112. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Ordenantza, Ultzama udal pilotalekuaren funtzionamendua eta erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2022ko otsailaren 24an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ultzama udal pilotalekuaren funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Erabaki horren iragarkia 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 24an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Larraintzarren (Ultzama), 2022ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ORDENANTZA, ULTZAMA UDAL PILOTALEKUAREN FUNTZIONAMENDUA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Ultzama udal pilotalekuaren erabilera eta funtzionamendua arautzea. Pilotalekua Larraintzarren dago (San Pedro kalea, 44) eta Ultzamako Udalaren jabetzakoa da.

2. artikulua. Pilotalekuaren erabilerak.

2.1. Ultzamako udal pilotalekua erabiliko da instalazio mota horretako berezko kirolak –pilota jokoa– egiteko: esku pilota, pala (luzea edo motza) gomazko edo larruzko pilotarekin, frontenisa, xistera, erremontea, xarea etab.

Udalak baimendu ahal izanen ditu bestelako jarduerak (gizarte, kultura edo kirol arlokoak), egokitzat jotzen baditu, ibarrerako eta/edo herritarrendako interesekoak direlako.

2.2. Instalazioak ahalik eta hobekien zaintzeko, pilotalekua erabiltzen duen orok material eta oinetako egokiak erabili beharko ditu edozein pilota jokotan aritzeko.

Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea eta materialak erabiltzea (bizikletak, trizikloak eta pedaldun autoak, monopatinak eta patineteak, patinak, ibilgailu motordunak eta abar).

Ibilgailuak pilotalekura sartu ahal izanen dira materialen zamalanak egiteko.

2.3. Debeku da pilotalekua erabiltzea jendearekin modu informalean elkartzeko.

3. artikulua. Pilotalekuaren erabiltzaileak.

3.1. Ikastetxe Publikoa: jarduerak egiteko eskola orduetan.

3.2. Pilota eskola-pilota kluba: urtero egutegiak eginen dira pilota eskola/klubaren jardueretarako (entrenamenduak, partidak eta abar). Eskola/klubaren gainerako jardueretarako eskatu egin beharko dute pilotalekua, behar besteko aurrerapenez (8 egun). Eskola/klubak arduradun bat izendatuko du, erabilera eskaerak egiteko eta instalazioak behar bezala zaintzeaz arduratzeko.

3.3. Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea: Mankomunitateak antolatzen dituen jarduerak egiteko. Horretarako, orduak erreserbatzeko hitzarmenak sinatuko dira.

3.4. Abonatuak: bonua ateratzen duten partikularrak, urtean zehar instalazioak erabiltzeko, horien artean pilotalekua.

3.5. Partikularrak: aldez aurretik erreserba eginda eta ezarritako prezioa ordainduta, pilotalekua erabiltzen dutenak pilotan aritzeko.

3.6. Beste pertsona/erakunde erabiltzaileak: pertsona partikularrak, klubak, elkarteak, taldeak eta abar, pilotalekua erabili nahi dutenak kirol eta kultura jarduerak eta/edo bestelako jarduerak antolatzeko, ikusleekin nahiz gabe.

Eskabidea aurkeztuko dute 8 egun lehenagotik, eta bertan azalduko dituzte egin nahi duten jarduera, erabiliko dituzten instalazioak (aldagelak, komunak, argia, berogailua eta abar) eta intereseko beste datu batzuk.

Jarduerari berari aplikatu beharreko araudiez gain –erakunde/pertsona antolatzailearen erantzukizuna izanen da horiek betetzea–, Udalak eska dezake segurtasun neurri eta baldintza zehatzak betetzea (erantzukizun zibileko aseguru propioa, ebakuazio-plana, sarreren kontrola eta abar), dagoen arriskuan oinarrituz, zeina ebaluatuko baitute udal teknikariek, kontuan hartuz erakunde/pertsona antolatzaileak emandako datuak eta eskura duten informazioa.

4. artikulua. Sartzeko modua.

4.1. Udalak erabiltzaileen eskura jarriko du frontoiaren instalazioetara sartzeko modua: giltza edo beste formatu bat izan daiteke (APP/txartela/gakoa/etab.). Aurrerantzean, ordenantza honen testuan “giltza” generikoki erabiliko dugu, sartzeko moduaz aritzean.

4.2. 14 urtez gorakoek pilotalekuko giltzak eskatu eta instalazioak erabili ditzakete, betiere errespetatuta dauden erreserbak eta instalazioen erabilera libreari dagokion ordena.

4.3. 14 urtez beherakoek, pilotalekua erabili ahal izateko, une oro heldu baten laguntza beharko dute, haien segurtasuna bermatzeko eta indarrean den araudia betetzen dela segurtatzeko. 14 urtez beherakoekin pilotalekuan sartu eta haiekin egon behar duen helduak zaindu beharko du adin txikikoen segurtasuna, eta erantzukizuna hartuko du instalazioak egoera onean mantentzeko eta erabiltzeko.

4.4. Ultzamako udaletxean hartuko da giltza, instalazioak erreserbatzeko berariazko agiria bete ondoren.

4.5. Jarduera bukatutakoan, giltza udaletxean itzuliko da. Jendearendako ordutegia bukatu bada, Udaleko langileek erabakiko dute nola itzuliko den. Udalak postontzi bat jarri ahal izanen du pilotalekuaren atarian, giltza itzultzeko.

4.6. Abonatuek edo denbora luzerako erreserbak dituztenek eskubidea izanen dute modu iraunkorrean gordetzeko pilotalekuko giltza; erreserba bukatzen denean itzuli egin beharko dute.

4.7. Giltza galtzen bada (edo pilotalekura sartzeko mekanismoa/sistema), Udalak mekanismo horren kopia egiteko kostua kobratu ahal izanen dio pertsona/erakunde erabiltzaileari.

4.8. Pertsona/erakunde erabiltzaile orok eskubidea du bidezkoak iruditzen zaizkion erreklamazioak eta iradokizunak idatziz egiteko Ultzamako Udalari.

4.9. Erreserba egiten duen pertsona arduratuko da instalazioa erabiltzeko eta mantentzeko arauak betetzeaz.

4.10. Giltza besterenezina da eta erabiltzaile bakoitza da bere giltzaren erantzulea.

5. artikulua. Funtzionamendu-ordutegia.

Ultzamako Udaleko Alkatetzak ezarriko ditu funtzionamendu-ordutegiak, Kirol Batzordearekin eta Udaleko kirol teknikariarekin batera. Ordutegi horiek erabiltzaileen eskura egonen dira Udalaren webgunean.

6. artikulua. Pilotalekuko kantxa erreserbatzea.

6.1. Ikastetxe publikoa: jarduerak egiteko, ikasturtean zehar, erreserbatuta egonen da eskola-egunetan, 14:00ak arte. Urteko egutegia eginen da.

6.2. Pilota eskola: hitzarmen bat sinatuko da Udalaren eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen artean, pilotalekua erreserbatzeko. Erreserba hori izanen da pilota eskolaren berezko jardueretarako. Hitzarmena sinatu ondoren, urteko egutegia argitaratuko da; Udalaren webgunean eta intereseko puntuetan ikusi ahal izanen da.

6.3. Tokiko pilota kluba: urteko egutegiko jardueretatik kanpo egiten dituen jardueretarako –betiere lehiakorrak badira eta horiekin lotura badute–, erreserba 72 ordu lehenago egin beharko da.

6.4. Abonatuak: erreserba hiru hilean behin eginen da, instalazioak erreserbatzeko berariazko agiria betez udaletxean. Telematikoki egin ahal izanen da, Udalak webgunean argitaratuko duen posta elektronikoaren helbidera bidalita.

Denbora luzerako erreserbak (hiru hilekoak) hiru hilean behin eguneratuko dira. Hiruhilekoko azken hilabeteko lehen hamabostaldian eginen da eskaera, eta Udalak, hiruhilekoko azken astean, erreserben egutegia eguneratuko du. Beharrezkoa da eskabidea aurkeztea denbora luzerako erreserba izaten jarraitzeko.

Erreserba ordutegi bera duten pertsona/erakunde eskatzaile bat baino gehiago badago, dei eginen zaie arazoa konpontzen saiatzeko eta bidezko konponbide bat bilatzeko; akordiorik lortzen ez bada erreserba-orduak txandakatuko dira.

Erreserbak eguneratzeko, hilabete hauek ezarri dira: abendua, martxoa, ekaina eta iraila.

Denbora luzerako erreserbak eskatzen dituzten pertsona/erakundeek, erreserba erabili behar ez badute, Udalari jakinaraziko diote, ordu-tarte hori libre uzteko eta beste pertsona/erakunde erabiltzaile batzuek eska dezaten.

6.5. Udalak pilotalekuaren eta instalazioen erabilera berarendako izanen du, berak –bere kasa edo beste erakunde edota elkarte batzuekin batera– sustatzen dituen jardueretarako; jarduera horiek gizarte, kultura eta kirol arloetan herria garatzeko helburua izanen dute.

7. artikulua. Beste instalazio batzuk.

7.1. Aldagelak, dutxak eta komunak.

Erabiltzaile guztiek eskubidea izanen dute instalazio horiek erabiltzeko. Haien erantzukizuna izanen da altzariak zaintzea, instalazioak eta altzariak egoki mantentzea, bai eta erabili ondoren oinarrizko garbiketa egitea ere. Altzarietan edo instalazioetan hondaketarik atzemanez gero, Udalari abisatuko zaio.

Altzari edo instalazioetako matxurak edo hausturak, gaizki erabiltzearen ondorio badira, erabiltzaileak ordaindu beharko ditu.

Udalak instalazio horietarako sarbidea arautu edo itxi ahal izanen du, osasun edo segurtasun arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik.

7.2. Berokuntza.

Erabiltzaileek berokuntza erabili nahi badute, hala adieraziko dute pilotalekua erabiltzeko eskabidean. Horri dagokion tasa ordainduko diote Udalari.

Erabiltzaileek hitzarmen bat badute Udalarekin, hitzarmen horrek arautuko du berokuntzaren erabilera.

Beti udal langileek jarriko dute berokuntza martxan.

7.3. Argia.

Erabiltzaileek hitzarmen bat badute Udalarekin, hitzarmen horrek arautuko du argiaren erabilera.

Gainerako erabiltzaileek eskura izanen dute diru-zorro elektroniko bat, argia pizteko.

7.3. Taberna.

Erabiltzaileek taberna erabili nahi badute, eskabidea aurkeztuko dute udaletxean, 48 ordu lehenago. Eskabidean adieraziko dira instalazioa erabiliko duen erakunde, talde edo elkartearen izena eta diru-sarrerak zertarako erabiliko diren.

Taberna erabili ahalko dute soilik irabazi-asmorik gabeko elkarte, erakunde eta taldeek. Doan erabiliko da, eta eskatzailea arduratuko da instalazioak, altzariak eta tresnak garbitu eta egoki erabiltzeaz. Matxurarik gertatuz gero edo altzariak hautsiz gero, Udalari abisatuko zaio. Elkarte, erakunde edo taldeak ordainduko du matxura edo hautsitako altzaria, gaizki erabiltzeagatik gertatu bada.

Udalak instalazio horretarako sarbidea arautu edo itxi ahal izanen du, osasun edo segurtasun arrazoiengatik.

7.4. Pilotako materialaren gela.

Tokiko pilota klubarekin eta pilota eskolarekin sinatzen diren hitzarmenetan arautuko da pilotako materialaren gela.

8. artikulua. Tasak.

8.1. Instalazioak erabiltzeko prezioak ezarriko dira tasa, prezio publiko eta udal zergei dagozkien karga-tasen udal ordenantza indardunean.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek doan erabiliko dute pilotalekua, baldin eta sarrerarik kobratzen ez badute. Argia eta berogailua erabiltzeko, dagokien tasa ordaindu beharko dute.

Udala laguntzaile den jardueretan, doan erabiliko dira pilotalekua, berogailua eta argia.

9. artikulua. Diziplina araubidea: Arau-hausteak eta zehapenak.

9.1. Kantxan nahiz instalazioetan kalteak berariaz egiten dituenari debekatu eginen zaio pilotalekuan sartzea eta hura erabiltzea, hiru eta lau hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria, deusetan ukatu gabe kalteen ondoriozko konpentsazioa.

9.2. Pilotalekua 2.1 atalean aipatutako erabileretarako ez beste batzuetarako erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du instalazioetan pertsona/erakunde eskatzaileak eragindako kalte-galerak konpontzea, halakorik balitz.

9.3. Pilotalekuko giltzak kopiatzea falta oso astuntzat hartuko da.

9.4. Udal administrazioari dagokio aplikatzea ordenantza honek jasotzen duen zehapen-araubidea. Horretarako, dagokion administrazio-espedientea izapidetuko da, bertan entzunaldia emanen zaio pertsona/erakunde salatuari, eta beteko dira urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako izapideak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

10. artikulua. Faltak.

Falta arinak dira:

a) Pilotalekua erabiltzea baimenik gabe eta erreserba ordutegitik kanpo, behin bakarrik hiru hilabeteko epean.

b) Instalazioetako zerbitzuak desegoki erabiltzea.

c) Udalari, alkateari, zinegotziei edo zerbitzu anitzetako enplegatuei berehala ez jakinaraztea instalazioetan ikusten diren kalte edo anomaliak.

d) Erregistroan ezarritako ordutegia ez betetzea.

Falta astunak dira:

a) Beste pertsona batzuei pilotalekua erabiltzen uztea, Udalari aldez aurretik jakinarazi gabe.

b) Instalazioetan kalte larriak egitea.

c) Giltza galdu dela ez jakinaraztea.

d) Hiru (3) falta arin egitea.

e) Falta arinen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

Falta oso astunak dira:

a) Hiru (3) falta astun egitea.

b) Instalazioetan kalte oso larriak egitea.

c) Falta astunen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

d) Pilotalekuko giltzen kopiak egitea.

11. artikulua. Zehapenak.

a) Falta arinak eginez gero, ezin izanen da pilotalekua erabili hiru (3) astez.

b) Falta astunak eginez gero, ezin izanen da pilotalekua erabili 2 hilabetez, eta 300 euroko isuna ordaindu beharko da. Halaber, ordaindu beharko da eragindako kalteen kostua, halakorik baldin badago.

c) Falta oso larriengatik ezarritako zehapena ez bada betetzen, debekatu eginen da Udalaren edozein kirol instalaziotan sartzea 4 hilabetez, gehienez ere eta larritasunaren arabera, eta 600,00 euroko isuna ordainduko da. Halaber, ordaindu beharko da eragindako kalteen kostua, halakorik baldin badago.

Iragarkiaren kodea: L2207708