntzen deialdia, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi baitzuen).

Baloratu beharreko laneratze bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Laneratze bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da: pertsona landunen portzentajea %10 eta %60 bitartean dagoenean, 2-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Aurrekoaren ondorioetarako, laneratze garbitzat jotzen da kontratazio edo autoenplegu bidezko laneratzea eta bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean, prestakuntza entitateak emandako prestakuntza ekintzaren lanbide arloarekin lotutako lanbideetan, prestakuntza ekintza hasten denetik amaitu eta hurrengo 6 hilabetean. Kontratua egiten bada, gutxienez hilabete batekoa izan behar da.

Prestakuntza espezialitatea prestakuntza osagarriko lanbide arlokoa bada, laneratze garbitzat joko da edozein lanbidetan egindako laneratzea, betiere gainerako baldintzak beteta.

Ez dira baloratuko entitateak aurkezturiko laburpen-memoria-aurrekontuan behar bezala jasota ez dauden pertsonen laneratzeak.

Entitate bat ez bazen 2020an emateko ezein prestakuntza ekintzaren onuradun (ekintza horiek deialdi honi dagozkio: lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2019an eta 2020an egiteko dirulaguntzen deialdian, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi baitzuen), kontzeptu horrengatik eskaera guztietan lortzen duten batez besteko puntuazioa emanen zaie.

A.4. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo, bestela, honako esparru hauetakoren batean baduela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela adierazten duen txostena: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 20 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Kontratatzeko konpromisoa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Prestakuntza ekintzak iraun duen denboraren %75era edo gehiagora joan diren ikasleak kontratatzeko konpromisoa baloratuko da.

Baloratu beharreko kontratatzeko konpromiso bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Kontratatzeko konpromiso bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da:

–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 5 puntu.

–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 2,5 puntu.

B.2. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: prezioa merkatzen bada, III. eranskinean ezarritako prezioen aldean jaisten den ehuneko puntu bakoitzeko: puntu bat. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

10.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntza erabiltzen ez bada lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era arte, honako zigor hauek ezarriko dira:

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-exekutatzeak: ez dago penalizaziorik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiagoko ez-exekutatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

10.4. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.5. Ez-betetzeren bat gertatu bada lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2019-20 deialdian (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailearen irailaren 19ko 481/2018 Ebazpena) onartu ziren prestakuntza ekintzak gauzatzeko orduan, hori kontuan hartuko da eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteari begira, ebazpen honen II. eranskinean adierazi bezala.

11.–Adjudikaziorako irizpideak.

11.1. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

Lote bakoitza osatzen duten prestakuntza ekintzak independenteak dira baloraziorako. Dirulaguntza emateko, lotearen azken puntuazioa prestakuntza ekintza bakoitzak modu isolatuan lortutako balorazioaren batez besteko puntuazioa izanen da.

Esleipena honela eginen da:

–Lehenik, entitate bakar batek eskatutako prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira.

Prestakuntza ekintzen lote hauek ez dira kontatuko gainerako prestakuntza ekintzak esleitzeari begira.

–Ondoren, prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira, III. eranskinean ageri diren hurrenkeran.

Lote bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta lote kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako lote kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko dira.

Onuradunak izanen dira soilik eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu dutenak.

Gelditzen den dirulaguntza aski ez bada esleitutako erreserbako lote osoei erantzuteko, lote horietako prestakuntza ekintzak banaka hartzen ahalko dira, baina, betiere, III. eranskinean agertzen diren ordenari segituz.

11.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpideak aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:

–Puntuaziorik handiena “Laneratze garbiaren indizea” izeneko balorazio irizpidean.

–Puntuaziorik handiena “Kontratatzeko konpromisoa” izeneko balorazio irizpidean.

–Eskaera erregistroan lehenago sartu zena.

11.3. 19.5 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteagatik askatzen den diruarekin dirulaguntza gehiago ematen ahalko dira III. eranskinean erreserba gisa agertzen diren loteak gauzatzeko. Erreserbako lote guztiei erantzuten bazaie, zilegi izanen da ukatutako loteak edo prestakuntza ekintzak onartu eta sartzea esleipenean.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita zerrenda batean.

12.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

12.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren ziurtapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetako edozein prestakuntza jardueratan parte hartzearen ondoriozko arriskua estaltzea frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobidea zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan bertan, prestakuntza ekintzak garatzen laguntzeko egiten diren bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

g) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasun betebeharrak:

13.2.1. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

13.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

13.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.3. Kontratatzeko konpromisoa betetzeko betebeharra:

13.3.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dute kontratazio konpromisoa bete dela, “Agirien taula. Langabeak” agirian zehazten den moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

13.3.2. Baldintza hauen arabera gauzatuko da kontratazio konpromisoa:

a) Kontratazioak eginen dira kasuan kasuko prestakuntza ekintzari dagokion lanbide arloko lanetan.

b) Kontratazio bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da, eta behin bakarrik zenbatuko da.

c) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren lehen egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, bukatu aurretik, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

d) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

e) Kontratazio konpromisoa betetzearen ondorioetarako, kontratazio mugagabetzat hartuko da ikasleak bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean. Halakoetan, laneratze horren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

f) Kontratatzeko konpromisoa betetzeko, kontratazio mugagabetzat hartuko dira langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 12 hilabetez ordaindu dituzten pertsonak.

g) Kontratatzeko konpromisoa betetzeari dagokionez, hiru hilabeteko edo epe handiagoko kontrataziotzat hartuko dira langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 3 hilabetez ordaindu dituzten pertsonak.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

14.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

14.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emanen da IRIS aplikazio informatikoaren bidez, betiere prestakuntza ekintzaren orduen %25 ez bada eman, prestakuntza ekintza hasi eta bosgarren ikastegunera arte, egun hori barne.

14.4. Entitateak eman zaion dirulaguntza gauzatzeari uko egiten badio 2022ko urriaren 31 baino lehen eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta etorkizuneko deialdietan baloratzen bada noraino gauzatu diren emandako dirulaguntzak, uko egin ondoren gelditutako dirulaguntza hartuko da erreferentziatzat.

15.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

16.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

16.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

16.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza ekintzaren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintzaren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

16.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 17.1 eta 17.2 oinarrietan ezarri bezala.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

16.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe horretan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 19. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

16.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

16.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, 3 hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

16.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta aurrez aurreko ekintzen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %100 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez. Ordezkatze hau onartuko da prestakuntza ekintza hasi eta lehenbiziko 5 ikastegunetan gertatzen bada, baldin eta prestakuntza ekintzaren %25 baino gehiago ez bada eman.

Nolanahi ere, prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, desbideratzeak onartzen ahalko dira, gehienez ere ekintza bakoitza hasi duten parte-hartzaileen %15ena.

16.9 Justifikazioaren ondorioetarako, langabetuen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta ekintza utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nortzuk diren zehazteko atal honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorriz abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

17.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

17.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, kalitatea ebaluatzeko galde-sorta erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko.

17.2. Entitateak bilduko ditu, 16.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

17.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar. Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

18.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

19.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

19.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta prestakuntza jardueraren ehuneko 25 betetzera iristen ez bada (honela neurtua: ordu kopurua bider ekintza bukatzen duten pertsonen kopurua). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatiari dagokiona kenduta, baldin eta prestakuntzaren ehuneko 25 baino gehiago gauzatu bada.

b) Eskaeran jasotako kontrataziorako konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kalkulatuko da kontrataziorako konpromisoaren atalean lortutako puntuetan gauzatu ez direnak, eta zer eragin izan zuten puntu horiek entitatearen azken balorazioan. Portzentaje hori aplikatuko da likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzan. Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratatutako pertsonen borondatezko bajak.

19.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

19.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

19.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak hasiera batean ezetza eman zitzaien entitateei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe, baldin eta erreserbako ekintzarik baldin badago esleituta eta eman gabe.

20.–Datuen babesa.

20.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

20.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. Izan ere, 694/2017 Errege Dekretuaren bidez, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatu zen, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena. Horrez gainera, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da (horren bidez aldatu zen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua).

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

22.–Dirulaguntzen publikotasuna.

22.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

22.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

23.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1) Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren ehuneko 30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: ehuneko 1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: ehuneko 5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: ehuneko 10eko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren ehuneko 30etik gorakoak.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1) puntuan aurreikusitako penalizazioa %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez agertzea ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez edukitzea esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez edukitzea esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak zehazturik ez egotea.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.

–Banakako ebaluazio txostenean (CP-6) jasotako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era bitarteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen ehuneko 75era ez bertaratu.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Plangintza didaktikoan (CP5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesua izaten den bitartean, ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko plangintza didaktikoan (CP-5).
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA

Profesionaltasun ziurtagirien ekintzak - 2022

Deskargatu III. eranskina (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2207056